entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Ion Etxeberria 2017-04-24

Montauk ABESTI SOIL ETA BILUZIEN BILA

Lotura erlazionatuak
Talde gaztea dugu Gasteizkoa. Iragan udaberrian, bederatzi kanta biltzen dituen Bilaketan diskoa grabatu zuten Azkarate estudioetan Jonan Ordorikarekin. Adin bereko beste bandetan oso ohikoak ez diren erritmo lasai eta doinu intimoak ditu Montauk laukoteak bereizgarri. Beat Goitia taldekidearekin izan da.

Montaukek forma eman die zure abestiei. Nola sortu zen banda?

Duela pare bat urte, banituen zenbait kanta ahotsaren eta gitarra akustikoaren soiltasunean sortuta. Baina banda baten babesa eta ekarpena abestiak osatzeko bitarteko ezin hobea direnez, taldea eratzeko bidea hautatu nuen. Gorka Etxebarria bateria-jotzailearekin eta beste lagun batekin hasi ginen kantak lokalera eraman eta konponketen norakoa zehazten. Geroago sartu ziren Goio Saenz baxu-jotzailea eta Aitor Garcia de Vicua gitarrista. Duela gutxi Urko Urzelai baxu-jotzaile berria sartu da taldean. 

Nola definituko zenuke zuen musika?
Etxeko bakardadean sortutako kantak izanik, kutsu intimista nabaria dute. Rocka egiten dugu, distortsioa ageri da kantetan, baina akustikoaren eta ahotsaren intimismoa da hari gidaria.

Lehen diskoa Azkarateko Katarain estudioetan grabatu, eta Mamia estudioetan nahastu zein masterizatu duzue Jonan Ordorikaren gidaritzapean. Zer moduzko esperientzia izan da?
Aurreneko diskoa Katarain bezalako estudio miresgarri batean eta Jonan Ordorikarekin grabatzeak ez du parekorik. Azken hamarkadetako euskal musikaren Meka izan da Azkarateko etxe hori, bertan grabatu baitira azken belaunaldietako disko garrantzitsuenetariko batzuk. Gauzak lehengo erara egin ditugu: lau egun eta gau pasa genituen bertan. Denboraz tarte oso estua izanik, ezin genuen segundo bat bera ere galdu. Disko grabaketa hutsa baino askoz gehiago izan ziren egun haiek, eta 40 minutuko lan honetan bildu dugu esperientzia hura.

Euskal Herrian negua luzeagoa da uda baino, eta kapoan euria ari duen bitartean areto epel baten aterpean kontzertu bat ikusteak ez du parekorik

Zer nabarmenduko zenuke lau egun eta gau haietan bizitakotik?
Lau egunek sormenerako eta probak egiteko aukera gutxi ematen badute ere, presioak hainbat irakaspen dakartza berekin. Estudioan sartu aurreko produkzio lanaren garrantziaz jabetu gara, esaterako. Egunak eta egunak eman genituen lokalean grabaketak eta geruza ezberdinak lantzen, Azkaratera dena antolatuta eraman nahi genuen. Disko bat lau egunetan nola grabatzen den ikasi genuen, ez da gutxi!



Uste duzu Euskal Herrian doinu lasaidun taldeek badutela beren tokia?
Bai, noski. Horrela izan da orain arte, eta izango da aurrerantzean ere. Egia da kontzertu gehienak udako festa giroan metatzen direla, eta orduan antolatzaile zein publikoak dantzarako musika bilatzen dutela. Baina Euskal Herrian negua luzeagoa da uda baino, eta kapoan euria ari duen bitartean areto epel baten aterpean kontzertu bat ikusteak ez du parekorik.

Zuzenekoetan moldaketaren bat edo beste sartu ohi duzue.
Zuzenekoaren eta diskoaren artean badago aldea, bi gauza ezberdin dira. Diskoak nahi duen unean eta nahi duen kanta entzuteko aukera ematen dio entzuleari. Zuzenekoaren ezaugarriak bestelakoak dira; tokiaren, unearen, eta giroaren araberakoak.

Badakigu Ruper Ordorika dela zure inspirazio iturrietako bat. Ze beste musika talde edo bakarlari dituzu gustuko?
Erreferentziak aipatzea beti da zaila, maiz gustuko dituzun taldeak ez baitira zure lanean islatzen. Wilco esaterako, nire kutunenetakoa da, baina ez dut uste Montauken diskoa entzuten duenak Wilco gogoan izango duenik, tarte batzuetan salbu. Ruper aipatu duzula, inspirazio iturri baino gehiago eredua da niretzat, bere ibilbidearen maisutasunarengatik. Erreferente gisa Anari, Gari edo Ekiza ere aipa nitzake. Hala ere, boladaka doan zerbait da erreferenteena. Hori bai, Ben Howard ingelesaren diskoetara beti itzultzen naiz!
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.