ADE + FLOW
Jackie eta N’ko Eco Durangoko Gaztetxean elkartu ziren 1999an gustu musikal berdinek bultzatuta. Ade+flow izeneko taldea sortu zuten. Bi maketa argitaratu eta Durango aldeko gaztetxe eta tabernetan hainbat kontzertu eman ostean, 2006an abesti berriak sortu eta Ciclo Flash gehitu zen taldera. Berarekin grabatu zuten Idaba musik-eko estudioan hemen mintzagai dugun diskoa: Algo tiene que cambiar.
Zer nolako harrera izan du zuen lehen diskoak orain arte?
Nahikoa ona benetan, era guztietako jendea etortzen zaigu ona dela esaten eta kontzertu pila ari gara ematen. Oso pozik gaude.
“En Euskadi el rap no bota” diozue abesti batean. Horren gaizki dago rapa eta hip-hopa Euskal Herrian?
“...el rap no aporta lo suficiente”. Euskal Herrian badaude taldeak gauzak egiten, baina diskoak grabatzera edo ezagutzera ematera ez dira ausartzen. Euskal Herriko jende gutxik entzuten dugu rapa eta gainera hedabideek ez dute gehiegi laguntzen hau aldatzeko.
Arazoak dituzue zuzenekoak lortzeko?
Ez dugu horretarako arazorik, batzuetan areto handietan egin ditugu, adibidez kafe antzokietan, Azkena aretoan edo Jam aretoan, eta beste batzuetan taberna edo gaztetxe txikietan be bai, denetarik egin behar da. Gainera Idaba Musik-eko jendeak zuzeneko asko aurkitzen dizkigu. Horrela segi dezala.
Punkak garai batean izan zuen kritika eta ostia txarra kaleratzeko zeregin hori gaur egun rapak duela uste al duzue?
Era guztiz desberdinetako estiloak dira, baina nire ustez badute berdintasunik, sentitzen eta gustatzen zaiguna esaten dugu ezertan isildu barik, alde komertziala alde batera utzita.
Zuen letrak aurrerakoiak dira, berdintasuna, arrazakeriaren kontrako leloak, elizari kritika, emakumeen kontrako tratu txarren kontra… baina “Durangon marikoien pubak daude bakarrik” diozue halako batean eta egia esateko atentzioa jo dit…
Jejeje, urrezko galdera. Durangoko Plateruena eta pare bat taberna salbatzen dira, beste guztietara zapatuetan joaten bazara pilo bat ume pijo eta memelak aurkituko dituzu reggaeton, Bisbal edota horrelako kutsadura akustikoak entzuten. Penagarria benetan hemendik atera beharra ondo pasatzeko, baina aukerarik ez dago.
Egoaren “rolloa” ez doa zuekin, edo bai?
Pertsona guztiak gara pixka bat egozentrikoak gure modura, baina bere autoaz edo bere diruaz arro sentitzen diren pertsonak guretzat automatak baino ez dira.
Errespetuaz mintzo zarete eta errespetua gura duzue. Lortu duzue?
Errespetua eta gorrotoa, lagunak aurkitzea eta inbidia sortzea, denetarik lortu dugu, jejeje.
Nola egiten dituzue baseak? Eredurik baduzue horiek egiterakoan?
N’ko Ecok sortzen ditu bere ordenagailuarekin sanpler eta sintetizadoreak erabiliz. Eredurik ez jarraitzea eta desberdina izatea da zailena, jende asko dabil mundu honetan eta originala izateko benetan borrokatu behar da.
Ze hip-hop talde eta artista dituzue gustukoen?
Espainiako talde eta Mc batzuk jarraitzen ditugu, adibidez Violadores del Verso, Nach, Falsalarma edo Solo los Solo, baina Estatu Batuetako rapa oso oso gustukoa dugu, adibidez, Dilated People, Black Milk, The Roots edo Cipress Hill.
Gaztelaniaz abesten duzue. Euskaraz animatuko inoiz?
Hurrengo laneko abesti bat euskaraz izango dela aurreratuko dizuet, baina N’ko Ecok badu zeozer burutik bueltaka......
2007, apirila-maiatza