entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Arkaitz Villar 2013-11-21

We Are Standard Argiaren bila

We Are Standard. We Are Standard.
2013ko apirilean argitaratu zuen We Are Standard taldeak Day, estudioko azken lana. Soinu aldaketa dakar lan berriak dantzalekuko doinuak alboratu eta egunean zehar entzuteko abestiak osatu dituztelarik. Azaroaren 20an Something Bigger single berria argitaratu dute formatu digitalean, Oreka TX-ekin elkarlanean egin dituzten kantuak erakutsiaz. Deu abeslariarekin hitz egin dugu Jon Aguirrezabalak Deustun duen El Tigre estudioan.



Something Bigger single berria argitaratu berri duzue...
Oreka Tx-ekin eta Alex Ferrer teknikariarekin, EParen nahasketa egin zigun (Deloreanen Ayrton Senna ere berak nahastu zuen), abesti batzuk osatu genituen. Orekakoekin abesti bat osatu genuen, zerotik hasita. Igeldon duten ensaiatzeko baserrian eta gure lokalean aritu ginen lanean. Oso musikari handiak dira eta egia esan, oso erraz atera zen guztia. Gainera, txalapartaren soinua guk egiten dugunari oso ondo doakio. Hiru abesti landu genituen. Lehen aipatutakoaz gain, White Roomen Orekakoek gainetik jotzen dute. Gainera, Something Bigger abestiaren bertsio berezia ere egin genuen. Alexek nahasketa baten eskeletoa egin zuen eta gero guk gainetik jo genuen. Orekakoak batu ziren beranduago. Kantu hauek Madrileko Mataderoan dagoen Red Bull Estudioan grabatu genituen.

Day aurreko lanak baino argitsuagoa iruditu zait. Zer diozu?
Bai, oraingoa ez da horren 'elektroa'. Ez da Great State EPa baino argitsuagoa, bertan bost pop abesti agertzen baitira. Baina bigarren diskoarekiko ezberdina da, bai. Behar bat zen. Aldatu beharra genuen. Musika arte bezala egiten dugun heinean ezin ditugu beti On the floor bezalako abestiak eskaini. Egia esan, hastapenetara itzulera izan da: Manchesterreko soinura itzulera, Happy Mondays, Stone Roses, Primal Scream bezalako taldeetara. Batez ere doinu argitsuak bilatu ditugu musikaren alderdi sendagarrian sinesten dugulako. Horretaz gain, astearte goiz batean entzun daitekeen diskoa osatu nahi genuen. Bigarren estudioko lana oso zuzenduta zegoen dantzalekura. Orain, asteburura begira dauden abestien alboan astearte goiz batean entzun ditzakezun abestiak sartzea bilatu dugu. Honelako joerek diskoak handi bilakatzen dituela uste dugu eta gustatzen zaizkigun disko asko horrelakoak direla konturatu ginen. Agian kantu guztiak ez dira singleak, baina diskoa osatuagoa izatea laguntzen dute. Diskoa konpletuagoa izatea bilatzen genuen erregistro zabalagoa erakutsiz.

Jon Aguirrezabala kitarjoleak estudioa izateak lagundu al du soinu berria bilatzerako orduan?
Nik uste frogak egiterako orduan oso lagungarria izan dela. Honelako aldaketa bat egin nahi duzunean desertu bat igarotzea bezala da. Orain arte egin duzun guztia planteatzen duzu eta zerotik hastea bezala da. Denbora gehiago behar duzu soinu berria bilatzeko. Nire ustez soinu eta ekoizpen aldetik asko lagundu duela. Jonek ekoizle lana hartu du eta uste dut guk eduki dezakegun ekoizle onena dela. Bera bigarren diskoan sartu zen taldean eta musikaz asko daki. Kantuak hoberako aldatzeko gai da. Ekoizpen hori barruko norbaitek egiteak hasierako ideia garbiago isladatzen lagundu du. Argitasun horren bilaketan, kantu handiak egitean, etab. Ez horrenbeste estudioak berak baina bai Jon arduratu izanak.

Hala ere, nahasketak egiteko orduan Eric Brouce (LCD Soundsystem, Hercules & Love Affair, The Juan Maclean) arduratu da.
Estudioak agian ez du nahi genuen mailan nahasteko teknika eta gainera ondo zegoen kanpoko norbaitek abestiak ukitzea. Ez kanpoko norbaitek bakarrik baiziki eta pertsona bakarrak eta ez taldeko lauok iritsia ematen egotea. Batez ere soinu handia eta sendoa bilatzen genuen.  Hasten ari den ekoizle batekin lan egin nahi genuen. DFAren estudioan lan egindakoa da eta orain Los Angelesera mugitu da estudio berria sortu duelarik bertan. Dena emango zuen ekoizle bat bilatzen genuen eta ez jada konsagratua dagoen norbait. Oso gustura gelditu gara emaitzarekin. Aldez aurretik genuenaren ideia antzerakoa osatu du eta bidali genizkion maketetatik nahiko gertu gelditu da baina bilatzen genuen handitasun horrekin.


Asteburura begira dauden abestien alboan astearte goiz batean entzun ditzakezun abestiak sartzea bilatu dugu
Estudioan frogak eginda lan egiteak gero zuzenean kantu horiek proposatzeko arazoak sortu ditzake?
Zuzenean pista mugatuak daude normalean. Guk gainera, estudioan ez dugu pista mugarik: soinu kapa ugari erabiltzen ditugu bata bestearen gainean. Zuzenekoak planteatzen duzunean kantuaren oinarrira joaten saiatzen zara. Gero baseak eramaten ditugu zuzenean jaurti eta egin ezin ditzakegun soinuak sortzeko.

Egunarekin zerikusi handiagoa duen diskoa dela aipatu dugu. Niri ukitu erlijioso edo espirituala duela iruditu zait.
Bai, sendatzeko musikaren joera duelako da hori. Gainera, psikodelia ere gaineratu diogu. Beti gustatu zaizkigu 60ko hamarkadako garage taldeak. Hortik hasi ginen gainera. Guzti hori berreskuratzeko modu bat izan da. Horretaz gain diskoa lantzerako orduan eragin gaituzten talde ugari dago: Deerhunter, Atlas Sound, Bon Iver, etab. musika aldetik agian ez dute zerikusirik, baina bai kantu handiago eta argitsuago horiek egiteko joerarekin. Ez dira akorde solteak bakarrik. Barrutik beteko zaituen zerbait egitea zen helburua.

Garagea aipatu duzula Sonics taldearen bertsioa ere egiten duzue zuzenean...
Lehen esan dizudan bezala, gauera begira dauden oinarri elektrikoak baino zerbait gehiago gara eta disko honetan erakutsi nahi genuen hori. Sonics, The Clash, Velvet Underground, Stone Roses, eta beste hainbat talderen bertsio ugari egin ditugu. Gustatzen zaizkigun taldeak dira eta bertsio hauek zuzenekoari zerbait gaineratzen diotela uste dugu. Disko honek kontzertu dinamikoagoak eskaintzeko aukera ematen digu.

Diskoaren azalak joera apokaliptikoa du. XVIII. Mendean Joseph Wright-ek egindako margolana da, Vesuvius in Eruption. Zergatik?
Duela urtebete inguru Willy munduaren amaieraren kontzeptuarekin obsesionatu egin zen. Bi festa egin genituen horren arira. Horretaz gain estetikoki margolan klasikoekin eta arte lan klasikoekin ere obsesionatu egin ginen. Joera psikodelikoa hartzen genien lan horiei. Psikodeliak ez du ohiko koadro hipia bakarrik izan behar: kolore askorekin, fosforitoak, etab. Pompeiako margo bat ere horren psikodelikoa izan daiteke. Hor dago adibidez Pink Floyden Pompeiako zuzenekoa, ezta? Hor mosaikoak azaltzen direnez ez genuen mosaikoa jarri nahi. Alde batetik bi kontu horiengatik aukeratu genuen azal hori. Horretaz gain Pompeiak hemen bizi dugun egoeraren parekotasuna izan zuen. Orain arte bizimodu okzidentala ezinhobea izan da eta bapatean egun batetik bestera dena pikutara joan da. Metafora antzerako bat da hemen gertatu denarekin. Zibilizazio eta kulturak zikloka doazelaren ideiarekin bat dator. Day titulua gainera hortik doa, egunerokoan manejatzen dugun zikloa delako. Baita diskoak egunean zehar bizi dituzun sentsazioak trasmititzeko ideiarekin.

Abestiei dagokienez, Something bigger ospakizun moduko bat da, ezta?
Guztiok, ateoak izan edo ez, momenturen batean zerbait handiagoa existizen dela uste dugunaren pertzepzioarekin zerikusia du kantu honek. Musikalki handitasun hori bilatzen saiatzen da. Groove apur bat du, azpitik gora doan kantua baita. Baina barrura bidaiatzeko abestia da. Orain arte kanpokaldera begira dantza egin dugu baina lan honetan barrurantz dantza egiten dugu. Apur bat bueltaka dantza egiten duten Tunezeko dantzari horiek bezala, trance-a bilatzeko joera hori du.

Can I count on you abestiak ordea kanpora begira dantza egiten du...
Bai, abesti poperoena da zentzu horretan. Errazen sartzen dena. Kantu oso konpletoa dela uste dugu. Oso irekia da. Orain arte inoiz egin ez genuen akorde progresioa du, ezberdina, kuriosoa dena. Uste dut pausu bat errepresentatzen duela, ez dakit aurrera edo ez baina pausu bat bai.

White room da abestirik zailena...
Abesti berezia da, egitura berezia duena. Klima bitxia du, ez da horren abesti 'happy'-a. Zapaltzailea, zikina eta iluna da. Lehen adibidez honelako ideiak kanpoan gelditzen ziren  baina orain honelako soinuak ere bilatu eta landu nahi ditugu.

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.