entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Berriak

bidali zure berria Bidali zure berria
2007-08-12

ERTZ 07, BADATOZ BERTZE MUSIKAK

Dokumentu erlazionatuak
Lotura erlazionatuak
Soinu-jostalariak, melodiaren txikitzaileak, zarataren maitaleak, esperimentazioaren eroak, frekuentzien bidaiariak, nahasketa ezinezkoen zaleak, bertze doinuen zaleak, gizaki konplexu eta sinpleak, estralurtarrak, zinemaren maitaleak badator Ertz jaialdia!!! Hitzordua irailaren 15etik 20ra da, Beran eta Donostian.

PROTAGONISTAK


BRUCE McCLURE
Bruce McClure zinemagileak gauza ikusgarriak sortzen ditu zinema proeiktoreekin. Zulatutako metal pieza txikiak, film bukleak, espreski moldatutako proiektoreak eta bertzelako moldaketa eta tramankuluak erabiliz, McClurek irudi eta iluntasunezko abstrakzio ikusgarriak sortzen ditu, Rothkoren margoak gogora ekartzen dituzten patrio eta testurak, itzal eta perfil bereziak eta bertze hainbat ikusizko efektu fantasmagoriko. Begiarentzako gozoak eta burmuinarentzako erakargarriak. Bere lana hainbat museo eta lekutan erakutsi izan du halanola, Withney Biennial, London Film Festival, Walter Reader Theater of Lincoln Center, Ann Arbor Film Festival eta Europa nahiz iparramerikako hainbat jaialditan. ERTZeko egitarauan hainbat emanaldi (Bera, Donostiako antzoki zaharrean) eskainiko ditu McClurek, denak desberdinak eta bakarrak, eta aldiberean tailer bat eginen du Donostiako Artelekun.

ORBES
Manu Holterbach-ek musika tresna akustiko berriak (edalontzi enharmonikoak, gyrofonoak), soinua espazializatzeko makinak (akusmotopografoak) eta altaboz mutanteak (low-speakers, metalezko soinu piezak) asmatzen ditu, soinuzko instalazioak aurkezten ditu eta 1992tik Europa, Kanada eta Txinan eskaini ditu kontzertuak. Musika tresna klasiko nahiz exotikoentzako musika konposatzen du, soinu arteari buruzko hitzaldiak ematen ditu arte eskola, liburutegi eta musika jaialdietan, eta batzuetan komisario lanak ere egiten ditu zenbait soinu arteari buruzko jaialdietarako. Eliane Radigue konposatzaile elektroakustikoaren biografia idazten ari da. Sophie Durand aktoresa da eta 1996tik antzerkian (antzerki garaikidea, kale antzerkia, inprobisazioa) eta zineman egiten du lan. Inprobisazioari buruzko klaseak ere ematen ditu. Sophie Durand eta manu Holterbach dira Orbes eta edalontzi enharmonikoak jotzen dituzte* baita bertzelako musika tresna eta objetuak ere. 2001etik elkarrekin jotzen dihardute Europako hainbat leku berezi eta arrarotan, batzuetan bakarrik eta bertzetan Pierre Berthet, Osso Exotico edo Jean-Franois Laporte lagun izanik. Filmetarako musika ere konposatzen dute. *"Edalontzi enharmonikoen" proposamena betiko ardo kopa afinatuen kontzertuaren bariazio edo moldaketa berri bat da. Desberdintasunik bada ordea, nagusiki instrumentuan beran. Beraien moldaketa honetan, kopak urez betetako bonba moldagarri batera konektaturik daude, musikariek hankekin kontrolatzen dutena. Sistema modular (guztiz analogiko) honek musika notak glissando etengabe baten bidez modulatzeko aukera ematen die, bonbaren presioa kontrolatuz. Modu honetan, bariazio mikrotonal eta pulsazio abiadura amaigabeak sor ditzazkete. Kontzertu berezia, ikusgarria eta ezohikoa, beraien musikatresnarekin gertatzen den bezala, inolako anplifikaziorik gabe eginen dena.

ALEX MENDIZABAL
Musikari orijinal eta pertsonala. Musikagintzaren ohiko bideetatik (birak, diskak) aldenduz, bere lanak soinu bidezko pedagogia eta musika entzumen modura ulertzeko saiakera ditu oinarri, tartean zinema, mugimendua eta espazioa nahasiz. Soinuaren izaerari eta soinu gertakizunaren aukereei so jartzeko dei egiten du Mendizabalek etengabe, "zinema itsua" (ilunpetako kontzertuak), kontzertuak mugimenduan (Curva Chiusa egitasmoa) edo haur nahiz helduentzako tailerrak proposatuz.2002ko edizioan Chris Blazenekin batera egin zituen emanaldien ondotik bigarrenez parte hartuko du ERTZ jaialdian, zer erran eta gehienbat zer entzun emanen duten hainbat gertakarirekin eta aurten modu berezian jaialdiko kolaboratzaile berezi bezala.

MARCELLO LIBERATO
Marcello Liberato Erroman jaio eta momentuz bertan hazi da, baita bertze zenbait lekutan ere, arte eta parterik gabe, nagusiki minik sortzen ez duten garrantzirik gabeko gauzekin arduratzen da, bertzalde zehatza ez den ezertan bukatzen ez dutenak eta inolako balore gehigarririk sortzen dutenak. Kafe bat edaten du goizero eta hemen edo han CuCinema bat egiten du lagunekin. ERTZen "Lo Sgocciolatoio" (ttanttakaria) izeneko instalazioa aurkeztuko du, Alex Mendizabalekin urazpiko emanaldia antolatuko du eta azkenik Marco ieieren zenbait filmari musika jarriko dio.

MARCO IEIE
ieie marco 19/1972 an jaioa restauroan eta dekorazio lanetan aritzen da. Azken urteotan, lagunartean, Cucinema proiektu esperimentoan parte hartzen du, zinema kozina eta musikaren arteko festa . ERTZen Marcello Liberatorekin topatuko dugu, alde batetik "Lo Sgocciolatoio" instalazioa egiten, bertzetik bere filmak (16mm) erakusten, aipatu Liberatok musikaturik eta azkenik Alex Mendizabalekin urazpiko kontzertuan.

NERUGNARA ESOJ NAUJ
Ezizen "aldrebeseko" sortzaile donostiarra. 80. hamarkadatik hainbat egitasmo artistiko eta hezitzailetan parte haru du, Artenio (83-90) eta ondotik sortuko zen Ikertze laborategi artistikoak (90-99) kasu. Geroztik nagusiki eskulturan eta zinema bezalako alorretan egin du lan, bakarrik edo Zine Animau (ikusentzunezko multiproiekzioak) bezalako taldetan. Hainbat erakusketa kolektibo eta bakarka ere antolatu ditu geroztik eta bertzainbertze sari jaso du bere lan eskultorikoengatik. Aldi honetan kartoizko eskulturak erakutsiko ditu instalazio mugikor moduan.

POLE POLE
Teloia altxatzen da. Hiru musikarik hainbertze musikatresna eta eguneroko tramankulu pilatzen dituzte beraien inguruan, itxura batean goiz edo berandu soinua eginen dutenak. Kontzertua hasten da eta ezustez betetako bide bihurritan barrena gidatzen gaitu musikak. Bapatean, naftalina usaina duen musika sentibera telefono dei batek mozten du eta komiki batetako trafiko zaratak sartzen dira leiho batetik. Erritmo sendo eta biziak inprobisazioz betetako espazio lasaietan galtzen dira. Ura irakiten jartzen denean, tetera ziztuka hasten da eta imprimagailu batek konpasa markatzen du. Hau kontzertu bat da. Pole Pole da: folklore unibertsala, inprobisazio narratuak, collage-a,lanaren aurkako boleroa, abangoardiako nahasketa, kantu surrealista, mediterraneoko kabareta...

ORTHODOX
www.orthodox.com Sevilla eta Jerez aldeko hainbat taldetan esperientzia hartu ondotik, Orthodox osatzen duten hiru kideak 2004ean elkartu ziren, beraien lehen diska izanen zen "Gran Poder" (Alone Records, 2006) lanari forma ematen hasiz. Diska honekin, Sevillako taldeak nazioarteko muturreko musika berritzailearen eszenan txoko bat egin du, hainbat fanzine, aldizkari eta webgunetan kritika bikainak jasoz. Horien artean aipagarria da Julian Cope musikariak taldeari eskainitako laudorioak, azkenik abeslari ingelesa eta Orthodox elkarrekin lan egitera eraman dituztenak. Besteak beste Earth, SunnO))) edo Boris bezalako taldeen lanak argitaratzen dituen Southern Lord disketxe erranguratsuak taldearen lehen lana berrargitaratu du iparramerikan. 2006ko abenduan beraien bigarren diska grabatu zuten Amanecer en Puerta Oscura eta azken aldian Roadburn edo Hellfest jaialdi prestijiotsuetan jo ahal izan du taldeak. Momentu honetan Israel Galvn (Premio Nacional de Danza 2005) dantzariaren Apocalipsis ikuskizunean parte hartzen dute.

EDORTA IZARZUGAZA
Edorta Izarzugaza Bermeoko soinu sortzaile pertsonal bat da. Batzuetan soilik anplifikagailua eta pedalak erabiliz egiten du lan, nahiz eta batzuetan gitarrarekin edo ordenagailuarekin ere aritzen den. Bere lana nagusiki inprobisazioan eta esperimentazio erradikalenean oinarrituta bezala definitu daiteke. Antifrost labelak argitaratutako "Euskal interpretatzaile berriak" (Antifrost) bilduman parte hartu zuen 2005ean, geroztik hainbat netlabeletan argitaratu izan ditu beste musikariekin grabatutako inprobisazio lanak eta laister argitaratuko du bere bakarkako lehen lana. ERTZerako prestatu duen zuzenekoan Johannes Buff lapurtarra izanen du lagun.

KNELL
Knell, Johannes Buff musikariaren ezizena da. Lapurdikoa jaiotzez eta azken urteotan hurrunago bizi den sortzaile honek berriki argitaratu du bere bakarkako lehen lana "Last teen meters", prentsa espezializatuaren kritika onak jasoz. Besteak beste James Plotkin edo Daniel Menche bezalakoen lanak argitaratu dituen Utech records disketxe iparramerikarrak aurkeztu duen diska honek Knell egitasmoaren aurpegi oro ezagutzera ematen du: ilun sarkorretik, argi izpi leunenetara. Gitarra eta landa grabaketak soinu iturri bakar moduan erabiliz, melodia obsesiboak eta testura aberats eta ederrak sortzen ditu Johannesek. Soinu bidez sortutako desolazioa, melankonia, iluna eta geldotasuna, musika denbora neurtzeko erabili nahi izango balu bezala. Buff l'amicale underground zigiluko kide ere bada. ERTZerako prestatu duen zuzenekoan Edorta Izarzugaza bermeotarra izanen du lagun.

GATZA
PIDGIN, GATZAkultur talde heterogeneoaren akzio zelula da. Pertsona talde aldakor batek osaturik, Pidgin, idazle edo lan talde bat baino gehiago, "olerkia"-ren eta honen bizitzaren aurrean hartutako jarrera bat da. Izena, komunikazio emerjentzia egoeretan sortzen diren hizkuntza berezietatik datorkio, adbidez atzerrian bizi diren inmigranteen kasuetan gertatzen den bezala. Pidgin hizkuntzak metafora modura ulertzen ditugu, hizkuntzek beraien esanahietan eta moduetan eskaintzen dituzten aukerak ezagutzeko eta ulertzeko eta ohiko hizkeraren estandarizaziotik urrunago joateko tresna bezala.



ERTZ JAIALDIARAREN AURKEZPEN OHARRA

Bertze urte batez, ERTZ bertze musiken jaialdi ttiki honi bizia eman nahi diogu Berako ERTZ elkarteko kideok. Aurtengoa jaialdiaren 8. aldia da, dagoeneko hamarreko muga psikologikotik hurbil, eta dudarik ez egin, horrelako zenbakiek zahartzen hasten garenaren zantza sortzen digute guri ere. Ezin da ukatu abentura honetan hasi ginenean genuen ikuspegia eta gaur egun duguna ez dela berdina. Denborak eta esperientziak bide berriak eman dizkio jaialdi honetan parte hartze zuzena izan dugunon biziei eta segur aski horixe da gure jaialdi honek (eta urte osoan zehar egiten ditugun ekitaldiek) erakustera eman digun gauza ederrena.
8. edizio honetan, gure hain gustukoa den bertzetasun horrek (ez nahasi desberdintasunarekin) bide berriak irekitzen jarraitzera bultzatu gaitu, eta horren adierazgarri dira aurtengo egitarauan topatuko ditugun proposamen aunitz. Adibidez, zinemak presentzia berezia izanen du ERTZen, nagusiki aurten jaialdiaren historian lehen aldiz komisario gonbidatu gisara lankide izan dugun ALEX MENDIZABALen eskutik etorriko diren MARCO IEIE eta BRUCE McCLUREn partehartzearekin. Urteroko moduan aurten ere espazio berriak bilatu nahi izan ditugu jaialdirako eta orain arte erabili ditugun espazioen zerrenda luzera Berako udal igerilekua, frontoia eta Donostiako Koldo Mitxelena kulturunea gehituko dira. Gainerakoan gustuko ditugun entsaladak proposatuko ditugu, ORTHODOX taldearen metal doinuetatik, ORBES taldearen kristalezko musikara, tartean POLE POLEren kabaret mediterranearra, MARCELLO LIBERATOren ttantta sinfonia, edo KNELLeta EDORTAIZARZUGAZAren gitarra esperimentuak gehituz. Horrez gain, urtero bezala lantegi-tailerrak antolatu ditu ERTZek Beran eta Donostiako ARTELEKUn ospatuko direnak (ikus 8.orr) eta batek daki zenbat ezusteko gehiago topatuko ditugun bidean.


JAIALDIAREN EGOITZAK

BERAKO KULTUR ETXEA, Eztegara karrika, BERA (Nafarroa)
ARTELEKU, Kristobaldegi 14, Loiola, DONOSTIA (Gipuzkoa)
KOLDO MITXELENA KULTURUNEA, Urdaneta 9, DONOSTIA (Gipuzkoa)
bidali zure berria Bidali zure berria
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.