entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2017-04-24

Arrotzak AIRE FRESKOA KASETE FORMATUAN

Lotura erlazionatuak
Arrotzak taldeak aire freskoa ekarri du Euskal Herri pozoindu honetara. Euskal Herri pozoindua kantak ematen baitio hasiera orain arte kaleratu duten lan bakarrari; zortzi abestiz osatutako kasete homonimoa da. Zeresan handia eman dute eta gure bazterrak bisitatu dituzten atzerriko hainbat talderekin batera ikusi ditugu azkenaldian. Ikus-entzulegoari zapore ona utzi diote, eta gogo bizia genuen eurekin hitz egiteko. Mikel Ramirez de Alda (bateria) eta Aritz Aranbururekin (gitarra eta ahotsak) batu gara.

Noiz eta nola sortu zen Arrotzak abiarazteko ideia?
Aritz Aranburu: Arrotzak taberna batean jaio zen, proiektu askoren antzera. Aspalditik ezagutzen genuen elkar eta horrelako talde bat egiteko gogoak batu gintuen. Gerora,  lagun asko entseatzeko elkartzen ginen lokal batean hasi ginen jotzen hirukote bezala; hasieran indartsu, ilun eta motel, gerora musika azkartu eta finduz. Abestiak hitzak eskatzen hasi zirenean lagun bati deitu eta segituan hasi zen abeslari bezala. Hau orain dela hiru bat urte izan zen. Ordutik, entsegu asko, grabazio bat, metronomo bat eta kontzertu dezente eman ditu gure orain arteko ibilbideak.

Ibilbide labur baina oparoa. Nola bizi izan duzue?
Mikel Ramirez de Alda: Niretzat nerabezaroko musikarekin berriro konektatzea bezalako zebait izan da; Gaizkie, Jawbreaker, Bad Religion, Hsker D eta halakoek markatu zuten garai hura. Beste estilo batzuetan aritzetik etorrita, banuen gogoa horrelako musika jotzeko; azkar, ilun eta melodikoa, hitzekin maila pertsona ukituz eta lagunartean eginez.
A.A.: Ni asko gozatzen ari naiz. Ekimenak soilik hirietan metatzen diren Espainiako hainbat lekutan ez bezala, zorionez, Gipuzkoa eta Euskal Herri mailan underground sare trinkoa dugu,. Pozgarria da talde bat sortu eta kilometro gutxiren bueltan hainbat lekutan jotzeko aukera izatea.



Institute eta Rule of Thirds talde atzerritarrekin partekatu duzue eszenatokia, besteak beste. Nolakoa izan da esperientzia?
M.R.: Oso ona, kanpoko taldeak beti izan dira eragin inportantea guretzat, maila musikal nahiz pertsonalean. Frantzian kontzertu batzuk eman genituen eta horietako hiru Naive banda alemaniarrarekin izan ziren. Izugarrizko plazera haiek ezagutzea! Gauza bera esan dezakegu han ere kontzertuak antolatzen ibiltzen den jendeaz. Gu gazterik hasi ginen gure herrietako gaztetxe eta lokal autogestionatuetan zuzenekoak aurrera ateratzen, eta aski ongi dakigu horrelakoetan hartueman pertsonala izaten dela esperientziaren alderik aberatsena. Aipagarria, baita ere, zeinen gustura ibili ginen Brest-en, gaueko ordu txikitan hango sagardoak dastatzen. Eta ez dugu inoiz ahaztuko Rennes hirian bizitakoa; Nuit debout mugimenduak antolatutako kontzertu batean jotzekoak ginen, baina hastera gindoazenean egun hartan bertan okupatutako aretotzarra utzi behar izan genuen alarma zarataka hasi zenean.

Puntu nihilista eta iluna duen musika egiten dugu



Eskandinabiako paraje ilunak dakartza gogora musikarekin sortzen duzuen giroak, baita gaur egun Austin-eko taldeek egiten dutena ere. Ageriko erreferentziez gain, nola deskribatuko zenukete egiten duzuena?

M.R.: Puntu nihilista eta iluna duen musika egiten dugula esango nuke.
A.A.: Greg Sage, Bob Mould edo Gorka Gaizkie oso presente nituen musika jotzen hasi nintzenean, eta Arrotzaken sentsazio haiek azaleratzen direla uste dut. Bestetik, Julen Azpitarteren hitz abilei kasu egingo nieke ere: "Ereserki itzaltsuak, goxoak beren garraztasunean".

Topikoak baztertu eta barrenak arakatu dituzue letrak osatzeko. Zer aurkitu duzue?
A.A.: Huts egitea, iruzurra, amorrua, ilusio falta... baina baita ere adorea, kemena eta goxotasuna.

100 kopia fisiko atera dituzue, eta soilik kasete formatuan. Kopuru oso mugatua, eta ezohiko euskarria. Zergatik?
M.R.: Sebas gure beste lagun batekin Kriston Zintak proiektua hasi genuen Arrotzak sortzearekin batera, lagunarteko maketa eta diskoak zinta formatuan argitaratzeko helburuarekin. Zergatik egin dugun? Ba, guretzat formatu ekonomiko eta nostalgikoa delako. Arrotzak martxan jarri zenean segida eman genion proiektu honi. Gu mugitzen garen zirkuituetan kasetea asko erabiltzen da.
Frantziako bira txikia suertatu zitzaigunean, eta produkzio denbora azkarra zela ikusita, formatua ederki etorri zitzaigun fisikoki eta modu analogikoan kopiak eraman ahal izateko. Eta edizio mugatuarena, tira, hasiera batean baikortasun gehiegirik gabe 100 kopia soberan izango zirela iruditu zitzaigun. Baina hasierako ideia haren kontra, ikusi dugu jendeari asko gustatu zaiola formatua eta bigarren edizio bat egitekotan gara.



Zein dira aurrera begirako planak?
M.R.: Ez gara geldirik geratuko. Kanta berriak grabatu nahi ditugu, biraren bat egin...  Jo ta fuego!
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.