entzun.com


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Backstage

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Imanol Ubeda 2011-08-04

JOSE JOAQUIN FORCADA, FORKI

Forki Forki

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Gaztetatik datorkio Jose Joaquin Forcadari, Forkiri, irratirako zaletasuna. Azkoitian bizi zela, lagunekin batera Loiolako Herri Irratira hurbildu zen musika saio bat proposatu asmoz. Irratikoen oniritziarekin, astean behin LP bat aurkeztuz murgildu zen uhinetan. Denborarekin lagunak aspertu eta bera geratu zen irratsaioaren ardurarekin. Autokontrola egiten ikasi eta konturatu orduko irratiko lan-taldean zegoen.
1982an Donostiako Herri Irratira pasa zen eta harrezkero bertan bizi da. Forkik abiarazi zuen Azken furgoia saioa erreferentzia izan da musikazale askorentzat. Musikari tribu gehienekin harremanetan egoteko aukera izan du eta horregatik oso ezaguna da musikarien artean. Prentsan ere aritu izan da -Euskaldunon Egunkarian, Entzun! Aldizkarian-. Gaur egun, irratian lan egiteaz gain Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gaztemaniak! proiektuan ere kolaboratzen du. Besteak beste, ohikoak ez diren proposamen minoritarioak ekartzea da Gaztemaniak!-en egitasmoa. Eta ahalegin horretan ere gustura dabil Forki. Euskal rockaren sorrera, komunikabideen zeregina, kritika, industria, sormena eta teknologia berriak izan dira solasaldi luzearen hizpide nagusiak.

Herri honetan azken 25 urte hauetan egin diren disko gehienak Forkiren begietatik pasa dira. Musika izan da, hain zuzen, orain arte egin dituen irratsaioen osagai nagusia. Hala ere, Forkiren kasuan bederen, musikazaletasuna lanbidearen gainetik dago. Beraz, afizioz eta ofizioz, gertutik jarraitzen ditu euskal musikaren gorabehera guztiak. Horregatik interesgarritzat jo dugu bere lekukotasunaren berri ematea.

Euskal Herrian egin den rockaren bilakaera ezagutu duzu. Gauzak asko aldatu al dira 70. hamarkada amaieratik hona?

Garai hartan gauza gutxi zegoen rock estiloan. Orduko proposamen gehienak nahiko ondo ezagutzen genituen eta ia zuzeneko guztietara joaten ginen. Errobi aipatzen da lehen rock talde bezala baina nik uste dut lehena Elgoibarko Koxka taldea izan zela. Gaur egun, berriz, hainbeste talde daude eta aukera hain da zabala guztiz galduta nagoela. Orduan ez zenuen hainbeste aukeratzen. Ekitaldi gehienetara joaten ginen, militante moduan gainera. Hala ere, esan beharra dago rock mundua garai hartan oso gaizki ikusita zegoela. Horretara dedikatzen zen jendea -musikariak, zaleak... ez zegoen ondo ikusia. 80. hamarkada hasieran, hala ere, gauzak aldatzen hasi ziren.

Zorionez arazo horiek aspaldi gainditu genituen, ezta?

Bai, hala da. Bilborock eta Donostiako Gasteszena areto munizipalak dira horren lekuko. Gauza horiek pentsaezinak ziren duela urte asko. Hasiera batean disko gutxi batzuk plazaratzen ziren. Baina punkaren loraldiarekin batera ekoizpenak eta jaialdiak nabarmen ugaldu ziren. Dena egiteke zegoen. Arrazoi horregatik ez ote zen mugimendu hura gaur egungoa baino biziagoa izan? Ni 20 urte gazteago nintzen eta gainera dena ikusi eta entzuteko genuen. Orduan gauza guztiak sekulako gogoarekin jasotzen genituen. Gaur egun hainbeste gauza dago! Ezustekoak gustuko ditut eta orduan gauza gehienak harrigarriagoak ziren. Seguraski dena berria zelako.

Azken urteotan, aldiz, gainprodukzio moduko bat bizi dugu. Hala ere, aspaldiko erreferentziekin jarraitzen dugula iruditzen zait.

Denetarik dago baina egia da jende asko garai bateko erreferentziekin mugitzen dela. Bistan da, 17 urteko gazte asko La Polla maite dute gehien. Oso esanguratsua da hori. Arrazoia? Ez dakit zein izango den baina harrituta nago. Agian musika ez da gehien interesatzen zaiena. Agian musikaren inguruan dagoen giroan erreparatzen dute. Faktore horiek guztiak gazte batentzat oso garrantzitsuak dira. Modu batean ulergarria da.

Aspaldiko erreferentziekin bueltaka bagabiltza, gehiegi aurreratu ez dugun seinale.

Baliteke. Garai honetan heavyak duen erantzuna benetan ez dut ulertzen. Entzuten dudan heavya gainera nahiko kontserbadorea dela esango nuke. Pop doinuekiko iritzi ezkorrak ere oraindik indarrean jarraitzen du. Hori ere ez dut oso ondo ulertzen. Estilo horretan arrakasta izan dutenak gutxi batzuk izan dira.

Teknologia berriekin sortu diren tendentzia berriak bogan dira nazioartean. Guregana ere iritsi al dira?

Interesa badago, baina mundu hori hain zabala da. Javi Pez eta konpainia mundu horretan minoritarioak dira esperimentazioarekin jolasten dutelako. Baina euro dance egiten duten horiek, Hemendik At! edota UGA bezalako proiektuak sustraitu dira, ezta? Dena den, gauza gutxi egiten da oraindik. Musika elektronikoak ez du ia oihartzunik. Eta Hip hop estiloa ere minoritarioa da. Europan eta AEBetan izugarrizko arrakasta du. Baina hemen ez du zaletu askorik. Selektah Kolektiboak disko ederra egin zuen baina ez dira gauza gehiago egin. Eta nahiko arraroa da, beste lurralde batzuetako gazte askorentzat erakargarria baita.

Eta zuri interesgarriagoak egiten al zaizkizu tendentzia horiek?

Dudarik gabe, gainera freskotasuna ekarri dute. Dena den mundu hori oso zabala bihurtu da. Lehen esan dut, niri ezustekoak gustatzen zaizkit. Eta proposamen batzuk oso interesgarriak direla uste dut. Hala ere, akats batzuk ere sumatu ditut. Doinu asko denborarekin aspergarri bihur-tzen dira. Eta zuzenekoetan askok kale egiten dute. Askok zuzenekoan ez dute maila ematen. Agian zahartu egin naiz baina zuzeneko emanaldietan musikariak oholtza gainean jo-tzen ikustea gustatzen zait. Oso erakargarria den zerbait diskoan entzun baina zuzenean etsituta geratu naiz zenbait talderekin. Dena den, orokorrean mundu horretatik iristen dena oso interesgarria iruditzen zait. Soinu aldetik osatu diren kolore berriak, esperimentaziorako joera... Gainera aukera asko ematen ditu, baita rockeroentzat ere.

Garai batean ez bezala informazio-iturri gehiago ditugu: irratia, telebista, prentsa, internet... Baina entzuleen joera, orokorrean hitz eginda, oso uniformea da. Gustuak ez direla dibersifikatu, alegia.

Mimetismo kontua izango da. Zure lagunei zerbait gustatzen bazaie, eta denei hori gusta-tzen bazaie azkenean badirudi zure gustukoa izan behar duela. Alde horretatik nahiko itxiak izan garela uste dut. 80. hamarkadan bazirudien azken tendentziekin batera geundela, orain ez dirudi horrela denik. Tristeena da askok erreferentzia zaharrekin jarraitzen dutela eta gauza berriak defenda-tzen oso jende gutxi ausartzen dela.

Irrati-formulek ere zeresanik izango dute uniformizazio horretan.

Irrati-formulen kontra gaude eta egia da horietako asko publizitate eta audientzien arabera mugitzen direla. Baina probak ere egin dira, ausartagoak diren proposamenak ere jarri izan dira eta ez dute funtzionatu, hori ere aitortu behar da. Horrelakoak gara.

Komunikabideetaz mintzo garela kritikaz ere hitz egin beharko dugu.

Ezer esan baino lehen, nik ez dut inoiz nire burua kritikotzat hartu. Umiltasun guztiarekin esaten dut. Musika gustuko dut baina ez naiz kritikoa sentitzen.

Dena den, Euskal Herrian benetako kritika falta dela esan izan da. Kritika ez dela existitzen entzun izan dut. Denei tratamendu bera ematen zaiela eta denentzat hitz politak izaten direla.

Batetik, zergatik ez dute denek toki eta denbora berdina merezi? Hasieran behintzat, denek eskubide berdinak dituzte. Beste gauza bat da zuk musika jartzeko orduan edo musikari buruz idazteko ahalmena baduzu zein den egiten duzun aukeraketa. Zer da errazena? Gustuko duzuna aukeratzea. Nik denei aukera berdina ematen diet. Kritikoa dena ez da musika kritikoa, hori utopikoa litzateke. Musika guztia kontrolatzea zaila baita.

Hala ere ez zaizu iruditzen zenbaitzuk militante modura idazten dutela?

Arrazoirik ez zaie falta. Hain marjinatuak daude musikariak eta euskara! Nahiz eta hainbat gauzarekin ados ez egon, gezur txiki batzuk esatea zilegizkoa dela iruditzen zait. Agian ez da oso formala izango, baina aitortu behar dut irratian nire gustukoak ez diren hainbat disko jartzen ditudala euskaraz egindakoak direlako. Agian batzuk ez nituzke inoiz jarriko. Kritikak egiten hasita asko gaizki jarriko nituzke baina ez zait jarrera egokia iruditzen. Hala eta guztiz ere, ez dut uste kritika aldetik gaizki gaudenik.

Sormenari heldu diezaiogun. Talde interesgarririk ikusi al duzu azken bolada honetan?

Bai, dudarik gabe. Gauza interesgarri pilo bat, baina ez dut izenik eman nahi. Hala ere, behin mundu honetan sartuta, zer edo zer berriren zain zaude. Badakit hori akats bat dela nire aldetik. Hainbat urte egin ditut irratian eta gauza batzuk horrelako erreparo batekin jaso ohi ditut. Nire akats txiki bat dela onartzen dut. Proposamen interesgarriak egon badira; baina gauza horiek ez dute askotan zuk nahiko zenukeen erantzuna jasotzen. Interesgarriak izan diren ekimen batzuk ez ditugu mimatu eta desagertu egin dira; edo maila marjinalago batean mantentzen dira.

Euskara muga bat da dela esan ohi da. Baina hizkuntza bera ala taldeek duten maila da kanpora ateratzeko arazo nagusia?

Hizkuntzarena bai dela muga. Euskal Herrian oso proposamen interesgarriak daude, lehen bezalaxe. Kanpoko edozein proposamen baino askoz interesgarriagoa eta duinagoa. Ez dakit euskara nolakoa den kanpotarrentzat, baina esate baterako, folk musikan zergatik daukate Galiziako taldeek hainbesteko arrakasta? Azken finean Espainian galegoz edo katalanez abesten baduzu dena ez, baina zerbait ulertuko dute. Kanpoko jendeak euskaraz egin ezkero ez du tutik ere ulertzen. Beste faktore batzuk ere badira. Ingeleraz abesten duten zenbat talde entzuten ditugu zertaz ari diren jakin gabe. Zentzu horretan, gaztelania eta ingeleraren menpe gaude.

Musika oinarrizko elementuan bilakatu da Interneten. Napster fenomenoak industria hankaz gora jartzeko zorian egon da. Baina hemengo diskoetxeek zer nolako garrantzia ematen diote kate berri honi?

Orokorrean bai, asko erraztu du lana. Euskal Herrian azkar samar jarri gara horretara. Baina uste dut hemengo zigiluen artean oso zaila dela disko berrien kantuak dohainik entzutea. Kanpoko diskoetxeetan, ordea, oso normala da singlea sarean ipintzea.

Teorian Interneten edozein izan daiteke igorle. Baina iraultza benetakoa izan al da? Ez al dira industria tradizionalaren inertzia berberak errepikatzen?

Bai, dudarik gabe. Teorian txikiek aukera berberak dituzte eta medio gutxi dituenarentzat internet sarea onuragarria dela esan ohi da. Baina kanalizazio nagusiak betikoen menpe jarraitzen dute. Mundu errealean dauden inertziak Internetera pasa dira. Marjinala dena mundu errealean, birtualean ere hala da. Erakargarri den zerbait sarean ipini baina gero publikoaren aldetik erantzun bat jaso-tzen ez badu, beti geratuko da bigarren maila batean.

Gauzak asko aldatu direla esanez hasi gara. Zentzu horretan, instituzioak gaur egun gehiago inplikatzen direla esan daiteke.

Lehen rock mundua oso gaizki ikusia zegoen. Ez zegoen begirune edo konplizitate hori. Baina orain muturra sartu nahi dute, gazteengana iristen dela ikusi dutelako. Gipuzkoan erabakigarria izan zen 1982an Administrazioak bultzatu zuen diskoa. Gipuzkoa Star 82 zuen izena eta lehiaketa baten ondoren 14 taldek kantu bat grabatzeko aukera izan zuten. Gerora, oihartzuna izan zuten hainbat talde atera ziren lan horretatik. Gauza berezi samarra izan zen bere garaian. Orain toki guztietan egiten dira lehiaketak eta azkenean ez dakit gehiegizkoa ez ote den.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen Gaztemaniak! ekimenean ere har-tzen duzu parte.

Aurrekontu txiki batekin bestelako proposamenak ekartzeko asmoarekin osatu zen Gaztemaniak! zikloa duela sei bat urte. Beste herri batzuekin alderatuz, abantaila handia dugu. Diru publikoa dugulako kontzertuak antolatzeko. Hori AEBetan pentsaezina da. Bertako taldeen kantuekin osaturiko CDak ere argitaratu ohi dira. Gipuzkoako talde hasiberriak bultzatzeko ere eratu zen Gaztemaniak!

2001, ABENDUA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Miss Octubre da Alfredo Piedrafitaren (Barricada) talde berria. Dagoeneko grabatu dute estreinako diskoa.
  • Hesian-ek Goenkale saiorako grabaketa txiki bat egingo du Bonberenean hilaren 10ean, 16:30etan.
  • Interpol taldeak El pintor izenburuko diskoa argitaratu du. Estudioko euren 5. diskoa, 3 urteko atsedenaren ondoren.
  • JAZPANA! 2014rako lehen talde konfirmatuak: Nueva Vulcano, Beach Beach, Capsula, Ladislao...
  • Irailak 16, 19:30: Aitor Gorosabel & Xabi Bastida (Su ta Gar) hitzaldi musikala Antsoaingo antzokian.
  • Juantxo Skalari Txilera itzuliko da urriaren 12an eta The Skatalites-ekin batera joko du.
  • Monkey Week urriaren 10, 11 eta 12an egingo da Puerto de Santamarian: http://monkeyweek.org
  • David Bowie bere hurrengo diskoan lan egiten ari da.

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!