entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Berriak

bidali zure berria Bidali zure berria
Sagardantza 2013-04-17

Josetxo Ezpondaren agur isila

Atzo hil zen (apirilak 16) Burlatako bere etxean, 50 urte zituela

Josetxo Ezponda. Josetxo Ezponda.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Sarea borborka hasi zen atzo. Musikazaleen artean bederen. Burlatako udaleko twiterrak heriotzaren berri eman zuen. Bitartean, jendeak galdetzen segitzen zuen, dela sare sozialetan zein e-postaren bidez. "Benetan hil da?" Bai, Josetxo Ezponda, Los Bichos rock talde handiaren sortzailea eta arima, hilik aurkitu zuten etxean. Bere bizitzaren azken urteak bezala, isila izan da bere agurra.

Josetxo Ezpondaren ibilbide musikala Los Bichos baino lehen hasi zen. 1978an  Tension taldean aritu zen (diotenez, Nafarroako lehen punk banda) eta ondoren, Neon Probos sortuko zuen, punkaren espiritua islatu nahi zuena sintetizadoreekin uztartuz.
Ondoren, margotzen pasa zuen denbora gehiena, diskoak erosten eta entzuten, zer egin pentsatzen beti. Nick Cave 1984an ikusi zuen Josetxok, eta erabat txunditu zuen. "Hau nireak duk" pentsatu eta Flores Muertas  sortu zuen orduan, Los Bichos taldearen aurrekaria izanen zena.

Bi disko baino ez zituen grabatu Los Bichos taldeak lau urteko bizitza laburrean: Color hits (1989) eta Bitter pink LP bikoitza (1991). Biek ala biek kritika ezin hobeak jaso zituzten, baina zale kopuru eskasa biltzea lortu zuten. Garai horretan, oso urrun zegoen Los Bichos estetikoki zein musikalki orduan Euskal Herrian bogan zeuden gustuekin.
Punk rocka, glam rocka, Scientists edo Birthday Party gisako talde australiarrak, Alex Chilton, Nick Cave, Stooges, Stones, Television Personalities... talde arraroa zen, bitxia, intentsoa, samurra, zaratazalea ere.
Eta Josetxoren piurak benetan deitzen zuen atentzioa kaletik zihoanean. Argala, begietan marra beltza, galtza estuak, gerriko tatxetaduna, Johnny Thunders foral antzeko bat hiri txiki eta kontserbadore baten erdian. Dandy bat itsustasunaren kontra matxinatua.

Hirugarren disko bat ere grabatu zuen: My Deaf Pink Love mini-LP-a (Munster Records, 1991), Josetxok bere izenarekin sinatu zuena. 1995ean berriz, bere estudioko azken lana argitaratuko zuen: The Glitter Cobweb, bakarka grabatu eta El Bicho izenarekin sinatu zuena.

2006an Munster Records-ek Los Bichosen 36 kantu biltzen dituen CD-bikoitza argitaratu zuen: Los Bichos 1991-1988. Josetxok berak aukeratu zituen kantuok eta taldearen historia idatzi zuen 10 kapitulutan. Asio, Fermin eta gainerakoekin bizitakoak kontatu zituen bertan, estilo bizi eta erakargarrian. Oso gomendagarria.



Los Bichosen eragina handia izan da ondoren etorri diren musikari gazte askoren artean. Hala diote Josetxo eta enparauei buruz idatzi dutenek. Euskal Herrian, besteak beste, Atom Rhumba eta Hot Dogs taldeak aipa genitzake.
Nolanahi ere, inoiz ez da berandu Josetxoren unibertso bitxia eta, batez ere, idatzi zituen rock and roll kantu bikainak ezagutzeko.
bidali zure berria Bidali zure berria
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.