entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Backstage

Fermin Etxegoien 2011-08-04

IÑIGO MUGURUZA

Iñigo Muguruza. Argazkia: Mikel Saiz. Iñigo Muguruza. Argazkia: Mikel Saiz.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
1964ko abenduaren 17an jaio nintzela kontatu zidaten, sagitario beraz. Inoiz ez diet kasu handirik egin horoskopoei, baina nirea errepresentatzen duen marrazkitxoa gustukoa dut: ez bi, baizik eta lau hanka lurrean, baina begirada, arkua, helburuak eta ametsak “zeru ezinean”. Apaizen artean ikasi nuen beti, zoritxarrez. Kazetaritza karrera erdia ere egin nuen, baina Kortatu taldearekin jotzen hasi nintzenean utzi nion ikasteari. Taldea desegin genuenean, 1988. urtean, hilabete batzuk eman nituen Somoton, Nicaragua. Hernani eta Bilboko lagun batzuekin batera, quincho-entzako eskola bat eraikitzen ibili nintzen. Hamahiru urte beranduago, ilusioz irakurtzen dut Takolo, Pirritx eta Porrotx-ek antzeztu berri dutela eskola horretan.
Hortik bueltan, Delirium Tremens taldean sartu nintzen gitarra. Baina handik bi urtera, taldea desegin zen Txufu bateriak eta Txals furgoneteroak diskoteka bat ireki zutelako Saturraranen. 1991tik 1996ra munduan zehar ibili nintzen furgonetan Negu Gorriak-ekin, ia-ia Europa eta Amerika osorik bira ezberdinetan ideia bera zabaltzen: mundu justuago, solidarioago eta duinagoa posiblea da. 1996tik 2000 arte nire taldearen izena Joxe Ripiau da. Esfortzu handi baten emaitza, “sinesten jarraitu ahal dugulako sinestu nahiarena”. Konposatzeko orduan, mingostasuna baztertzen eta nire alde bizizalea kanporatzen saiatu nin-tzen. Eta azkenean, Sagarroi, pilatutako kaka guztia ateratzeko aukera, katarsia bezala, aingerutxo baten moduan egiteko lo entsegu eta kontzertuen ostean. Aurten, laburmetrai bat zuzendu ere egin dut: “Nahia”. Oso harro nago emaitzaz. Ander Lipus, Leire Ucha eta Kaiet Miguel-ek egin dute aktoreena.

Musika egiten hasi zinenean nola ikusten zenuen etorkizuna?

Ezer gutxi arduratzen nintzen ni etorkizunaz hasi nintzenean. Gainera “No future” zen 80 hamarkadaren lema eta gehiegikeriez beteriko denboraldia izan zen. Kortatu garaian gaur Granadan, bihar Vigon eta etzi Parisen jotzen genuen. Garai horietan dena lehertzen hasia zen: taldeak hasten ziren jotzen 2 akorde ikasten zituztenean, irrati libre, fanzine eta gaztetxeak nonahi... garai latzak eta onak benetan! Inork gutxik –eszena jendeaz ari naiz, noski– pen-tsatzen zuen zer gertatuko zen hurrengo urtean. Hori da behintzat nik daukadan irudia. Nire zortea bizitzeko eta borrokatzeko gogo guzti horiek barrutik ezagutzearena izan zen. Espejismo erraldoi bat legez azaltzen zena gertuko lagun batzuk hiltzen hasi zirenean.

Noiz hasi zinen ikusten sarturik zeuden musika mundua aurrerantz zihoala; publiko oso bat zegoela, zirkuitua, industria txiki bat antolatzen ari zela, etabar?

Gure aurretik bazegoen jadanik zirkuitu bat, industria txiki bat eta publiko bat. Ni neu RIP, La Polla eta Hertzainak-en diskoak nituen eta ahalik eta kontzertu gehienetara joaten nintzen lagunekin. Baina 1984-85 inguruan guztiak eztanda egin zuen. Orduan herri txiki guztietako auzo guztietan bazeuden 4 talderen kontzertuak asteburu oro. Denok joaten ginen ahalik eta kontzertu gehienetara.

Zer dago ondo euskal diskoetxeetan aurrera begiratuz gero?

Lehenengo gauza eta garrantzitsuenetako bat: esperientzia. Gero toki guztietan bezala, badago ezberdintasun ugari diskoetxeen artean: batzuek besteek baino hobeto egiten dute lan, nire ustez. Diskagintza ez omen dago bere garairik onenean, ez hemen, ezta Estatuan ere, baina jende asko ikusten dut taldeak sortzen, eta talde onak! Hori da diskoetxeek daukaten onena aurrera begira.

Zer gaizki?

Esango nuke esperientzia ere izan daitekeela, paradoxikoki. Seguruaren gainean jokatzera behartzen zaituena. Dirua galtzearen beldurrak sortu duena.

Estiloei buruz, rockari etorkizunik ikusten al diozu?

Bai, noski! Rock hitzak oso musika mota ezberdinak biltzen ditu, eta horren barruan kokatzen da irratian, telebistan eta tabernetan entzuten dugun %60, gutxi jota.

Elektronikak kondizionatuko ote du etorkizuna? Teknologiak?

Baldintzatzen ari da jadanik gaurko musika. Musika mota ezberdin askotan entzun dezakegu sanplerrak, erritmo-kutxak, loop-ak, filtroak eta abar. Zoritxarrez, batzuetan batere arimarik gabe. Red Hot Chili Peppers-eko Fleak-ek esaten zuenarekin bat nator, bi musika mota besterik ez dagoela: musika arimaduna eta arimagabekoa. Edozein musika tresnarekin egin daiteke musika ona. Dena den, ez dut uste musika etnikoa, zelta, klasikoa, folka eta abar desagertuko denik. Ez nuke esango estilo bat desagertzeko arriskuan ikusten dudanik. Azken aldi honetan musika etniko deitzen duten horietakoa entzuten dut dezente. Baina jarraitzen dut denetatik entzuten, beraz, auskalo norantz hurbilduko naizen. Calexico ere gustatzen zait, eta Cesarea Evora, eta...

Euskararen erabilera etorkizuneko musikan, tesi bat?

Musika munduan, euskararen sakralizazioa ematen da. Era klandestinoan, gainera, izan ere euskal talde askotako partaideak erdara hutsez mintzo baitira haien artean eta momentu oro, baina beti ere euskaraz abestu (zergatik, sakralizazioarengatik). Harrigarria bada ere, kontrakoa egiten duten gero eta adibide gehiago ezagutzen dugu, hau da, euskal musikari gazteak euskaraz bizi direnak, baina espainolez edo ingelesez abesten dutenak. Euskara sakralizatu egiten ez dutenak. Erran gabe doa lehenengoak oso ongi ikusiak daudela, eta oso txarto bigarrengoak.

Zer esango zenuke honetaz?

Ez dut uste euskaraz kantatzen duena eta gero beti gazteleraz mintzatzen dena hain ondo ikusita dagoenik. Beste gauza bat da talde euskaldun gehienetan musikari erdaldunen bat egotea, eta askotan, badakizu, 5 euskaldun + erdaldun bat = 6 erdaldun. Eta gainera, 5 euskaldun horiek hobeto moldatzea erdararaz euskaraz baino. Nire kasuan adibidez, parrandan ibiliz gero, ordu batetik aurrera hobeto ateratzen zait erdara euskara baino, eta uste dut euskaldun berri askori ere gertatzen zaiela. Nik behintzat ez dut gaizki ikusten euskaldun batek ingelesez kantatzea edo txinoz. Agian euskara ez dudalako sakralizatzen izango da, ez dakit. Nik neuk gauzak sentitzen ditudan bezala egiten ditut, ez etorkizuna ikusten diedalako. Euskaraz bizi naizenez gero, euskaraz kanta-tzen dut. Zergatik bizi naizen euskaraz? Oso luzea izango litzateke hori azaltzea, baina jadanik ez dauka atzera joaterik. Dirua irabazteko ez naiz hasiko erdaraz kantatzen, hori argi daukat.

Euskal produktuak sortzearen beharraz, tesi bat?

Musika munduan hizkuntza ez ezik, bada beste zerbait era berean nahiko sakralizaturik daukaguna; talentu pertsonala, kantagileen kasuan, eta jarrera estilistiko-ideolojikoa taldeen kasuan. Esan behar da gurean bezalako kanta-egilerik toki gutxitan izango dela. Ongi da, alderantzizko produktuak ere beharrezkoak ez baldin balira. Triki-pop delako estiloa, adibidez, honelako zerbait izan zen (era ez-antolatuago batean seguruenik sortua), oso ondo funtzionatu zuena. Gure diskoetxeetan badira zenbait lagun produktu eraginkorragoak edozein estilotan sortzeko gauza direnak. Izan ere, Madonna edota Alejandro Sanz bezalakoen aurka aritu behar baitugu, oso produktu on batzuen kontra, non eta talentua benetan dagoen ala ez guk erabakitzea gure auto-konplazentziarako egingo dugun juizio estetiko-ideolojiko bat besterik ez den. Adibidez, Julio Iglesiasen produktorea Quinzy Jones da. Jende gehienak ez daki baina diskoetan igarri egiten da jakintza hori, eraginkorra da. Nork dio Iglesias txarra denik, hobe esan; nondik ari gara hori esaten? Zein ikuspegi estetiko-ideolojikotik? Bestalde, Anari oztopatzea, demagun, bestelako euskal produktuen alde egin nahian (komertzialak, zuzenduak) aberrazioa litzateke, noski, inolaz ere zeharkatu behar ez genukeen marra, baina errealitatea hor ari zaigu, estrategia berriak agintzen, ez Julio bezalakoak sortzeko, ados, bestelako estetika eta balore batzuen alde nolabait egingo duten produktu inteligenteak sortzeko baizik.

Zer esango zenuke honetaz?

Sentitzen dut, baina planteamendu hau arriskutsu samarra iruditzen zait. Beti musikariaren koherentzia estimatu egin dut; hau da, globalizazioren aurka kantatzen badut, ez zait zilegia iruditzen multinazional batekin diskoa ateratzea, edota Coca-cola iragarki bat egitea. Julio Iglesias eta Gloria Stephan-ek bihar euskaraz disko bat grabatuko balute, ultraeskuindarrak izaten jarraituko lukete. Spice Girls bezalako muntaiak hasi behar baditugu osatzen euskal musika salbatzeko, gureak egin du. Agian kultur sendoago bat izango genuke, baina protesikoagoa ere. Spice Girls sortzeko 17 manager bildu omen ziren bulego batean. Ematen du harantz goazela, horrelako muntaiak egiten dituzten industriarantz. Ez dut uste, balantza batean jarrita, euskal kultura salbatzeko eskrupulurik gabeko monstruoak sortzea merezi duenik. Hala ere, noski daudela erdibideko terminoak. Orekan egoten da giltza maiz.

Zer eragin izango du aurrerantzean musika ikasi duen gero eta lagun gehiagorik egoteak?

Nik uste hori positiboa dela beti. Teknika edukitzea ez dut uste txarra izan daitekeenik inolako disziplinatan, ez musikan, ez pinturan, ez literaturan... Hala ere, badago jendea musika hartzen duena teknika txapelketa moduan eta ez da hori ere.

Egoera politiko-sozialaren araberako kreazioan eboluzioa nolakoa izan daiteke aurrerantzean?

Ni egoera politiko-sozialari buruz nahiko ezkorra izan naiz beti, eta gehienetan asmatu izan dut zoritxarrez. Honen alde ona kontrarioen teoria da; hau da, zenbat eta egoera txarragoa izan, orduan eta kreazio hobea izaten da. Mundu hobe batekin amets egiten dugunok, gero eta okerrago dagoela ikustean egiten ditugu gauzak. Amorrurik gabe ez dago kreaziorik.

Euskal kritika erreala –gustatzen zaionaz bezainbeste gustatzen ez zaionaz mintzo dena– ez da momentuz existitu. egon beharko luke aurrerantzean?

Kritika kriteriodun eta ondo dokumentatua beharrezkoa dela pentsatzen dut. Zinemara joan aurretik asko gara kritikak irakurtzen ditugunok. Musikan ere berdina beharko luke. Gertatzen dena da askotan euskal taldeei zuzendutako kritika suntsigarri eta iraingarriak irakurtzen ditugula erdarazko periodikoetan, eta horrek bultzatu duela euskal kritika onkote bat uste dut musikarioi asko gustatzen zaiguna, beste alde batetik.

Nola imajinatzen duzu euskal musika etorkizunean?

Asmatzen jolasten bagara, talde gazteak “euskoerderaz” kantatzen imajinatzen ditut; hau da, esaldi baten barruan hitz batzuk euskaraz eta beste batzuk erdaraz, horrela hitz egiten dutelako ezagutzen ditudan gaztetxo euskaldun askok. Musikari dagokionez, gero eta aniztasun gehiago izatea espero dut. Harantz goazela uste dut.

Nolakoa izatea nahi zenuke?

Lehen esan dudan bezala, musika mota guztietako talde asko sortzea nahiko nuke, hori bai, ospea eta diru asko irabaztea helburu bakarra ez duten horietakoak. Talde berriek zer edo zer esan nahi izatea espero dut. Talde irreberenteak eta doktrina erlijioso edota politikoarekiko begirunik ez daukatenak sor-tzea gustatuko litzaidake. Pentsatzen dut beste lurraldetako jendearen etorrerarekin panorama aberastuko dela ere.

Nola ikusten duzu zure burua etorkizunean?

Ez da gauza bat buruhauste gehiegi sortzen didana. “Eutsi hirean” kantatzen genuen Delirium Tremens garaian, eta horrela pen-tsatzen dut oraindik. Beti egin izan dut gogoko neukana une horretan eta orain Sagarroi taldearekin istorio gordinago batean sartu naiz, gorputzak eskatzen zidalako.

Iñigo Muguruza; No future garaian sortutako musikaria zaitugu, euskal musikaren etorkizunean zer ikusten duzu inkoherentzia, eboluzioa, bizimodua?

Ez dut ikusten inkoherentziarik dagoenik. Batek gizakiak daukan ziurtasun bakarra aldaketa dela esaten zuen, eta horrela dela pen-tsatzen dut. Beste gauza bat da batzuk egun batetik bestera egiten dituzten aldaketa susmagarriak, politika arloan adibidez. Eta esan nahi dut etorkizunari buruz ari naizela zeuek galdetzen ari zarelako. Ez da askotan ateratzen dudan gai bat, egia esanda.

2001, ABENDUA
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • OSKORRIren agurraren aurrean gaude? Irakurri hemen.
  • BOB DYLAN, uztailaren 11n BILBOko Guggenheim zabalgunean, 21:00etan.
  • Mundumira jaialdia asteburu honetan Leintz-Gatzaga eta Eskoriatzan. Programa hemen!
  • Manu Chaok Galizian joko du maiatzaren 17an eta 19an Reperkusión jaialdian.
  • Los Carniceros del Norte taldeak Otxaten (Araba) grabatu du bere bideo berria: Nekromantikos.
  • Governors + Willy Toledo: Bertigo bideoa

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!