Zabor punk-a
Afonia 2002 urtean sortu zen. Egun Bolbok (bateria), Aratzek (baxua), Pepinok (gitarra) eta Ijurkok (ahotsa) osatzen dute taldea. Punk azkarra egiten dute eta bataz beste 24 urte dituzte. Hernaniarrak dira guztiak Bolbo antiguotarra izan ezik. Azken hau Kalekumeak taldean aritzen da baita ere.
Oraintsu CD bat kaleratu duzue zuen kabuz. Nola izan da prozesua?
Pentsatu genuen ideia ona izango zela maketa bat grabatzea jendeak gure abestiak ezagutu zitzan. Orduan Valium Generation taldeko Aitorri ea grabatuko zigun galdetu genion. Prest azaldu zen eta bere estudio mugikorrarekin grabatu genuen gure lokalean bertan.
Zer nahiago duzue, zigilu batean sartzea edo “DIY” filosofia?
Oraingoz nahiago dugu guk geuk dena egitea, gainera gustatzen zaigu gure esku hartzea detaile guztiak. Diskoetxe jator batek deituko baligu, guri laguntzeko prest dagoena eta ez bere negozio hutsean pentsatzen duena, pentsatuko genuke zer egin. Hala ere, ez dugu ipurdia galdu ezta galduko ere diskoetxe baten bila.
Zer esan dezakezue egun Gipuzkoan gertatzen ari den Oi!-street punk musikaren “berpizteari” buruz?
Puta madre dago! Gero eta talde gehiago sortzen ari dira, nahiz eta guk ez dugun ez Oi! ez street punk bezala definitzen gure musika. Bestalde, musika honen jarraitzaileak gara, eta batez ere Gipuzkoako talde berriak gustatzen zaizkigu. Azpimarratzekoa da talde gehienok elkar ezagutzen dugula eta oso giro ona daukagula gure artean.
Zerbait txarra esateagatik, agian aipatu nahi genuke ez zaigula gustatzen ez “borregismoa” ezta jendeak mugimendu hau modagatik jarraitzea ere. Taldeak autentikoak eta burujabeak izatea nahiko genuke.
Badakit kontzertu asko ematen dituzuela. Talde gazte ugari jotzea zaila delako kexu dira. Nolaz jotzen duzue hainbeste?
Kontaktu onak dauzkagulako jotzen dugu hainbeste, jende asko ezagutzen dugu herri ezberdinetan eta gero kontzertuak lortzen dizkigute. Ez dugu uste zaila denik gaur egun jotzea talde gazteentzako, baina ipurdia mugitu behar da zerbait lortu nahi bada.
Zeintzuk dira zuen talde gustukoenak? Ze musika mota entzuten duzue? Zeinekin nahiko zenukete jo?
Georgie Dann, El Fary (Ijurko), Eskorbuto, SLF, Valium Generation (Aratz), Kalekumeak, Afonia, 40 de Fiebre (Bolbo), Txirrita, Lazkao Txiki (Pepino).
Gaur egun denetatik entzuten dugu, baina gehienbat punk musika, bere bariante guztietan. Batzuei ska edota HC musika ere gustatzen zaie. Suburbio talde hernaniarrarekin gustatuko litzaiguke jotzea.
Jo ezean, zer egiten duzue asteburuetan? Gazteak asko aspertzen direla uste al duzue? Drogak (alkohola eta tabakoa barne) irtenbide
bat al dira?
Asteburuetan gauza asko egiten ditugu, gehienetan beste talde batzuk ikustera joaten gara, bestela ere bakoitzak bere zaletasunak ditu. Ez dut uste inolaz ere gutako bat asteburuan aspertuko denik. Aste egunetan ere ez dut uste aspertzeko denbora asko daukagunik.Ikasle garaian dauden gazte asko aspertzen dira eta porroak erretzen egoten dira egun osoan, hori denok egin dugu. Uste dugu gehien erabilitako errekurtsoa ez aspertzeko drogak direla, dudarik gabe. Hala ere, drogetaz ere aspertu zaitezke, eta kontrolatzen ez duzun ezer ezin daiteke alternatiba on bat izan.
2004 -05, ABENDUA - URTARRILA