Aitor Gorosabel
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Aitor Gorosabel Garai. Eibarren jaio zen 1970ean. Lau senideetatik hirugarrena da, eta denek dute loturarik musika munduarekin. Bi arrebak, zaharrena Amaia eta gazteena Aintzira, musika irakasleak dira. Eta beste anaia Mikel, Norton, gure artean ezaguna da EH Sukarra eta Lorelei taldeetatik. Aitak eta amak, musikan arituak baita, beti animatu izan zituzten musika ikasketak egitera, eta amak berak ere, piano ikasketak hasi zituen duela urte gutxi. Bi anaiak ama bizi den etxe berean bizi dira gaur egun. Etxe berean, baina solairu desberdinetan, eta elkarri gomendioak ematen omen dizkiote musikan gauzak hala edo horrela egiteko orduan.
Bere anaiak bezalaxe lehen pausoak punkaren inguruan egin zituen Aitor Gorosabel-ek, baina Accept alemaniarrek ekarri zuten Heavy mundura. Ikastola garaitik ezagutzen ditu, Asier, Borxa eta Xabi. Eta lauren artean osatu zuten 80ko hamarkadaren bigarren erdian Su Ta Gar.
Su Ta Gar Euskal Herrian, euskaraz egindako metalaren aitzindari izateaz gain, musika mota honek gure artean inoiz eman duen talderik handi eta arrakastatsuena ere bada. Hala ere, makina bat gora-behera, eta joan-etorri, jasan behar izan du Jo Ta Ke abestia egin zuen banda indartsu honek. Bateria izan zen Borxaren istripua, eta geroztik, Galder, Iban eta orain berriz ere Galderrekin egin dituzten ordezkapen ahaleginek buruhauste bat baino gehiago sortu die eta, Aitor Gorosabel eta bere mutilei.
Aitorri elkarrizketa taldearen lokalean egin genion, Gibson, MesaBoggie, eta Shurez inguratuta. Iluntze beltz eta busti bat zen, eta hara kotxez gindoazen bitartean Aitor kontu-kontari ez zen isildu. Pertsona hiztuna da, eta ez du ezer gordetzen duenaren itxurarik ematen. Hala ere, Iban, duela gutxi arte Su Ta Gar-eko bateria izan dena, ez ukitzeko eskatu zigun.
Jo Ta Ke kantuarena ikaragarria da gero, lehen abestia eta oraindik ere taldearen abestirik handiena....
Bai, oraindik ere kontzertu guztietan jotzen dugu. Sinestezina da... Ez dakit, zure biziko lehen abestia egiten duzu, hala nola gainera, hitzak ere hala nola sartuta. Eta gero, gaur egun abesti askoz landuagoak egiten dituzu, teorikoki abesti hobeak, buruari gero eta buelta gehiago ematen dizkiozu, baina inork ez du lortzen lehenbiziko haren freskotasuna, indarra edo ez dakit zer den...
Gainera, hasterakoan erreferentzia ba-tzuk izaten dituzu, norbait imitatu nahi izaten da baina orain...
Hori da, hasten zarenean beste talde batzuen abestiak imitatu nahi izaten dira, baina orain juxtu aurkakoa nahi duzu: egiten duzun hark ez dezala orain arte egindako ezeren antzik izan ahal bada behintzat... Horrek ere kantuak egiterakoan gauzak zaildu egiten dizkizu. Bueno, abesti batzuk besterik gabe ateratzen dira eta beste batzuk lan handia ematen dute. Baina lehen diskoetako abestiak dira pentsatu gabekoak.
Hamapiko urte hauetan egin dituzun abesti guzti horien artean, izango duzu oso-osoan betetzen zaituen abestiren bat, ehunetik-ehunean, zure ustez, borobila den abestiren bat, ez?
Bai... Bai... Nahikoa. Ez dakit, “Gudari” maketakoa, edo... “Basamortu”. Beno, egia esanda, maketako guztiak. Eta gero, diskoetan ere, ez dakit... “Jaiotze Basatia”-krak eta. Gaur egun oraindik ere entzuten dituzunean asko gustatzen zaizkizunak... Azken diskoko batzuk ere bai, “Beti Aurrera”...
Lehen grabazioak eta azkenak aipatu dituzu. Zure erantzun horretan ere sumatzen da, Su Ta Gar-ek izan dituela urte batzuk, ez dakit galduxeagoak edo, ez dakit hori ote den hitza, baina agian hasiera hartan eta orain bezain zentratuak ibili ez zaretenak, ezta?
Bai... Urte batzuetan ez dugu oso argi izan zein joera hartu behar genuen. Zein norabide. Baina azken disko hau kaleratu aurretik justu maketak berrargitaratu genituen, eta ez dakit horrek begiak zabalduarazi zizkigun edo, baina konturatu ginen: “Zer gabiltza gu beti gauza berrien atzetik eta?... Goazen Su Ta Gar taldea hasi zen garaiko sortze arrazoi horren bila”. Eta disko honek ez du lehen disko harekin zer ikusirik, baina freskotasun haren bila joan ginen. Orduko gustu, inten-tsitate haren bila. Dena den, “Sentimenak Jarraituz” diskoa, esate baterako, nahiz eta estiloz hain finkatua ez izan, izugarrizko lana dela pentsatzen dugu, eta ez bakarrik daukan balio sentimentalagatik, baizik eta musikagatik ere bai.
Lehen pausoen garai hartan, aurrera begira jartzen zinetenean inoiz ikusten al zenuten Su Ta Gar gaur egun duen leku honetan?
Inoiz ez. Kontzertu batzuk emanda ia sinesten hasten zara. Jendeak “zeinen onak zareten” edo “zer kaina duzuen” eta horrelakoak esaten dizkizu. Baina hasiera hartan denak ametsak ziren: gitarra bat edukitzea, ampli bat eduki-tzea zer esanik ez!, eta zuzenean jotzea oraindik amets handiagoa! Guk beste talde batzuk imitatzea besterik ez genuen nahi. Gainera larunbat arratsaldeetan poteatzetik pixka bat aspertuta geunden. Gu lokalera joaten ginen eta gero, lagunak Elgoibarren poteatzen ibilita etortzen zirenean, kontzertuak egiten genituen han. Gutxika-gutxika sartzen zara paperean. Garai hartakoa erabat amateurra zen, denbora pasatzearren.
Su Ta Gar taldeak eskola egin du urte hauetan. Gure artean talde pilo bat daude metal munduan gaur egun, eta esango genuke mainstream ere ba dugula estilo hori Euskal Herrian.
Agian gu gara Heavy Metalaren sinboloa Euskal Herrian. Eta orain dauden talde berri guzti horiek; Asgarth, Hira, Idi Bihotz... Agian gu baino klasikozaleagoak dira. Geu gure lehen pauso haietan bezala, mitomanoagoak. Heavy epikoagoa, klasikoagoa, melodikoagoa... Baina beren txokoa egin dute bai.
Eta argi dago musika horrek bere publikoa ere baduela gure artean.
Argi eta garbi. Horrelako taldeak sortzeak frogatzen du hori. Dena dela, gu hasi ginenetik ia urteak pasa dira, eta Su Ta Gar-ek belaunaldi berri asko hartu ditu, eta uste dut, egun ez dela musika talde bat bakarrik, fenomeno sozial bat ere badela esango nuke. Nik uste, Euskal Herriko gazteriak, momentu honetan behar dituen hainbat musika mota horietako bat egiten duen talde bat garela… Ez dakit... erreibindikatiboa, kontzertuetan kaña ematen duena. Jendea hitzekin identifikatu egiten da... Nik uste, hitzak zuzenak direla, musika ere polita da, nire ustetan. Azken batean, dena da, baina gero pisu sozial hori dago. Eta ni orain hasi naiz horretaz konturatzen, gazte pilo bat ikusten dut kon-tzertuetan, guztiz entregatuta. Eta kontrako kritika jasotzen dugunean ere, konturatzen gara beraientzat ez duela indar edo garrantzirik kritika horrek. Pisu sozial handia dago.
Hasiera batean Metallica eta garai haietako bandak erreferentzia ziren zuentzat, baina gaur egun non daude Su Ta Gar-en erreferentziak? Aurreko diskoetan agian? Aurretik lortutakoa gainditu beharrean?
Bai, azken aldian ez zait gertatzen, garai batean gertatzen zitzaidan bezala, talde bat entzun eta begiak zabal-zabal eginda geratzearena. Baina musika ez dut sailkatzen, ez zait musika estiloagatik bakarrik gustatzen. Edo ez dut, talde hau gustatzen zait eta, hauen musika bakarrik entzun eta horrelakorik egiten. Ez, musika orokorrean entzuten saiatzen naiz, eta asko gustatzen zaizkit aldizkariek ekartzen dituzten bilduma lan edo sampler-ak… Mota askotako taldeak dituzten Cd-ak… Hori gainera oso aberasgarria iruditzen zait, horrela zer egiten den enteratzen baitzara. Eta ezer imitatzera joan barik, denetatik zerbait hartu, baina gure kantuen erreferentzia geu izanda. Eta agian kantu bat egiten duzunean, aurreko baten oso antzekoa bada, ba kendu egiten duzu. Orain konplikatuagoa da. Horrek, lehen esaten genuen bezala, kantua egiteko lan hori zail-tzen du.
Eta momentu honetan AEBetatik indarrean etorri den metal berria edo Nu-Metal delakoa?
Ez... Limp Bizkit ezagutzen dut, baina ez nago oso eguneratua. Zati sampleatuekin, eta zati rapeatuekin et gustatzen zait, talde interesgarriak badaudela iruditzen zait; baina, agian, denak ere zirkulu baten inguruan dabiltza... Begira, Samian taldea asko gustatu zitzaidan. Ez da Nu-Metal hori, niretzat gehiago da... EH Sukarra amerikarra! Hauen abesti bat entzun nuenean talde bat deskubritu nuen nik.
Urteak egin dituzu musika oso konkretu bati lotuta. Agian Su Ta Gar-ek lotzen zaitu baina agian beste kezka musikal batzuk ere badituzu.
Oraindik ez dut izan krisialdirik. Zeure buruari galdetzen diozu: “Hemendik hamar edo bost urtera eskenatokian horrela saltoka ibiltzeko gaitasunik izango al dut? Edo, agian oso erreta egongo naiz, edo...” Baina gero musikak, kantuek, jendeak, berotasun horrek... Magia sortzen da. Eta, azken finean, Su Ta Gar gure bizieraren zati benetan garrantzitsu bat da, garrantzitsuena ez bada. Eta hori kentzea litzake besoa, hanka eta burua moztea bezala. Beste abesti batzuk ere beti izaten dituzu, baina ez dakit zer egingo nukeen bestela, zein itxura eman musika horiei? Erreta zaudenean esaten duzu: “Aldatzea nahi dut! Kanbio!” Baina gero jende berriarekin hasi beharra, nola planteatu... Nagia ematen du horrek.
Behin baino gehiagotan gertatu da gure artean taldeek momenturik onenean uztearena. Zapore on bat lagatzeko, oroitzapen bikain bat... Halakorik planteatu izan duzue?
Inoiz hitz egin izan dugu... Baina ez. Hori, denborak esango du, baina momenturik altuenean orain gaude... Eta igartzen dugu, plazak beteta... Zuzeneko bikoitz honekin, kriston mobida egon da. Jendea zain egon da. Kontzertu guztietan lau edo bost mila lagunekin ari gara topo egiten. Hori pasada bat da.
Horregatik...
Bai baina, duela hiru urte uste berbera genuen. Pentsatzen genuen hura zela mo-menturik onena, baina orain hura behean geratzen da.... Nik pentsatzen dut hau baino askoz gehiago ez dela posiblea izango. Talde bat Euskal Herrian ia astero-astero jotzen eta plazak horrela betetzea.
Su Ta Gar-ek Euskal Herriko diskoetxe gehienak pasatu ditu. zer zarete kontenta ezin samarrak?
Bai, Ja! Ja! Ja! Gure nahia gauzak erarik justuenean egitea da. Gure burua baloratu, ikasi geuk zenbat balio dugun, izan ere zeuk ez baduzu zure buruan sinesten inork ez du sinetsiko, eta besteek beti beren aldera tiratuko dute. Nahiz eta zuk entzun nahi duzuna esan, beti beren aldera. Azken batean denok egiten dugun bezala. Besteek ez dute zurea defendatuko, eta azkenean norberak zaindu behar berea. Beti saiatu gara, hitz egin eta gauzak nola diren jakin eta horrela zergatik diren ulertzen, edota ea beste era batera posible izango ote zen ikusten. Horregatik askotan arriskatu egin dugu, eta momentuz ezin gara kexatu.
Harreman onak mantentzen dituzue atzera utzitako diskoetxeekin?
Bai, bai. IZ laga genuenean, nik uste ondo amaitu zela asuntoa. Esan Ozenkirekin lau disko egin genituen, eta gero beste gauza batzuk ikusi nahi genituela esan genien. Dena oso argia izan zen, dena hitz eginda... Eta lagunak izaten jarraitzen dugu. Hombre, pentsatzen dut beraiek nahiago izango dutela gu beren katalogoan izatea, baina guk geurea ere ikusi behar dugu eta, guretzat hobea den zerbait topatu dugu. Orain, Gor-ekin ere akordioa lortu aurretik ondo zehaztu behar izan ditugu gauzak, baina lortu dugu; eta, nik uste, denon onerako izan da. Eta ez dakigu aurrerantzean Gor-ekin jarraituko dugun ala ez, baina momentu honetan oso gustura gaude. Gero ikusiko da.
Borxarena?
Izan dugun kolperik handiena. Eta taldeari begiratuta ere oso gogorra. Taldea berreraiki beharra Galderrekin, Ibanekin, berriz ere Galderrekin. Borroka horretan darraigu oraindik. Dena den momentu honetan oso gustura gaude Galderrekin, kontzertuak eta arrakastatsuak izaten ari dira. Baina hori alde batera utzita, pentsatzen dut Borxa berarentzat izugarri gogorra izan behar duela. Nahiz eta hori berak bakarrik jakin dezaken.
Igande arratsalde hura...
Bai, Donostian presoen aldeko manifa baten ostean, uste dut; Nautikora joan ziren baina-tzera, eta ez zegoen behar adina urik eta saltoka zebilela zoruaren kontra jo zuen... Eta hau artista zen saltatzen eh!!! Mutrikuko tanborrean eta, askotan ibiltzen zen saltoka. Baina fallo bat eduki zuen eta buruarekin lurra jo eta.... Baina niretzat ikaragarria da berak nola daraman dena.
Bera da Su Ta Gar animatzen duena. Bera da web orria daramana. E-mail eta bestelakoekin beti. Diskoen azalak eta, berak egin ditu Unairekin. Letrak idazten ditu, eta benetan adibide bat da mundu guztiarentzat. Arazoak denok ditugu, txikiak batzuk eta besteek handiak, baina txikiena ere handia izan daiteke. Borxa da erreferentzia. Inoiz baino argiago dugu Su Ta Gar lau garela. Beno, betiko laurak gehi bateria. Eta Galderrekin ere oso gustura gaude, eta ea bera den aurrerantzean Su Ta Gar-eko bateria.
Galderrekin lehen garai haietan justu samar ibili omen zineten, ez? Berak ezin jarraitu taldearen emana eta...
Bai, hori oso gogorra izan zen. Borxa entsegutara Mutrikutik bizikletaz etortzen zen... Mutrikutik Eibarrera! Kriston sasoia zuen! Eta Galder gazteagoa zen, bere anaia Borxaren pisuaren erdia zuen. Gero baterian jotzen urtebete besterik ez zerama. Bai nahikoa gogorra izan zen hura eta ziurrenik beraren-tzat batez ere... Denontzat. Zuzenean berak sofritzen zuen eta guk ere bai. Urtebetera erabaki genuen beste batekin proba egitea eta Iban hartu genuen. Eta gero Ibanekin antzeko zerbait gertatu da. Gauza bera ez, baina antzekoa. Azkenik, berriz ere Galderrekin. Orain beste gauza bat da. Gauzak asko aldatu dira. Gu, geu ere, beste leku batean gaude, eta aurrera... Momentuz oso gustura gaude denok.
Talde profesionala zarete, ezta? Taldea da zuen ogibidea?
Bai, bueno, momentuz bai, eta ez duela hainbestetik. Apurka apurka joan dira gorantz salmentak eta katxea. Lana handia izan da, eta baita dedikazioa ere. Azken finean hau zirkulu bat da, honetatik bizitzeko honetan jardun behar duzu eta. Beste lan batean bazaude ezin da erantzun guztiz taldearekin. Birak direla, elkarrizketa bat, edo ez dakit zer... Prest egon behar da. Galder da beste lanbide bat duen bakarra, baina taldean sartu aurretik ere bazuen eta ez dakit nola moldatzen den baina momentuz libratzen du kontzertu eta beste gauzetarako... Ia egunero entsegua dugu.
Eta zer dela eta hartzen da erabaki hori? Zer dela eta profesionalizatzearena?
Ba dedikazioa behar duelako honek. Lehen diskoak egiterakoan agian ikasle bat zara, eta orduan gauzak beste modu batera ikusten dira. Beste adin bat duzu... Baina gu profesionalizatu bagara, inguruak behartu gaituelako izan da. Ez dakit nola esan baina hala da. Segituan konturatu ginen taldearengan interes handia zegoela eta beronen inguruan dirua mugitzen zela. Urte guzti hauetako gure lana, diru hori ahalik eta erarik bidezkoenean banatzea izan da; bai enpresarialki eta baita sozialki ere.
Euskal Herrian hori ezin dute askok esan…
Ez, ezta? Ez da erraza. Ez dakit, agian musikaria izan eta gero instrumentuen klaseak emanaz eta bizi liteke baina ez dakit... Honela musikatik bakarrik nahikoa lan. Musika mundu honek gora-behera asko eta handiak ditu eta gainera euskal musikagintzaren merkatua oso oso txikia da. Eta, ez gure hizkun-tzak, ezta gure industriak ere ezin du inolaz lehiatu gaztelerarekin eta ingelesenarekin. Hau honela, euskal taldeen lan esparrua euskal lurraldera mugatzen da batik bat. Dena dela hizkuntza baino, jendearengana heltzea da arazo handiena, nire ustez.
Eta profesionaltasun horrek ez al dizu askatasunik kentzen benetan nahi duzuna egiteko orduan? Zuk agian zerbait egin nahi, baina, gero horrek mantentzen zaituenez, publiko eta arrakastarekin ere pentsatu egin behar eta horrelakoak?
Bai, bai. Nik uste jende guztia saiatzen dela gauzak ahalik eta ongien egiten. Eta lehen esaten nuena: hau gure izaera da, gure bizitzen zatirik inportanteenetakoa. Eta gure lana ere bai. Eta denok dugu geure burua gainditzeko zentzu bat, denok nahi izaten dugu norberak egina besteek ere gustuko izatea. Ez nuke nahi jendeak “zer nolako txapuza egin duzuen disko berri honetan” eta horrelakoak esatea. Horretarako ez dut egiten eta puntu. Ahalik eta ongien egiten saiatzen gara.
Eta profesionaltasunaren beste alde txar bat, Ia ez dela musikaria izatea bakarrik, industria-gizon ere eginak egongo zarete honezkero?
Hori niretzat da musikaren lanik zatarrena. Musikariak niretzat musika egin behar du, baina… Gero zuk ezin duzu dena egin. Alboan beste batzuk behar dituzu. Nire ustez, munduan beste inon ez bezala egiten dugula lana gaur hemen. Gure kasuan, kontratazio-bulegoarekin harreman zuzena daukagu, ondo informatuak egoteko eta honela erabakiak hartu ahal izateko. Gure ustez bulegoak, bitartekari lanak talde bakoitzaren beharrei ahalik eta ongien egokituz egin behar ditu. Diskoetxeekin ere horrelako zerbait da. Baina horrek azkenean arazo bat du, dena kontrolatu nahia: bulegoa, diskoetxea, elkarrizketak, bata, bestea... Dena! Eta horrek lan asko eta desgastea suposatzen du. Baina gure lana da... Eta ondo moldatzen gara. Agian ni naiz musikan gehien sartzen dena, eta Xabi, Asier eta Borxa gehiago aritzen dira diskoetxeari deitu, bulegoko asuntoekin... Gero, erabakiak denon artean hartzen ditugu.
Kontzertuena ez omen dago momentu honetan kanpaiak jotzeko moduan, eta dirudienez disko salmenta ere ez...
Beno gu ezin gara kexatu. Jendea biltzen dugu, disko asko saldu ditugu... Baina bueno, ohiturak aldatzen ari dira, beste musika ba-tzuk ere sartu dira. Giroa ere aldatzen ari da... Bakalaoa... Etorkinek ere ia ez dute alfonbrarik saltzen kaleetan orain dena da “sedes”, “quieres sutagar, tengo sedes”... interneta ere, nahiz eta musika arloko gauza askotarako onuragarria izan, izugarrizko arma bilakatu da pirateoaren mesederako... Azkenerako dena da.
Zuek gutxieneko azpiegitura duten kontzertu guztietan jotzen al duzue? Edota, euskal merkatuaren tamaina ikusirik, batzuei ezetz ere esaten diozue? Hori nolabait kontrolatu beharra al dago?
Beti saiatu izan gara hori kontrolatzen. Ezezko asko ez dugu eman izan baina... Agian, duela gutxi inguruan jo dugulako edo. Baina beti saiatzen gara beste irtenbide bat topatzen, beste data bat.
Heavyan ezinbestekoa den zuzeneko bikoitzak sekulako harrera izan duela badakigu, baina orain galdera da; Eta hurrengoa zer?
Gure asmoa 2002ko Durangorako zerbait prestatzea da. Momentuz ez dut ezer. Orain, Gasteizko gaztetxea bota behar dutela eta horretarako aterako den diskorako kantu bat prestatzen ari gara. Baina gure hurrengo diskoa izango den horretarako ez dut oraindik ezer. Etxean ideiak eta bai, baina lokalean landuta ezer ez momentuz. Gure asmoa hala ere, betikoa da: hurrengoa, orain artekoa baino hobea eta handiagoa egitea.
2001,ABENDUA