Marino Goņi.
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Marino Goņi Oloriz (Burlata, Nafarroa, 1951) euskal rockaren eragile eta bultzatzaile garrantzitsuenetako bat da, partehartze zuzena izan baitu azken bi hamarkadetako talde ezagunenetako batzuen zabalkundean (La Polla Records, Barricada, Hertzainak, Kortatu, Exkixu, Skalariak, Berri Txarrak
).
19 urterekin Madrilera joan zen ikastera, eta hango Radio Popular irrati ezagunean hasi zen lanean, kontrolista gisa. Julio Ruiz, Juan de Pablos, Moncho Alpuente eta beste asko zeuden Radio Popularren. Asko ikasi nuen Madrilen, eta geroztik musika da nire bizitzan garrantzi-tsuena.
1977an Iruņera itzuli zen eta irratiari lotuta jarraitu zuen; Herri Irratian Más o Menos Rock musika saioa zuzendu zuen. 1981ean Soņua diskoetxearen estudioan rock taldeen maketak grabatzen hasi zen, eta hilabete batzuk geroago Soņua Nafarrock zigilua sortu zuen, La Polla Records eta Barricadaren lehen lanak kalera-tzeko. Diskoetxeko lan hori kazetaritza lanarekin osatu zuen, Egin egunkariko Plaka Klik musika orria martxan jartzen lagundu baitzuen (geroago Bat, Bi, Hiru izena hartu zuen orriak).
1986an Soņua banandu zen, eta Oihuka diskoe-txea sortu zuen Goņik. Delirium Tremens, Tijuana in Blue eta Potatoren diskoak kaleratu zituen, beste askoren artean. 1991n berriz, Gor sortu zuen, hamar urte bete berri dituen diskoetxea. Diskoetxe bakoitzak istorio beraren atal bat osatzen duela uste du Goņik. Gustukoagoa dut auzoetako jendea erdiguneetakoa baino, gustukoagoa dut musika kaņeroa lasaia baino, eta gustukoagoa dut musika komertziala esperimentala baino.
Musikari gisa, bere lehen taldea Los Intrépidos izan zen. Motosekin EP bat grabatu zuen (Soņua- Nafarrock, 1982), Fiebre-rekin izen bereko disko bat (Oihuka, 1986) eta Balerdi Balerdirekin hiru disko: Balerdi Balerdi (Gor, 1992), Ez gara galdu (Gor, 1994) eta Hobe behin gorri
(Gor, 1997).
Zaletu gisa, lau erreferentzia nagusi izan ditu Marino Goņik: 60ko hamarkadako pop eta rock taldeak (The Rolling Stones, The Kinks, Los Salvajes
), Madrilgo egonaldia han ikasi nuen sentimenduak garrantzi handia duela musikan, flamenkoa, jazza eta bluesa ulertzen ikasi nuen, punk mugimendua eta musika elektronikoa urrezko garaia bizitzen ari da, eta rockak aldiz, beheranzko joera hartu du
Euskal rockaren historia oraindik laburra bada ere, zurea oso luzea da. Iparraldeko lehen taldeen sorrera ezagutu zenuen zaletu gisa, ondoren parte hartze zuzena izan zenuen RRV-ren (Euskal Rock Erradikala) zabalkundean, eta gerora ere musika industriari lotuta jarraitu duzu, diskoetxeko arduradun gisa zein musikari gisa. Laburki egiterik badago, non ginen duela hogei urte eta non gaude?
80ko hamarkadaren hasieran bi kultur mugimendu zeuden, bata trantsizioarena, ofiziala, eta bestea tabernetakoa. Iruņeko tabernetan jada sumatzen zen kultur aldaketa bat, baina oraindik ez zen ikusten, apenas egiten baitzen rock kontzerturik. Urkok edota Benito Lertxundik jada ez zuten euskal gazteria ordezkatzen. Iruņean Tocamas (Toņo Muroren taldea), Cafarnaun (El Drogasen taldea) eta Tensiķn (Josetxo Bichorena) taldeek ordezkatzen dute aldaketa kultural hori. Baina beste herrialdeetan gauza bera gertatzen ari zen: Hertzainak zegoen Gasteizen, Zarama Bizkaian eta Donosti Sound delako taldeak (Puskarra, Mogollon) Donostian.
Agitazio mugimendu bat sortu zen horren inguruan.
Aldaketa gogo hori bideratzea eta zabaltzea egokitu zitzaigun, oso garbi ikusten baikenuen egin behar zela. Horretarako hainbat hesi bota behar izan genituen, esaterako abertzaletasuna eta rock kultura bateraezinak zirelako ustea. Bereizketa hori pikutara bidali genuen.
Hogei urte geroago uste dut beste harresi bat dugula botatzeke, herrialdeen artean gaur egun dagoen bereizketaren harresia. Garai hartan jendea Iruņetik Gasteizera, edo Gasteiztik Bilbora joaten zen kontzertuak ikustera. Jendearen arteko harremana oso handia zen. Gipuzkoa eta Nafarroa ez dira inoiz elkarren artean hain urrun egon gaur egun bezala, eta Iparraldearekin garai batean izan genuen harremana galdu egin da. Badira beste herrialdeetan inoiz entzuten ez diren taldeak. Esaterako, Gipuzkoan sortutako heavy taldeak ez dira Iruņeara iristen. Asgarthek neguko disko arrakastatsuenetako bat atera du, eta ez du Iruņean kontzerturik eman. Zergatik? Iruņeko jendeak oraindik ez dakielako sekulako arrakasta izan duela Gipuzkoan, eta kontzertu bat antolatzeko orduan Errotxapeako taldeetara jotzen dute edo talde ezagunetara. Alderantziz ere gerta-tzen da. Atzeraka goaz, jendeak ez du talde berriak ezagutzeko gogorik. Gasteizen ere apenas egiten den kontzerturik. Taldeak herrialdeka banatuta daude, eta ez badugu horrekin apurtzen etorkizuna ez da erraza izango.
Elkar urruntze horrekin apurtu beharko genuke, bestela iritsiko da eguna ez dugula elkar ezagutuko. Premiazkoa da taldeak trukatzeko herri ekimenen bat martxan jartzea.
Norena da hori gertatzearen ardura?
Denok dugu erruaren zati bat: diskoetxeak, taldeak eta jendea. Dena den, gazte jendeak heldu behar dion afera da. Euskal rockaren garapena beti etorri da gazte mugimenduaren eskutik eta horrela izaten jarraitu behar du. Egunen batean emango digute jubilazioa, eta orduan hor konpon.
RRV-k utzitako ajearen ondorioak dira?
Bai. RRV-k bizitza osorako kantu klasikoen bilduma bikain bat utzi zigun, baina zoritxarrez haren inguruko mitifikazio bat sortu da, denborarekin zama bihurtu dena. Gaur egun oso musika interesgarria egiten da Euskal Herrian, eta ez dut ulertzen zergatik zenbait gaztetxetan garai hartako musika edo makina zatarra jartzen den.
Mitifikazio horren beste sintoma bat da 1987ko giroa goraipatzea eta gaur egungoa gutxiestea. Hori gezurra da, gaur egun martxa handiagoa dago orduan baino. Eszena ere irekiagoa da, garai hartan pop taldeak mezprezatu egiten zituzten, jendeak errespetu handiagoa du gaur egun, baina aldi berean ez daki nondik jo, milaka disko ezberdin baitaude. Arazoa da ez dagoela publikorik eskaintza horretarako. Duela hiruzpalau urtetik hona gutxiengoentzako diskoak defizitarioak dira, eta diskoetxeek birritan pentsatu behar dute disko bat argitaratu aurretik. Esango nuke 300 laguneko masa kritiko bat dagoela, kon-tzertuetara joaten dena, talde berriak ezagu-tzeko gogoa duena... Duela hamar edo hogei urteko kopuru bera da.
Diskoetxei sarritan leporatu zaizue arriskurik ez hartzea.
Barregura sortzen dit horrek. Arriskatu besterik ez dugu egiten, eta gero eta gutxiago egiten badugu, pirateriaren erruagatik da, talde arraroak baitira pirateatuenak. Su Ta Gar-en azken diskoa nahi duenak erosi egingo du; talde arraro batena ordea lagun bati eskatuko dio grabatzeko. Musikazale kultua da gehien pirateatzen duena, eta hemengo talde txikiei kalte gehien egiten diena. Azken bost urteetako katalogoak ikusten badituzu, ikusiko duzu zenbat arriskatu dugun.
Merkatuaren saturazioa nabarmena da. Zein da arrazoia?
Diskoetxe nolabait profesional batek disko kopuru bat atera behar du urtero, makinaria gera ez dadin. Hamabi izan daitezke edo sei, baina presioak bultzatzen gaitu egin beharko genituzkeenak baino disko gehiago egitera.
Espainiako diskoetxe handi baten maila berean gaude Su Ta Gar bezalako talde batek milaka disko salduko lituzke Espainian- baina gure merkatua Euskal Herrira mugatzen da.
Gainera, eskaintza ez da oraindik normalizatu. Adibidez, kontsumoko euskarazko pop musikarik ez da existitzen, ez da existitzen La Oreja de Van Gogh euskaraz, eta horren beharra dugu bizirauteko. Horri bizkarra ematea oker handi bat da. Diskoetxeen egitura oso ahula da, baten beherakadak besteongan eragina du. Esan Ozenkitik Metak-era aldatzeak eragina du gugan. Metak, Gor eta Gaztelupeko Hotsak, esaterako, krisian sar-tzen badira, eta ez da hain zaila gertatzea, ez dago musikarik, eta Eroskiko musika departamenduak Espainia edo nazioarteko diskoen aldeko apustua egingo du. Horri erantsi behar diogu ez dugula inolako dirulaguntzarik jasotzen, eta aldiz, mota guztietako jaialdiak subentzionatuta daude.
Zer zutabe indartu beharko lirateke diskogintzan?
Zigilu maila ezberdinak egon beharko lukete. Gurea bezalako diskoetxe komertzialen eta alternatiboen artean oso tarte handia dago, hutsik. Aurrekontu gutxiko maketak grabatuko dituzten proiektuak falta dira. Gaur egun badaude batzuk, baina oso erreibindikatiboak dira, ez dute dirua atera nahi eta orduan pikutara joaten dira. Bestetik, falta da lehen esaten nuena, herrialde bakoitzean egiten denaren gaineko informazioa. Muga geografikoak eta mentalak suntsitu behar dira.
Euskal rocka esportagarria al da? Hala izateko, hizkuntz propio bat sortzea da gakoa?
Esportagarria da, zenbait artistek erakutsi dutenez. Arazoa da gure musika esportatzeko daukagun azpiegitura hastapenetan dagoela oraindik. Bestetik, hori lortzeko eta euskal rocka benetan lehiakorra izan dadin jauzi bat eman behar da kalitate mailan.
Horri lotuta dago herri honen nortasun zan-tzuak indartzea musikan ere, orain arte zirriborratu besterik ez baita egin. Esaterako, nire desioetako bat da musika elektronikoaren barruan mugimendu autoktono bat sortzea, Asian Dub Foundationek asiar sustraiekin egin duen bezala, baina euskal doinuak txistua, alboka, bertso doinuak
barneratuz.
Aipatu duzu euskal rockak gazteen ekimena behar duela iraungo badu. Haatik, fanzine, gaztetxe eta irrati libreen sareak behera egin du nabarmen. Nola ikusten dituzu belaunaldi berriak? Ako-modatuagoak dira edo beste kezka batzuk dituzte?
Zoritxarrez, gaur egun gaztetxe batzuk telebista ikusteko erabiltzen dira. Beharbada mende berri honetan gaztetxeek eta fanzineek izateko funtsa galdu dute, baina ez dut hori sinestu nahi. Kezkatzen nauena da jendea gero eta gehiago bizi dela bere gauzetarako, eta globalizazioa sekulako erraztasunaz geureganatzen dugula.
Lehen dena jartzen genuen ezbaian, gaur egun gaitasun kritikoa erabat desagertu da. RRV izan zen mugimendu baten soinu banda. 90eko hamarkadan lortu zen zarata hori herrira zabaltzea, eta geroztik murrizten joan da pixkanaka, gutxiengo bihurtu arte.
80ko eta 90eko hamarkadan, Suitza, Alemania, Suediako taldeak etortzen ziren gaztetxeetara, benetako talde bikainak. Duela bospasei urtetik hona hori aldatu da, jada ez dira etortzen. Zergatik? Inork ez duelako nahi lan hori egin: eszenarioa jarri, afaria prestatu, ekipoa... Maila horretan ez dago interesik.
Beharrezkoa litzateke talde ikur bat egotea ilusioa berpizteko?
Benetako mugimendu bat behar da euskal rocka berpizteko, aurreko belaunaldiok ireki ditugun bideak musika bizi, fresko eta sortzaileaz beteko dituen belaunaldi berri batek sortutako mugimendua. Horrez gain, talde lana egin behar da eta talde ikur horrek gurean jokatzen badu, hobeto.
Irratian eta prentsan bertako musikaren alde lan handia eginikoa zara. Zer deritzozu komunikabideek gaur egun jokatzen duten paperari?
ETBren jokaera ez dut inoiz ulertu. Zentsura izan da beti gazteentzako egin duen programazioaren oinarria. Euskal Herriko rockari beldurra dio, eta zerbait egiten badu diru gu-txirekin eta ordutegi arraroetan egiten du. Kulturarekiko duen interesa oro har hutsaren hurrengoa da.
Irratiei dagokienez, Euskadi Gaztearen defendatzailea naiz. Faltan botatzen dut kultur irrati publiko bat, baina hori ezean irrati-formularen bidea ez zait gaizki iruditzen euskal musika sustatzeko. Euskal talde gazteak entzuteko aukera eskaintzen du, nahiz eta jakin badakit zenbait taldek ez dutela erraz bertan sartzeko.
Kritika ezak gehiago kezkatzen nau, argudioekin egindako kritika zorrotzik ez egoteak. Lehen aipatzen genuen ajearen eragileetako bat hain zuzen, hori izan da. Denak lagunak ginelako gauzak ez dira garbi esan. Eta horrek oso ondorio arriskutsua ekarri du: zurrumurruek betetzen dute kritikaren hutsunea. Niri Sagarroirekin gertatu zitzaidan. Ezer entzun gabe diskoari buruz jaso nituen iritzi guztiak txarrak ziren, baina kontzertuan ikusi nuen eta talde ona iruditu zitzaidan. Zurrumurruei kasu egin izan banie, ez nintzen sekula joango kontzertura eta ezta diskoa erosiko ere. Kritikariak zurrumurruak gezurtatzeko lan hori egin beharko luke. Bidenabar, musikariek asko irabaziko lukete.
Azkenik, zutabegileak botatzen ditut faltan, musikari buruzko komentarioak egin edota eztabaidarako gaiak planteatuko dituzten zutabegileak.
Kuotak ezartzearen aldekoa zara?
Bai, baina ez dakit emaitzarik ekarriko lukeen horrek. Frantzian ezarri zuten zinemarako, eta azkenean ekoizle amerikarrak bete-betean sartu dira. Katalunian ere ez du funtzionatu musikarekin, eta ziur naiz hemen aplikatuko balitz horri etekin pertsonala aterako zion jendea egongo litzatekeela. Protekzionis-moaren alde nago, baina beste era batera egingo nuke. Diskoen dirulaguntzen gaia ere arriskutsua da, normalean zorrak handitzeko bidea izaten baita dirulaguntza.
Liberalismoarekin ados nagoen arlo bakarra hauxe da: utz gaitzatela lan egiten. Kuotena beharbada ongi egongo da, baina beharrezkoagoa iruditzen zait ETBn rock saio on bat egotea. Edo Jaurlaritzak diru kopurua bat bidera dezala euskara edo gazteria galtzen ari den herrietan rock kontzertuak emateko. Emisio kuotek beldur pixka bat ematen didate, batzuk aprobetxatuko ziren, autozentsura egongo litzateke. Azken finean, iruditzen zait euskal musikaren osasun ona herritarren eta sortzaileen menpe dagoela, ez gobernuaren menpe.
Euskal editore eta egileen elkarte bat sortzeko beharra ere plazaratu da zenbait alditan prentsan. Bat zatoz kezka horrekin?
Duela urte asko egin ziren saio batzuk, eta espero dut beste hogei urte ez pasatzea proiektu hori gauzatzeko. Kolektibo gisa entitate indartsua gara, eta legeak ez du elkarte berri bat artikulatzeko atea ixten. Kontzertu ekonomikoekin bezala, SGAErekin beti gal-tzen ateratzen garela iruditzen zait, eta arlo horretara ere zabaldu beharko genuke autodeterminazio eskubidea.
Euskal egile eta editoreen elkarte konpetitibo bat egingo nuke, eta ziur naiz Espainiatik eta Frantziatik artista asko etorriko liratekeela beren abestiak gurean erregistratzera, SGAE baino gardenagoa izango litzatekeelako eta musikarien eskubideak hobeto zainduko lituzkeelako.
Internet kultura txikien aldeko tresna izango dela esaten dute adituek. Argi dago aldaketak ekarriko dituela musikaren negozioan. Zer ekar diezaioke euskal musikari?
Kontrako eta aldeko gauzak ditu. Kontrakoa da errazagoa dela pirateatzea. Bestetik, lokala den talde bat Kalifornia edota Tokiora iristen da. Hori dagoeneko ikusten ari gara. MP3 bidez munduko edozeinek dauka hemengo talde baten kantuak ezagutzeko aukera. Errealitate bat da, eta espero dut gero eta emaitza hobeak ematea. Duela urtebete interneteko denda jarri genuenean zalantzak genituen bere eraginkortasunaz, baina gaur egun disko kopuru antzekoa saltzen dugu internetez eta postaz.
Etorkizunean multinazionalen merkatuan lehiatzera derrigortuta dago euskal rocka?
Multinazionalak betidanik egon dira hor eta tarteka interesa agertu dute euskal taldeak fi-txatzeko, beti ere baldintza batzuk jarriz: euskarazkoarekin batera gaztelaniazko bertsioa kaleratzea, eta gaztelaniaz abesten duten taldeen kasuan haien hitzak leuntzea. Oraingoz euskal rock taldeek esparru independenteari eutsi diote, eta horietako gehienek badakite euskaraz abestuz ez dutela zereginik merkatu multinazionalean. Haatik, zer gertatuko litzateke bat-batean euskarazko rocka multinazionalen interesekoa bihurtuko balitz eta gure esparruan esku hartzea erabakiko balute?
2001, ABENDUA