entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

Sagardantza 2012-06-18

Marivi Ibarrola (argazkilaria) "Mezua askatzailea zen, akordez josia, teklatuez, baxuez eta gitarkadez"

"Yo disparé en los 80" liburua argitaratu du berriki Munster Records-en bitartez

Marivi Ibarrola eta Joe Strummer, 1985ean. Argazkia: Marivi Ibarrola. Marivi Ibarrola eta Joe Strummer, 1985ean. Argazkia: Marivi Ibarrola.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Marivi Ibarrolak (1956, Naxera, Errioxa) 80. hamarkada bere Nikkormatt kamerarekin jaso zuen, Lasarteko Autodromo mitikotik Madrileko mobida zeritzonaren tenplua zen Rock-Olaraino. Modu batean edo bestean, iraganarekin apurtzeko gogo eta asmo bizia zuen belaunaldia pasa zen bere objektibotik: musikariak, poetak, kazetariak, idazleak, zinegileak, pintoreak, gazte anonimoak...

Yo disparé en los 80 liburua Mariviren artxiboko 89 argazki biltzen ditu. Batzuk orduan argitaratu ziren eta beste askok orain ikusi dute argia lehen aldiz. Irudi bakoitza, 80ko hamarkada bizi izan zuen pertsonai batek idatzitako testu batez lagunduta dator gainera. Argazkiek beraiek hala ere, gaitasun aski dute 80ko hamarkadaren izpiritua helarazteko. Gu, Marivi Ibarrolarekin mintzatu gara bere liburuaz eta garai errepikaezin horretaz gehiago jakin nahian.

Zorionak liburuarengatik. 80ko hamarkadaren giroa oso ongi jasotzen duen lana da. Nola dakusazu zuk?
Bai, noski dokumentatzen dituela urte horiek, baina beti pentsatu izan dut irudi asko atera gabe geratu zirela eta aukeraketa gogorra eta krudela izan dela liburuan atera ez diren argazki guztiak kontutan hartuta.

Noiz hasi zinen kontzertuetara kamera eramaten? Zergatik? Suposatzen dut urte horietan kontzertuetan kamerak ikustea ez zela oso ohikoa izanen ezta?
Pentsatu argazkigintza analogikoak 100 urtetik gora daramatzala gure artean. Argazki kamerek guda asko dokumentatu zituzten XX. mendean. Talde eta musikari batzuen emanaldiak fotografiatzeko arrazoia garaiko aldizkari espezializatuetan kronikaren bat ilustratzea izan zen beti. Leku bat egin nahi nuen kazetaritzan.

"Onartu behar dut, Ignacio Gasca 'Poch' oso begikoa nuela"

Punka eta "euskal rock erradikala" (RRV gaztelaniaz) zeritzona jaso zenuen zure kamerarekin. Ondoren, Movida madrileña zeritzonaren taldeak eta giroa. Zer desberdintasun zeuden bata eta bestearen artean zure iritziz?
Bi mugimendu hauek sormenezkoak izan ziren eta bakoitzak momentu eta alderdi asko izan zituen. Zerbait esateko nahia da bateratzen dituena modua edozein dela ere. Mezua askatzailea zen, akordez josia, teklatuez, baxuez eta gitarkadez. La Polla Records-en esaterako, Evaristok gazteei erakutsi eta abisatu nahi zien. Eskorbutokoek dibertsio asko eta polizia gutxi nahi zuten, Derribos Ariasekoek alemaniera ikasi nahi zuten zazpi egunetan…

Ezagutu eta fotografiatzeko aukera izan zenuen taldeen artean, zeinek harritu zintuen gehien?
1984an Erriberrin fotografiatu nuen La Fura dels Baus-en lehen emanaldiak unkitu ninduen. Antzerki teknikak eta arte plastikoak musikarekin eta eszena oso biolentoekin nahasten zituzten. Aktoreak gaizki tratatuak ziren fisikoki, buruz behera zintzilikatuta ageri ziren… Orduz geroztik, ezerk ez ninduen txundituko.

Beti dago iraganetik zerbait ikasterik. Zure iritziz, zer da belaunaldi berriek urte horietatik ikasten ahal dutena? Zer irakaspen hartzen ahal dute? 
Orain ere ari dira egoera eta giro interesgarriak sortzen. Eta hori da garrantzitsua dena. Egoera eta giro horiek bizi behar dituzte, gero modu dokumental batean kontatzeko, estridentziarik eta hutsalkeriarik gabe. Jakin behar da ikusten eta egiten dena gordetzen.

"Prosaikoa dena beti agertzen da edozein momentutan, bizirautea eta fakturak ordaintzea, ez dago beste erremediorik"

Noiz konturatu zinen eferbeszentzia, lañotasuna eta magia bukatu zirela?
Prosaikoa dena beti agertzen da edozein momentutan, bizirautea eta fakturak ordaintzea, ez dago beste erremediorik. “Lana edo bizitza aukeratzeko eman ziguten eta lana aukeratu genuen”, horrela dio duela gutxi agertu den kale- pintada anonimo batek.

Drogek orduko protagonista eta gazte anonimo asko hobira eraman zituzten. Batzuk segituan, beste batzuk urte batzuen bueltan. Gogoratzen duzu nola bizi ziren drogak? Ze pertzepzio zegoen drogen gainean?
Drogek eta autoek urte horietako protagonista asko itxutu zituzten. Osotasunaren parte bezala onartuak izan ziren, zegoeneko exisititzen ziren... Droga horietako batzuk, legalak, kalean daude oraindik... gai honen gainean paternalista izan gabe.

Iñigo Munsterrek esan dit anekdota asko eta asko dituzula. Gutxienez bat kontatuko diguzu?
Nire argazki kamera arrosa fosforito koloreko hatz-laka batekin margotu nuen eta punk ordez, pink nintzela esaten nuen. Behin, taxi batean ahaztu zitzaidan eta taxistak “Galdutako Objektuak”-etara eraman zuen eta segituan errekuperatu nuen, inork ez zekien zer egin arrosa koloreko kamera batekin. Gaur egun, kolore guztietakoak daude.

Zein zen zure talderik gogokoena?
Kortatu; Specials-en gisako ska asko gustatzen zitzaidan, edo Radio Futuraren letrak.

Bazenion estimu berezirik musikariren bati? Nori?
Poch-i, Ignacio Gascari. Onartu behar dut oso begikoa nuela.

Eta garai hartako zein abesti zen gustukoen zeneukana?
Polansky y el Ardor-en Chantaje emocional, bat esatearren.

"TIROAK ZUZENEAN" ERAKUSKETA BILBON

Ekainaren 25etik uztailaren 1 arte ikusgai egonen da Marivi Ibarrolaren Tiroak zuzenean erakusketa Bilboko Ahalondigako Kulturen Atariko Eguzkiaren pantailan.

80 argazki proiektutatuko dituzte. Hautaketa Marivi Ibarrola kazetariaren argazki-artxibotik egin da. Marivi Ibarrolak hitzaldi irekia eskainiko du bilduma honen gainean ekainaren 25ean, arratsaldeko 20:00etan, Ahalondigako Kulturen Atarian.

Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Fermin Muguruza & Kontrakatxa Hego Amerikan daude maiatzaren 16tik: Chile, Montevideo, Bogota, Mexiko...
  • Foehn zigiluaren udaberriko nobedadeak: BALAGOren Darder eta OSO LEONEren Mokragora.
  • Zaramak hiru abesti dituen disko labur batekin datorkigu: Sinestezina. Hemen entzun.
  • Jazzaldian euskotarrak: 18 talde, 9 dj, B. Achiary, I. Salvador, M. Azpiroz, Igelaren Banda... www.heinekenjazzaldia.com
  • SONISPHERE 2013: Madril (Mai 31) & BCN (eka 1). Kartela: IRON MAIDEN, ANTHRAX, MEGADETH, AVANTASIA...
  • Balerdi Balerdi taldeak Petti beratarra fitxatu du. http://balerdibalerditaldea.wordpress.com/

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!