entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Berriak

bidali zure berria Bidali zure berria
2014-10-08

Elkar diskoetxearen udazkeneko nobedadeak

Besteak beste, Ruper Ordorika, Kupela, Gontzal Mendibil, Anne Etchegoyen eta 22M2 talde eta artisten lanak argitaratuko ditu Donostiako zigiluak

22M2-ren disko azala. 22M2-ren disko azala.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
'Elkar Estudioa Sesioak' egitasmotik pasa diren hamar taldeekin osatutako bilduma bat aurkeztuko du ere

Elkar diskoetxeak zortzi lan berri (disko zein DVD formatuetan) argitaratuko ditu datozen hilabeteetan. Hauexek:

  • KIRMEN URIBE, MIKEL URDANGARIN, RAFA RUEDA, BINGEN MENDIZABAL
Jainko txiki eta jostalari hura dokumentala - New York / Zuzenean (DVD)
Aurkezpena: Urriak 15
2013. urtearen amaieran dokumentaleko protagonistek argitaratutako izen bereko lanaren aurkezpenean oinarriturik, New York-en egindako bira txikiak aukera zabaltzen digu euskal sentimenduaren irudikapen musikal eta poetikoa egiteko.
Kirmen Uriberen olerki humano bezain hurbilarekin, eta musikarien (Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal) talentuaren bitartez, Euskal Herri unibertsal bat aurkezten digu Josu Venerok, dokumentalaren gidoilari-zuzendariak: herri txiki eta behartsu bat munduaren aurrean, indibiduoak unibertsoaren parean sentitzen duen txikitasunak sorturiko sentipenetan eta gogoetetan bildurik.
*** Zuzeneko aukezpena: abenduak 19, Andoaingo Bastero Kulturunean
Banaketa esklusiboa Berria-rekin


  • KUPELA
Eutsi goiari (CD)
Aurkezpena: Urriak 24
Kupela taldeak, 2006. urtean bere ibilibidea jorratzen hasi zenetik, herrikoitasunaren eremuan atinatzen asmatu du, gure auzoetako festa beroak suspertuz eta erromeriaren unibertsoa elikatuz. Angel Larraaga eta Xabier 'Zabale' Alberdi, eskuz esku, bertsoa eta soinua berezko senarekin utzartuz joan dira aurrera, euskal jendearen bihotzak pozez betetzen, soinu txikiaren historian arrasto garrantzitsu bat utziz.
Eutsi goiari izeneko bosgarren honetan, bere formula amaigabea erabiltzen du taldeak, beste behin, eurek bakarrik sortzen dakiten zapore autentikoa lortzeko. Aitor Furundaren eta Mikel F. Krutzagaren ekoizpenarekin eta laguntzarekin, sekulako lan alai eta, era berean, sentikorra biribildu dute.

  • GONTZAL MENDIBIL
Nire bihotzak zure begiak ditu (CD)
Aurkezpena: Urriak 30
Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran kantatzen hasi, eta gaurdaino lanean darrai Gontzal Mendibil Zeanuriko kantariak. Ia 40 urte publikoari eta euskal sendimendu lirikoari eskeiniak, gure kulturaren garapenean eta iraunkortasunean tematurik.
Nire bihotzak zure begiak ditu izenburuko 14. disko honetako konposizioetan, hitzez nekez azaldu daitezkeen sentimenduak eta burutazioak azaleratu nahi ditu kantariak: bere barru-barruan hiltzaturik dauden oroitzapenak, bizitzaren gora-behera gazi-gozoak, gizakumearen nondik-norakoa lur honetako pasadizoan, Euskal Herriari eskainitako hats maitekorraz bildurik.

  • ANNE ETCHEGOYEN
Ongi etorri (CD)
Aurkezpena: Azaroak 7
Lapurdiko Bidart herrian sortua, eta urtetako lanaren ondorioz, Anne Etchegoyen kantari gaztea ezagun egin da euskal kantagintzaren eremuan, 2013an Frantziako Estatuan argitaratutako diskoarekin. Gizonez osaturiko Aizkoa Abesbatzaren laguntzaz, Anne-ren ahotsak babes eta kontrapuntoa lortu du, eta urrats handiak egin ditu euskal kantuaren nazioarteko zabalkutzan. Ongi Etorri disko-bilduma Hegoaldeko publikoari eskeinita dago bereziki; iazko diskoko zenbait kantuk, aurten argitaratu berri duen bigarren diskoko beste zenbaitek eta bi kantu berrik osatzen dute lan hau.
Hegoaldean gero eta presentzia handiagoa ari da lortzen; Euskal Herriko toki guztietara zabalduko da, zihurrenik, Iparraldeko artistaren izena eta lana.
*** Zuzeneko aurkezpena: azaroak 14, Kursaalgo Ganbera aretoan, 20:00etan.

  • 22M2
Hogeita bi metro kuadro (CD)
Aurkezpena: Azaroak 13
Amaiur taldean urtetan aritu ondoren, 22M2 (Hobeita Bi Metro Koadro) izeneko hau Naroa Gaintzaren proiektu berria dugu. 2014ko negua eta udaberria bitartean Asier Erzilla teknikariarekin grabatu da Bilbon, eta, besteak beste, David Nanclares musikaria, David Gorospe bateria jolea, Mandoilek taldeko Igon Olaguenagak ahotsean, eta Eunate Vilchesek biolinean, izan ditu lagun. Bakarkako disko bat izan arren, rock and roll banda baten kontzeptuari heldu dio. Elementu gutxirekin bada ere, rock talde on batek asko eman dezakeela erakusten digu. Bere musika-kutxako onena eskaintzera dator Naroa. Une intimoak daude, pasarte indartsuekin kontrastatuak. Mugaldeko gitarrak, psikodelia eta underground ukituak, 11 kantu, 11 lagun, 11 doinu, 11 erritmo, 11 istorio eta milaka sentsazio biltzen dituen diskoa deskubrituko du entzuleak. Lan zintzoa. Erraietatik idatzia, gutako bakoitzaren bihotzerantz zuzenduta.

  • KONTUKANTARI TXOTXONGILOA
Jolasean ikasi, musikaz hazi (DVD)
Aurkezpena: Azaroak 14
Kontukantari txotxongilo taldeak haur kanta ezagunak eta herrikoiak abesten eta antzezten dizkigu bere estreineko lan honetan. Jadanik antzokietan dagoen ikuskizuna, DVDan ere eskuragarri izango da udazkenean, Elkar eta Hamaika telebistaren eskutik. Haurrik txikienengana iristeko, kantekin batera irudi ikusgarriak eta jostagarriak erabiltzen ditu taldeak, umeen begiak zabal eta belarriak erne mantenduz.


  • ELKAR ESTUDIOA SESIOAK (CD)
Bilduma
Aurkezpena: Azaroak 21
Maiatzan eta urrian Hamaika telebistaren partaidetzarekin Elkar estudioan egin ziren zuzeneko kontzertuetatik (hamar talde berri denetara), talde bakoitzaren kantu bana biltzen ditu bilduma honek, Elkar Estudioko Sesio horietan parte hartu zuten taldeen kalitatearen adierazgarri. Disko berriaren aurkezpena, grabaketa haien promozio eta zabalkunde lanari gehitzen zaio, oraindik ez oso ezagunak diren taldeoi ikusgarritasun berezia eskeiniz.

  • RUPER ORDORIKA
Lurrean etzanda (CD)
Aurkezpena: Azaroak 28
Nekaezina da Oatiko koblakaria. 2013ko udazkenean, Azukre Koxkorrak bilduman euskal kantari eta talde historiko zenbaiten bertsio-lan harrigarri bezain mamitsua eskeini zigun, eta, urtebete geroago, bere azken garaiko konposizioak dakarzkigu, olerkiaren indarrean erreparatzeko aukera eskainiko digun disko berezi honen bidez.
Grabaketa bera ere ezberdina izan da, nolabait, emaitza ezberdinak lortzeko helburuarekin. Irailaren 5, 6 eta7ko asteburuan, hiru musikari handirekin bildu zen Ruper, Elkar estudioan, disko berriko kantak grabatzeko: Estatu Batuetatik, Kenny Wollensen, Ruperren zazpi diskotan jadanik parte hartu duen bateria jole amerikarra; eta, Londresetik, Leo Abrahams gitarra jole eta ekoizlea, eta Simon Edwards baju eta kontrabaju jolea. Estudioko sesioetan, eta hiru egunetan, oinarri guztiak utzi ziren erregistratuta, kalitate interpretatiboa zein humanorik altuena erakutsiz.
Kantuetan eta olerkietan erabat murgildurik, diskoaren grabaketak ikaragarri areagotu du abestiek eta olerkiek berez duten indarra eta eraginkortasuna, euskal jendearen barruak haiengan kontsolamendu argia topa dezan.

* Oharra: Aldaketa txiki batzuk salbu, testua diskoetxeak bidalitakoa da.
bidali zure berria Bidali zure berria
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.