BSS reggae doinuak lantzen dituen Irungo laukotea
Irungo Moskutik datoz Euskal Herriko musika egoera astintzeko asmoz Bad Sound Systemeko lagunak. Jamaikako reggae eta dancehall oinarri erritmikoen gainean jaurtikitako zuzeneko abestiekin osatu dute Buiaka diskoa, eta orain, Iñaki Stepi selektorea eta Brujo MC abeslariaren ahotik egiten dutena hobeto ezagutzeko aukera dugu.
Urteak daramatza Bad Sound Systemek reggae eta rap doinuak lau haizeetara zabaltzen, baina oraindik ezagutzen ez zaituztenentzat zer da Bad Sound System?
Iñaki: Bad Sound System hiru abeslarik; Brujo, Masta eta Kenitra, DJ Sucio scratchetan eta ni neu, Stepi, musika aukeraketan, osatzen dugu. 2003an Irunen Morodo ragga abeslariarekin egindako festa batean zerbait berezia egitea proposatu ziguten eta orduan Mala Mafiako eta beste rap taldetako jendearekin elkartu eta rap estiloa guztiz baztertu gabe zerbait berria egitea pentsatu genuen, reggae, ragga estiloan. Azkenean oso festa polita atera zen, zazpi MC mikrofonoan, bi DJ; horri bizioa hartu genion eta orduz geroztik ez gara gelditu.
Festa ugari egin dituzue azken urtean eta horietako batzuk Fermin Muguruza eta bere Kontrabandarekin.
Iñaki: Bai, Ferminekin kontzertu batzuk egin ditugu eta horietako azkena, Zambra aretoan eskainitakoa grabatu eta orain diskoan kaleratu dugu.
Atentzioa deitu digu diskoari jarri diozuen izenburua, Buiaka. Jamaikarrek asko erabiltzen duten hitza da eta orain zuek hitzarekin jokoa eginez euskaraz ere zentzua eman diozue.
Iñaki: Horrela da bai. Ragga kantu batzuetan entzun daitekeen hitza da eta guk euskaratu egin dugu, ez dakit oso akademikoa ote den baina gustatzen zitzaigun.
Diskoa zuzenean grabatua dago eta zuzenekoa izateko nahiko soinu ona lortu duzue. Soinua da gainera sound systemetan garrantzi handia duen elementua.
Iñaki: Soinu teknikaria den lagun bati esker lortu dugu zuzeneko soinu hori. Eneko aritzen da mahaian soinua zaintzen eta eskertzekoa da hori abeslari eta bi dj sonorizatzea ez delako batere erraza. Soinuak garrantzi handia du sound systemetan eta horietako askok soinu ekipo propioak dituzte espresuki beraien gustura eginak. Hemen ere aurrerapausoak ematen ari gara eta ea noizbait horrelako zerbait izatera iristen garen.
Zuzenean erabiltzen dituzuen baseetako asko oso ezagunak dira reggae-dancehall munduan. Azken aldian, jamaikar asko omen dabiltza Irun aldean zure bila ezta?
Iñaki: (Irribarrez) Begirada mehatxagarriekin ikusi dituzte bai. Egia esan, musika jartzen dudanean erabiltzen ditudan riddim edo base erritmiko batzuk oso gustukoak ditugu eta riddim horietako batzuekin gure bertsioak egitea erabaki dugu. Jamaikan oso ohikoa da hori eta sound system gehienek egiten dute base erritmiko ezagun baten instrumentalaren gainean ahotsak sartzea.
Brujo: Aurrera begira gure base propioak egin nahi ditugu. Rap taldearentzat ordenadorean baseak egiten ditugu jada baina egia esan, ragga baseak konposatzea zaila egiten zaigu oraingoz.
Riddim horien gainean letrak abesten dituzue. Azalduko zeniguke nola konposatzen dituzuen letrak, zertaz hitz egiten duzuen eta non bilatzen duzuen inspirazioa?
Brujo: Letrak abeslari bakoitzak gure kabuz idazten ditugu, lelo batzuk egiten ditugu eta ondoren erabiliko dugun basearekin lotura ematen saiatzen gara, nahiz eta azken hau zaila egiten zaigun askotan. Edukiei dagokionez, denetatik hitz egiten dugu, Babilonia erdian gaude eta gure inguruan gustatzen ez zaizkigun gauza asko ikusten ditugu. Gauza horiei buruz hitz egiten dugu.
Diskoaren promozioa egiten ari zarete orain, eta ondoren zer?
Iñaki: Aurrera begira diskoaren promozioarekin batera zuzeneko asko egiteko asmoa dugu, hori delako gehien gustatzen zaiguna eta horretaz gain, reggae, hip-hop eta gustuko ditugun doinuak bultzatzen jarraituko dugu.
2004, EKAINA-UZTAILA