Iruñeko punk talde mitikoak hainbat kontzertu emanen ditu
Ultimatum
Ultimatum - Sacrilegio (Nabarreria plaza, Iruñea)
Ultimatum taldeak edo behintzat jatorrizko bandaren zati batek (Kutxa abeslaria badakigu mikroari helduko diola) kontzertu batzuk emanen ditu datozen asteetan. Urtarrilaren 27an Txantreako Akelarren joko du eta otsailaren 11n Zorrozan (Bilbo).
Bizitza laburreko talde oldarkorra izan zen Ultimatum. Condenados a luchar - Borrockari loturik bilduma jada historikoan agertu zelako gogoratuko duzue askok. Bertan hiru abesti utzi zituzten txukun grabatuta: Sacrilegio eta Ciudadano anormal. Bilduma horretan, Discos Suicidasek 1986an argitaratu zuena, Iruñeko beste talde bat zegoen, Porkeria T, gauza kuriosoa (edo agian ez) hard rocka eta rock urbanoa gailendu izan den hiri santu honetan. Eskuinean ikusgai duzuen bideoa, Nabarreria plazan eman zuten kontzertu batena da eta Porketia T-rekin konpartitu zuten oholtza hain zuzen ere. Garai horietan, Ttut, El 10 eta Toki Leza ziren punken bilgune nagusiak. Egun, aipatutako azken tabernak bakarrik segitzen du bizirik. Rock and roll ona entzuten ahal den leku gutxietakoa da Iruñean. Ordea, jada ez da existitzen punkari eskainitako tenplurik.
Bestalde, oso gomendagarria da, nahiz eta soinua txarra izan, 1986an Ultimatumek Iruñeko autobus geltokian eman zuen kontzertua. Zinta kasetean pasa izan da eskuz eskuz hainbat urtetan eta orain Internet bidez deskarga dezakezue lasai asko. Ultimatum-en jarrera ikusten ahal da kontzertu honetan. Baxu joleak korda bat hautsi zuen eta beste taldekoek ez zieten baxua utzi. Baxurik gabe jo zuten, baina Kutxari entzun behar zaizkio bere ahotik bota zituenak! Errabia biziz jo zuten, eta 1986ko kontzertu hau Euskal Herriko punkaren historiaren harribitxia da.
Taldea hainbat urtez desagertuta ibili ondoren, Kutxa berriz agertu zen duela urte batzuk, Indar Gorrik antolatu zuen kontzertu batean. Decadenciarekin batera (hauek ere desagertuta) igo zen oholtzara bizpahiru kantu abesteko.