entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Berriak

bidali zure berria Bidali zure berria
Myriam Garzia 2016-03-03

Loraldia jaialdiaren 2. edizioa aurkeztu dute

Programa zabala eta oparoa ekarriko du Bilboko eszenatoki garrantzitsuenetara

Aurkezpen egunaren irudi bat. Argazkia: David Herranz. Aurkezpen egunaren irudi bat. Argazkia: David Herranz.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Lotura erlazionatuak
Apirilaren 9tik 24ra Bilboko erdigunea hartuko duen jaialdia euskal kulturaren tsunamia bezala definitu du Imanol Agirrek, zuzendari artistikoak.


Apirilean zehar sekulako lorategia loratuko da Bilbon, eta guk lorazainok ura bota eta sustrai eta adar ederrak sortaraziko ditugu bigarren Loraldia honetan, adierazi du Imanol Agirrek  Bilboko Alondegian egindako Loraldia ekimenaren 2. edizioaren aurkezpenean (martxoaren 1ean).
Loraldia egundoko kultur hitzordua eta euskal kulturaren topaketa erraldoia eta ikusgarria dela adierazi zuen. Jaialdiaren zenbakiak baino ez dira ikusi behar: 16 egun kulturaz blai, Bilboko bihotzean kokatutako 12 eszenatokitan (Azkuna Zentroa, Guggenheim museoa, Arte Ederretako museoa, La Fundicion, La Ribera, Arriaga antzokia, Bilboko Itsasadarra Itsas museoa, Campos antzokia, Kafe Antzokia, Errekalde aretoa, Cafe Bar Bilbao eta Elkar dendak), 31 sentikari, film laburren lehiaketa bat, 70tik gora sortzaile eszenan

Apirilean zehar sekulako lorategia loratuko da Bilbon, eta guk lorazainok ura bota eta sustrai eta adar ederrak sortaraziko ditugu bigarren Loraldia honetan

Loraldiaren zabalera ekitaldia apirilaren 9an egingo da Azkuna zentroan. Bilbon ohikoa ez den ikuskizuna egingo da: Joxemiel Bidador Pastorala. Bestetik, hainbat estreinaldi izango da Bilboko jaialdian, asko eta asko ekimen honetarako propio eginak. Tartean, Pier Paul Berzaitz zuberotarrak sortutako Maite.K sentikariaren estreinaldia azpimarratuko dugu, antzerkia, dantza, musika, irudia eta bertsolaritza biltzen dituen ikuskizuna, eta euskal Historian aipagarri izan diren zazpi emakumeren bizitzen pasarteak taularatuko dituena (apirilaren 23an, Campos antzokian).
Bertsolaritza, musika, arte eszenikoak, zinea, literatura Kultur adierazpide denak biltzen ditu aurtengo Loraldiaren programazioak, denen gustuak asetzeko moduko jaialdia hortaz.

MUSIKA EGITARAUA
Musikari dagokionez, eskaintza zabala eta anitza da. Berria egunkariko Badok euskal musikaren atariak lagundutako Badok kontzertuak izango dira. Hiru guztira: Maddi Oihenart eta Anari abeslariak batuko dituena (apirilak 15, Campos antzokian), Aguxtin Alkhat baxenafarrarena (apirilak 14 La Ribera tabernan) eta azkenik, Enkore eta Lagunak bilduko dituena (apirilak 16 Kafe Antzokian).
Halaber, Mikel Laboaren kanten hautaketa egin eta Laboa Jazz izeneko kontzertua (apirilaren 16an Campos antzokian) eskainiko dute Ainara Ortegak eta Maria Berasarte abeslariak, Iaki Salvador (pianoa) eta Angel Unzuren (gitarra) laguntzarekin. Laboa Jazz giroan.
Anne Etchegoyen eta Getxoko Biotz Alai abesbatza (apirilaren 21ean, Arriaga antzokian) biltzen dituen kontzertuan euskal musika tradizionalaz gozatzeko parada izango dugu. Orhipetik izeneko ikuskizunean berriz, Mixel Etxekopar eta Beat Axiarik folk musikaren inguruko ikuskizuna eskainiko dute.
Soinu hiritarragoak nahiago dutenek Bilbronx kale arteen ikuskizuna (apirilaren 9an, Azkuna Zentroan) izango dute aukera. Euskal Herriko II Beatbox txapelketa, Nizuri Tazuneriren euskarazko rapa, DJ Kanaky, La Basu edota Raycoren (Norte Apache) parte hartzearekin. New York-eko Bronx-en sortutako soinuak euskararen arima hartuko du hemen, Bilbon, aurreratu du Imanolek.

A los Quartet jazz taldea, Oreka TX eta Aukeran dantza taldea elkarrekin Garden izeneko ikuskizuna eskainiko dute (apirilaren 10ean, Campos antzokian). Ikuskizun berritzailea da eta A los Quartet ikusi ez duzuenok, ikusteko aukera paregabea, gehitu du zuzendari artistikoak.

Jaialdi honi esker, euskarak eta euskal kulturak Bilboko erdiguneko hainbat areto hartuko ditu

Bestalde, The Poges Irlandako musika talde mitikoaren abeslaria izan zen Shane MacGowan-en gaineko ikuskizuna da Shane MacGowanen Gibela (apirilaren 22, Kafe Antzokian).
Abeslariaren bizitza oinarri, Unai Elorriaga idazleak osatutako gidoia, Gibelurdinek musika taldeak lagunduko du. The Pogesen abestien bertsioak egingo baitituzte. Folk, rock, pop, antzinako musika, rap, jazz Ez dago zirrikiturik musikazaleentzat, azaldu du Loraldiko arduradunak.

Euskal kulturak Bilbon merezi duen plaza izan nahi du Loraldiak eta aurreko edizioaren arrakasta ikusita, aurten ere publiko eta kritikaren onespena jasoko duela espero da. Izan ere, jaialdi honi esker, euskarak eta euskal kulturak Bilboko erdiguneko hainbat areto hartuko ditu, normalean ohikoak ez dituenak, eta Loraldiak berriro ere erakutsiko du euskal sorkuntzak berdin bete ditzakeela aretoak.
bidali zure berria Bidali zure berria
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.