Abian da!
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Bilbo Hiria Pop Rock lehiaketaren kontzertu fasea martxan da. Sailkatutako taldeen norgehiagoka abian da hortaz. Orain, zuzenean erakutsi beharko dute euren “egitekoa”, oholtza gainean ikusten baita talde baten izpiritua eta xarma.
Lehiaketa-fasea
azaroaren 27an amaituko da, egun horretan jakingo baita pop-rock kategoriako irabazleak nortzuk diren. Ordura arte, epaimahai espezializatuak aukeratutako 38 taldek joko du zuzenean Bilborock-en, 16 kontzertutan. Sarrera doakoa izango da guztietan. Kontzertuak eguenetan eta barikuetan egingo dira, eta taldeek modalitatearen arabera batuko dira: pop-rocka, metala eta beste joera batzuk. Kontzertuak Bilborock Aretoan egingo dira, 20:00etatik aurrera.
Datuak
Aurten, 818 taldek bete dituzte Bilbao Hiria Lehiaketan parte hartzeko baldintzak. Lehiaketaren kategoria bakoitzak parte-hartzearen ohiko indizeak gorde ditu: % 68,7 pop-rock estilokoak dira (562 talde); % 24,1 metalekoak (197 talde) eta % 7,2 joera berrien bariante desberdinetakoak dira, hain zuzen ere 59 talde.
Taldeen jatorriari dagokionez, gehienak Estatukoak dira (757), %92,5; Estatutik kanpo datozenak 61 dira, %7,5. Eta aurten ere, talderik gehienak pop-rock modalitatean aurkeztu dira (jasotako maketen %62,75, 513 talde), 190 taldek metal musika aukeratu dute (%23,2), eta 54 talde joera berrietakoak dira (%6,6).
Europari dagokionean, Belgika (26 talde) da talderik gehien daukan herrialdea, eta gero datoz Danimarka, Frantzia eta Italia. Izena eman duten euskal taldeak aurreko urteetan baino gehiago izan dira, eta proportzioa ere, handiagoa da. Aurkeztutako maketetatik, % 27 Hego Euskal Herriko taldeenak dira (221 talde). Horrela, bada, Bizkaiak 139 talde dauzka, Gipuzkoak 40, Arabak 14 eta Nafarroak 28.
Finalak
Metal modalitateko finalerako hautatutako taldeek azaroaren 26an joko dute; pop-rock modalitatekoek, azaroaren 27an eta beste joera batzuetako taldeek azaroaren 19an. Kontzertuak amaitzen direnean jakinaraziko dira modalitate bakoitzeko irabazleak.