Ruper Ordorika
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Ruper Ordorika Oñatin (Gipuzkoa) jaio zen 1956. urtean. Han egin zituen bere bizitzako lehenengo hamabi urteak, eta ondoren Gasteiza joan zen bizitzera. Bateria jotzen hasi zen, baina berehala gitarra hartu eta kantuak ikasten hasi zen. “Creedence Clearwater Revival, Dylan, Donovan, Free, Bad Company… denetarik en-tzuten nuen”.
15 urte zituela Gasteizen egiten zen kantu txapelketa batera aurkeztu zen lagun batekin batera, eta Michel Labegerieren kantu batekin garaile atera ziren. 17 urterekin Bilbora joan zen ikastera, eta han, lehenik Natxo de Felipe eta gero Gabriel Aresti ezagutu zituen. Euskal kulturaren inguruko zirkuituetan hasi zen mugitzen, eta unibertsitatean hainbat ekintza antolatzen ere aritu zen. Hain zuzen ere, giro horretan sortu zen Pott Banda literatur taldea 1978an: Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Joxemari Iturralde, Jon Juaristi eta Manu Ertzilla ziren bandako kideak Ruper-ekin batera, eta Pott aldizkariaren bost bat ale kaleratu zituzten 1980ra bitartean.
Urte horretan, hain zuzen, argitaratu zuen Ruper Ordorikak bere lehenengo diskoa —Hautsi da anphora (Xoxoa-Elkar)—. Kanta-gintza politikoaren garai onenak igarota, Ruperren estreinako lanak Atxagaren testuak moldatzen zituen, eta kritikarien onespena jaso zuen. Ni ez naiz Noruegako errege (Elkar, 83) lanean Atxagaren testuak ez ezik, Sarrionan-diarenak eta Iturralderenak ere egokitu zituen Ruperrek, eta bere lehenengo hitzak ere idatzi zituen.
Londresen egonaldi bat egin ondoren, Bihotzerreak (Elkar, 85) iritsi zen, baina beste bost urte itxaron behar izan genuen Ruperren grabazio bat entzuteko. Ez da posible (90) Grabaciones Accidentales Madrilgo zigiluak kaleratu zuen, eta bi urte geroago Ruper Ordorika & Mugalaris (Emak Bakia, 92) lau kantuko disko laburra grabatu zuen.
Horren ondoren, New Yorkera joan zen Ruper, eta handik etorrita, Hiru Truku taldea sortu zuen Joseba Tapia eta Bixente Martinezekin batera. Hiru Truku: Mendebaldeko euskal baladak (Nuevos Medios, 94) eta Hiru Truku II: Mendebaldeko euskal kantuak (Nuevos Medios, 97) lanetan kantu zaharrak berreskuratu zituzten, eta kritikarien zein entzuleen harrera ezin hobea jaso zuten.
So’ik so ( Medios, 95) lanean Ben Monder gitarrista estatubatuarrarekin lan egin ondoren, Dabilen harria (Nuevos Medios, 98) inprobisazio alorreko musikarekin grabatu zuen Ruperrek. Mugalaris bere taldearekin batera, 1999an Bilboko Kafe Antzokian eskainitako bi kontzertu Gaur (Esan Ozenki, 2000) zuzeneko diskoan jaso zituen; eta 2001. urtean Hurrengo goizean (Metak) diskoa karrikaratu du. Lan horretan Ben Monder Kenny Wollesen eta Fernando Saunders izan ditu taldekide.
Pott Bandaren barruan gerora euskal kulturaren barruan zeresan handia eman duzuen hainbat lagun elkartu zineten 70.eko hamarkadaren amaieran. Zer gertatu zen, halako batean, horrenbesteko kultur egarria zuen jende talde bat leku eta garai berean elkartzeko?
Nik esango nuke distantziatik zerbaiten bila ari ginen gazte batzuk elkartu ginela. Belaunaldi espontaneorik ez da izaten, baina bat-batean, hizkuntza bera materia ezberdin bezala erabiltzen genuen hainbat lagun elkartu ginen.
Ez genuen perspektiba handirik, eta ez zegoen inolako taktikarik, baina era berean, nabarmena zen ezberdin bizi ginela. Iruditzen zait euskaraz inoiz, modu horretan behintzat, aditzera eman gabeko ideia batzuk plazaratu zirela orduan, eta gure artean oso jende ezberdina izan arren, oso aberatsak izaten ziren ostegunero egiten genituen bilerak. Nik, adibidez, Bernardoren testu batzuk irakurri nituen lehenengo aldian pentsatu nuen nahiko nukeela nik idatziak izatea. Ez zen bakarrik poema ederrak zirela, baizik eta ni ere identifikatzen nintzela beraiekin.
Garai hartan, kantuaren munduan behintzat, ez zegoen kontraesanik batzuen abangoardia eta modernitate kutsuaren eta herri kulturaren artean. Izugarrizko egarria genuen, eta hori asetzeko asko entzuten genuen eta ikasten saiatzen ginen.
Esan izan duzu ez duzula literaturaren bidea segitu nahi. Literaturara emandako hainbeste lagunen artean, musikarena izan zen zure aukera?
Nik ez dut idazle izateko balio, eta beste intuizio batzuekin egiten dut lan. Potten garaian gauzetan harantzago joan nahi izaten genuen, inongo taktikarik gabe, baina harantzago. Etorri bezala jotzen genuen pilota, eta egitea, gustuko gauza egitea, genuen helburu. Eta horixe bera mantentzen dut oraindik ere. Nire helburua gauzak egitea da; harantzago joatea gauzak hobeto ulertu nahian. Eta hasiera hartan berdintsu zen, nahiz eta egoera oso ezberdina zen.
Harrezkero ibilbide koherente bat segitu duzu, eta unean uneko egoera ezberdinen gainetik, nortasun propioa erakutsi duzu beti. Izan duzu korronteen aurka ibiltzearen irudipenik?
Bai, askotan. Momentu batzuetan oso kontran sentitu naiz, baina hala ere, beti izan dut entzule kopuru bat; txikia, baina adi egon dena. Batzuek olatua harrapatu eta olatua indarrean dagoen bitartean mantentzen ohi dira, baina ni hor egon naiz gora edo behera handiegirik egin gabe. Hala ere, orain senti-tzen dut askoz samurrago sartzen dela nik eskaintzen dudana.
Gaur egun, ordea, bestelako status bat duzu euskal musikaren barruan, eta ez dira gutxi zure lana aldarrikatu duten musikariak. Onespenaren seinale da?
Bai, ez dakit hala den ala ez, baina sentitu dut onespen moduko bat. Dena dela, rock erradikalaren garaietan, ez nuen hura gatazka bat bezala bizi. Batzuek hala bizi izan zuten, eta baita nire lanak ere, gutxiago aritzen ginelako zuzenean; baina nik ez. Nire harremana oso estua zen hainbat talderekin, eta ez bakarrik eskenatoki gainean, baizik eta eguneroko bizitzan.
Lehenengo diskotik era bateko testuak eta nolabaiteko poetika bat aurkeztu nuen, soinu bat ere bai, eta oihartzuna ez zen zabala izan. Bai sakona, ordea. Egia da urteekin lehen sentitzen ez nuen babesa sentitu dudala azken urteotan.
Zuk herri musikari gisa definitu duzu zeure burua. Garrantzi handia ematen diozu entzulearen iritziari?
Entzulea beharrezkoa da, eta hori ere denborarekin ikasi dudan zerbait izan da. Hasieran ez nuen hain kontuan entzuleria. Horren atzean badago arrakastarekiko eta jendearen artean oihartzuna izatearekiko beldur antzeko bat. Askotan pentsatu izan dugu musika onak gutxiengoentzako izan behar duela, eta originaltasuna ez dela onartzen legez. Hori dena jarrera jakin batetik dator, bai kulturan bai sormenean. Uste dut hori dena askatzen joan naizela denborarekin, eta entzule kritiko hori izateak ere garrantzia izan du horretan. Dena dela, zuzeneko musikarekin dugun harremana ere asko aldatzen ari da azken urteotan. Dagoeneko jendeak ez du kontzertu bat ikuskizuntzat hartzen, eta ikuskarien artean lekua galdu du zuzeneko kontzertuak. Lehen euskal musika kontzertu bat gauza handia zen. Gaur egun ez legoke horrelakorik.
Herri musikari lotuta, berrikuntzak proposatzen dituzten artistek badute lekurik Euskal Herrian? Teknologia berriek eskaintzen dituzten aldaketak onartzeko prest gaude?
Hemen herri musikaren barruan sustrai batekin lotura izan duen musikak indarra izan du beti. Herri honetan bizi dugun gatazka horri lotuta dago eta sustraiekiko lotura hori oso errotua dugu. Zeren gure gatazka horren inguruan baitago, eta afirmazio behar hori gugan ere erroturik dago. Dena dela, musika munduan aldaketa handi bat ari da gertatzen, eta ez dakit oso ondo zer ekarriko duen horrek. Mundu digitalak, samplerrek eta teknologiak musikarien eta entzuleen arteko harremanak baldintzatuko dutela iruditzen zait, eta uste dut dagoeneko hasi dela ematen aldaketa bat. Baina arazoa ez da euskal musikariak bide berri horietara irekita dauden ala ez. Reggae musika edo hip-hopa euskaraz egiten duen aurreneko taldea izateak ez du balorerik bere horretan. Garrantzitsua da ona den edo zerbait eskaintzen duen jakitea, eta ez estilo jakin batera euskaraz gerturatzen den lehenengo artista den. Gainontzean, interesik ez daukan itxurakerian sartzen gara.
Egoera zaila bizi dute gaur egun diskoetxeek, baina uste duzu prest daudela bide berri horiei lekua irekitzeko?
Hurrengo urteak oso bereziak izango dira disko munduan, baina ez bakarrik hemen, mundu osoan baizik. Salmentak, oro har, jai-tsi egin dira, Internetek iraultza bat ekarri du, pirateria ohitura bihurtu da, diskoetxe handiek balore ezagunetan baino ez dute inbertitzen, kontaktuaren etorrerak 60ko eta 70eko hamarkadako diskoen berrargiztapena ekarri du, eta gainera, gero eta disko gehiago kaleratzen dira. Garai batean maketa izaera izango zuten lanak gaur egun disko dira. Horrek guztiak merkatua lehertu egingo du. Dena elkarrekin etorri da, eta hemengo argitaletxe batek horri aurre egiteko mugak oso estuak dira.
Asko hitz egin dezakegu promozioaz, baina gero, egunerokora jaisten garenean, kontuan izan behar dugu propaganda egiteak zenbat balio duen, komunikabide batzuen jarrera ideologikoa zein den eta beste hainbat gauza. Diskoetxeek lan nekeza dute, baina nik uste dut talentu berriak ateratzeko deseatzen egongo direla. Gure zeregin bakarra gauzak ondo burutzea eta produktu onak egitea da; eta horrela aitzakia emango diogu jendeari gure musika eskura dezan.
Hogei urte baino gehiago daramatzazu musikaren munduan, eta ondo ezagutu duzu euskal kulturak publikoaren aurrean duen oihartzuna. Euskal musikarekiko edo euskal kulturarekiko jarreran gauzak asko aldatu direla esan izan duzu.
Bai, orain dela urte batzuk euskaraz sortzen ziren gauzenganako begirunea zegoen, eta gaur egun, berriz, uste dut alderantzizkoa gertatzen dela. Euskal hiri batzuetan gure abeslari ezagunenak ere ez dituzte ezagutzen askok. Ziur nago zenbait jendek ez lukeela arazorik izango hainbat gauza entzuteko, baina euskaraz denez, ez du entzuten. Oraindik ere, zenbat aldiz saiatzen gara euskal musikari buruzko mahai-inguruak edota euskal kantuaren gaineko zikloak egiten? Kontzeptu horrek berak indartu egiten du erdal jendearen aurriritzia euskal musikari buruz; dela Lisabö, Benito Lertxundi edo Maddi Oihenart. Dena pakete berean sartzen du. eta horrek ematen du aditzera ideologiak nola gainditzen gaituen askotan. Guk ere defentsa keinuak indartzen ditugu, eta azkenean horrek ez digu batere mesederik egiten. Kanpotik ez da ñabardurarik ikusten, eta guk ez dugu ñabardura hori saltzen. Baina defen-tsiban ibiltze horrek kalte handiak ekarriko dizkigu luzarora.
Horretaz gain, euskaraz lan egiteak komer-tzialak ez diren estiloen barruan sartzen gaitu zuzenean. Eta hor aurkituko dugu, adibidez, jazz inprobisatzaile bat. Horrek ez du euskara erabiliko, baina bere musika ez da sartuko merkatuaren irizpideetan. Eta gurea, aldiz, ez da sartzen euskaraz delako.
Zer egin beharko genuke muga horiek gainditzeko?
Garrantzitsua da pentsatzea zergatik gertatzen den gertatzen dena. Hori hala da aurreiritzi horrek bi eratara funtzionatzen duelako. Dagoeneko dinamika bat dago horretara doana. Zentzu horretan, jende batentzat garrantzitsuagoa da euskaraz egitea zer egiten den baino, eta horren ondorioz egiten dira askotan oraindik Euskal kantaldiak bezala ezagutzen ditugun jaialdiak. Neurri batean beharrezkoak dira, gainontzean aukera gutxi izango genuelako, baina bestetik, markatu egiten dute kantaldiaren izaera musikaren gainetik. Horregatik, Madrilen eta beste leku batzuetan gure musika nola hartu duten galdetzen didatenean, askotan pentsatzen dut askoz garrantzitsuagoa dela nola hartzen gaituzten hemengo erdaldunek edo euskarazko ezer kontsumitzen ez duten euskaldunek. Niretzat, behintzat, beharrezkoa da nire lana maitatuko duen entzule bat izatea, eta zorionez, musikan maila askotara eraman daiteke hori. Maiz, arrazoi bitxiengatik, hizkuntza ulertzen ez duenak hobeto ulertzen gaitu hizkuntza menderatzen duen batek baino. Kantuak komunikatzeko dohain hori du. Zoritxarrez, orain beldur naiz gai horretan ez ote dugun atzera egin. Orain dela urte batzuk bertoko erdaldun jendea ohitua zegoen euskaraz kantuan entzutera eta horrekin gozatzera.
Beti aldarrikatu duzu Euskal Herritik kanpo ezberdintasuna izan dela zure musikan gehien estimatu dutena. Gaur egun ere berdin izaten segitzen du?
Nire pertzepzioa da euskaraz egiteak atal batean sartzen gaituela halabeharrez. La Bamba asma dezakegu euskaraz, baina euskaraz izatearen ondorioz, nekez sartuko gara zirkuitu komertzialean. Ali Farka Toureri elkarrizketa egin dion kazetaria etorriko zaigu guri; ez irrati-formulakoa. Beraz, hizkuntzarena nahikoa da ez sartzeko mundu komertzial arruntean. Kontua da horrek ze ondorio ekar ditzakeen. Niretzat, adibidez, profesionalki oso interesgarria izan da kanpoan aritzea, sartu naizelako zirkuitu batean non nire musikak edo lanak berez balio duen. Musikaltasunak, ondo egindako kantuak edo ondo egindako lanak ematen dizu bidea. Eta hori babeslekua izan da niretzat. Baina jakin behar dugu Euskal Herritik kanpo erabat anekdotikoa dela eta izango dela euskal talde baten eragina. Dena dela, ez gaitezen engaina; hori ez da euskararekin bakarrik gertatzen. Kataluniarrek ere ez dute disko bat bera ere saltzen Kataluniatik kanpo. Beraiekin alderatuta, gu gehiago ateratzen gara kanpora; baina ez arrazoi musikalengatik, baizik eta arrazoi ideologikoengatik eta jarrerarengatik. EEBBetako jendearekin izan dudan harremanak, berriz, beste jarrera bat ezagutzeko aukera eman dit, haientzako ezberdintasuna balore bat delako.
Ezberdintasuna balore bat dela aipatu arren, nabarmena da gero eta merkatu globalago batean ari garela lanean. Aurkituko du euskal musikak zirrikiturik mundu horretan aritzeko?
Nik uste dut bi modu daudela euskal musika kanpora ateratzeko. Bata ideologiari, ideien munduari, dago lotua; eta batzuek lortu dute ateratzea mugimendu batekin edo jarrera batekin harreman zuzena izan dutelako. Kasu horietan musikak bere garrantzia izaten du, baina ideien pisua ere oso handia izaten da. Hori da, adibidez, Manu Chaoren kasua: kantuak eskaintzen ditu, baina bihotz bat ere ematen digu. Bigarren modua euskaldun bezala ateratzea da, euskal musika bezala, gutxi gora behera folklorearekin lotuta.
Euskal Herritik kanpo aritzeko aukera izan duzu urte hauetan guztietan. Zer irakatsi dizu kanpoan aritzeak?
Hemen beste era bateko entzuleria daukat. Euskal Herriko entzuleek ezagutzen dute nondik natorren, urte asko eman ditudalako hemen, eta kontzertuetan maiz ikusi dugulako elkar. Beste herrialde batzuetan oso bestelakoa izaten da jende aurrean aritzea. Publiko berri baten aurrean jotzea beti oinarritzen da bat-batekotasun handiago batean.
Nola baloratzen duzu euskal komunikabideek bertako musikaren aurrean duten jarrera?
Askotan izaten dugu komunikabideen jarrera Euskal Herritik ikusita neurtzeko joera, ahaztuta gauza bera gertatzen dela beste leku guztietan. Gaur egun, telebistan, adibidez, musikak ez du saltzen beste produkzio batzuek sal-tzen dutenaren ezta laurdena ere, eta ondorioz oso zaila da esparru horretan borroka-tzea. Bestalde, Euskal Herrian betidanik egon da prentsa bat saiatu dena euskal musikari tarte bat uzten, eta badago beste prentsa bat zeini ez zaion batere interesatzen guk egiten duguna. Gauza da, gaur egun nekez entzuten dugula euskal kantu bat irratian, eta entzuten dugunean ere, beti kantu bera izaten da.
Kontzertuak egitea gero eta zailagoa dela diote. Ados zaude?
Hori aztertzeko asko begiratu behar dira baldintzak. Ahalegin interesgarria egin da azpiegiturak indartzen, baina oro har, tamaina txikiko herri bat gara, eta talde bat mantentzea lan heroikoa da oraindik. Hemen badago kontzertuak egiteko zirkuitu bat, baina gora eta behera egiten du, eta horrek esaten dizu une batean eta bestean merezi duen gauza bat egitea ala ez. Baina oro har, nik uste dut emanaldi onak egiten direla eta sendotasun handia erakusten dela zuzenean. Gero, norberaren eskaeretan eta baldintzetan neurtu behar hori dena.
Publikoaren artean igo egin da musikarekiko interesa?
Nire kasuan igo egin da nabarmen, baina iruditzen zait musikak galdu egin duela garai batean gizartean izan zuen pisua. Ni maiz haserretu egiten naiz entzule bezala, ikusten ditudalako duinak diren gauza batzuk duinak ez diren egoeratan. Gaur egun ikaragarri gauza piloa hartu behar dira kontuan kantaldi bat antolatzeko: futbol partidua dagoen, eskiatzeko garaia den… Musikak ez du lehentasunik, eta horren ondorioz, kontzertuak antolatzeko benetako zailtasunak sortzen dira. Kanpoko jende interesgarria ekarri arren, maiz lagun gutxi batzuk baino ez dira elkar-tzen kontzertuetan.
Azken batean, gero eta musika gehiago dago, eta beste garai batzuetan zuen indarra edo errito izaera galdu egin du. Jendeak autoa har dezake Pirinioetara kontzertu bat ikustera joateko, baina gero, bere inguruan hilero egiten den kontzerturako interesik ez du errez erakusten.
2001, ABENDUA