entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Myriam Garzia 2013-05-14

Gari Amaierarik gabeko bideak

Gariren promozio argazkia. Gariren promozio argazkia.
Garik bere bakarkako ibilbidearen zazpigarren diskoa aurkeztu du, Ez da Amaiera (Elkar, 2013). Popa, psikodelia eta poesia biltzen ditu disko berri honek, bere funtsari uko egin gabe, Garik bide berriei ekiten eta aurrera pausuak ematen badakiela askotan erakutsi du eta.

Miguel Moyanok (gitarra, programazioak, teklak) eta Borja Barruetak (perkusioa), besteak beste, lagundu dute Gasteizeko abeslaria abentura berri honetan. Estudioko lan zaindua izan da azken emaitza, Lorentzo Recordsen gorpuztu, sortu eta grabatu baita disko berri hau. Hitzei dagokienez, luxuzko laguntzaileak izan ditu Garik: Jose Luis Padron, Jon Benito, Jon Maia, Kirmen Uribe eta Fermin Etxegoien.
Guk, dena dela, Garirengana jo dugu xehetasun gehiagoren bila.


Nola definituko zenuke Ez da Amaiera disko berri hau?
Bi ideia edota zutabe ditu lan honek. Alde batetik, musikariaren lanari dagokiona, disko berri honetan ez baitut jokatu beste disko batzuetan bezala, eta abestien sortze prozesua desberdina izan da. Sortze prozesuaren zati handi bat estudioan gauzatu eta gorpuztu da, mihise sinple batez eta bozeto batzuekin baino ez ginen heldu estudiora eta saiatu ginen sormenezko esperientzia estudioan bertan izan zedin. Estudioko lana ez da erregistro hutsa izan aurretik egindako lan baten gainean; garrantzitsuena esperientzia artistiko bizia, muturreko lana egitea izan da. Honelako abentura bati aurre egitean beldurra sentitzea, gauzak ondo ateratzen ez direnean amorrua sentitzea, edota alderantziz, zoriontasuna sentitzea, azken finean, esperientzia oso bat izatea. Bideari ekin diogu, zehatz-mehatz jakin gabe norako norabidea hartuko zuen diskoak. Luze jo du, aspalditik grabatuta baitago, baina hor dago emaitza.

"Bideari ekin diogu, zehatz-mehatz jakin gabe norako norabidea hartuko zuen diskoak"

Zein da bigarrena?
Bestetik, bigarren zutabea bizi dugun egoerari dagokio. Azpimarratu behar da Elkarrek askatasun osoa eman digula sortzeko orduan, luxu bat egun musika industriak bizi duen egoerari erreparatuta. Diskoetxea ondoan sentitzeak eta denon artean proiektua aurrera eramaten ari ginela sentitzeak izugarrizko garrantzia du niretzat. Are gehiago, gaur egungo egoera iluna, hotza eta goibela ikusita. Azken finean, denok bat egin dugu proiektu honetan, diskoa bera baino harago doan proiektuan.

Hitzei dagokienez, lagun onez baliatu zara. Nolakoa izan da hori dena batzea?
Denok egin dugu bat, diskoak bizitzaz hitz egiten duelako. Bizitza honetan gauza garrantzitsu asko dago, eta batez ere, disko honetan maitasunari abestu diogu. Egunerokotasunak ematen dituen gauzez ere aritu gara. Eta alde horretatik, nahiko erreza izan da dena, nahiz eta askotan idazleok estilistikoki ez izan antzekotasun handirik. Baina hitzok musikatzea lan erreza izan da.
Betiko lagunekin aritu naiz hitzak jartzerako orduan. Fermin Etxegoien eta Kirmen Uriberekin aritu naiz baita ere. Lagunak izanik, orain arte ez dugu elkarrekin lan egin. Jon Benito, Jon Maia eta Jose Luis Padronekin harremana oso zuzena eta erreza da. Kantak egitea, beti ere, betiko formula erabiliz egin dira: elkartu, paseatu, bizitzaz hitz egin, gure gauzak mahai gainean jarri eta hortik sortu dira hitzak. Oso prozesu naturala eta erreza izan da.

"Zer da gaur egun rocka? Oso gauza irekia da, melodia eta erritmo desberdinek osatzen dute egungo rocka, agian jarrera zehatz bat baino ez dute komunean"

We shall overcame abestiaren bertsioa ere badago diskoan, Fermin Etxegoienek berridatzita.
Bai, abesti hori izugarria da, milaka aldiz bertsioneatua izan da. Ferminek berridatzi du niretzat, baina benetako lana musikalki beste eremu batera eramatea izan da. Bitxia da nola geratu den diskoan, baina azken finean protesta abesti bat da eta bizi ditugun garaiotan egokitzen zaigu musika ahaztu batzuk berbisitatzea.

Psikodeliatik gertu, esperimentaziotik ere badu disko berri honek. Zer diozu?

Galdera zera da: zer da gaur egun rocka? Oso gauza irekia da, melodia eta erritmo desberdinek osatzen dute egungo rocka, agian jarrera zehatz bat baino ez dute komunean. Musikalki oso disko aberatsa da
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.