entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Berriak

bidali zure berria Bidali zure berria
sagardia 2006-08-15

SALIF KEITA, KEPA JUNKERA, HEDNINGARNA ETA ENZO AVITABILE GETXO FOLK JAIALDIAN

Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdia Irailaren 1etik 4ra buruko da. Aurten, Salif Keita (Mali), Kepa Junkera (EH), Hedningarna taldea (Suedia) eta Enzo Avitabile (Italia) arituko dira, besteak beste. Egitarauan, musika emanaldiez gain, bestelako jarduerak egongo dira: bidezko merkatua, Munduko Terraza, kaleko banden desfileak eta abar. Urtero bezala, emanaldiak Erromoko Santa Eugenia kaleko karpan, Areetako Geltokiko plazako karpan eta Munduko Terrazan (Erromoko Santa Eugenia kalean) egingo dira. Irakurri hemen egitarau osoa.
Kontzertu nagusiei dagokienez, aurten Hedningarna laukoteak emango dio hasiera jaialdiari. Talde hau 1987. urtean sortu zen eta Suediako talderik arrakastatsuena bilakatu da. Halaber, bere herrian sortutako "Folk Under Paverka" ("folkaren eragina", bertako hizkuntzan) musika-korrontearen zutabeetako bat da. Musika talde honetako kideek eurek sortutako antzinako musika-tresna tradizionalak erabiltzen dituzte. Bere musikan soinu tradizionalak eta erritmo elektronikoak uztartzen dira. Sortu duten musika berritzailea jende asko erakarri du folk soinura mundu guztian zehar. Bere jardueran, sari garrantzitsu ugari lortu ditu laukote honek: besteak beste, Grammy sarien Folk Diskorik Onenaren atalean izendatuta egon da.

Irailaren 2an, Salif Keita Maliko musikari ospetsua jardungo da jaialdian. Keita mundu osoan ezaguna da afropop estiloaren bultzatzaileetako bat izateagatik. Bere ahotsaren kalitate aparta eta zuzenean eskaintzen dituen saioak ditu ezaugarri nagusi eskarmentu handiko musikari honek. Bere jardueran zehar, artista honek erakutsi du bere musikak anitza eta aberatsa dela: Afrikako tradiziozko erritmoak eta rock, soul edota funk bezalako doinuak uztartu ditu oreka handiz. Bere azken lana, "M'Bemba", hain zuzen ere, honen adierazgarri dugu. Lan hau iaz kaleratu zuen Bamakon (Malin) Keitak, Parisen 20 urtez bizi eta gero. Amodioa, doinu alaiak eta erritmo dantzagarriak dira disko honen ardatz nagusiak.

Jaialdiaren erdialdean, irailaren 3an, Enzo Avitabile musikari italiarra jardungo da Getxon, Bottari familiako perkusionisten laguntzaz. Artista honek tarantellaren aberria Campaniako (Napoli) eskualdeko tradizioa berreskuratu du eta Mediterraneoko beste hainbat erritmorekin uztartu ditu, musika berri bat sortzeko asmotan. Azken urteotan Portico herriko danbolin-jole ospetsuekin aritu da Avitabile munduko hainbat agertokietan. Bottariek antzinako erritmoak interpretatzen dituzte, eta danbor, hodi eta igitai bezalako tresnak erabiliz, oinarri erritmiko obsesiboak sortzen dituzte Enzo Avitabileren ahots sendoa indartzeko.

Azken egunean, irailaren 4an, Kepa Junkerak bere azken lana aurkeztuko du Getxon: "Hiri", hain zuzen ere. Disko hau erreferentziako musikari gisa daukan bermearen azken fruitua da. Baitakora kaiera baten antzera, "Hiri"k istorio zirraragarriak eta sentsazio errepikaezinak biltzen ditu. Lan honen erakargarritasun musikal eskuzabalaren oinarria da, batez ere, musikari bilbotarrak giro etniko garaikideak sortzeko daukan gaitasun itzela. Bere azken diskoan, Kepa Junkerak giro txundigarri eta irekiak sortu ditu entzulea sorgindu eta harrapatzeko. Era berean, hainbat erritmo mota uztartu ditu, hizkera berriak eta kulturen arteko ulermenerako lurralde berriak bultzatzeko asmotan.


Urtero bezala, eguna hasteko, arratsaldeko kontzertuetako talde eta artisten emanaldia izango da, Erromoko Santa Eugenia kaleko karpan, 19:00etatik aurrera. Kontzertu nagusiak 21:30ean hasiko dira (irailaren 4an 20:00etan hasiko da) Areetako Geltokiko plazako karpan; hauek amaitu ondoren, 23:15ak inguru, Munduko Terrazan (Erromoko Santa Eugenia kalean) gaueko kontzertuak egingo dira. Gainera, umeentzako saio bereziak egongo dira jaialdian. Kontzertuez gain, hainbat herritako kale-bandek desfileak egingo dituzte Getxoko kaleetan.

Jarduera osagarriei dagokienez, ikus-entzuleek Bidezko Merkatua bisitatu ahal izango dute, ekimen honen bidez Ipar eta Hegoaren arteko bidezko merkataritza sustatzen da, eta hainbat GKEren batera antolatuta egongo da. Bestaldetik, jatorri anitzeko artisau produktuak Munduaren Merkatura itzuliko dira Koan Elkarteari esker. Eta, azkenik, beste herrialde eta kultura batzuetako gastronomiak ere bere lekua izango du Munduko Terrazan, ekimen hau Euskadiko Munduko Medikuak erakundearen eskutik burutuko da.
bidali zure berria Bidali zure berria
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.