entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Berriak

bidali zure berria Bidali zure berria
Myriam Garzia 2016-01-20

Belako taldeak 'Hamen' aurkeztu du Bilbon

Belako laukoa. Argazkia: Myriam Garzia. Belako laukoa. Argazkia: Myriam Garzia.
Urtarrilaren 22an izango da disko berria dendetan eta plataforma digitaletan


“Hemen eta orain gauden une eta lekuaren isla da Hamen”, adierazi du Mungiako taldeak jakin-min handia sortu duen disko berriari buruz. “Disko eklektikoa da. Nahi izan duguna egin dugu, barrutik atera zaiguna”. Emaitzarekin pozik dira. Hamen (Belako Records) bigarren luzea “aurrekoa baino landuagoa da, ekoizpena aberatsagoa du”, esan du Josu Billelabeitia, taldeko gitarra-jolea eta disko berriaren ekoizleak (James Morganekin batera).

“Nahi duguna sortzen dugu eta, hala ere, oso babestuta sentitzen gara. Harrera on horrek sortzen jarraitzeko gogoa ematen digu”

Urrotzera (Nafarroa) joan ziren abuztuan diskoa sortzera. Bertako “behiak eta zaldiak horren lekuko eta gure publikoa izan ziren”. Hala ere, Urrotzeko animaliak ez ezik, asko ginen lan berriaren zain ginenak. Bi single aurreratu dituzte diskoa atera baino lehen (Nomad eta Track Sei), zuzenekoetan ere frogatu dituztenak. “Nahi duguna sortzen dugu eta, hala ere, oso babestuta sentitzen gara. Harrera on horrek pozten gaitu eta sortzen jarraitzeko gogoa ematen digu”, esan du Cris Lizarragak, taldeko ahotsa eta tekla joleak. “Zerbait benetakoa egiten saiatu gara”, jarraitu du Lander Zalakainek, bateria joleak.

Mungiako taldeak badaki nora doan eta bere helburuak lortzeko bidea. Horregatik sortu dute Belako Records zigilu propioa eta autogestionatua, prozesu osoaren erabateko kontrola izateko. “Ohikoa da musika taldeen inguruan beste pertsona batzuk egotea, esperientzia izateagatik uste dutenak zure sorkuntzarekin zer egin behar duzun esateko eskubidea dutela. Guk independentzia artistikoa nahi dugu, horregatik sortu dugu Belako Records”. Oraingo honetan, Mushroom Pillow-ekin koeditatu dute Hamen.
Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean zeharreko bira intentsu batean murgilduta dabil Belako: “Ez da bira bien arteko etenik egon. Niri, azkenean, beti iruditzen zait bira bera”, esan du barrez Lore Billalabeitia baxu-joleak.
Bestetik, zenbait kontzertu lotu dituzte Lisboa, Oporto, Londres, Glasgow eta Edimburgon. Aurrerantzean, Atlantikoaz bestaldera jauzia egin eta Ipar Amerikan eta Mexikon zenbait kontzertu ematea da euren asmoa.
bidali zure berria Bidali zure berria
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.