entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Myriam Garzia 2016-06-05

Victor de Diego (jazz musikaria eta saxo-jolea) Bartzelonan, goi mailako musikariak ezagutzeko, beraiekin jotzen aritzeko eta musikari bezala hazteko aukera izan nuen. Hori askoz ere zailagoa izango litzateke Euskal Herrian geratu izan banintz

Victor de Diego Trio. Victor de Diego Trio.
Lotura erlazionatuak
Duela 30 urte hartu zuen Bartzelonarako bidea Victor de Diego jazz saxo-jole bilbotarrak. Bertan garatu du bere musika sorkuntza, baina ahal duen guztietan Bilbora itzultzen da, jaioterrira. Bittor (Quadrant Records) da bere 7. lan luzea, Jordi Gaspar (kontrabaxua) eta Gonzalo del Val (bateria) musikari kataluniarrekin osatzen duten hirukotearen bigarrena. Victorrek eman dizkigu zehaztasunak.


Zure ibilbideko 7. lana dugu Bittor, eta bigarrena Victor de Diego Hirukotea osatzen duzuen De Diego/Gaspar/Del Val musikariekin. Nolakoa izan da disko berri honen sortze prozesua?
Talde honekin, musikari berdinekin elkarrekin jotzen aritu gara 2013tik eta urte bat jotzen pasatu eta gero, argitaratu genuen lehenengo diskoa: Tribute. Oso gustura egin genuen diskoa eta kontzertu ugari egin genituen. Urte bi edo pasatu eta gero, ia derrigorrezkoa zen errepertorioa pixka bat berriztatzea eta hala egin genuen. Hori islatu dugu disko berri honetan. Prozesu normala, esan dezakegu. Azken kontzertuetan kantu berri horiek jotzen aritu gara eta, azkenean, estudioan sartu ginen abesti guztiak grabatzera.

Musika jotzeko dudan filosofian ez da hain garrantzitsua zer jo, zelan jo baizik

Tribute, aurreko diskoarekin biratzen egon zarete han eta hemen. Hirukotearen eta zure ibilbidearen egonkortasunaren seinale da disko berri hau?
Bai, nire aurreko diskoetan ez zen hala gertatzen, talde horiek bi edo hiru urte baino ez zuten irauten, baina hirukote honekin lortu dugu egonkortasun hori eta, gustura gaudenez, lan egin dugu hala izan dadin. Bigarren disko hau, jakina, seinale ona da, egonkortasuna lortu dugulako, soinu berezi bat lortu dugulako. Hori oso garrantzitsua da, taldea hazi eta heldutasuna lortzeko. Hori kontzertu eta bira ugari ematen lortzen da, eta gaur egun ez da erreza talde batek hainbeste kontzertu ematea eta musikari guztiak mantentzea urtetan zehar.

Hirukoteak sortutako piezak, zuk zeuk sortutakoak eta jazz standarren interpretazioak tartekatzen dira Bittor diskoan. Hala ere, erabat koherentea da, piezen arteko jausirik ez dago.
Bai, musika jotzeko dudan filosofian ez da hain garrantzitsua zer jo, zelan jo baizik, hau da, abestiaren aukera ez da egiten begiratuz zelakoan diren kanta horiek, baizik zer egin dezakegun kanta horiekin, zelan buelta eman, zein kolore desberdinak lortu, zein erritmo desberdinekin jotzea Berdin zaigu, esaterako, zein kantak aukeratu. Hala eta guztiz ere, azkenean, kantuak aukeratu behar dira eta jazz sortzaileen artean, gustura gaude Parker, Powell eta standard-ak jotzen. Baita ere, nire konposaketak eta inprobisazio kolektiboak egiten, Wefree 3 eta 4 abestietan egiten dugun bezala.

"Nahi dudana da, jendeak 'Bittor' entzuten duenean pentsatzea musika hori interesgarria dela, ez dagoela eginda motoa saltzeko, zintzoa dela, kalitatezko musika dela"

Disko berrian, zuk sortutako Zazpiko eta Laboa eta Artzeren Txoria Txori abestiak euskal musikari egiten diozun keinu bezala uler daitezke? Nolakoa da euskal musikarekin duzun harremana?
Bai, jakina, euskalduna naiz eta oso leku gorenean daukat euskal musika. Gainera, Mikel Laboa erreferentzia handia da musikari guztientzat, artista erraldoia, olerkari eta musikari handia. Nik entzuten nuen eta kantatzen genuen familia eta lagunen artean askotan Txoria Txori eta, bai, euskal musikari egindako omenaldi gisa bezala uler daiteke. Euskararen aldeko nire bulkada txikia edo are alea da. Beti izango da hor.

Zuk jotzen duzun saxoa protagonista bada ere, Gaspar eta Del Valen kontrabaxuak eta bateriak badute euren tartea, iruditzen zait solo asko dagoela diskoan. Ados?
Ez da halaxe Jazzaren ezaugarri nabarmenena inprobisazioa da, beraz abestiaren melodia, ia aitzakia bat baino ez da, gero inprobisatzeko. Esan dezakegu, musika kreatiboa sortzea gehien gustatzen zaiguna dela. Melodiak jotzea eta, gero, horiei buelta emanez, beste musika sortzen saiatzea edo denon artean ea nora iristen garen ikustea. Gero, arau batzuk daude hori ondo egiteko, jakina

Jazz garaikide bezala uler daiteke Bittor? Denbora ez da alferrik pasatzen, ezta jazz munduan ere. Zeintzuk dira jazz musikatik interesatzen zaizkizun estiloak edota mugimenduak?
Nik halaxe espero dut, Bittor kontuan izatea edo, hobeto pentsatuta berdin zait! Nahi dudana da, jendeak entzuten duenean pentsatzea musika hori interesgarria dela, ez dagoela eginda motoa saltzeko, zintzoa dela, kalitatezko musika dela, musikariak onak direlako, eta nonbaitera eramaten zaituelako, bakoitzak nahi duen leku edo esperientzia batera. Espero dut, baita ere, nabaritzea jazz tradiziotik datorrela, baina bidean beste musika mota desberdinetatik edan duela eta emaitza berria baina fundamentuarekin eginda dagoela. Eta, noski, azkenean, entzuleak disfrutatu dezala, eta kito.

Zergatik joan zinen Bartzelonara? Euskal Herrian dagoen jazz giroa ez da aski jazz musikagileen sorkuntza garatzeko?
Zoritxarrez, ni joan nintzenean, orain dela ia 30 urte, halaxe zen. Bartzelonan musikari asko eta kalitate handikoak zeuden, horrek ez du esan nahi hemen ez zeudenik, baina oso gutxi Bartzelonan, goi mailako musikariak ezagutzeko eta beraiekin jotzen aritzeko aukera izan nuen, eta musikari bezala ikasi eta hazteko. Hori askoz ere zailagoa izango litzateke Euskal Herrian geratu izan banintz. Hala eta guztiz ere,  sarritan etortzen naiz Euskal Herrira kontzertuak eskaintzera nire taldeekin eta, baita ere, euskal musikariekin eszenatokia partekatzera.

Nolakoa da Bartzelonako jazz giroa?
Ba, lehen esan dizudan bezala, Bartzelona betidanik izan da Estatu espainiarrean leku inportanteena musikari kopurua eta haien kalitateari dagokionez. Eta gaur egun ere halaxe segitzen du izaten, nire ustez. Azken urte hauetan kopuru hori asko handitu da Egia esan, gehiegi handitu da, hau da, orain ez dago horrenbeste lan musikarientzat, baina Bartzelonan egosten den musika goi mailakoa da.
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.