entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Backstage

Myriam Garzia 2011-08-04

Rafa Aceves

Rafa Aceves. Arg: Itziar Diaz de Durana. Rafa Aceves. Arg: Itziar Diaz de Durana.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Zinemarako, antzerkirako zein telebistarako egin du lan, baina ezaguna da Txuma Murugarren edo Petti laguntzen dituelako tekletan. Mamba Beat talde bilbotarraren tekla-jolea ere bada –bigarren diskoa grabatzen ari dira–, eta Bilboko jatetxe ezagun batean urteak eman ditu bertako afariak musikaz laguntzen, “hori baita fakturak ordaintzen dituena” esan digu. Bitartean, Rafa Aceves jazz hirukotea gidatzen du, heziketa bereziko umeei musika eskolak ematen dizkie eta bere azken proiektuan, “Mirande Cabareta”, Txuma Murugarren eta Edorta Jimenez laguntzen ditu, literatura, antzerkia eta musika uztartzen dituen muntaian.

Telebista, zinea eta antzerkirako egiten duzu lan, Txuma Murugarrenen ohiko piano-jolea izateaz gain, zenbat dira musikariaren lanbideak?
Pianoa izanik nire musika tresna, nahiko erreza da lana bakarrik defendatzea. Esan nahi dut, pianoa beste musika tresnak ez bezala, bakarrik ere, inolako musika talderik gabe, jo daitekeela eta eskaintzen duzuna borobila izatea. Baxu jolea ala bateria jolea izango banintz, musika talde bat beharrezkoa izango nuke, eta aldiz pianoarekin bakarlaria izan eta bakarrik lan egin dezaket. Beti ere, musikari bakar bat merkeagoa da talde oso bat kontratatzea baino. Horrela, bizi naiz musikatik eta ezin diot ezeri ezetz esan, are gutxiago krisi garai hauetan. Minimoa Kasko jatetxean egiten dudan lanari esker betetzen dut eta gainerakoak dira Txumarekin grabatzen ditudan diskoak edota kontzertuak, edota antzerkirako latazko grabazioak, e.a.


Bilbon ezaguna zara piano-jole bezala, orain dela urteak Kasko Jatetxean otorduak musikaz laguntzen dituzulako...
Urteak dira bai, hasi nintzela, 1992an, orduan Kalean deitzen zen taberna. Baita ere arropa denda batean eta Monteverdi kafetegian egin nuen lan horren aurretik, 18 urte nituela. Garai haietan Bilbon hutsune handia zegoen publiko aurrean musika jotzeko orduan, eta nolabait, lanbidea asmatu behar zenuen. Orduan hasi ziren lehen kontaktuak eta jendea ezagutzen Kaleanen egiten nuen lanagatik. Gogoratzen dut ere, teklatua erosi nuela aitak aurreratutako diruarekin.


Garai horietan, bazenekien maila handiko musikaria izango zinela?
Unibertsitatean ikasten nuen eta gauez pianoa jotzen nuen tabernan. Azkenean ikasketak utzi nituen lanbide bat nuelako. Txikitatik jakin nuen musikaria izan nahi nuela. Orduan ere hasi nintzen beste talde batzuentzat kontzertuak egiten eta diskoak grabatzen. 2002an Txuma ezagutu nuen eta gaur arte, kar, kar.
Oso prozesu geldoa da, baina burugogorkeriagatik-edo mantendu egin naiz musikari bezala. Apustua egin baduzu aurrera egitea erresistentzia kontua izan daiteke, baina azkenean borroka honek badu saririk. Bada ere jende askok apustu hori egin duena eta kale egin duena, agian dena da gezurra... ala egia, eta horrek zure proiektuan duen eragina kalkulatzea beharrezkoa da.


Iraganean ala gaur egun, noiz izan da errazago?
Gaur egun errazagoa da. Nahiz eta egun Bilbon dagoen panorama nahiko etsigarria den. Gasteizen, Donostian... beste era batean planteatzen dute formatu txikiko ikuskizunak, baliabide eta taberna gehiago daude formatu txikia lantzen dutenak Bilbon baino eta hau Bilboko udalaren gestioaren erruz gertatzen da. Bilbon Kafe Antzokiko lizentzia duten tabernetan soilik egin daitezke kontzertuak, eta baimen horiek gutxi dira eta ez dituzte gehiagorik ematen. Honek eragin zuzena du formatu txikiko ikuskizunetan, tamaina, isolamendu akustiko eta aforo zehatza duten areto handietan egin daitezkeelako soilik kontzertuak. Azken finean, zer da kafe antzoki bat? Bada kafe batean egiten den ikuskizuna eta ez tamaina eta ezaugarri zehatzak dituzten aretoetan egiten dena soilik. Horregatik formatu txikiko ikuskizunak ez dute tokirik gaur egungo Bilboko tabernetan, eta honen ondorioz Bilboko udala formatu txikiko generoaren kaltetan ari da, ez dakit nahita ala nahita ez. Honen ondorioz, mago bat, piano-jole bat ala jazz hirukote batek ez du lekurik Bilboko aretoetan. Irudimena behar da garai berri hauetara egokitzeko orduan. Europa bada erreferentzia, zoaz Londresera ala Berlinera eta ikusi zer gertatzen den bertako tabernetan arratsaldeko orduetan, eta jada ez nabil gaueko ordu txikietaz. Hau aldatu beharra dago, horrelako ikuskizunek hiria dinamizatu eta lanpostuak sortzen dituelako. Ez bakarrik baimena eman, nire ustez horrelako ekimenak diruz lagundu beharko lirateke. Tabernariei egiten utzi behar diete udaletik. Ikusi bestela Liverpool bezalako hiri industrialak, musikan oinarrituta, eraberritu den hiria, adibidez. Bertako musikari askok alde egin behar izan dute Bartzelonara ala Madrilera, Bilbon ez dutelako tokirik, eta hori ez da batere onuragarria.


Mamba Beat-eko kide zara eta baita ere Txuma Murugarrenen ohiko piano-jolea. Desberdina da taldean ala beste batentzat jotzea?
Lan bakoitza desberdina da eta beti hasi beharra dago zerotik. Musikariaren buruan sartu beharra dago jakiteko zein den zehatz-mehatz darabilen ideia. Hori da garrantzitsuena, musikaria entzutea eta jakitea zer nahi duen. Hala ere, argi dagoena zera da, gustuko izatea egiten duzuna, ez zaude hemen gustuko ez duzuna egiteko. Argi dago Txumarekin egiten dudana ase uzten nauela, gustuko dudala eta ehuneko ehunean Rafa Aceves dela hori egiten duena. Nik ez nuke gustuko ez dudan ezer egingo, horretarako badira beste lanbide batzuk musika bera baino errentagarriagoak.


“Bilbon dagoen panorama nahiko etsigarria da (…) Bilboko udala formatu txikiko generoaren kaltetan ari da, ez dakit nahita ala nahita ez. honen ondorioz, mago bat, piano-jole bat ala jazz hirukote batek ez du lekurik bilboko aretoetan (…) Horrelako ikuskizunek hiria dinamizatu eta lanpostuak sortzen ditu (…) tabernariei egiten utzi behar diete udaletik”

Mamba Beatekin bigarren diskoa grabatzen ari zarete, Bilbo iraultzea nahi zenuten, lortu duzue?
Bai, egia da gure publikoak ez digula huts egin. 30etik gora kontzertu eman ditugu eta lehen diskoaren 1000 kopia saldu, gehienak kontzertuetan, dendan oso gutxi. Horregatik jarraitu beharra daukagu zuzenekoak ematen baina horretarako manager bat beharrezkoa da, eta egia esan ez dago gure jazz-elektronikoa mugitzeko zirkuitorik. Masterizatzen ari gara bigarren diskoa eta ez dakigu oraindik, autoekoizpena izango den ala diskoetxe batentzat ariko garen, zalantza handiak dauzkagu zentzu honetan.


Antzerkirako ere aritu zara, asetzen zaitu honek musikari bezala?
Asegarria dena zera da, zuk butakan jartzea eta “enlatatua” dagoena entzutea zuk jotzen egon gabe, kar, kar. Oso gozagarria da.


Euskal Telebistako Eguraldiaren sintonia ere zurea da, zaila da egokitzea horrelako eskaerak dituen ezaugarrietara?
Azken finean, jotzeko erabiltzen duzun tresnarik baliotsuena burua da. Buruarekin badakizu zer nahi duzun jo, egin daiteke, zailena da ez jakitea zer nahi duzun. Azken finean ez da telebistarako ala antzerkirako lan egitea, zure buruak baldin badaki zer nahi duen, erreza da hori errealitate bilakatzea.


2009
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • OSKORRIren agurraren aurrean gaude? Irakurri hemen.
  • BOB DYLAN, uztailaren 11n BILBOko Guggenheim zabalgunean, 21:00etan.
  • Mundumira jaialdia asteburu honetan Leintz-Gatzaga eta Eskoriatzan. Programa hemen!
  • Manu Chaok Galizian joko du maiatzaren 17an eta 19an Reperkusión jaialdian.
  • Los Carniceros del Norte taldeak Otxaten (Araba) grabatu du bere bideo berria: Nekromantikos.
  • Governors + Willy Toledo: Bertigo bideoa

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!