entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Antton Iturbe 2014-02-20

Beñat Axiari Abentura amaigabea

Beñat Axiari zuzenean. Argazkia: Guillermo Navarro. Beñat Axiari zuzenean. Argazkia: Guillermo Navarro.
Beñat Axiariren emanaldi bat.
Beñat Axiari Joseba Irazokirekin.
Bernard Lubatekin zuzenean.
Iazko Urretxuko Kalegorrian jaialdian lehenengo aldiz zuzenean ikusi eta entzun nuenetik, txundituta nauka Beñatek. Hilabete batzuk geroago eta Gernikako bunkerrean bigarren aldiz zoratuta utzi ninduenean behingoz bere diskografian eta ibilbidean arakatzea erabaki nuen. Diskotik diskora niregan eragindako lilura eta mirespena handitzen ziren bitartean, neurri berean hazi zen artista paregabe honen sustrai, eragin eta loturez gehiago jakiteko grina. Eta ezinegon horrek eraman ninduen Beñat-ekin Donostiako kafetegi batean esertzera eta bere lan itzelaren inguruko solasaldi luze, atsegin eta emankor hau izatera…



Beñat Axiari Donapeleun jaio zen 1947an eta hantxe kokatzen ditu bere lehen oroitzapen musikalak eta kantatzen hasteko motibazioak: “Ostatu bateko telebista zen herri guztiko bakarra, baina soinu anitz zeuden inguruan, merkatuan ahotsak, abereak, mobileteak… Nere musika mundu horretako soinua da. Biziki eta oso erromantikoki gogoratzen dut gauerdi mamutsu isilean ondoko baserriko clairon-a (turuta) entzuten nuenean, gero isiltasuna, eta gero beste baserriaren erantzuna. Lehen musika lekzioa izan zen niretzako mundu sonoro horretan murgiltzea…
Mendizalea naiz, eta espeleologian ibilia naiz ere. Biziki gogoratzen dut bestaldeko mendizaleekin elkartzen ginenean etxola batean, gauaren erdian lagunak urrutian gerturatzen ikustean sentitzen nuen emozioa. Nire hatsarekin batera, nire barneari entzun eta musika baten moduan nire kontzientzia presente sentitzen nuen. Gaur egun, oraindik sentsazio hori bilatzen dut. Garrantzi handia du hatsak niretzako eta nire ikasleekin anitz ariketa egin izan ditut hatsaren kontrola lantzeko. Txinatar munduan adibidez, kaligrafia eta hatsa aldi berean lantzen dira, elkarrekin batera baitoaz”.

“Hemen askoetan esaten da, erroak ondo sendotu behar direla lehenik eta gero mundura zabaldu. Baina ni ez nago ados. Ez dut sekulan ikusi hori egiten duen zuhaitzik. Zuhaitzean dena aldi berean hazten da, bai sustraiak baita adarrak ere…”

Gogoratzen jarraitzen du Axiarik: “Garai hartan, gure idoloak ziren pilotariak, haien dotorezia eta presentzia ederra miresten genuen. Eta frontoian beste lekzio bat jaso nuen ere. Pilotaren errebotea pareta guztietan, baita trinketean ere. Pilotak ekarri du erritmoa, inprobisazioren plazera eta gozatzea nire musikara… Mundu horiek ez dira mugatuak, lotuak daude niretzako. Jokoa eta musika, Euskal Herria eta Txina, Japonia, indiar munduarekin…”

Euskal kulturaren erroak eta ikuspegi globala uztartzen saiatu da beti Beñat: Zain luminosoen moduan hedatzen dira munduan zehar lotura horiek”.

Eta oso irudi polita erabiltzen du nahi hori azaltzeko: “Hemen askoetan esaten da, erroak ondo sendotu behar direla lehenik eta gero mundura zabaldu. Baina ni ez nago ados. Ez dut sekulan ikusi hori egiten duen zuhaitzik. Zuhaitzean dena aldi berean hazten da, bai sustraiak baita adarrak ere…”

Beñaten aita pertsona aparta izan zen zalantzarik gabe. Nazien aurkako borrokalaria Algeriatik Ingalaterrara, piano jole trebea, pilotaria, errugbilaria, artisau langilea eta Norton motorren zale anglofiloa… Aztarna sakona utzi zuen bere semearengan: Haren kuriostasun amaigabeak eragin handia izan zuen nigan. Eguneroko jarduna abentura moduan bizitzera bultzatu ninduen”.

Era horretan, denborak eta espazioak nahastu eta etengabe irekitzen dira Beñaten baitan: “Hala da bai, eta abentura eder bat ikusten dut pentsakera horren barnean. Abentura zentzu hori da nire biziari eta musikari atxeki nahiko niokeena. Munduan zehar ibili nahi dut, euskal musika eta kultura herrialde anitzetakoarekin uztartuz. Euskal kulturak estrukturatu nau eta aldi berean tresnak eman baitizkit. Hori baino ez da kultura niretzako, gure bizia eraiki eta sortzeko balio digun tresna multzo bat”.

Beñat ez da bakarra sentitzen, beste hainbat euskal artistek antzeko bideak jarraitu dituzte, Mikel Laboak, Joxan Artzek, Eduardo Chillidak, Oteizak… “Eta ez artistak bakarrik, baita arrantzaleek, injineruek eta beste askok…”.

"(...) Euskal kulturak estrukturatu nau eta aldi berean tresnak eman dizkit. Hori baino ez da kultura niretzako, gure bizia eraiki eta sortzeko balio digun tresna multzo bat”

Bere ibilbide musikalak abentura hori erakutsi eta gordetzen du beraz. Eta ez diskoak soilik: kontzertu edo emanaldi bakoitza ere jazoera berezi eta bakar bat da, entzuleriaren jarrera aktibo bat eskatzen duena: “Bai, bai, nik nire burua artisautzat hartzen dut. Eta kontzeptu horrek abantaila handi bat eskaintzen dit kontzertu baten aurrean nire papera zein den ulertzeko. Leku batetara iristean berehala konturatzen naiz kontzertu hori zergatik etorri den niregana eta zer den kontatu nahi dudana. Lekuaren ezaugarrien arabera erabakitzen dut errepertorioa… Bestela salmentako produktu hutsa nintzateke. Aldi berean, kontzeptu honek inprobisatzeko grazia berezi bat ematen dit, sumaezina dena harrapatu, hausnartu eta gozatzeko. Benetako kantari batek gauza asko jakin arren, zerbait berria asmatu behar du kontzertu bakoitzean…”

Urria izan zen Beñaten lehen taldearen izena eta haiekin bi disko bikain grabatu zituen Argi Tirrintan (1978) eta Bruma altxatzean (1979): Ahoz ahozko antzinako tradiziotik gentozen, baina ez folk revival modu batean. Jon Casenave, Manex Landatua edota Auxtin Zamora bezalako poeten lana benetan miresten nuen eta haien poemak musikatzeko nahiak bultzatu zuen taldearen sorrera. Casenaveren Ordu Alferren Segida-rekin bereziki, espazio berriak ireki ziren niretzako bai konposaketarako baita inprobisaziorako ere eta biak azaltzen dira Urriaren diskoetan. Ateak erabat irekita genituen, bai beste musikari euskaldunen eragina jasotzeko baita atzerrikoena ere”.

Ia zortzi urte pasa zituen Beñatek ezer grabatu gabe haren ondoren: “Ez zen posible grabatzea Euskal Herrian urte haietan. Musika berriegia zen garaiko diskografikentzat!!!”

Eta kontzertuak etengabe eman zituen taldeak. Beñatek dio: “Sutan jartzen genuen jendea. Beno, batzuetan harridura ere sortzen genuen. Baina gure aldetik ez zegoen inor probokatzeko asmorik”.

Puntu hori garbi du Beñatek, bera ez da inolaz ere probokatzaile bat: “Oso garrantzitsua da hori niretzako. Artea lore edo fruitu bat bezala sortzen da. Prozesu intimo eta garbia da eta zure nortasunarekiko zintzoa behar du izan. Ez dauka artifiziala izaterik. Nor zaren jakin eta zure gain hartzeko bide bat bilakatzen da, horrela”.

"Artea lore bat bezala sortzen da. Prozesu intimo eta garbia da eta zure nortasunarekiko zintzoa behar du izan. Ez dauka artifiziala izaterik. Nor zaren jakin eta zure gain hartzeko bide bat bilakatzen da, horrela”

Aipatutako bidaia eta abentura, barruranzko bidaia izan daiteke ere.
1980 hamarkadako bigarren erdian, zortzi urtetako ibilbide horretan ikasitakoak eta eraikitako loturak aztarna grabatua uzten hasten dira berriz ere:
Arranoa 1988an, Ene Kantu ferde eta urdiñak 1989an… Azken disko horren dotorezia izan da entzun ahal izan dudan lehena, egia esan: “Sorkuntzak badu bere beharra eta gose hori ase egin behar duzu. Batzuetan lagun ezagunekin, besteetan lagun berriekin, gauza batek beste batetara eramaten zaitu. Horra Christian Vieussens-ek Bernard Lubat musikari handiaren omenezko kantu batean parte hartu izana, adibidez. Bernard Lubat, Uzeste izeneko herri txiki batean jaio zen eta Parisera joan bere jazz musika lantzera, baina gero bere Landetako herritxora bueltatu zen konpainia bat muntatzeko (Compagnie Lubat) eta Vieussensek konpainia horretan jotzen zuen. Haien emanaldi bat ikustera joan ginen eta pum…aho bete hortz geratu ondoren beraiekin elkarlanean hasi ginen hainbat lekutara bidaiatu eta jende pila bat ezagutuz. Louis Sclavis klarinete jolea bezala. Louisekin egun, elkarlanean jarraitzen dut eta Errobiko festibalean izan da gurekin. Gauza bera pasatzen da Michel Doneda saxo-jolearekin”

Hala ere, Beñatek ez ditu bere diskoak jazza edo beste edozein estilori atxikita ikusten. Mundu osoko koloreak ekartzea du gustuko eta horren eredu zoragarri dira Pedro Soler-ekin batera egindako lanak (Pres du coeur sauvage 2000an eta La Cité Invisible: rencontré à Casablanca 2003an). San Juan de la Cruz, Lorca edota Joxan Artzeren poemak nahasten dira bertan. Axiarik: “Nire motxilako zama handiena beti liburuek osatzen dute, nire elikadura poetikoa dira… Gau batez Indian Goako hondartzan Joxan Artzeren poemak irakurtzen ari nintzela sortu nuen oso preziatua dudan Jantzi egokia kantua”.

"Gau batez Indian, Goako hondartzan, Joxan Artzeren poemak irakurtzen ari nintzela sortu nuen oso preziatua dudan Jantzi egokia kantua”

India, euskara, gaztelaniazko poesia, flamenkoa… Zain argitsuek ez dute amaierarik ez espazioan ezta denboran ere. “Gaztelaniarekiko eta bereziki poesiarekiko dudan maitasuna aspalditik datorkit. Ene haur denboran, Donapaleun izan nuen maisu bati esker, egia esan. Gero Bordeleko unibertsitatean gaztelerako estudioak egin nituen, gainera. Beti maite izan dut poeten gaztelania: Lorca, Machado, San Juan de la Cruz, Santa Teresa de Avila, Miguel Hernandez, Julio Llamazaresen La Memoria de la nieve eta La lentitud de los bueyes. Lorcaren poemak beti dauzkat nire poltsan. Haren poesia eta bizitza ere maite ditut. Poeta en Nueva York enetako profetizazio handi bat da. Bertan, egungo mundu post-industriala ikaragarrizko garbitasunez eta bizitasunez aurreikusten du”.

Flamenkoa kantatzera ausartzea, poeta guzti horiei eta bereziki Lorcari eginiko omenalditzat hartu dezakegu orduan... “Bai, hori da. Pedro Soler ezagutu ondoren ia 20 urte pasa ditut berarekin kantuan, eta eszenatokian La Joselito, Ines Bacan, Concha Vargas eta Carmen Albeniz modukoekin ikasi dut. Baina nire flamenkoa ez da purua, noski”.

Beharbada, purismoaren zentzu hori da hegoaldeko euskal kantariei flamenkoa kantatzen saiatzera galarazten diena. Gehiegizko errespetu bat egongo balitz bezala… “Nik, poetikoki konexio bat sentitzen dut kultura horretakoa ez naizen arren eta eszenatokian haien ondoan abestean, beraiek nire asmoa ulertzen zuten eta jarraitzen ninduten errespetu eta kuriostasun handiz hartzen zuten nire lana. Zeren “cante jondo” munduan ez dago gezurrerako lekurik, ez dago imitatzerik edo kopiatzerik… Hala egiten baduzu fusilatuta zara (poetikoki noski, ja ja)”.

Baina La cite invisible horretan Marokoko Majid Bekkas musikariaren Gnawa ekarpena aurkitzen da ere: “Hala da bai. Nik bultzatu nuen elkarketa hau, bai diskoa baita ikuskizuna ere. Bertan hiru ate mistikoak zeharkatu ditudala esango nuke: Gnawa-rena, ijitoena eta San Juan de la Cruz-ena. Eta basamortuaren hutsunera eramaten saiatu naiz”.

“Nik rocka asko
maite dut. Bere askatasuna, indarra, eskuzabaltasuna, lirismoa… Baina kontuz, ez naiz industriaren formatuetara mugatutako rockaz ari. Oso librea
maite dut"

Ramon Lopez jazz perkusionista handia lagun izan du ere Axiarik hainbat lanetan. “Ramon, jazz historiako pertsonai handienetako bat da zalantzarik gabe. Gazte gaztetik Alacant-etik Frantziara joan behar izan zuen bere lana garatu ahal izateko espazioaren bila. Orain mundu guztira hedatu du bere eremu hori, baina garai hartan baldintzak ez ziren batere egokiak bere jaioterrian. Pariseko kontserbatorio nazionalean irakasle izan da. Musika indiarra, tabla jorratu du, eta hango maisuekin jotzen aritu da. Gauza oso handia da hori”.

Espainiako Gerra Zibileko abestietan inspiratutako Songs Of The Spanish Civil War (2000) lanak oihartzun estimagarria izan du. Bereziki eta zoritxarrez, Espainiako mugetatik kanpo: Ramon berak poetikoki asmatu du diskoko musika. Kantu historiko horien esentzia hartu du soilik, presentzia bat bezala. Charlie Haden-ek bere garaian egindakoarekin ez du zerikusirik. Eta talde bat osatu du horretarako: Paul Rogers, Daunik Lazro, Thierry Madiot eta… ni hiru kantuetan soilik. Beraiekin inprobisazio batzuk bota ondoren, partehar tzea proposatu baitzidaten. Espainian horren emanaldi gutxi eman izana tamalgarria da benetan, baina horrek duen esanahia Ramón berak argituko lizuke nik baino hobeto”.

Ramon Lopezekin disko ugari egin ditu Beñatek eta bata bestearekiko mirespena nabaria da elkarrizketa guztietan. Elkarlan horiek aipatzean, Rahsaad Roland Kirk-en omenezko diskoa estimatzen du bereziki Beñatek. Eta omenaldien harian jarraituz, Peter Kowald-i dedikatutako disko osoa The Seven Circles. Dedicated to Peter Kowald (2004) eta hark Beñatengan izandako eragin sakona ez dago ahazterik... “Bikote artistikoa eta aldi berean lagun minak ginen, bai. Bere sorterrian, Alemanian, sarritan izan naiz bere ikuskizunetan kantatzeko (Pina Bausch-entzat egin zuena, adibidez) eta munduan zehar ibili naiz berarekin. Bere heriotza, ezuste galanta izan zen, New Yorkeko kaleetan bihotzeko batek bat batean eman baitzion, Austriako festibal batean jotzeko prestakizunetan genbiltzala. Zer egin nezakeen orduan? Bere inspirazioa hartuta neu bakarrik, ahotsaz, harmonikaz eta perkusioaz soilik baliatuz, kontzertu oso bat asmatu eta grabatu nuen. Gherasim Luca frantziar idazlearekin lotura poetiko bat ikusi nuen eta bere hitzak erabili nituen ere. Frantses hizkuntza eta kultura ene gainean daramatzat ere. Ez naiz ezeren esklabo”.

Puntu honetan nire disko kuttun batetara iritsi gara, 2000an grabatutako Leitza Larrea. Kalitate apartaz gain, Beñaten alderdi guztiak ederki erakusten dituen bilduma dela iruditzen zait, baita bere rock zaletasuna ere. Beñatek: “Nik rocka asko maite dut. Bere askatasuna, indarra, eskuzabaltasuna, lirismoa… Baina kontuz, ez naiz industriaren formatuetara mugatutako rockaz ari… Oso librea maite dut. Frantzian Etage 34 taldearekin grabatu izan ditut niretzako oso garrantzitsuak izan diren doinuak. Leku askoetan izan naiz beraiekin jotzen, Itsason eta Hendaian, eta Bernard Manciet-en Gernikarena… olerkiaren inguruan egin genituen ikuskizunak itzelak izan ziren. Leherketa baten moduan gogoratzen ditut”.

Afroamerikar ukitua ere ez da falta, bai Leitzan baita Larrosa Salbaiak-en ere, 2009an bere seme Julen Axiarirekin batera egindako disko bikainean. Azken honetan Oscar Brown, Max Roach eta antzekoen aztarna sumatzen dut nik… “Bai, bai horixe da hirukote berri honetan (Michel Queuille, pianoa + Julen Axiari: bateria) ezarri nahi dudan soinua, Horretan ari gara lanean eta hori grabatu nahi dut absolutoki orain”.

Uff, itxura polita dauka horrek….
Bestalde, afrikar eragina eta lotura inoiz baino sendoago dira une honetan Beñat-en munduan: “Orain Itxason Martinikako Aimé Cesaire poetaren testuak lantzen ari gara. Sekulakoak eta benetan ikusgarriak dira bere hitzak. Lam Dyali izena eman diot ikuskizunari, Wilfredo Lam kubatar pintorea eta Dyali, Senegal-eko griot (istorio kontalaria) elkartuz. Bertan, Julen, Michel eta Chrysogone Diagonaya musikari kongoarra izango dira. Chrysogonek Kongoko erritmoak erakutsi dizkie Iparraldeko hainbat musikariri”.

Entzun dudanez, Julen bera Kongon izan da erritmo horiek jotzen ikasteko eta zeure musikara ekarri ditu... “Bai , Julen oso trebea da hango erritmoekin. Eta gure gazte batzuk oso lotura sendoak egiten ari dira… Horren eredu da prestatu berri dugun Lam Dyali izeneko ikuskizuna. Souleymane Diamanka slam poeta bordeltarrari bere aitak Senegalen grabatutako kaseteak izan dira gure abiapuntua. Kasete horiek peul hizkuntzan daude grabatuta eta Souleymanek txikitatik entzun ditu bere arbasoen hizkuntza ez ahazteko. Diamankarekin batera Ablaye Cissoko Kora jolea dugu, Chrysogone Diangouaya dantzaria, eta azkenik, Julen Achiary, Michel Queuille eta hirurok. Oso gustura sentitu naiz lan honetan.

Azkenaldi honetan, Itxaro Bordaren Gerezien Denbora pastoralaren prestakizunetan dabil buru belarri sartuta Axiari, eta beharbada gehien maitatzen duen ekimenaren edizio berrian ere, Errobiko Festibala: “Aurten 19. edizioa izango dugu. Han eta hemen ikusitako emanaldi berezietan sumatu dugun zentzu ez kontsumista, ezberdina, herrarekiko identifikazioa eta sorkuntzarako dedikazioak deitu gure atentzioa, eta gure herrian antzeko zerbait muntatzea erabaki dugu. Gure sorkuntza gosea bete nahi izan dugu, sorkuntzaren bitartez gu geu zer garen pixka bat hobeto ulertu nahi izan dugu. Espazio beran euskaldun musikarien hiru belaunaldi eta mundu zabaleko artistak harremanetan jarri ditugu eta gu guztion abenturetarako kemena eragin. Artista bat bakarrik ez baita ezer, beste artistekin loturak behar ditu, baita langileekin, dantzariekin, filosofoekin… Jardunaldi bakoitzean gure hatsa berritzen dugu. Festibal poetiko bat da, azken batean”.

"Artista bat bakarrik ez da ezer, beste artistekin loturak behar ditu, baita langileekin, dantzariekin, filosofoekin…"

67 urte betetzear, Baionako kontserbatorioan egindako irakaskuntza lanetik erretiroan da dagoeneko Beñat, baina geldi egoteko asmo handirik ez du... Teknikoki hala da bai, baina betebehar hori ez da lanbide bat niretzako. Zerbitzari moduan sartu naiz kontserbatorioan. Ikasleen talentua bultzatu eta haien potentziala garatzen lagundu nahi izan dut. Plazer handi bat izan da niretzako. Haien potentziala loraraztea gauza garrantzitsua da niretzako ere. Eskuzabaltasunari erabat beharrezkoa deritzot. Ez da zure karrera bakarrik munduan, ez zera ezer zu bakarrik… Kontserbatorioan workshopetan landu dut hori eta horretan jarraitzeko beharra sentitu dut”.

Artisten arteko kontaktu horretaz ederki gozatzen du Axiarik: “Eta hori sorkuntza da niretzako. Ez dut desberdintzen, dena da bat. Beraien talentua lorarazteko baliabideak asmatu behar dituzu, kreatiboa izan behar duzu. Gida-libururik ez dago…”

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.