Edurne Ormazabal
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Edurne Ormazabal (Tolosa, Gipuzkoa, 1963) EITBko (Euskal Irrati Telebista) Euskadi Gaztea irratiko koordinatzailea da haren sorreratik, 1990. urtean. Psikologian lizentziatua bada ere, komunikabideetan egin du ibilbide profesional osoa, prentsan, telebistan eta irratian aritua baita. Euskadi Gaztea euskarazko lehen irrati-formularen ardura bere gain hartu aurretik, Donostiako Herri Irratian eta Deia egunkarian egin zuen lan Tolosako berriemaile gisa, ondoren Antena 3 emisorean aritu zen, eta azkenik ETBko Katu Kale musika saioa aurkeztu zuen hiru urtez. Musikazaleok gogoan dugun saioa izan zen Katu Kale, eta Edurne Ormazabalek ere oroitzapen ezin hobea du programa hartaz. “Katu Kale oso garai polita izan zen, ikaragarri ikasi nuen, oso giro ona zegoen taldekoen artean eta gainera euskal rockaren unerik biziena, ez dakit onena baina bai biziena, azaltzea egokitu zitzaigun. Inolako baliabiderik gabe egin genuen, ordu asko lan eginez eta profesionaltasun falta ere bazegoen, baina jendeak eta musikariek asko eskertzen zuten, eta ez zegoen EITBrekiko geroago egon den errezeloa edo kontrako jarrera”.
Orain arteko erronka profesional nagusia berriz, Euskadi Gaztearekin heldu zitzaion pop britainiarraren zaletu honi. Martxan jartzea ez zen lan samurra izan. “Batetik, nire lehen esperientzia izan zen talde bat gidatzen. Proiektua definitua zegoen, euskarazko irrati-formula bat egin nahi zen, baina ez genuen esperientziarik musika eta euskararen arteko uztarketari dagokionez. Hizkuntzak berak eskatzen zuen beste egiteko modu bat, baina ez genekien norengana jo, eta erabakiak inolako segurtasunik gabe hartzen genuen, egunetik egunera eta Katu Kale-n hartutako esperientzia apurrean oinarrituta”.
1990etik 1994ra bitartean, bi programazio eskaini zituen Euskadi Gazteak, bata euskaraz, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko kostalderako, eta gaztelaniaz bestea, Bizkaia eta Arabarako. 1994tik aurrera biak batu egin ziren euskarazko emisora bakar batean.
Musikaz aparte, zinemari lotutako aurpegia da Edurne Ormazabalena. Zine Oro eta Zine keinuak saioak aurkeztu ditu ETBn, ”Miradas de cine” eta “Nuestro Cine” Canal Plus-en, eta Donostiako Zinemaldiaren ohiko aurkezlea da.
Zer hausnarketaren ondorioz eta zer helbururekin sortu zen Euskadi Gaztea?
Gazteei zuzendutako musika-irrati bat egitea zen asmoa. Garai hartan bi erreferente zeuden Estatuan, Los 40 Principalesen irrati-formula eta Radio 3-en eredua, eta EITBko zuzendaritzak lehenengoa aukeratu zuen. Gehiengoentzako irrati bat egitea aukeratu zuten eta ez gutxiengoentzako irrati bat.
Helburuetako bat zen euskal musika indar-tzea, industria horri oihartzun ematea. Hor ere aukera ezberdinak planteatu ziren. Bata zen hemengo musika soilik eskaintzea, baina baztertu egin zen ezinezkoa zelako, hemengo musikagintzak ez baitzuen horrenbesterako ematen, eta gainera ez zuen zentzurik. Hori ez egiteagatik kritika gogorrak jaso genituen, baina nire iritziz, euskal musikari garai hartan egin ahal zitzaion mesederik handiena zen erakustea homologarria zela beste edozein tokitako musikarekin. Euskadi Gazteak bete behar zuena zen hemengo musika sustatzea eta industria txiki horrentzat promozio bide bat izatea. Programazioari dagokionez, beste irrati komertzialek jartzen ez duten kalitateko musika islatzea zen asmoa, beti ere komertziala den musikari leku eginez, gutxieneko kalitatea izanez gero.
Hamar urteotan zer bilakaera izan du, irizpideetan, filosofian eta audientzian?
Irizpideak berberak dira. Euskal diskogintzak bilakaera positibo bat izan du, gehiago profesionalizatu da, eta hor Euskadi Gazteak bere lan txikia egin du. Diskoetxeetako arduradunek ere hala ikusten dute eta Euskadi Gaztearen garrantzia aitortzen dute.
Eguneko 65.000-70.000 mila entzuleren audientzia daukagu gaur egun. 1994an guztiz euskaldun bihurtu zenean 30.000 entzulerekin abiatu ginen, eta urtero gora egin du. Azken bi urteetan gaur egungo kopuru horretan ibili da.
Zein da Euskadi Gaztearen entzulearen profila?
Aldaketa eman da gustuetan, jada ez dira hain ortodoxoak eta oso gauza ezberdinak entzuten dituzte. Gure garaian tribuek gehiago fun-tzionatzen zuten. Gaur egungo gazteak irekiagoak dira, batzuen ustez irizpiderik ez duten entzuleak dira baina ez nintzateke ausartuko hori esatera. Badute euskal musikarekiko zaletasuna, horrek ez du esan nahi euskaraz egina dagoelako edozein gauza irentsiko dutenik. Hortaz, profila egitea oso zaila da.
Irrati publiko gisa, zer garrantzia ematen dio Euskadi Gazteak entzulea hezteari?
Heziketa hitzak beldurra ematen dit, nor gara gu inor hezteko? Nik heziketa hitza ez nuke inoiz erabiliko. Gure zeregina da merkatuak eskaintzen duenaren zati handi bat erakustea, beti ere irizpide batzuen arabera. Nire ustez dagoen onena eskaintzen dugu, baina hori ere eztabaidagarria izan daiteke. Gero bakoitzak egiten du aukeraketa, baina nik ez diot inori esango zer disko erosi behar duen.
Jendea hezteak ez du esan nahi bere gustuak erabakitzea, baizik eta gauza berriak ezagutzeko jakin-mina piztea, gutxiengoak kontuan hartzea, informazioa lantzea...
Egia da irrati-formula entretenimendua dela bereziki, eta ematen den informazio kopurua oso eskasa dela. Guk informazioa emateko dugun modu bakarra da kantuak ipiniz, eta batzuetan minoritarioak diren musikarien lanak ere ipiniz. Hala ere Euskal Herrian euskal diskagintza bultzatuko duten euskaraz eginiko irrati-formula pribatuak sortzen diren unean Euskadi Gazteak beste bide batzuk jorratu ahal izango ditu irrati publiko bezala. Baina gaur egun Euskadi Gazteari egokitzen zaio hutsune hori betetzea nahiz eta aipatutako helburu hezitzaile hori osotasunean ez bete.
Gehiengoarentzako irrati bat izan nahi duela aipatu duzu. Badakigu noren eskuetan dagoen gehiengoa, multinazionalen eskuetan. Ez dago kontraesanean euskal musikaren sustatze nahiarekin? Musika zaila egiten omen duten euskal taldeek Euskadi Gaztean sartzeko atzerrikoek baino zailago omen duten kexa sarritan entzun da.
Ez, hori ez da horrela. Guk ez dugu kuotarik erabiltzen, Katalunian egiten den bezala, baina azken finean aukeraketa bat egiten dugu eta hor programazioaren zati handi bat euskal produktuek betetzen dute. Aukeraketa egiterakoan ez dugu berdin tratatzen euskal musika eta kanpotik datorrena, nahiz eta euskal musikaren barruan ez dugu dena sartzen, ba-tzuek ez dutelako merezi, eta hori ere leporatu izan didate. Euskal diskogintzak kaleratzen duenaren %90k badu lekua Euskadi Gaztean. Egia da badaudela formulan sartzen ez diren talde batzuk, formulan programatzeko benetan zailak direlako; alegia, zaila da egokitzea beste kantuen artean. Jendeak asko kritikatzen du diskoetxe multinazionalen presioak jasaten ditugula, baina nik presio handienak hemengo diskoetxeetatik jasotzen ditut, ez alderdi txarretik, onetik baizik. Harreman onak ditut denekin, baina niretzat presioa handiagoa da hemengo disko bat jartzen ez badut Michael Jacksonen diskoa jartzen ez badut baino. Nire erantzukizuna biziago sentitzen dut. Gainera, disko bat benetan interesgarria iruditzen bazaigu, jarri egiten dugu, ezer ez duela salduko jakinda ere.
Garai batean irratsaio espezializatu gehiago egiten ziren Euskadi Gaztearen barruan. Formularen ereduan egokitzen ez diren musikak agertzeko aproposak ziruditen. Zer dela eta desagertu dira?
29 dólar eta Galbahe kenduta, ez dago programa espezializaturik. Nik aurrekontu handiagoa izango banu, egingo nituzke, baina gaur egun dudanarekin ezin da, lehentasun batzuk jarri behar dira eta aukeratu. Oso talde txikia gara, nirekin hamahiru, eta gehienak ez dira kontratu osoak. Beraz, gauza batzuk egiten dira baina gehiago ere egin zitezkeen.
Badago lekurik kulturari eskainitako emisora bat sortzeko?
Lekua egon badago. Beharra ere seguruenik, baina hori erlatiboa da,eta beste behar batzuk ere kontutan hartu beharko dira seguruenik. Etxe honetako zuzendaritzak lehentasun batzuk zehazten ditu. Nik beharra ikusten dut, garbi gainera. Orain sortu da emisora bat, ildo horretan, EITB irratia. Musika eskain-tzen du egun osoan, eta saio bereziak egin ditu Musika Hamabostaldian, Zinemaldian, Udako Unibertsitatean eta Jazzaldietan.
Herri hau handiagoa izango balitz, eta bide gehiago bagenitu... Arazoa da oso herri txikia garela, eta zaila da AEBn edo Ingalaterran dauden bide guztiak zabaltzea hemen. Jende kopurua handia denean aukera handiagoa ematen dizu espezializaziorako, badituzu gauza masiboak eta gutxiengo zabalentzako eskaintza. Hemen kontua da minoria baten barruan beste minoria bat garela.
Katu Kale telebista saioak betetzen zuen zeregin hezitzaile hori...
Gaur egun ezinezkoa izango litzateke hori egitea.
Zergatik?
Orduan ez zegoen audientzia ikerketarik, bestela ez zuen bi hilabete iraungo. Nire ustez mitifikatu ere egin dugu Katu kale. Mundu guztiak esaten dit oso ona zela, hala ere horiek beraiek orain ikusiko balute agian ez lukete iritzi bera izango.
Baina bazuen gutxiengoak kontuan hartzeko bokazio hori.
Bai. Gure gustuen arabera egindako saioa zen. Ordu erdiko erreportaiak eskaintzen genituen, New Yorkeko garaje musikari buruzkoak eta horrelakoak. Gaur egun hori planteatzea ezinezkoa da. Telebistaren hizkuntza asko aldatu da, askoz azkarragoa da. Gogoan dut ordubeteko saioa egin genuela emakumezko kantautore berriei buruzkoa: Tracy Chapman, Suzanne Vega... Ziurrenik gaur egun mardulegia irudituko litzaiguke, behar baino irudi eta baliabide tekniko eskasak erabiliz eginikoa.
Ez da larria ETBn musika saiorik ez egotea?
Uste dut egin behar direla horrelako gauzak. Gutxiengoek ere badauzkate eskubideak, eta komunikabide publikoei eskatu behar zaie ahalegin hori egitea. Hausnarketa hori egin beharra dago, ez ETBn bakarrik, medio publiko guztietan: zertarako nahi ditugu komunikabide publikoak, komunikabide pribatuen gero eta antz handiagoa baldin badute.
Zein da hutsune horren arrazoia?
Gu hasi ginen zuzeneko kontzertuak egiten eta audientzia oso-oso eskasa izan zuten. Audientziarik ez duen oro kendu egiten dute. ETBko zuzendaritzarekin horretaz hitz egin dudanean ez dut ezezko biribilik jaso, beti esaten dute egin behar dela zerbait. Nik uste dut badagoela interesa baina ez dute oso garbi ikusten, batez ere ikuslego aldetik ez duelako erantzunik jasotzen. Ez omen dago audien-tziarik. Hala ere, nire ustez audientziarik ez balu ere egin beharko litzateke. Beharbada ez dugu zuzeneko kontzertuen formularekin asmatu, baina musika saio bat taxuz eta fundamentuz egin nahi bada, dirua behar da. Horri lotuta, nire ustez beti egon da rock musika kulturatzat hartzeko errezelo bat gizartean. Mundu guztiari ondo iruditzen zaio opera diruz laguntzea, baina rock kontzertu bat diruz laguntzea ez da begi onez ikusten. Agintariek ez dute uste zerbait bultzatzekoa denik, eta hori gero komunikabideetan isla-tzen da.
Nola ikusten duzu gaur egungo eszena?
Aurrerapauso handiak eman dira, normalizatu da, merkatua askoz zabalagoa da, gehiago argitaratzen da eta gehiago saltzen ere. Kalitate aldetik, lehen baino askoz disko gehiago egiten dira, batzuk hobeak dira eta beste batzuk txarragoak. Egoera hobea da, baina arazoa betikoa da, oso herri txikia gara eta kanpora atera ezean taldeak aspertu egiten dira han eta hemen jotzeaz. Hemendik atera behar dela garbi ikusten dut, eta pentsatzen dut saiatuko direla taldeak, baina euskaraz kantatzeak ez lieke galarazi behar. Beharbada egon da lotsa edo beldurra gure aldetik. Juan Carlos Perezi behin entzun nion hizkuntza gabezia bat izan beharrean balio erantsi bat izan beharko lukeela, eta agian arrazoia du. Mundu osoan inork gehiago ez du euskaraz abesteko ahalmenik, eta hori profitatu beharko genuke. Baina tira, ari dira urratsak egiten, adibidez Japonian triki-pop taldeak sartu dira, talde gutxi batzuk estatuan edota Europan zehar birak egin dituzte...
Oraindik ere euskal musika kanpora zabaltzeko tradizioari lotuta egon behar du?
Hori gertatzen da beste leku batzuetan ere. Galiziatik zer iristen zaigu, gaita joleek egindako pop musika. Azken urteetan kutsu etnikoa duten gauza guztien suspertzea gertatu da, batek arrakasta lortu zuen eta horren atzetik hamaika gaita jole eta abeslari azaldu dira. Industriak gaitasun hori du, produktu arrakastatsuen klonak egitekoa. Horrek ez du esan nahi klon horiek txarrak direnik, baten bat agian ona da. Baina nire ustez igaroko den fenomenoa da, moda moduko zerbait. Agian unea aprobetxatu beharko litzateke trikitixa eta triki-pop-a zabaltzeko hemendik kanpo, eta uste dut ari direla.
Euskadi Gaztea maketa lehiaketara aurkezten diren taldeen arabera, nora jotzen dute oraingo gazteek estilistikoki? Eragin berriak antzematen dira?
Zoritxarrez, gauza berri gutxi egiten dute. Talde askok Negu Gorriak-en eredua jarrai-tzen dute, eta beste askok Su Ta Gar-ena. Gutxiengoa da bide berriak urratzen saiatzen dena baina urtero badira harritzen gaituzten eta estilistikoki aurrerapausoak erakusten dituzten talde gutxi batzuk.
Zein da kazetaritza musikalaren egoera?
Ez dut gehiegi ezagutzen. Hala ere, iruditzen zait orain arte denok izan dugula euskal musikarekiko oso jarrera permisibo eta positiboa, urte askoan ez da ezer kritikatu. Hori galtzen ari da eta pentsatzen dut ona dela, normalizazio seinalea da. Noski, argi daukat ezin dela berdin tratatu duela urtebete sortu den talde baten maketa eta Bjork-en disko bat, bakoitza bere testuigunruan kokatu behar da iritzia emateko orduan.
Musikari batek diskoak saltzen ez dituenean besteei leporatu ohi die errua: diskoetxeak ez duelako promozioa egin, komunikabideok behar bezala ez dugulako bultzatu, erosleak irizpiderik ez duelako... Kasu batzutan autokritika falta da, norberak egiten duena jende gutxiri interesatzen zaiola onartzeko gaitasuna falta da.
Erronka gisa entzule erdaldunengana iristea zenuen duela urte batzuk.
Ez dakit erronka den, baina asko kezkatzen nau entzule erdaldunak euskal musikarekiko duen ezjakintasun osoa eta interes falta ikaragarriak. Jende askok baztertu egiten du euskaraz egina delako bakarrik, oso-oso kezkagarria da. Alderdi horretatik, ez dakit Euskadi Gazteak zenbateraino lor dezake entzule erdalduna erakartzea, ez dakit Euskadi Gaztea den horretarako bidea, baina entzule erdaldun horri gustatzen zaion musikaren ondoan euskal musika jartzen badiozu beharbada normaltasun handiagoaz onartuko du. Euskaldun jendeak La Oreja de Van Gogh gustukoa badu, zergatik ez erdaldunek Ruper Ordorika?
2001, ABENDUA