entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Backstage

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Antton Iturbe 2016-05-18

Gnod Azkotiko Mataderoan etxean bezain eroso

Gnod taldea Mataderoan. Argazkia: Matadeixe Gnod taldea Mataderoan. Argazkia: Matadeixe
Nire erlojuaren arabera ordu terdi eskas iraun zuen Gnod-ek Azkoitiko Mataderoan emandako kontzertuak. Arnasa hartu eta gitarraz aldatzeko etenaldi txiki bat barne, bateria bikoitzaren mailukadez bultzatuta eta gitarra-baxu/ahots/elektronikazko milaka geruzatan eratutako pieza polimorfiko luze bakar bat jo zuten. The Mirror abestiaren haserako riffa izan zen aurretik ezaguna iruditu zitzaidan une bakarra.


Horiexek dira datu objektibo zehatzak. Baina ekaitz sonikoan murgilduta pasa nuen tarte hark dimentsio kosmikoak dauzka nire oroimeneko grabaketan. Bloke bakar baten moduan gogoratzen dut kontzertu osoa, Mataderoaren pareta magikoen artean espazio eta denboraren ohiko parametroetatik at pasa nuen tarte mugaezin bat bezala, hain zuzen ere. Kontrakultura eta erreboltarako gaitasuna galdua du agian rock musikak (inoiz izan baldin badu ere), baina konbentzionalismoen mugak apurtuz bere funtsezko energia kutsagarria barreiatzen uzten duenean indar askatzaile pertsonal itzela izaten jarraitzen du. Eta Gnod-en musika indar horren eredu ezin hobea dela esango nuke.
Kontzertuaren amaieran taldekide biri (Paddy Shine eta Chris Haslam) elkarrizketatxo txiki eta oso atsegin bat egiteko aukera izan nuen eta zera kontatu zidaten:

The Quietus aldizkarian Mick Middeles-ek zuen disko berriari buruz idatzitako artikulua irakurri eta asko gustatu zitzaidan. Zuen musika ezin hobeto deskribatzen zuen...
Paddy Shine (P): Nola ez ba?, Mick Middles mito bat da Manchesterren, bertako musikaren historiaz inor baino gehiago daki. Arakatze lan handia egin du bai Gnod baita beste milaka taldeen inguruan.

Gehien liluratu ninduena Islington Mill Arte Zentruaren paretei buruz esaten zuen izan zen. Bertan jotzen duzuenean zuen musikak pareta horiek blaitzen dituela zion eta betirako nolabaiteko aztarna bat uzten duela zioen. Nik eraikin honetan antzeko sentsazioa izan dut behin baino gehiago, oso leku berezia dela iruditu zait beti.
P: Noski baietz, energia kontu bat da. Orain dela bi urte izan nuen Mataderoaren berri lehenengo aldiz, Bartzelonako Magia Roja zigiluko Victorren bitartez. Mataderoa eta Akauzazte ezagutu behar genituela esan zigun.

Aho bete hortz utzi gintuen Akauzaztek estreinakoz entzun genuenean

Beraz, Akauzazte ezagutzen duzue...
P: Bai, noski. Aho bete hortz utzi gintuzten estreinakoz entzun genituenean, Einstrzende Neubauten edo Faust-en euskal bertsioa baitziruditen. Are gehiago, musikaz haratago, mugimendu kultural baten erakusle iruditu zitzaizkigun. Beraz, bi urte hauetan hemen jo ahal izateko moduren baten bila ibili gara, eta azkenik hemen gaude, oso pozik, noski.

Behin ezagututa, zer iruditu zaizue Mataderoa?
P: Izugarria.
Chris Haslam (C): Zentzu batetan Islington Mill-en antzekoa da. Hiltegi bat izan zenez, kasu honetan, paretak animalien minez blai daudela esan daiteke ere. Islington 1823an eraiki zen, iraultza industrialaren garaietan, eta jendeak oso baldintza txarretan egiten zuen lan hor barnean. Beraz, hango paretek min handia gordetzen dute ere. Guk, gure musikaren bitartez energia positiboa ekartzen saiatzen gara, eta tira, izpirituak ez haserretu arazten ere, kar kar.

P: Islington langileen eskubideen aldeko borrokaren sinbolo bat izan da historian zehar. Eraiki eta urtebete eskasera, sabaiaren zati handi bat erori egin zen eta 20 pertsona baino gehiago akabatu zituen, gehienak emakumeak eta 6-7 urte inguruko umeak. Errebolta handi bat eragin zuen horrek, eta esan bezala, langileen borrokaren historiako une garrantzitsuenetako bat bilakatu da. Hiltegi honen historia ez dut ezagutzen, baina ziur naiz gauza interesgarri asko jazo direla hemen.

Wire aldizkarirako eginiko elkarrizketa batetan Manchesterreko hainbat taldeei buruz hitz egiten zenuten (Happy Mondays adibidez). Hiri horretako musikarekiko lotura sendoak dituzue?
C: Berez, taldekide guztietatik neu naiz Manchesterren jaio den bakarra.

P: Ni irlandarra naiz.
C: Baina bai, edozein erara, Manchesterreko talde asko maite ditugu. Gaur bertan, furgonetan gentozela, The Smiths-en Meat is Murder entzuten ari ginen, eta hiltegi batean jo aurretik ezin egokiago iruditu zait, kar kar
.
P: Happy Mondays maite ditugu ere.

Gaur bertan, furgonetan gentozela, The Smiths-en 'Meat is Murder' entzuten ari ginen. Hiltegi batean jo aurretik ezin egokiago iruditu zait, kar kar


Islington Millera bueltatuz, nola bilakatu zen gaur egun den arte zentroa? Zein da historia?
C: Bill Campbell-en ikuspenaren ondorio da. Eraikinaren pisu bat alokatu zuen hasiera batetan eta pixkanaka lagunartean dirua bilduz eraikin osoa erosteko adina bildu zuen. Hortik aurrera, bere ikuspenari heldu dio eta gaur egun den arte zentroa sortu du. Miragarria da.
P: Luxuzko apartamentuak egiteko sal zezakeen eraikuntza eta kristoren dirutza irabazi, baina zorionez ez du horrelakorik egin. Sortzaileentzako gune bat sortzea zen bere helburua. Ez da batere kontrolatzailea gainera, eta jendea askatasun osoz ibiltzen da barnean ekarpen ezberdinak eginez. Kaos txiki bat bilakatzen da batzuetan, baina emaitzak ederrak dira gehienetan..
C: Gnod kudeatzeko modua, Islinton Mill zentroarenaren oso antzekoa da. Ez da pertsona bakar baten sormena, ikuspen kolektibo batena baizik. Zentzu horretan, bat gatoz erabat, zentroa eta taldea. Pentsa, historian zehar, 41 taldekide ezberdin pasa dira Gnod-etik!!


Ingalaterran partidu kontserbadoreak hauteskundeak irabazi ditu berriz ere, eta horrek sortarazi digun nazka ere diskoan nabaritzen da

Mick Middles-ek zioen zuen aurreko diskoa, Infinity Machines, horren ederki landua eta erraldoia izanik presondegi bat bilakatu zitekeela eta bertatik alde egiteko beharra sentitzearen ondorio dela Mirror-en izaera punk eta zuzenagoa. Ados zaudete ikuspuntu horrekin?
P: Arrazoi guztia du. Bi diskoak erabat ezberdinak dira. Infinity oso disko kontzeptual landua da, lan prozesu jakin bat jarraituz eta denbora luzez eraikitakoa. Mirror erreakzio moduan sortu dugu. Kontzertu biran geunden bitartean konposatu dugu eta bira amaitu bezain pronto grabatu dugu. Bira horretan guri eta gure lagunei pasa zaizkigun gauzen isla da. Gainera, tarte horretan Ingalaterran partidu kontserbadoreak hauteskundeak irabazi ditu berriz ere, eta horrek sortarazi digun nazka ere diskoan nabaritzen da.
C: Infinity Machines, %50 batean estudioan sortutako diskoa da. Mirror, ordea, ziztu batetan grabatu dugu.

P: Deklarazio baten moduan atera dugu. Infinity bezalako disko hirukoitz bat atera genuenean, WIRE bezalako aldizkari jakintsuek goraipatu egin zuten eta orain Mirror-ek bere itxaropenak zapuztu dituela diote. Ezin dute gure atzerapauso hau ulertu.

Talde batek bere burua politikotzat aurkeztea musika kazetariak urduri jartzen dituen gauza da

Eta zergatik ez? Ez al zarete libre nahi duzuena egiteko?
P: Horixe da, diskoaren zentzua ez dute batere ulertu.
C: Pentsamendu askeko kazetariak direla suposatzen da, taldeek bere burua ez errepikatzera bultzatzen duten horietakoak, baina Mirror-en kontzeptua ulertu ez duten bakarrak izan dira.
P: Gehiegizko intelektualizazioa ez dugu batere gustuko, baina, aldi berean, talde politikoa garela esango nuke. Maila pertsonalean eta doktrinaren aurkakoak, baina politikoak azken batean. Eta talde batek bere burua politikotzat aurkeztea musika kazetariak urduri jartzen dituen gauza da.
C: Egia esan, musika on guztia politikoa dela esango nuke nik. Zure musikaren bitartez deklarazio bat egiten ari baitzara. Abestiak saltzeko asmoz, zuretzat ezer esan nahi ez duten hitzak idazten dituzunean, musika txarra egiten ari zara. Egiten ari zaren artelan horri zure bizitza gehitu behar diozu, baliogarria eta benetakoa izan dadin.

Mirror-en ondoren, edozer gauza egiteko aske sentitzen zarete orduan...
Hala izatea espero dut, zeren eta hala planeatu ez badugu ere, horixe da sentitzen duguna.

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.