S.G.A.E.ko ordezkaria hego euskal herrian
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Ignacio Casado (Tutera, Nafarroa, 1956) SGAE Autore eta Editoreen Elkarte Nagusiko ordezkaria da Hego Euskal Herrian, Aragoin eta Errioxan. Espainiako Estatuan egile eskubideak kudeatzen dituen elkartea da SGAE.
Nafarroako Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatua da Ignacio Casado. Hamar urtez CEOE Espainiako enpresarien patronalean lan egin zuen, eta 1993an SGAEk Nafarroa, Aragoi eta Errioxako ordezkari izendatu zuen. 1997tik aurrera Euskal Autonomi Erkidegoko ordezkaria ere bada.
Bere lanetik gehien baloratzen duena da “kulturgileekiko harremana. Euskal Herrian musika tradizio zoragarria dago, leku askotan baino askoz sortzaile gehiago dago, musika propioa dugu eta gainera esportagarria da. Haiekin hainbatetan solastu eta gero musika industriari buruz hitz egin ahal izatea da nire lanaren plazer handienetako bat”.
Aitzitik, “inkonprensioa” da min handien egiten diona. “Kultura zinegotzi bati egile eskubidea zer den azaldu behar izatea ez da samurra. Instituzioek, iritzi publikoak eta batzuetan autoreek berek ez gaituzte ulertzen, baina hori gero eta gutxiago gertatzen da”.
Gaztetatik musika zaletu gisa bizi zuen Casadok, Tuterako talde batean jo zuen gitarra eta besteak beste, Bruce Springsteen, Rolling Stones, Lou Reed, Bob Marley eta Frank Zappa miresten zituen. SGAEko ordezkaria denetik musika epaitzeko ikuspegia aldatu zaiola aitortzen du. “Beste era batera baloratzen dut disko bat, lanbidea barrutik ezagututa beste faktore batzuk hartzen dira kontuan. Oso lanbide gogorra da musikariarena, asko borrokatu behar da aurrera ateratzeko, eta buruan oso present izaten dut hori. Ez nuke jakingo zer dudan gustuko, esparrua oso-oso zabala baita, berdin gustatzen zait heavy talde bat edo folk talde bat. Baina oro har musika abangoardista gustatzen zait, bide berriak zabaltzeko ikertzen duena”.
Azken urteotan SGAEren siglak gero eta ekimen gehiagotan ikusten dira, baina ziur aski oraindik jende askok ez daki zer den SGAE eta zer lan betetzen du.
Egile eta editore elkarteek oso tradizio luzea dute Europan. Frantziakoa (SACEM) duela 200 urte sortu zen. SGAE 1899an sortu zen, baina Espainiako gerra zibila amaitu arte ez zen operatiboa izan, eta benetako inflexio puntua 1982an eman zen, Eduardo Bautista batzorde exekutiboan sartu zenean.
SGAEren zeregina da musika, zinema, ikus-entzunezko eta dantza alorretako egileen eskubideak babestea. Legeak arautzen dituen lau egile eskubide mota kobratzen ditugu: erreprodukzio eskubidea, banaketa eskubidea –saltzen den disko bakoitzeko kopuru bat kobratzen dugu, diskoetxe independente edota berrien kasuan izan ezik, horiei fabrikatutako disko bakoitzeko kobratzen zaie komunikazio publikoko eskubidea –tabernetan, diskoteketan eta komunikabideetan en-tzuten den musikagatik eta kontzertuak emateagatik kobratzen diren eskubideak- eta eraldaketa eskubidea – obra baten bertsioa egiteagatik kobratzen dena. SGAEko lurralde ordezkaritzek komunikazio publikoko alorrari dagozkion eskubideak kobratzen ditu gehienbat, gainerakoa zentralizatua baitago euskarrien mundu osoko fitxeroan.
1995etik aurrera SGAEk internalizazioari ekin zion, eta ordezkaritzak zabaldu zituen Brasilen, Kuban, Miamin, Los Angelesen, New Yorken, Mexikon, Uruguain, Argentina, Txilen, Tokion... SGAEren filosofia da ahalik eta erakunderik indartsuena eta eraginkorrena izatea, egile eskubideak ordaintzen dizkiguten konpainiak multinazionalak baitira –diskoetxeak, exhibidoreak–, eta ez badugu haiek adina indar eta ahalmen multinazionalik lehiatzeko, ez dugu zereginik.
Komunikazio publikoaren alorreko eskubideen kudeaketan aurrerapausoak ematen ari dira?
Hobetuz doa oso erritmo azkarrean. EAEn eta Nafarroan duela bost urte halako hiru biltzen ari da gaur egun. Joan den urtean 3.700 milioi pezeta (22,2 milioi euro inguru) bildu genituen. Kontzientziazio lan itzela egin da, Administrazioari legea aplikatzen saiatzeko eskatu zaio, eta EUDEL-ekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz, gaur egun oso udalerri gutxi dira ordaintzen ez digutenak.
Euskal Herriaren kasuan gainera, Europako oso leku gutxitan gertatzen dena suertatzen da, alegia, kobratzen diren egile eskubideak hemengo kultura babesteko erabiltzen dira. Euskarazko kantariek ez badituzte hemengo eskubideak kobratzen, non kobratuko dituzte? Egile eskubideak ordaintzen ez badira gure etxearen kontra ari gara. SGAEk bitartekaritza lana egiten du, dirua bildu alde batetik eta banatu bestetik. Egile eskubideen por-tzentaje bat, %15, SGAEk hartzen du eta gainerakoa, %85, egileen artean banatzen da. Udaletxeek ez badituzte egile eskubideak ordaintzen, gure artistek azkenean utzi egiten dute lan hau. Egile eskubidea da egileari ematen zaion soldata bat gustatzen zaion lana egiteko.
SGAE-k zertan inbertitzen du %15 hori?
Egoitzak eta soldatak ordaintzeko nagusiki, azpiegituran alegia. Dena den, Fundación Autor ekimenaren bidez gure errepertorioa babesteko ekitaldiak bultzatzen dira. Bilbo Hiria Pop-Rock lehiaketan parte hartzen dugu, Donostiako Antzerki Ferian, Leioako Kale Antzerkiko jaialdian, Getxoko Jazz Jaialdian, Musika Hamabostaldian... Ekitaldi horietan parte hartzeko ezinbesteko baldintza bat jartzen dugu: euskal egileen emanaldiak programatzea. Tranpolin onak izaten dira, euskarazko sorkuntzaren kalitatea, arlo guztietan, bikaina baita eta kanpora zabaltzeko modukoa, konplexurik gabe.
Aipatu duzu SGAE-ren internalizazioa. Euskal musika sartzen da esparru horretan?
Une honetan otxote talde bat dago Caracasen, SGAEren ekimenez, euskaraz abesten. Baina horrez gain, Fermin Muguruzak Cuba Disco-n parte hartu du, Su Ta Gar Kuban izan da, Kepa Junkera Kanadan, Oskorri Irlandan... Hori dena babestu du SGAEk. Eta gure presioen ondorioz, Eusko Jaurlaritzak erabaki du Canneseko Midem azokara joatea. Nire ustez, Jaurlaritzak behingoz serio hartu du euskal musikaren internalizazioa sustatzea, merkatua Euskal Herriko bi milioi biztanleek osatzen dutena baino askoz zabalagoa baita. Baina joan aurretik erabat sinestu behar dugu kalitatezko produktua dugula, bestela ez du merezi.
Egile eskubideetan SGAEk kudeatzen duen dirutza ikusita, ez dira interes ezkutuak sortzen?. Nola gordetzen du SGAE-k bere independentzia?
Gure tarifak berdinak dira denentzat. Egile eskubidea berdin kostatzen zaie diskoetxe txikiei zein handiei. Harremana da ezberdina. Diskoetxe txikiekin oso gertuko harremana dugu. Gure planteamendua da, lehen aipatu dizudan bezala, merkatuaren %95 kontrola-tzen duten bost multinazionalei aurre egingo dien erakunde indartsu bat osatzea. Admi-nistrazioak egile eskubideen kudeaketarako elkarte anitz sortzeko tentazioa izango balu, Brasilen suertatutakoa gertatuko litzateke, egile eskubide asko kobratzetik ezer ez kobratzera igaroko ginateke. Zergatik? Operatibitatea galtzen delako. Erakunde bakarra, demokratikoa, eraginkorra eta ondo gestionatua behar dugu, egileek bere egingo duten enpresa.
Dena den, SGAE-ri behin baino gehiagotan kudeaketan gardentasun eza leporatu izan zaio.
SGAE oso demokratikoa da bere hauteskunde sisteman, eta logikoa da oposizioko taldeek gardentasun eza leporatzea. CEOEn eta beste hainbat enpresatan lan egin dut, eta SGAE eredugarria iruditzen zait gardentasunari dagokionez. Talde bakoitzari esan diezaiokegu zehatz-mehatz nondik datorren jaso duen dirua, auditoriak egin ditugu...
Baina errepertorioa babesteko orduan esaterako, ez dago norberaren disko-etxeko artistak programatzeko arrisku edo tentaziorik?
SGAEko zuzendaritza organoetan egileak daude: musikariak, antzerkigileak, zinemagileak... Horiek gidatzen dute SGAEren politika. SGAEn ez dago programatzailerik, SGAEk egile eskubideak bildu eta banatu egiten ditu, eta bildutakoaren kopuru nimiño bat bakarrik, legeak horrela agintzen baitu, bidera dezake errepertorioa sustatzera. Fundacion Autor-ek aurten 1.500 milioi pezeta gastatu ditu, Guggenheim museoko erakusketa txukun batek balio duena, gutxi gorabehera.
SGAEren lana da kudeaketa politika bat zehaztea, telebistarekin borrokatzea egile eskubideen ordainketa, ostalaritza elkarteekin negoziatzea...
Diskoetxe txikiak kexu dira telebista eta irratietan jartzen den musika neurtzeko erabiltzen den sistemak, sondeoetan oinarritutakoak, diskoetxe handiei mesede egiten dielako.
Bai, hala da. Telebistan minutuz minutu neurtzen dugu programatzen den guztia, baina irratietan Radio Nacional de Españak soilik egiten du kontrol zehatza, lan horretarako jendea jarri baitu. Beste irratiek ez dute egin nahi, oso garestia delako.
Kontrola egiteko guk programa bat banatzen dugu eta bertan jasotzen dugu kontzertu batean jo diren abestien zerrenda, edo ezkontza batean orkestra batek jo duen errepertorioa, eta abar. Irratietan oso garestia izango litzateke programekin lan egitea, baina bestetik, sondeoek erakutsi dute oso fidagarriak direla, eta esango nuke %95ean bat datozela programa batek egingo lukeen neurketarekin. Egia da badagoela oso portzentaje txiki bat, estatistikoki anekdotikoa dena, diru pixka bat gehiago jaso lezakeena, baina kontrola programaren bidez egingo bagenu, gastuak izugarri handituko ziren, %5 horren diru kopuruaren gainetik, eta orduan, artisten artean %85 banatu beharrean %70 banatu beharko genuke.
Sistema hau oso solidarioa da. Esango dizut zergatik: herrietako zuzeneko emanaldien gaineko kontrola izugarri garestia da, gure gastuen %35 inguru. Nola subentzionatzen da? Arrakasta duten artistek bildutako diruarekin, horien diskoen egile eskubideen kudeaketa gure gastuen %6 besterik ez baita. Alegia, arrakasta duenak kobratzen duena baino gehiago kobra lezake, eta arrakasta ez duenak beti kobratzen du zerbait.
Pirateria hartzen ari den indarrak alarma gorria piztu du. Euskal musika ere sartu da pirateria sare profesionaletan?
Pirateria da euskal musikaren egungo minbizia. Pirateriak kalte handiagoa egiten die kultura minoritarioei. Milioi bat disko saltzen dituen diskoetxe batentzat 50.000 edo 100.000 ale pirateatzea oso larria da, baina ez du eragozten diskoetxe edo talde horrek diskoak kaleratzen segitzea, etekinak baititu. Euskal Herria bezalako herri batean, non talde arrakastatsuenak 25.000 ale saltzen dituen, 5.000 ale pirateatzea hil ala biziko kontua da. Jendearengan kontzientziazioa piztu behar dugu, pirateriari uko egin diezaion, internetetik diskoak dohainik jaisteari uko egin diezaion. Bestela, euskal musikak ez du iraungo. Euskal talde oso ezagun baten kasua ezagutu dut. Diskoa atera eta bi egunetara, taberna batean disko piraten saltzaile bat hurbildu zitzaion taldeko bati bere diskoarekin. Mutila lur jota zegoen. Nire ustez, hori dramatikoa da.
Hiru gauza exijitu behar ditugu: legea zorro-tzagoa izatea pirateriarekin eta gogor zigor-tzea, pirateria eragozteko teknologian inbertitzea –horretan unibertsitateak eta ikerketa zentroak inplikatu beharko genituzke-, eta kontzientziazioa lantzea herritarren artean.
Napster auziak bazterrak harrotu zituen. Zer deritzozu gertatutakoari?
AEBetako justiziak modu egokian interpretatu zuen legez kanpoko jabetzea zela internetetik diskoak jaistea egile eskubideak, royaltiak eta abar ordaindu gabe, eta ondorioz zigortu zuen. Kulturaren aurkako mehatxu bat da. Kontuan hartu gaur Euskal Herrian disko bat egiteak gutxienez 1.000-1.500 pezeta kosta-tzen duela, promozioa, egile eskubideak, royaltiak eta fabrikazioa barne. Gutxienez 3-4 milioi pezetako inbertsioa eskatzen du, eta zenbait kasutan 8 milioitara ere iristen da. Diskoa pirateatzen bada, nork ordaintzen dizkio royaltiak artistari?
Dena den, internet oraindik oso mugimendu modernoa da. Bost urte barru oso zaila izango da diskoak jaistea, lan itzela egiten ari baita hori ekiditeko.
Euskal diskoen salmentak nolako bilakaera izan du?
Euskal Herrian pertsonako 2,3 disko saltzen da urtean. Europan batez beste lau disko sal-tzen dira pertsonako, eta Holandan zortzi disko, munduko tasarik handiena da.
Euskarazko diskoen salmenta asko hazi da duela hamar urtetik hona, baina azken bizpahiru urteetan egonkortasunean da. Guk 300.000-350.000 diskoren eskubideak kobratzen ditugu urtean.
Eta gure mugetatik kanpo biltzen den dirua hazi da?
Kontzertuen alorrean bai, gero eta talde gehiago ateratzen dira kanpora, baina salmentaren arloan ez da ez igo ez jaitsi. Disko bakoitzeko ale gutxiago saltzen dira baina artista gehiagoren diskoak saltzen dira, eskaintza asko handitu baita. Arazoa da sarritan ez direla iristen diskoak saltokietara. Horretan lan handiagoa egin beharko litzateke, jendeak kuriositatea baitu gauza berriak ezagutzeko.
Bideragarria ikusten duzu euskal autore eta editoreen elkarte bat sortzea?
Egungo legediak ez du onartzen. Nire ikuspegitik badugu euskal autore eta editoreen elkarte bat, hori SGAE da. Dena den, artista multzo handi batek hori erabakiko balu...
Nire ustez, bereiztu behar da zer den instituzio bat eta zer den enpresa bat. SGAE enpresa bat da, ez da instituzio bat. SGAE ez da erakunde espainiar bat, erakunde mundial bat baizik, gero eta mundialagoa. Mundiala izateak ematen digu negoziatzeko gaitasuna, merkatuan egoteko ahalmena, eraginkorra izateko ahalmena. Koste kontu bat da, ahalik eta modurik ekonomikoenean lortu behar da egileek gero eta eskubide gehiago kobratzea. Egileen elkarte batek hori bermatu behar du, bestela ez du zentzurik. Euskal egileek SGAEri exijitu behar diote eraginkorra izatea eta euskal musika internazionalizatzea. Horretarako ditugu egoitzak Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Euskal egile eta editoreen beste elkarte bat sortzea atzerapausoa litzateke, nire irudiko.
2001, ABENDUA