Gallon Drunk, Jane Joyd, Pájaro, Hola a todo el mundo eta hamaika talde gehiago ariko dira euskaldunekin batera.
Euskal Herritik bost talde abiatuko dira aisia eta harreman profesionalak sustatzen dituen Andaluziako ekimen honetan parte hartzeko, eta kontuz!, horietatik hiru euskaldunak dira.
Lisabö, Split 77, Joseba Irazoki, Grises eta El Señor Ramon taldeak eta artistak arituko dira aurtengo
Monkey Week jaialdian. Jaialdi hau El Puerto de Santa Marian burutzen da eta bi ardatz ditu:
aisia (kontzertuak) eta enpresa eta eragileen
harreman profesionalak sustatzea (konferentziak, mahai inguruak, tailerrak...).
Horregatik, egitarauak ondoko ekitaldiak eta ekintzak hartzen ditu: jardunaldi profesionalak, showcaseak egunean zehar, merkatua eta kontzertuak gauean.
Etxeko taldeen inguruan, hitz gutxi batzuk.
Lisabö. Irungo trumoia, ekaitza eta barea, kolpeak, gitarra geruzak eta baxu gordinak. Euskaldunak.
Split 77. Bilboko taldea rockak besarkatzen uzten da, baina ohial popzale ilunak josten ditu, elektronikaren horratzarekin. Euskaldunak.
Joseba Irazoki. "One man band"-en paperean nafarrak ez du parekorik. Talde batekin ere ez. Zuzenean grabatutako soinu eta riff-en jaurtitzaile erotua ¿?, txistua, gitarrak, mingaina kanpora eta "bazilea". Bera galaxiako euskalduna. Gora!
Grises. "Boligrafo gizonaren" sortzaileek, dantzara bideratzen dute euren indie-pop erritmo biziak. Zestoako (Gipuzkoa) neska mutil hauek gazteleraz kantatzen dute eta suziri bat dute ipurdian.
El Señor Ramón. Iruñeko taldeak –baladazale&rokzalea– melodia eta soinu dotorea nahasten ditu. Ahots indartsu batek ixten du zirkulua. Gaztelera da euren hizkuntza.