harpide
sarrera + berriak + diskoak + elkarrizketak + dossierrak + foroa
maketak.com + erreportajeak + iritzia + backstage
atzera begira kronika zuzenak + aholkua + harpideak
emaila eman eta gure buletina jaso
argazkiak - ikus-entzutekoak - irakurgai - ikusgai - entzungai
komikia harremanak estekak lantaldea non aurkitu?
euskal musikan zein da zein taldeak diskoetxeak management jaialdiak komunikabideak
berriaketa...
 

 


NESKEN MATXINADA (II. zatia)


EUSKAL NESKA TALDEAK

Euskal Herrian ez da inoiz ‘riot grrrl’ mugimendurik existitu. Hala ere, uste baino neska talde gehiago daude, eta horietako askok emakumezkoen eskubideak aldarrikatzen dituzte. Artikulu honetan, gurean diren eta izan diren euskal neska taldeak aurkeztera gatozkizue. (Barka diezagutela gure ezjakintasunaren erruz zerrenda honetatik kanpo gelditu diren taldeak).

Maria Turnomatics

Sorkun

Zaloa "Kokein"

Begoña dj bilbotarra


VULPES

Euskal Herrian emakumezkoek egindako rockaz ari garenean, ezinbestekoa da Vulpes aipatzea, bere garaian aitzindariak izan zirelako eta, batez ere, nahita edo nahi gabe lortu zuten ospeagatik. 1981ean sortu ziren eta, beraz, MCD, Eskorbuto eta Bizkaiko lehenengo punk olatuaren gainontzeko taldeen garaikideak izan ziren. Neska ugari igaro zen taldetik, baina formaziorik egonkorrena Mamen (ahotsa), Loles (gitarra), Lupe (bateria) eta Begoña (baxua) izan zen. Probokazioa, freskotasuna eta 77ko punkaren indarra zituzten ezaugarri, eta haien zuzenekoak benetan ikusgarriak ziren. Baina ospea ezustean heldu zitzaien, 1983ko apirilaren 16an: egun hartan, TVEko “Caja de ritmos” saioan, Me gusta ser una zorra haien abestirik ezagunenarekin egindako klip bat bota zuten. Handik gutxira, ABC egunkariak sekulako kanpaina antolatu zuen, abestiaren letra “pornografikoa” zelakoan, eta eskandaluak eztanda egin zuen: saioaren zuzendariak dimisioa eman zuen, gaia Espainiako parlamentura ailegatu zen, Estatuaren fiskal nagusiak haien kontrako kereila jarri zuen… Zoritxarrez, eskandaluak taldea gainditu zuen, eta unerik onenean zeudenean Vulpes desagertu zen, gaur egun klasiko ukaezina den single bakar bat utzita (Dos Rombos zigiluaren eskutik). 2003ko azaroaren 29an Vulpes berriro batu ziren, Lupe bateria jotzaile zenduari omenaldia egiteko, eta 2004an hainbat kontzertu egin ondoren, gaur egun disko bat grabatzen ari dira, taldeari behar bezalako akabera emateko asmoz.

BELLADONA

Iruñeko lehen neska taldea (guk dakigula). Josebe (ahotsa), Puri (baxua), Aurora Beltran (gitarra) eta Maria (bateria) laukoteak osatzen zuen. Aurretik Pabellón Negro, Yo que sé eta beste talde batzuetan ibilitakoak ziren. Disko bakarra grabatu zuten, Las mujeres y los negros primero, non ereserki denbora gabeak aurkitzen ahal ditugun: Una noche de amor,adibidez, eta beste abesti batzuk, Mambrú se fue a la guerra eta Macho de primera, esaterako. Binilo formatuan argitaratua, oso zaila da egun aurkitzea, ez baita inoiz berrargitaratu. Diskoaren azala eta argazkiak egun ospe dezente duen Dora Salazar artista altsasuarrak egin zituen.

MATRAKA

Aurora Beltranek Tahúres Zurdos sortzen zuen bitartean, Belladonaren errautsetatik Josebe, Puri eta Mariak Matraka osatu zuten. Janis (guitarra) batu zitzaien zeregin horretan. Bi disko luze eman zituzten argitara, Gure salaketa eta Beldurrik ez, Oihukarekin biak ere. Aipatutako azken diskoan Josetxo Bicho agertzen zaigu eskoizle lanetan eta Que se dejen ver, Esperándome edota Jone kantuak jasotzen dira.

LA VIUDA NEGRA

Kristel Teruel (ahotsa, gitarra), Janis S. Ortiz de Zarate (gitarra), Puri Alcelay (baxua) eta Eva Fernández (bateria) ziren taldekideak. Ikusten denez, Matrakako bi kide ohi zeuden (Janis eta Puri). Kristel berriz, Malos Tratosekin ibilia zen eta disko bat argitaratua zeukan bakarka: Soy tu sangre.Eta Eva Piskerrak-en ibilitakoa zen. Bada, 1998an taldearen izen bereko estreinako diskoa argitaratu zuten Clan Records diskoetxearekin. Lan rockazlea, rock kaletar eta heavy ukitu asko zituena. Kantu esanguratsuenak Animal de compañía, La tortura sin ti edota Las Grecasen Te estoy amando locamente kantuaren bertsioa ziren.

ELEKTROBIKINIS

1997an sortu ziren Getxon, Bizkaiko herri horretan 90eko hamarkadan egon zen eszenaren inguruan. Isabel (gitarra, ahotsa), Ana (gitarra), Miren (gitarra, ahotsa) eta Asier (bateria) indie rock eta punkaren arteko nahasketa bat egiten hasi ziren eta, apurka-apurka, popera hurbiltzen joan ziren. Kontzertu batzuk egin ostean, Subterfugeren interesa piztu zuten, eta diskoetxe horrekin EP bat (Satan’s wear bra, 1999) eta lan luze bat (Electrobikinis, 2001) kaleratu zituzten. CDarekin sona handia lortu zuten eta, batzuen ustez, Doverren arrakasta errepikatzera deituta zeuden getxotarrak: Boston city girl abestia freskagarri baten iragarkian agertu zen, El ataque de los zombies adolescentes film laburrean parte hartu zuten, kontzertuak non-nahi, elkarrizketak aldizkari guztietan, bira bat The Zerosekin… gainera, Janire sartu zen taldean Anaren ordez, eta horrek indar gehiago eman zion taldeari. Baina, zoritxarrez, unerik gozoenean zeudenean, taldea bertan behera uztea erabaki zuten. Gaur egun Isabel Madrilen bizi da, eta han The Charades taldea sortu du bi neska eta mutil batekin. The Charadesek EP bat dute H-Records zigiluan.

COME*N WAIT

Bilboko talde hau 1999an sortu zen, eta hasieran sei neskak osatzen zuten, baina, zenbait aldaketaren ostean, boskote izatera igaro ziren (lau neska eta mutil bat): Naroa (gitarra eta ahotsa), Laura (gitarra eta ahotsa), Maria (ahotsa), Zutoia (baxua) eta Ton (bateria). Hiru maketa kaleratu ondoren (Good time to remember, 99koa; Living in a pomp, 2001ekoa; eta Face it, 2002koa), 2004an lehenengo diskoa argitaratu zuten, Rock’n’roll dolls (Fragment). Hardcore melodikoa egiten dute.

SABOR áCIDO

Donostiako punk rock taldea. 1997an sortu zuten Aitziberrek (bateria), Nuriak (gitarra), Amaiak (baxua) eta Cristinak (ahotsa). Formazio honek baina, ez zuen askorik iraun. 1999ra arte ez zituzten lehen kontzertuak eman, Bego ahotsetan sartu ondoren. Urte horretan Donostiako pop-rock lehiaketara aurkeztu ziren hirugarren geldituz eta bi abesti sartu zituzten Zaunka Diskak diskoetxeko bilduman: Fumando eta Loco Amor egoísta. Urte baten buruan Eider sartu zen (bigarren gitarra) eta handik gutxira Rosa, Aitziber ordezkatuz. Buenawistako punk rock moldeekin NCC, Señor No, Marky Ramone, Astrozombies, Ira et Decessus eta gisako taldeekin oholtza konpartitu dute.

PURPURA

Ainhoa Zinkunegik eta Parálisis Permanenteko Rafa Balmasedak 90eko hamarkadaren hondarrean sortutako taldea. Itziar Gonzalo (ahotsa eta armonika) eta Eider Ezenarro (gitarra erritmikoa) ziren gainontzeko taldekideak. Hala ere, Oier Lamikizek zuzenean eman zituzten kontzertu guztietan lagundu zien. Bost kantuz osatutako lan bakarra argitaratu zuten: El Primero, Rafaren kantuekin osatua, baina Itziarren letrekin hornitua. Berau grabatzeko Juan Irazu lagun izan zuten gitarretan. Disko hau zuzenean jo aurretik argitaratu zuten. Abentura honek gutxi iraun zuen, baina oso ongi pasatu zuten.

LAS PERRAS DEL INFIERNO

80ko hamarkadako tankerak dituen punk rock taldea, orain Bartzelonan lekutua, baina Donostia eta Iruñeko neskez osatua dagoena. Barbarella (gitarra), Onneka (gitarra), Ines (baxua) eta berriki juntatu zaien Monica perutarrak (bateria) osatzen dute. Duela bi urte debutatu zuten Somos las perras (La Playa Records) izenburuko EParekin. Halere, orduan beren lehen lan luzea argitaratzeko grabatu zituzten abestiek ezin izan zuten argia ikusi hainbat arazo izan zirela medio. Orain, badirudi Madrilgo Subterfuge etxeak argitaratuko diela disko hori, baina, kasu, lerro hauek idazterakoan kontua konfirmatu gabe zegoen.

JAUKO BARIK

Enara (baxua eta ahotsa), Itsaso (gitarra, bibolina eta ahotsa) eta Haizea (bateria eta ahotsa) hirukoak osatzen du zortzi urteko ibilbidea egina duen talde hau. Denbora guzti honetan, maketa bat (1999) eta bi disko kaleratu dituzte –Jauko barik (Esan Ozenki, 2000) eta BZZB eta goxatu!!! (autoekoizpena, 2002)–. 170 kontzertutik gora eskaini dituzte eta Europatik biran bitan izan dira. Euren estiloa punk aldera jotzen badu ere, talde berezia eta pertsonalitate handikoa da. Kontaktua: jauko@euskalerria.org / 655747695

ALL FOOLS´DAY

Taldea Bilbon sortu zen 1997ko otsailean, eta hiru neskak eta mutil batek osatzen zuten: Clara Mayok (ahotsa), Lara Vicentek (bateria), Nerea Molinerok (gitarra) eta Enrique Romerok (baxua). All Fools’ Dayk 90etako rock alternatiboa hartzen zuen oinarri, eta haien musikan grunge edo nu metalaren aztarnak zeuden, RATM, Skunk Anansie, Clawfinger, Pi-LT eta antzeko taldeen eraginekin. Hasieran ingelesez abesten zuten, baina gerora hasi ziren abestiak gaztelaniaz egiten, eta oso zuzeneko indartsua zeukaten. Horri esker, hainbat lehiaketa irabazi zuten: Euskadi Gaztea irratiko XI maketa lehiaketa, Bilbo Hiria lehiaketa (Bizkaiko talderik onena)… Hala ere, diskoetxea aurkitzeko ez zuten horrenbesteko zorterik izan, eta taldea diskorik grabatu gabe desagertu zen.

SATIVA

All Fools’Dayren errautsetatik Sativa taldea sortu zen 2002an. Nereak, Larak eta Enriquek proiektu berrian jarraitzen dute, eta abeslaria, Olga, berria da. 2003an sei abestiko CD bat grabatu zuten Pi-LT-ko Sanperen laguntzaz, bigarren gitarra jotzaile Joakin (Ama Say eta Zein? taldeetan aritutakoa) zutela. Gaur egun Joseba Iglesias dago bigarren gitarra jotzaile. Aspaldi honetan ez dugu Sativaren berririk izan, baina aurtengo Bilbo Hiria lehiaketan sartzea lortu dute, beraz, Bilborocken zuzenean ikusi ahal izango ditugu apirilaren 7an.

LAS ZINGARAS

Arantxa Ojeta, Marife Cortes eta Yolanda Pascualena abeslariek osatzen dute Iruñerriko hiruko hau. Zuzenean soul, funk eta blues soinuetan oinarritutako emanaldiak eskaintzen dituzte eta Iñaki Ojetak (gitarra), Juanjo Ojetak (baxua) eta Gabriel Sareskik (gitarra) laguntzen diete. Barricada, El Color de la Duda, Nahmek eta Coctail Pit taldeetan korista gisa jardun dute baita ere.

CHERRY BOMBS

Neska talde bati izena emateko, zer egokiagorik The Runawaysen abesti baten izenburua baino? Cherry Bombs Getxo aldean sortu ziren 1996 inguruan, eta Marinak (bateria), Reginak (gitarra eta ahotsa), Cristinak (gitarra eta ahotsa) eta Mariak (baxua eta ahotsa) osatzen zuten. Maketa pare bat grabatu zuten, eta hainbat kontzertu egin zituzten, Euskal Herrian zein kanpoan, 1998an desagertu ziren arte. Gaur egun Maria Madrilen dago eta beste neska talde batean jotzen du, Turnomatics izenekoan.

NUEVA RELIGION

Gaur egun inor gogoratzen ez bada ere (tamalez), RRV delakoa baino lehenago ere rock’n’rolla zegoen Euskal Herrian. Getxo eta Bilbo aldean, esaterako, Ingalaterrako punka eta Madrileko “movida” (Alaska y los Pegamoides, Glutamato Ye-ye, Decima Victima…) ezagunaren eragin nabaria zuten hainbat talde sortu ziren 80ko hamarkadaren hasieran. Nueva Religión 82ko martxoan sortu ziren, eta bi neskak eta bi mutilek osatzen zuten: Maria (ahotsa), Lori (gitarra), Tolo (bateria) eta Nando (baxua). Oso gazteak ziren (kideren batek 15 urte baino ez zuen, eta zaharrenak 19), eta 82ko amaieran Getxoko Green dantzalekuak antolatutako Nuevos Sonidos lehiaketan parte hartu zuten. 1983an Sintonia independiente bilduman hartu zuten parte (Discos Suicidasek argitaratu zuen lehenengo disko luzea) Ten compasión de mi abestiarekin, eta segituan desagertu ziren.

ORTOPEDIA OCULAR

Nueva Religion bezala, Madrileko “movida”-ren eta afterpunkaren eragin handia zuten Ortopedia Ocularrekoek: Beatriz (Kike Turmixen N-634 taldetik zetorren), Patricia eta Cande ziren hasierako taldekideak, eta laster Tolo (Nueva Religion eta Como Huele taldeetan ere aritzen zena) sartu zen bateria jotzera. 1982an sortu ziren, kontzertu batzuk egin zituzten eta zenbait fanxinetan agertu ziren, baina taldea laster desagertu zen, grabaziorik utzi gabe.

LA XETA PASOTE

Gasteizko punk taldea. Euskal Herrikoak ziren taldekide guztiak Plum (ahotsa) izan ezik. Mamen (Vulpes) bertan aritu zen eta Cicatriz, Vómito eta Vulpesen bertsioak jotzen zituzten zuzenekoetan.



ROCK MUNDUA MATXISTA AL DA?



Euskal Herriko hainbat musikarirengana jo dugu euren iritzia eskatzera. Galdera zuzenak eta garbiak mahai gaineratu ditugu: Matxismorik ba al dago euskal eszenan? Rock mundua matxista da? Maskulinoegia akaso? Emakumezkoa izateak gauzak zaildu edo erraztu dizkizu? Oro har, zergatik dago gizonezko gehiago musikagintzaren barruetan?… Erantzunak, gogoetak, arras esanguratsuak dira.



ALOA URAIN (KOKEIN TALDEKO ABESLARIA)

Ez da erraza erantzutea. Ia matxismorik dagoen? Tristea bada ere, halaxe da. Oraindik ere nik neuk behintzat erantzun behar izan ditut kazetari batzuen galdera inozoak neska abeslaria izateari buruz. Edota irakurri ere irakurri behar izan dut neure fisikoari buruzko detailerik (idazlearen ikuspuntutik noski) kritika musikal batean. Hori izan da sentitu dudan matxismorik handiena. Musikaren mundua ez da maskulinoagoa; are gehiago, neska musikari gehiago dagoela esango nuke (musika eskola eta abarretan), aldiz, eskenatoki gainean gutxiengoa garela argi dago, zergatik? Ideiarik ere ez, nik ez baitut inoiz pentsatu neska edo mutila naizen abesteko orduan. Eta horrela izan behar delakoan nago. Hala ere, uste dut matxista dena, bai musika munduan bai edozertan dela matxista, eta ez bereziki musika munduan. Mutil ez matxista ugari ere ezagutu dut musikaren mundu honetan (baina horrek ez nau harritzen, oraindik batzuk matxistak direla ikusteak bai harritzen nau ordea).

SORKUN RUBIO (ABESLARIA ETA MUSIKARIA)

Niretzako, euskaldun, musikaria eta emakumea izatea positiboa izan dela aitortu behar dut. Euskal Herrian emakumezkoek egindako musika bultzatzen da, edo behintzat hori izan da nire sentsazioa duela hamaika urte hasi nintzenetik. Ez dut sentitu rockean jarrera matxistak daudenik, gutxienez nire zirkuituan, oso konkretua dena, non kontzientzia sozial minimo bat dagoen (edo hori pentsatu nahi nuke) eta alternatiboa beharko lukeena izan. Nire ustez, euskal rockean emakumezkorik ez egotea erreferenterik egon ez delako izan da (halere, ez dakit zehatz-mehatz). Lokal bat alokatzea eta gitarra baxua edo bateria erostea otuko zaien neska koadrilarik ez dago. Aitzitik, mutilen artean beti dago norbait gitarra jotzen duena edo talderen batean aritzen dena. Niri ere erreferenteak bilatzea kostatzen zait, baita atzerritarren artean ere. Espero dut geroz eta emakume gehiago egotea sentitzen dutena sortzeko eta transmititzeko, dela musika, dantza, artea… Mutilak baino askoz ere dibertigarriagoak iruditzen zaizkit, je, je...

AIORA RENTERIA (ZEA MAYS TALDEKO ABESLARIA)

Nik neuk ez dut inoiz matxismorik sentitu musika munduan Euskal Herrian. Ez dut sentitu eta ez dut uste dagoenik, aterik ez didate itxi, ezta zabaldu ere emakumea izateagatik. Gauzak oso zailak daude musika munduan bai neska bai mutilentzat. Orain dela gutxi arte rock mundutik eta esparru gehienetatik emakumeok bazterturik ibili gara, horregatik emakume gutxi daude teknikari, manager, diskoetxe edota oholtza gainean, orain gure lekua aurkitu dugu eta pixkanaka beteko dugu. Zortzi urte daramatzat Zea Mays taldearekin, gaur egun neska antolatzaile askoz gehiago daude, gure kontzertuetara ere dezente etortzen dira, gero eta gehiago. Urte hauetan aldaketa handia egon da, neska teknikari bat bakarrik ezagutzen nuen 1998an, eta gaur egun bost bat, emakumedun talde bakarra ezagutzen nuen lehen, orain hogei bat... Hemendik aurrera naturaltasunez jarraitzen badugu esparru guztietan presentzia izango dugu.

AMAIA (DISKO JARTZAILEA)

Frankismo garaian gizonaren baimenik gabe emakumezkoek ezin zuten ezer egin eta horren eraginak gaur arte iraun du, eta oraindik matxismoan murgilduta gaude. Bizitzako arlo guztietan bezalaxe, diskoteketan ere patriarkalismoak indar handia du (diskoteketan jabeak gizonezkoak izaten dira, Dj residente gehienak ere gizonezkoak dira), hori asko nabaritzen da emakumezkoak dj-en munduan parte hartzeko garaian. Gehienez, noizean behin, exotismoa dela eta “emakumezko Dj festak” antolatzen dituzte. Hala ere, badaude musikaren munduan parte hartzen duten emakumeak, baina hauei ez zaie erreza gertatzen mundu horretan aurrera egitea. Eguneroko emakumeen borroka musikaren arlora eraman behar da. Emakumeen presentzia oso txikia baita.

BEGOñA (ARTISTA)

Matxismo hitza nahikoa gogorra iruditzen zait, baina nire ustez matxismoa dago programatzaileak orokorrean gizonak direlako eta haien programazioetan ez dira emakumeak agertzen. Horrek esan nahi du gizonek aukeratzen dituztela gizonak. Baina, nire ustez, galdera horiek gizonei egin beharko zenizkiekete eta ez guri. Musikak ez dauka generorik. Argi dago neskak betidanik gauzak egin dituztela eta nire ustez gizartearen esamoldetan neskei bidea itxi zaiela, adibidez, emakumeak egiten dituzten ekintzei balorea kentzen diete. Niretzat ez da protagonismo asuntoa, baizik eta berdintasunarena. Boterea duten gizonek, hala-holako gizon baten edo emakume azkar eta talentodun baten artean aukeratzerakoan, beti hala-holako gizona aukeratuko dute bere baloreak berdinak direlako eta ez dutelako ezer azaldu behar. Ematen du emakumeek beti gure talentua eta irritsak gure feminitatearen bidez azaldu behar ditugula

AFRIKA BIBANG (ABESLARIA)

Esan liteke baietz, badagoela matxismoa, baina ez bakarrik musikaren munduan, baizik eta bizitzaren arlo ezberdinetan. Musikarekin gertatu izan dena, konkretuki rockaren munduan eta konkretuago euskal mailan, emakume gutxi izan direla da; baina zorionez hori apurtzen hasi da eta gero eta protagonismo gehiago hartzen ari gara. Ekin behar diogu musika egiteari, neska gehiago atera behar dira eszenatokietara, eta munduari erakutsi behar diogu zertaz garen kapaz. Beti egon da bereizketa bat mutil eta nesken artean, beti arrosa neskentzat eta azula mutilentzat, ofiziotan gauza bera gertatzen da. Lehen teknikari lana-eta emakumeentzat txarto ikusita zegoen, orain gauzak aldatuz doaz gure onerako, eta edonon ikusten da emakumea beharrean, bai eszenatoki gainean, bai behean. Neure kontzertutan neska gehiago dagoz mutilak baino. Konplizitate bat sortu da gure artean, oso pozik nago hainbat neska ikusita, eskertzekoa da. Daukaguna baino protagonismo gehiago eduki beharko genuke. Parekotasuna eduki arte, berdintasuna aldarrikatu izan dut beti denetarako, nolatan ez musikarako.

ENARA, ITSAsO ETA HAIZEA (JAUKO BARIK)

Argi dago, bizitzaren arlo guztietan matxismoa badela eta musikan ere bada. Taldea ezberdin ikusten du jendeak, ohikoa ez delako edo agian, musika alternatiboaren munduan neska gutxi ibiltzen delako (musikari, teknikari, manager eta ikusle bezala). Honen arrazoia zein den ez dakigu, hala ere, goraka goazela dirudi. Eta horrek pozten gaitu. Dena den, inork ez digu ezer oparitu eta guk lortu dugun guztia gure lanarekin eta gure gogoekin lortu dugu. Zaila da asmatzea zergatik ote dauden mutil gehiago musika munduan neskak baino. Musika mundua oso maskulinoa bada ere, gero eta neska gehiago murgiltzen ari dela sumatu dugu. Hori bera harreman eta tratu pertsonalean nabaritu dugu. Zaila da hori matxismo gisa etiketatzen saiatzea. Sexistak izan diren jarrera nahikoekin topo egin dugu, zoritxarrez gizarteko ereduak musika munduan oraindik ere darraielako. Zergatiak gizartearen zuloan/amildegian bilatu beharko lirateke. Luze hitz egiteko gaia da, ez dezagun denbora galdu eta nahi duena anima dadila. Gustuko dugu beste emakumeekin elkartzea emanaldietan.



MARIA TURNOMATICS “Rockak gizonezkoen botere egoera betikotu zuen”

Maria Getxoko Cherry Bombs taldeko baxu jolea eta abeslaria izan zen. Orain Turnomatics taldean aritzen da Madrilen eta Ladyfest jaialdiko antolatzaileetako bat da.

Matxismorik ba al dago musikaren barruetan, jarreretan? Rock mundua matxista dela esan daiteke?

Bai, tradizionalki oso mundu matxista izan da. Salbuespenak salbuespen, emakumezkoak apaingarri eta subjektu pasiboak izan dira. Rockaren iruditeria eta jarrerak matxistak dira, eta ohikoa izaten da topatzea horrelako ikonografia eta testu misoginoak edo, besterik gabe, emakumea leku periferikora baztertzen dutenak. Rocka sortu zenean, emakumeak sozialki bazterturik zeuden, eta rockak, mugimendu gisa, errealitate hori islatu zuen, gizonezkoen botere egoera betikotuz.

Emakumezkoa izateak gauzak erraztu edo zaildu dizkizu?

Eragina izan du, onerako zein txarrerako. Onerako, ni jotzen hasi nintzenean emakumeek musikari gisa protagonismo handirik ez zutelako, betiko rolak kenduta (abeslaria, korista), eta deigarria zen; nostalgiko batzuentzat, punk garaiaren aztarna bat zen, orduan emakumezkoak musikalki aktiboak izan baitziren. Faktore horiek lagundu zuten taldeari ospe handiagoa eta, beraz, jotzeko aukera gehiago emateko. Txarrerako, seriotan hartzen ez gintuztelako, ez beste taldetako lagunek (oro har), ez entzuleek. Bitxiak ginen, denborapasa bat, baina ez kontuan hartzeko talde bat, gizonezkoek osatutakoak bezain serio, on, txar, sortzaile edo aspergarria. Komentarioak entzuten dituzu etengabe, zure janzkeraz, zure hankez, zure titiez, musika tresna handi dagokizula edo anplifikadoreak asko pisatzen dizula.

Segun eta ze kontzertutan, adibidez, neska gutxi ikusten dira publikoan. Zergatik ote?

Argi eta garbi, mundu hau oso maskulinoa delako. Baliteke neskak identifikaturik ez sentitzea taldeen gai, estetika edo iruditeriarekin, izan ere, horixe baita musikara erakartzen zaituen lehenengo osagaia; edo baliteke musika gustatzea baina giroan eroso ez sentitzea, bazterturik sentitzen delako, objektu baten gisa tratatzen dutelako edo erasotua sentitzen delako (hori izan zen Riot grrrl mugimenduaren hasierako arrazoietako bat) edo, besterik gabe, ez du musika bere munduaren partetzat hartzen.

Neskek protagonismo gehiago beharko lukete izan?

Jakina. Neskek nahi duten guztia egiteko aukera eduki beharko lukete, agertoki batera igo eta musika tresna bat nahi duten bezala jotzea barne. Revolution girl style!

Horren aurrean zer egin daiteke? Riot grrrls-en diskriminazio positiboa eraginkorra izan al daiteke?

Nire ustez, neskek agertokiak hartu beharko lituzkete, eta musika egin, beraiek nahi duten moduan, beste neska batzuek ere gauza bera egiteko motibazioa izan dezaten. Tamalgarria da jotzearen esperientzia galtzea hau gizonezkoen mundua delako. Orain arte bazterturik egon izanak ez du esan nahi beti horrela izan behar duenik. Guretzat, riot grrrl izenekoak ate asko zabaldu zituen, aitzindariak izan ziren eta gainerakoei bidea irekitzeaz gain, musikaren garai guztietako emakume askoren lana erreibindikatu zuten. Ez dakit diskriminazio positibozko neurri horiez jabetzen ote ziren, baina neskei musikara hurbiltzen laguntzen dieten ekintza guztiak bikain iruditzen zaizkit.



2005, APIRILA - MAIATZA
Sagardantza + Gotzon Hermosilla

Documento sin título

STRAIGHT EDGE TXOSTENA (2. ZATIA) Topera droga barik

Straight Edge txostenaren lehen zatian (Entzun! 53) mugimendu kontrakultural honen hastapenak eta eboluzioa aztertu genituen, eta baita Straitht Edge filosofiaren jatorrizko mezuaren gaizki ulertzeak ekarri zituen jarrera atzerakoiak. Bigarren zati honetan hain zuzen ere, azken alderdi honetan sakontzen dute egileek, interpretazio okerrek eragindako jarrera sektarioetan, alegia.

STRAIGHT EDGE TXOSTENA (1. ZATIA) Topera droga barik

XXX: Ez larrua jo, ez erre, ez edan. Hau hasiera eta bukaera izan zen, 80ko hamarkadaren hasieran Washington DC-ko hardcore eszenaren barruan sortutako mugimendu apurtzailearen mantra, alegia. Beren guraso hippiek erabilitako “Sexua, drogak eta rock and rolla” lelo zaharrarekin nekatuta zeuden, eta baita beranduago anai-arreba nagusiek erabili zuten “No Future” zioen horrekin, 77ko punk zaharrari zegokiona.

BINILOZKO DISKOA biziraute baten historia xelebrea (Part II)

Euskal Herrian biniloaren maitale gaixo diren lau pertsonairi galdera batzuk bota dizkiegu kontu honen guztiaren gainean zer ikuspegi duten jakiteko: talde bat (The Foralettes), Dj bat (Dr. Punko), zigilu bat (Munster) eta denda espezialdu bat (Bloody Mary).

BINILOZKO DISKOA biziraute baten historia xelebrea (Part I)

Entzun! aldizkariko xelebre hauek burutik jota daude, pentsatuko du batek baino gehiagok binilozko diskoari buruzko erreportaje luze hau ikusterakoan. Nola daiteke teknologia berrien garaian, freakie koadrila honek iraganeko formatu bati horrenbeste espazio eskaintzea. Are gehiago, egun musika euskarriek haien balioa erabat galdu dutenean, mp3 fitxategiak, IPod, disko gogor, eta lau txanponeko CDR diskoen ondorioz, nora datoz bi alde zituen, begiradarekin marratu eta erabat deserosoa zen formatua aldarrikatzera?

SURF MUSIKA olatuen burrunba (Part II)

Surf gitarren teknikan egundoko garrantzia dauka ekipoak. ‘Vintage’ edo zaharra izan ohi da. Hau da, 60ko hamarkadakoa behar du izan. Doinu horren ezaugarri nagusiena Reverb oihartzun efektua da. The Longboards taldeko Alfredo Romero gitarra joleak azaldu duenez, “anplifikadorean integratuta ez dagoen erreberberazio unitateak eragiten du. Unit Reverb Fender izena dauka. Kutxa magikoa da eta doinua tantaka irtengo balitz bezala entzuten da. Ur azpian egongo bazina bezala. Egun ez dira fabrikatzen, reverb efektua anplifikadoreetan integratuta baitator. Hori dela eta jatorrizko soinua galdu egin da”, azaldu du gitarra joleak. Jatorriz ekipoa Fender bassman anplifikadoreak eta Reverb unitateak osatzen zuten. Gerora konbinazio hori desagertu eta Fender Twin Reverb anplifikadoreak ordeztu du. “Twin Reverb hori fina izan arren, ez du jatorrizko soinua eragiten. Nerabez osaturiko surf taldeek sortzen zuten jatorrizko soinu sakona, alegia. Guk reverb unitate hori berreskuratu dugu”, dio Alfredok.

SURF MUSIKA olatuen burrunba (Part I)

Zaila da benetan surf musika zer den azaltzea. Batzuk Beach Boys ezagunen melodiak direla esango dute; beste batzuk, ordea, rock and roll instrumental gordin eta zikina aipatuko dute. Baten batek, gainera, Jack Johnson bezalako kantautore surflariaren kantu arrakastatsuak gogoratuko ditu. Surf film garaikideetan, gainera, hardcore-punk hotsak ere entzun ohi dira... Zalantza eta galdera horiei erantzuna bilatzeko ezinbestekoa da historian atzera begiratzea. Beraz, hartu ohola eta murgildu gaitezen surf dimentsioaren ozeanoan. Uhinen doinuek eta Fender gitarrek bat egiten duten itsaso zabal eta sakonean.

 

 

 

 
     
footer