harpide
sarrera + berriak + diskoak + elkarrizketak + dossierrak + foroa
maketak.com + erreportajeak + iritzia + backstage
atzera begira kronika zuzenak + aholkua + harpideak
emaila eman eta gure buletina jaso
argazkiak - ikus-entzutekoak - irakurgai - ikusgai - entzungai
komikia harremanak estekak lantaldea non aurkitu?
euskal musikan zein da zein taldeak diskoetxeak management jaialdiak komunikabideak
 

 



PRIMAVERA SOUND 2010eko maiatzak 27 eta 28, Forum esparrua (Bartzelona)

Hasieratik Bartzelonako Primavera Sound jaialdia milaka eta milaka zaleen bilgunea izan bada, aurtengoan jende uholdea gerturatu da Forumeko esparrura. Entzun! bi urtez Bartzelonara joan gabe zegoenez, praktikak egitera bidali dugu Julen Azpitarte, ea behingoz Ray Ban betarurrekoen artean modernizatzen zaigun… Baina, ke ba, ezinezko misioa…

The Fall, bigarrenez Primaveran, baina zurrun zurrun, beti bezala. Arg: Inma Varandela.

Crocodiles. Arg: Dani Canto.

Superchunk, Like a fool... Arg: Dani Canto.

Cocorosie. Arg: Chus Sanchez.

GORPUTZ ZURRUNEKO SMITH AITONA
Ostegunean, maiatzak 27, iritsi nintzen Bartzelonan egin ohi den Primavera Sound jaialdiaren hamargarren ediziora. Izan ere, banekien The Fall talde ingelesak 20:00etan jotzen zuela. Mark E. Smith musikariaren egitasmo hilezina lehenengo aldiz ikusten nuen, eta pozik gelditu nintzen emanaldiarekin. Kantuek aurrera egin ahala hobeto entzun zen eta aitona Smith hara eta hona ibili zen bere musikariak zirikatzen, besteak beste, anplifikadoreen bolumenak igotzen. Eszenatoki handia atzean utzi eta Vice izenekora, –egia esan, bertan ikusi nituen kontzertu gehienak–. Hasteko, Andaluziako Pony Bravoren proposamena dastatu nuen, gaztelaniaz abesturiko psikodelia garaikidea. Espainiarrak txalotu eta eszenatoki handira itzuli nintzen Superchunk indie idolo ezagunak ikustera. Niretzat jaialdiko onenetarikoak ezbairik gabe. Taldea bizi-bizi agertu zen eta kantuak irmo.


ORAINTXE HIL NAHI ZAITUT
Bueltan Vice eszenatokira Crocodiles estatubatuarrak ikustera (egungo talde garaikideen artean kutunak ditut). Emanaldi bikaina eskaini zuten. Jesus and Mary Chain taldearen ondarea astindu eta publikoa dantzan jarri zuten, I want to kill you now hit-ean bereziki. Diskoan baino askoz hobeto, talde osoarekin taularatu ziren, tartean, teklatuak jo eta ederki abesten zuen neska. Zoriondu ere egin nituen. Gero Mission of Burmaren txanda iritsi zen. Nire hirugarren aldia zen eta txarrena. Taldea ahul, ganora handirik gabe, eta errepertorioa nahikoa txarra. Lisaböko jendearekin topo egin nuen bertan, eta Zulu (Bidehuts) eta biok hotelerako bidea hartu genuen jende uholdeak Pavement ezagunekin dantzatzen zuen bitartean.


BCN FASHION WEEK
Biharamunean, goizetik ailegatu nintzen. Agertoki nagusiak hutsik zeunden eta jende gehiena lau euroko garagardoak edateko tiketak eskuratzeko ilarak egiten ari zen, tarte lasai hori Spacemen 3 taldearen kamiseta erosteko baliatu nuen Commercial Records-en standean. Portzierto, Sonic Youthen Goo diskoaren azala erakusten duten elastikoak ziren nagusi; Raymond Pettibon pintoreak kamiseta bakoitzeko eskubideak jasoko balitu yatean igaroko lituzke oporraldiak. Moda joerekin jarraituz, harrituta gelditu nintzen praken barrenekin: batzuk bilduta orkatilak agerian; beste batzuk galtzerdien barruan, impresionaaaaaaaaante.


ENYA MEETS BEYONCE, EDO ANTZEKO ZERBAIT
Itzul gaitezen musikara, 17:00ak bueltan Madrileko Cohete taldeak jotzen zuela ohartu nintzen. Oso jende gutxi zegoen. Oraindik eguzki izpiak, publikoan ume ugari, eta eszenatokian pop talde handia. Patrullero Mancuso edo The Feelies taldeen erara, metalezko instrumentu eta guzti, sorpresa handia! Handik The New Pornographers ikustera. Itzelak. Ez zen lar ondo entzuten, eta seguruenik agertokia handiegia zen haientzat, baina ahots horiek zuzenean entzutea esperientzia paregabea da. Gero ezustekorik handiena: In The Red taldearekin grabatzen duen Thee Oh Sees, The Monks primitiboen irakaspenak surf eta rockbilly soinuekin bortxatzeko gai den taldea. Haien atzetik Condo Fucks agertu ziren, alegia, Yo La Tengo garage-rock eta punk kantuak moldatzen. Askok hilko naute, baina esan beharra daukat: aspertu egin nintzen, beraz, Cocorosie ikustera joan nintzen tarte labur batez. Zer zen hura? Fabuloso Combo Espectro taldeko Raulen hitz umoretsuetan: Enya eta Beyonce-ren artekoa. Hori bai, kontzertuak masa handia bildu zuen. Barrez lehertzen Wire ikustera. Nire estreinako aldia. Irrikan nengoen. Emanaldia? Txarra, berbena bat ematen zuen. Kantu zaharretan energia puntua erakutsi zuten, baina oro har makal. Bruce Gilbert gitarra jotzailea falta bota nuen.


SOTOKO ROCK & ROLLA BUKATZEKO
Afaltzeko tartea: kukurutxo itxurako pizza, zur eta lur. Gero Shellacera “hurbildu”, –ez dakit aditz egokiena den–, nintzen. Jende piloa zegoen (erredundantzia). Bikain aritu ziren izan nintzen tartean, pogoa ere dantzatu zen aurreko ilaratan. Eta azkenik, King Kang & BBQ Show, alegia, sustraidun rock’n’roll undergrounda ondoen islatzen zuen proposamena. Bikotea primeran aritu zen, batez ere, BBQ one man band lanetan eta 60ko hamarkadako pop melodiak abesten. Eta jendea, jendea, jendea…


Eta horrela bukatzen da, lagunak, Spacemen3-ren kamia erosi zuen gure bekadunaren kronika. Entzun!ek ez zion ordaindu nahi izan, bai ordea galtzerdi pare bat.
Hortaz, prakak galtzerdien azpian eta Sonic Boomen eta Jason Pierceren kamiseta soinean daraman Dohertyrena baino aurpegi zurbilagoa duen tipo bat Euskal Herritik ikusten baduzue, badakizue nor den…
Julen Azpitarte

Documento sin título

IMELDA MAY + ELI ‘PAPERBOY’ REED, 2010/07/23, Sos del Rey Católico

Imelday May dublindarrak eta Eli ‘Paperboy’ Reed estatubatuarrak osatutako kartel koherenteak erakarrita gerturatu ginen Aragoiko Erdi Aroko Sos del Rey Católico herri ederrera. Aitzinako merkatuaren arkupeak, Luna Lunera jaialdiaren ezaugarri bihurtuak dagoeneko, gau fresko baina intentsu honen lekuko isilak izan ziren.

THE CULT – 2010-7-23 – Rock Star Live (Barakaldo)

Sarrera guztiak agortuak eta Rock Star aretoa leporaino zegoen. Telonerorik gabe, The Cult 21:00etan hasteko anuntziatuta zegoen, baina ia ordu beteko atzerapenarekin igo ziren Ian Astbury, Billy Duffy eta beren taldekideak oholtza gainera.

BILBAO BBK LIVE 2010, uztailak 8-9-10, Kobetamendi (Bilbo)

Aurtengo Bilbao BBK Live jaialdiak 76.000 pertsona baino gehiago biltzea lortu du hiru egunetan. Berrikuntza nagusia gehitu duten eszenatokia izan da Euskal Herriko taldeei tarte gehiago emanaz. Aurtengo edizioan rock gogorra izan da ardatz nagusia. Goazen egunez egun gertatutakoa ahal dugun hobekien agertzera.

AC/DC – 2010-6-28 – SAN MAMES FUTBOL ZELAIA (BILBO)

Azkena Rock jaialdia amaitu da, baina ez daukagu denborarik “pobre de mí” kantatzeko, ezta fisikoki errekuperatzeko ere. Astelehena da, baina Bilbon ez dirudi hala denik. Rolling Stones eta Bruce Springsteen katedraletik pasatu baziren, australiarrak ez ziren gutxiago izango, eta sarrera lortu genuen zoriondunak han ginen rock and rollaren zeremonian. Azken esaldi hau duda mudakoa izan daiteke publikoaren zati handi bat ikusi ezkero: zirkura joatea, Athletic ikustea, El Canto del Loco edo AC/DCren kontzertuetara joatea, hori guztia zaku berean sartzen duena eta duela gutxi arte anti-rockeroa zena. Heavyak gutxiengoa ginen, bai, baina beste batean hitz egingo dut horretaz.

AZKENA ROCK FESTIVAL 2010 – (II) –

Nick “Royale” Anderssonek duela gutxi elkarrizketa batean esan duen moduan, “munduko jaialdirik onena”rekin urtero daukagun zitara ezin hutsegin genuen rockzaleok, nahita ere. Egia esan, begiak itxita erosi dezakezu urtero bonoa, hanka sartzeko beldurrik izan gabe. Ia estilo guztietako taldeak ikus ditzakezu, askotan Europan ikusteko oso zailak direnak, eta talde abangoardista hauek, undergroundekoak edo mainstreamaren parte direnak ere, guztiek osotasun bat lortzen dute: Ez ia rock and rollarekiko, baizik eta musikarekiko maitasun kolektibo bat. Talderik ezagutu gabe ere joaten denik badago. Zergatik ote? Erantzuna erreza da: Azkena Rock jaialdi bat baino gehiago da; Azkena Rock zeremonia bat da, betebehar bat eta kalitatezko kulturaren erakusleihorik onena. Azkena Rock, kontxo, pribilegio bat da. Ez dakit konturatzen garen daukagunaz. New York Dollsek beraien 2006ko diskoko izenburuan ziotena: “One day it will please us to remember even this” esango genuke desagertuko balitz. Ez dadila inoiz gertatu, please.

AZKENA ROCK FESTIVAL 2010 - ekainak 24, 25 eta 26, Mendizabala (Gasteiz)

Gozatua hartu dugu beste behin bere izaera ongien definitua duen jaialdi rockzale honetan. Gozatua askotariko taldeak ikusi ahal izan ditugulako, gozatua horietako askoren kalitatea ikaragarria izan delako, gozatua sorpresa atseginak eraman ditugulako etxera. Imelda May, The Hives eta Chris Isaak luze gogoratuko ditugu.

 

 

 

 
     
footer