Hiruko estatubatuarra gertu gertutik eta eszenatoki txiki batean ikusteko aukera paragabea izanen da ekainaren 5ean. Eta zazpi euroren truke. Ez dago gaizki. Bizkor ibili, sarrerak agortu baino lehen!
Shellac taldearen ibilbidea Chicagon hasi zen 1992an, Steve Albini
gitarra eta ahotsa, Todd Trainer bateria eta Bob Weston baxua kide
zirela. Noise rock eta math rock estiloetan kokatu izan dituzten arren,
taldeak bere buruari rock minimalistako hirukote deritzo. Hasieran,
maiz esaten zen Shellacen abesti guztiek bi gai kutun besterik ez
zituztela; beisbola eta Kanada, alegia. Egun, ordea, Albini eta
Westonen kantuen hitzak gai pertsonal eta emozionalei buruzkoak dira,
hala nola, eguneroko kontuen gainekoak. Shellac-en
soinuaren ezaugarri dira konpas eta tempo arraro eta premiazkoak,
erritmo pisutsu eta errepikakorrak, gitarra-hots zorrotz eta treble
gisakoak eta Albiniren hitz sarkastikoak. Beren abestiak ez dira rock
musika ohikoaren bertso/koru/bertso egituraren araberakoak; bada melodia
gabeak esaten dienik ere. Gainera, hirukoteak nahiago du areto txiki
eta tabernetako giro intimoa, eszenatoki eta kontzertu handietako giroa
baino.
Helen Money, irekitzeko Helen
Money musikariak irekiko du kontzertua. Aipatu izen artistikoaren atzean, Alison Chesney dago. Chicagoko txelo-jotzaileak
izentxoa egin du bere musika tresnarekin lortzen duen soinu
berdingabeagatik. Gitarra bakarlariaren lanabesak erabilita, bere
sentiberatasuna eta eskarmentua rock musikaria bailitzan adierazten du,
baina, horretarako, musika tresna klasikoa erabiltzen du: txeloa. Bi
disko argitaratu ditu orain arte.