harpide
sarrera + berriak + diskoak + elkarrizketak + dossierrak + foroa
maketak.com + erreportajeak + iritzia + backstage
atzera begira kronika zuzenak + aholkua + harpideak
emaila eman eta gure buletina jaso
argazkiak - ikus-entzutekoak - irakurgai - ikusgai - entzungai
komikia harremanak estekak lantaldea non aurkitu?
euskal musikan zein da zein taldeak diskoetxeak management jaialdiak komunikabideak
 

 



AZKENA ROCK FESTIVAL 2010 - ekainak 24, 25 eta 26, Mendizabala (Gasteiz)

Gozatua hartu dugu beste behin bere izaera ongien definitua duen jaialdi rockzale honetan. Gozatua askotariko taldeak ikusi ahal izan ditugulako, gozatua horietako askoren kalitatea ikaragarria izan delako, gozatua sorpresa atseginak eraman ditugulako etxera. Imelda May, The Hives eta Chris Isaak luze gogoratuko ditugu.

Chris Isaak, euripean irabazle. Arg: Juan G. Andrés.

Jim Jones, rock and roll!!! Arg: Juan G. Andrés.

Imelda May irlandarrak kontzertu bikaina oparitu zigun. Arg: Juan G. Andrés.

El Vez, handia. Arg: Juan G. Andrés.

Slash gitarrari ematen. Arg: Juan G. Andrés.

Kiss, ikuskizuna ororen gainetik. Arg: Juan G. Andrés.

The Hives. Europa Iparraldeko sua! Arg: Juan G. Andrés.

ROCK AND ROLL BALL OF FIRE
The Jim Jones Revue entzun zitekeen festibal eremutik kanpo Mendizabalara iritsi ginenean ostegun arratsaldean. Autotik atera eta piano baten nota bihurri bezain klasikoak entzuten ahal genituen. Rock and roll erretzailea. Barruan jada, areagotu egin zitzaigun Jim Jones taldeak transmititzen duen indarra. Atentzioa jo zigun beren grabazioetan ez bezala (erabat saturatuak), soinu garbiagoa zuela zuzenean, gain-saturaziorik gabe, baina erabat erotua eta espidikoa. Zapore klasikoko bere set bizia –Little Richard eta Jerry Lee Lewis-en artean– bukatu zuenean garuna kiskalia genuen. Plazer handiz kiskalia.
Rock and rollaren bola ibilian zegoenez, zertarako gelditu? Kitty, Daisy & Lewis anai-arreba nerabeak eta beren gurasoak arduratu ziren haren sugarra piztuta edukitzeaz. XX. mendeko 40 eta 50eko hamarkadetara atzera bidaia proposatu gintuzten, soinu vintage atereaz, swing, rock and roll eta r&b kontzertu polita eskainiz, sofistikazio eta apaingarrietatik urrun. Behar bada, anai-arreben artean musika tresnak aldatzeko egin zituzten etenaldiak luzeegiak izan ziren, horregatik kontzertuaren erritmoa zertxobait apurtu zen. Gainera, gaztetxoak ez ziren sobera komunikatiboak agertu publikoarekin, ondorioz bere musikari dagokion berotasuna faltan bota genuen.
Sorpresa eman ziguten Jamaikako tronpeta jole bat eszenatokira gonbidatu zutenean. Harekin early-ska soinuko bi pieza jo zituzten. Susmoa dugu jendea zertxobait aspertu zela haiekin, baina ongi etorriak. Bukaerarako utzi zuten beren piezarik ezagunena: Going Up the Country hippien garaiko Canned Head-en bertsio bikaina.


MAMIA
Ikusitakoaren gustura, The Hold Steadyren txanda heldu zen. Matematiketako irakaslea zirudien abeslaria buru, 70eko rock amerikarretik abiatuz kantu entzungarriak eskaini zizkiguten.
Eta ondotik, Azkena Rocken jada ikusiak genituen Gov’t Mule maitatuak atera ziren oholtzara. Sakontasun puntua eman zioten gauari, rock blues gogorreko emanaldi mamitsua borobilduz. Tipo hauek oso onak dira, baina hau idazten ari denari ez zaizkio barruraino sartzen.
Hortxe amaitu zen gure osteguneko kontzertu gaua. Tamalez, The Black Lips (jaialdi honetan biziki ikusi nahi genuen taldeetako bat) azkenekoak jotzen zuten eta ordu beteko “kotxealdia” aurretik genuela kontutan hartuta, kalkuluak egin eta garaiz erretiratzeko hautua egin genuen.


ESPEDIZIO BERRI BAT
Ostiralean lanetik atera eta Gasteizera Azkena Rock Jaialdirantz abiatzea ia liturgia antzeko bat bihurtu da. Lagunekin hitzordua egin, maletategian gauzak utzi, eguzki betaurrekoak jarri eta konturatu gabe Altsasutik igarotzen ikusten duzu zure burua, Arabako lautadan sartzeko. Beti ahalik eta prontoen ateratzen saiatzen gara; aurten lortu dugu helburu hori betetzea neurri batean. Ostegunean Gasteizen egon ez zirenak gidatzen dute, freskoago baitaude.
Hotelen gauzak utzi eta jaialdi eremura goaz. El Vez galdu dugu, jakinik plazan larunbat arratsaldean ikusiko dugula. Hortaz, Imelda May eta bere bandarekin ekiten diogu ostiraleko arratsaldeari. Hasiera bikaina gertatzen da: nabardurez beteriko (rockabilly, blues, jazz, swing, surf nabardurak gitarretan…) rock and rolla kontrabaxuaren laguntzaz. Johny Got A Boom Boom edota Watcha Gonna Do gisako kantu ezagunak ez ziren falta izan. Baina sorpresa azken abestian heldu zen, Gloria Jones-en Tainted Love northern-soul klasiko txikitzailea jo zutenean! Igoaldia sekulakoa izan zen. Eskerrik Asko Imelda. Halako gauzekin ez da drogarik behar eta jaitsierak oinazerik gabe izaten dira.


MUSUAK ETA SU ARTIFIZIALAK
Teddy Thompson belardian eserita entzun genuen urrundik, tarteka atentzioa jarriz, eta The Saints gustura entzun genituen. The Damned mitikoek aldiz, gutxi transmititu gintuzten. Orduan Slash eta bere bandaren emanaldia heldu zen. Ikusmina geneukan baina, egia esateko, haren espektakuluarengan konfiantza gutxi. Jarrera handiko kontzertua egin zuten aitzitik, ahotsetan Myles Kennedy (Alter Bridge) ere aritu zelarik (eta oso ongi). Bukaeran, Guns’n’Roses taldearen klasiko sorta eskaini zuten, publikoaren zoramenerako, eta egia esateko, inpresio ona hartu genion emanaldiari.
Kiss kartelburuena aldiz, nola deskribatu? Zer gailentzen da talde honetan? Musika hala ikuskizuna/showa? Zale ez garenoi kostatzen zaigu haien unibertsoan sartzea eta parte hartzea (su artifizialak, eztandak, gora eta behera zihoazen plataformak, tirolina, hegaldiak goiko fokuetaraino…). Kuriosoa eta behar bada pixka bat garaiaz kanpo, baina zer inporta dio horrek taldearen zaleek gozatu ederra hartu bazuten? Eta beste gauza bat, Kissekoek dena eman zutenik ezin uka. Kontzertuan sartu gabe bada ere: ongi.
Kissen ostean Imperial State Electric ikustera gerturatu ginen. Hellacopters taldearen sortzaile Nicke Royale Andersson-en talde berria da hau eta entzun ahal izan genuenaren arabera, The Imperial State Electric ez dago bere lehen taldetik oso urrun. Rock gihartsua eta bizia: rock and roll, punk, rock gogorra eta garajea batidora berean sartuta eta nahastuta, diskoan baino gogorrago. Nekatuegiak geunden akaso kontzertuaz guztiz gozatzeko.


"NUNCA TOQUES LAS BOTAS DEL VEZ"
Larunbatean hitzordua egina genuen Andre Maria Zuriaren plazan. Xarma berezia dute plazako emanaldiek inondik inora eta oholtza gainean El Vez baldin badago, zer esanik ez! Kafea, laranja zukua eta buruko minarako analgesikoa hartu ondotik lekua hartu genuen plazan. “Elvis mexikanoa” bere ohiko traje distiratsu, estu eta hortera horietako batekin atera zen eta lehen segundotik harrapatu gintuen. Albo bietara bi korista zituen harekin koreografiak ere eginez. Aurrealdean zegoen eta ustez musikari hispanoaren botak ukitu zituen zale bati errieta egin zion El Vezek: “Nunca toques las botas del Vez”, eta halaxe, barre artean, bere spanenglish bitxiarekin, bere komunikazio gaitasuna erakutsi zuen. Halako batean, Mocedades-en Eres tú The Clashen Rudy can’t fear-ekin nahastu zuen (ikargarria) eta Elvis eta James Brown-en doinuez gain, Mickey Lee Laneren Hey Sah-Lo-Ney klasikoa bertsionetatu zuen, jada gogoratu ezin dudan gaztelerazko estribillo batekin jantziz. Baina kontuz. Erratuta dago uste duenak El Vez-en showak hedonismo, ebasio edo dibertimentu hutsa direnik. Ez. El Vezek etorkinen aldeko aldarria egin zuen hitzez eta kantuz, eta Estatu Batuak eta Mexiko artean hainbat etorkinek bizi dituzten penak izan zituen gogoan. Umorea galdu gabe, beti dantzan, txisteak bata bestearen atzetik botaz, trajeak aldatuz eta koristen laguntzaz, show guztiz dibertigarria egin zuen (aurreko egunean jaialdi eremuan egin zuenaren oso antzekoa). Eta ahaztu aurretik: Kiss-en eta Alice Cooperren kantu batzuk ere nahastu eta kantatu zituen. Guk, bai edo bai, El Vez maite dugu.


DYLANITEN ARTEAN
Kutxi kalean ongi baino hobeki bazkaldu ondotik, kontzertu eremura gerturatu ginen presarik gabe. Robert Gordon & The Gang They Couldn’t Hang izan zen ikusi genuen lehen kontzertua. Corvette bat baino klasikoagoak ziren rock and roll kantu sorta eskaini zuten, gustura irentsi genituenak, Eddie Cochran-en C’mon everybody eta guzti… Eta Bob Dylan-en tenorea heldu zen. Errespetua ematen du musikari honi buruz idaztea. Hasteko, eta zintzo izateko, bere ibilbidea apurka eta tarteka baino ez dudalako jarraitu. Bigarren aldia zen ikusten nuela eta iaz Iruñean emandako kontzertuan baino gehiago gozatzerik izan genuen. Baina hortik emoziora, flipatzera edo ileak puntan jartzera distantzia handia dago. Festibalean topatu nuen Javier Sun musikari Dylan zale amorratuak esan zidanez, azken urteetan ikusi duen kontzertu onena eman zuen. Like a rolling stone fidel bat oparitu zion Bob-ek publikoari bukatzeko. Eta eskertu genuen.
Ondoren, oso bestelako kontzertuarekin topo egin genuen karpapeko eszenatokian: Toilet Boys. New Yorkeko 70etako punk eta glam taldeetatik abiatuz eraikitako emanaldia eskaini zuten amerikarrek, ozen eta gogotsu, baina ekarpen eskasekoa.


LARUNBATEKO TXAPELDUNAK, “BECAUSE I WANNA”
Euria botatzen hasi zuen Toilet Boys hauen kontzertuaren ondotik (erlaziorik ba ote?), Chris Isaak-ek hasi bezain pronto. Zelako pena. Oholtzaren aurrean zale amorratuenak, aterkidunak, txubaskerodunak eta ausartak gelditu ziren. Gainontzekook, arropa aldatzeko batere aukerarik ez genuenok, urrundu behar izan genuen estalpe baten bila. Batzuk, gehienak, karpako eszenatokira urrundu ziren. Zorte gehiago izan genuen publizitateko tabernatxo batera sartzen utzi gintuztenak. Handik, nahiz eta urrundik, Crishen kontzertuaren zati handi bat jarraitu ahal izan genuen eta… hitz bakarra dago hara heldu zitzaiguna deskribatzeko: ikaragarria. Euria egiteari utzi zion poliki-poliki. The Hives ateratzeko prestatzen ari ziren. Taldearen izena irakur zitekeen hitz erraldoi argiztatu batzuekin apaindu zuten eszenatokia. Oso gutxirekin zeinen giro eraginkorra eta dotorea lortzen ahal den… Lurrean ur putzu batzuk eginak ziren zegoeneko, eta tira, plisti-plasta gerturatu ginen. Lehen akordea eta buf, Azkena leherrarazi zuten. Lehen segundotik azkenekora. Punk rockaren lokomotorak! Zelako soinua! Hilak berpiztu zituzten, zaharrak gazte bihurtu, zentzudunak erotu. Ez zen inor libratu, ez punk rockerrak, ez heavyak, ez rockeroak, ez dylanzaleak… Hate to say I told you so, Main offender, Supply and demand, Die, all right… bata bestearen atzetik. Erabateko abestiak erabateko kontzerturako. Ez da eztabaidarik onartzen.
Bad Religion amerikarrek eman zioten akabera larunbateko gauari. Ongi aritu ziren, eraginkor eta azkar, klasiko mordoa joaz. Soinu indartsua lortu zuten, baina beren aurrekoek oso goian paratu zuten listoia. Horren kontra ezer gutxi egin zezaketen. Azkenean, Bad Religion bere ohiko kontzertuetako bat eman zuen.


GIBEL SOLASA
Jada ez genuen zertarako indarrik. Ez ginen kontzertuen osteko pintxaldira geratu. Nekatuegiak geunden. Azken zerbeza eskuan, irteerako bidea hartu genuen. Han beste sorpresa bat zain genuen. Harley Davinson erraldoi batekin jaialdi eremura temati sartu nahi zuen motorzale batekin topo egin genuen. Sarrerako hesiak gurutzatuz eragotzi zioten sartzea zaindariek. Bat batean udaltzaingoa heldu zen inguruan bildutako zale batzuekin, iskanbila txiki bat gertatu zen, ahalkolemia egin zioten motoristari eta atxilotuta eraman zuten azkenik eskuak giltzatuta. Eskerrak festibaletik ateratzen ari zen jendeak motoa itzaltzeko eta sartzen ez saiatzeko konbentzitu zuela…
Sagardantza

Documento sin título

IMELDA MAY + ELI ‘PAPERBOY’ REED, 2010/07/23, Sos del Rey Católico

Imelday May dublindarrak eta Eli ‘Paperboy’ Reed estatubatuarrak osatutako kartel koherenteak erakarrita gerturatu ginen Aragoiko Erdi Aroko Sos del Rey Católico herri ederrera. Aitzinako merkatuaren arkupeak, Luna Lunera jaialdiaren ezaugarri bihurtuak dagoeneko, gau fresko baina intentsu honen lekuko isilak izan ziren.

THE CULT – 2010-7-23 – Rock Star Live (Barakaldo)

Sarrera guztiak agortuak eta Rock Star aretoa leporaino zegoen. Telonerorik gabe, The Cult 21:00etan hasteko anuntziatuta zegoen, baina ia ordu beteko atzerapenarekin igo ziren Ian Astbury, Billy Duffy eta beren taldekideak oholtza gainera.

BILBAO BBK LIVE 2010, uztailak 8-9-10, Kobetamendi (Bilbo)

Aurtengo Bilbao BBK Live jaialdiak 76.000 pertsona baino gehiago biltzea lortu du hiru egunetan. Berrikuntza nagusia gehitu duten eszenatokia izan da Euskal Herriko taldeei tarte gehiago emanaz. Aurtengo edizioan rock gogorra izan da ardatz nagusia. Goazen egunez egun gertatutakoa ahal dugun hobekien agertzera.

AC/DC – 2010-6-28 – SAN MAMES FUTBOL ZELAIA (BILBO)

Azkena Rock jaialdia amaitu da, baina ez daukagu denborarik “pobre de mí” kantatzeko, ezta fisikoki errekuperatzeko ere. Astelehena da, baina Bilbon ez dirudi hala denik. Rolling Stones eta Bruce Springsteen katedraletik pasatu baziren, australiarrak ez ziren gutxiago izango, eta sarrera lortu genuen zoriondunak han ginen rock and rollaren zeremonian. Azken esaldi hau duda mudakoa izan daiteke publikoaren zati handi bat ikusi ezkero: zirkura joatea, Athletic ikustea, El Canto del Loco edo AC/DCren kontzertuetara joatea, hori guztia zaku berean sartzen duena eta duela gutxi arte anti-rockeroa zena. Heavyak gutxiengoa ginen, bai, baina beste batean hitz egingo dut horretaz.

AZKENA ROCK FESTIVAL 2010 – (II) –

Nick “Royale” Anderssonek duela gutxi elkarrizketa batean esan duen moduan, “munduko jaialdirik onena”rekin urtero daukagun zitara ezin hutsegin genuen rockzaleok, nahita ere. Egia esan, begiak itxita erosi dezakezu urtero bonoa, hanka sartzeko beldurrik izan gabe. Ia estilo guztietako taldeak ikus ditzakezu, askotan Europan ikusteko oso zailak direnak, eta talde abangoardista hauek, undergroundekoak edo mainstreamaren parte direnak ere, guztiek osotasun bat lortzen dute: Ez ia rock and rollarekiko, baizik eta musikarekiko maitasun kolektibo bat. Talderik ezagutu gabe ere joaten denik badago. Zergatik ote? Erantzuna erreza da: Azkena Rock jaialdi bat baino gehiago da; Azkena Rock zeremonia bat da, betebehar bat eta kalitatezko kulturaren erakusleihorik onena. Azkena Rock, kontxo, pribilegio bat da. Ez dakit konturatzen garen daukagunaz. New York Dollsek beraien 2006ko diskoko izenburuan ziotena: “One day it will please us to remember even this” esango genuke desagertuko balitz. Ez dadila inoiz gertatu, please.

AZKENA ROCK FESTIVAL 2010 - ekainak 24, 25 eta 26, Mendizabala (Gasteiz)

Gozatua hartu dugu beste behin bere izaera ongien definitua duen jaialdi rockzale honetan. Gozatua askotariko taldeak ikusi ahal izan ditugulako, gozatua horietako askoren kalitatea ikaragarria izan delako, gozatua sorpresa atseginak eraman ditugulako etxera. Imelda May, The Hives eta Chris Isaak luze gogoratuko ditugu.

 

 

 

 
     
footer