entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Berriak

bidali zure berria Bidali zure berria
2014-04-24

Egubakoitzak Kartzelan kontzertu sortaren bosgarren edizioa

Maiatzean kontzertu lasaiak izango dira gozagai ostiralero Bergarako gaztetxean

Egubakoitzak Kartzelak V. Egubakoitzak Kartzelak V.
Petti, Bakelite, Amorante, Lou Topet, Enekora, El_Txef_A, Isuo Sasiia eta Bergarako Orkestrako soka taldea ariko dira


Maiatzaren 2an hasiko da Egubakoitzak Kartzelan egitasmoaren bosgarren edizioa.
Dagoeneko prest dago aurtengo kartela. Hilabetez, eta ohiturari jarraiki, ostiralero kontzertu lasaiez gozatzeko aukera izango da Bergarako Kartzela Zaharrean.

Nahasketan aberatsa da aurtengo kartela. "Proposamen ezagunak eta proiektu berri baina oso interesgarriak batzen saiatu gara, eta emaitza guztion gustukoa izatea espero dugu", diote ekimen honen sustatzaileek.
Berritasunek ere izango dute bere lekua: aurten lehen aldiz doinu elektronikoei tokia egin diete, eta bestalde, lehen aldiz musika klasikoak kartzela zaharreko patioa hartuko du. Ez dira faltako ohiko bilakatu diren formatu intimistak, ez eta gitarrarekin bakarrik patioa bereganatzeko gai diren bakarlariak ere.

Ostiralero kontzertu lasaiez gozatzeko aukera izango da Bergarako Kartzela Zaharrean

Poztekoa da horrelako ekimen gozagarri eta atseginak bost urte bete izana. Antolatzaileek badakite: "Nork esango liguke ekimen honen sorreran, adin zein mota guztietako herrikideak gaztetxera gerturatzeko harrikada honek bost edizio iraungo zituenik".


Betiko lez, hau guztiari kandelak, lasai egoteko terraza, etxeko marka bilakatu den lanpara eta lagunarte giroa gehitu behar zaio. Gogoratu hitzordua: Maiatzean ostiralero kontzertu lasaiak Bergarako gaztetxean, gaueko 22:00etan, inoiz baino puntualago, eta sarrera hiru eurotan.


  • MAIATZAK 2
El_Txef_A
Aurtengo harribitxietako bat. El_Txef_A ezizenaren atzean Aitor Etxebarria Bilbao dugu, estatuan eta munduan zehar musika elektronikoan sona izan duen artista. Bere nahasketek zabalkunde handia izateaz gain, esperimentatzeko eta gustu onarekin musika sortzeko duen abilezia esanguratsua da. Musikari talde baten laguntzaz biratzen ibili izan bada ere, Bergarako saiora bakarrik gerturatuko da, bere alde lasaiena eta intimistena Kartzela Zaharrera ekartzeko gogoz.

Amorante
Iban Urizar-en (Andrakan, Rafa Rueda, Cafe Teatro, Bizarra...) bakarkako proiektu berria da Amorante. Folk kutsua ateratzen du, ahotsa gitarra espainolaz, harmoniumaz, perkusioz eta tronpetaz jantzita. Aspaldiko kopla, flamenkoa, Afrikako musika eta, orokorrean, jatorri askotako musika jorratzen du. Biluzia eta sakona.


  • MAIATZAK 9
Lou Topet
Zarautzek duen dotoretasun eta lasaitasuna transmititzen dutela esan daiteke. Soinu amerikar lasaietan oinarritzen dira, baina era berean euskal kantautoreen tradizioa modu sutilean barneratuz. Beraien soinu bereziekin giro lasai eta baltsamikoa lortzeko gai dira, baina, halaber, momentu bizi eta erritmikoak ere islatzen dituzte beraien folk estiloaren oinarriak ahantzi gabe. Atmosferaz beteriko musika xehe eta goxoa.

Bakelite
Bizkaiko bikoteak erro anglosaxoiko musika jorratzen du, urruneko joerak euskarara ekarriz. Bluesetik edaten duten riff pisutsuak, country-rock musikaren depresio zantzuak eta psikodelia ukituetan oinarritzen den proposamen musikala. Zuzeneko eklektiko eta indartsua.

  • MAIATZAK 16

Petti
Nola aurkeztu aurkeztu beharrik ez dagoen artista bat? Pettiren ezaugarri nagusiak, erraietatik ateratzen den ahots urratu eta sakona, bluesaren arimaz kutsaturiko kantu ezkor eta ilunak, gitarra jotzeko trebezia eta taula gaineko indar basa dira. Beratik datorren beste bardo bat dugu Petti, amerikar sustraiak dituen bertako rocka egiten du. Bakarkako bost disko kaleratu ditu, baina Anari, Txuma Murugarren, Rafa Rueda edota Barrence Whitfield kantariekin partekatutako diskoak ere baditu.

Isuo Sasiia
Isuo Sasiia zarauztar bakarlaria 2009 aldera hasi zen kontzertuak ematen. Zenbait maketa sekreturen ondoren 2011ko urrian argitaratu zuen lehen disko ofiziala, Ez zegoen ezer. Bere etxean bertan grabatu, eta bere etxe-behean aurkeztua, Poligonoko Bolatokian. Diskoaren edizioa, tetra-brick zaharrekin egin zuen. Oraingoan Idiaren Zaintzari Buruzko Hamar Estanpak izeneko bere azken diskoa aurkeztuko digu.


  • MAIATZAK 23
Soka taldea
Bergarako Orkestrako soka taldeak emankizun berezia prestatu du Kartzela Zaharrerako. Doinu ezagunen moldaketez gozatzeko aukera izango dugu, sorpresaz beteriko emanaldi bitxi bezain eder honetan.

Enekora
Kora,arpa afrikarra eta ahotsetan oinarrituriko kontzertu akustikoa da Enekorarena; zuzeneko musika, proiekzio bisualez lagundurik. Musikak emozio atseginak sortarazten ditu eta bidaia sonoro bat proposatzen da bideo irudien bidez. Kora eta ahotsaren emotibitateak, Jon Manterolak zuzenean ekoizten dituen proiekzio bisualen magiarekin topo egiten dute, ikuskizun eder eta paregabea taularatuz.
bidali zure berria Bidali zure berria
TXAPA IRRATITIK

Kontzertuok herriko Txapa irrati libreak (97,2 FM) eskainiko ditu zuzenean bertaratzerik ez dutenek ere ekimenaz gozatu ahal izateko.

Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.