entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Antton Iturbe 2014-01-03

Adrian de Alfonso (Don The Tiger) Bartzelonatik Berlinera

Don The Tiger. Don The Tiger.
Joan den  irailaren 30ean Kafea eta Galletak-en 5. urteurrenerako Don The Tiger izenpean emandako kontzertuaren ondoren, Adrian De Alfonsorekin hitz egiteko aukera izan nuen eta han esandakoak eta ondoren e-mailez osatutakoak bilduz, hona gure artean izan genuen elkarrizketa:

Zure aurreko lanak ondo ezagutzen ez ditudala onartu behar dut. Bestia Frida-ren gauza batzuk entzun ditut eta oso free eta zaratatsuak gogoratzen ditut. Veracruz ere entzun dut eta kasu honetan irudi rockeroagoa daukat, Birthday Party-ren itxuran eta nolabait orain egiten duzunaren antzekoagoa ere. Veracruz-en soinua erreferentzia izan al da Don The Tiger sortzerakoan?
Don The Tiger-en orain arte egin dudan guztia dago metatuta, baina ez nuke esango Varadero diskoan Veracruz-en soinua Homenatges-en baino gehiago sartu dela, adibidez. Soinuaren tratamenduak eta erritmoek nere proiektu zaratatsuenekin erlazio handiagoa dute berez, abestietan oinarritutako beste proiektuekin alderatzen baditugu.

Edozein erara, zein zen zure papera Veracruz barruan? Bere garaian, soinu bortitz eta askeetatik, taldea planteamendu konbentzional eta otzan xamarretara pasatu zela iruditu zitzaidan (baina baliteke azaleko inpresioa baino ez izatea)
Veracruz ni sartu baino askoz lehenagotik ari ziren lanean. Hasiera batean nire papera Happy Mondays-eko Bez-en antzekoa zen. Ikusleen artetik oihukatzea zen nire eginkizun nagusia. Hura nahaste-borrastea! Nire gitarra sartzea besterik ez zen falta zarata hutsak dena irentsi zezan, eta gauza da epe batez behintzat guztioi primeran iruditu zitzaigula. Hala ere, eta zure inpresioa kontraesanaz, taldearen azken etapari hoberena deritzot. Hots, abesten hasi eta konposizioen kontrola hartzen hasi nintzen unea. Hortik aurrera gure soinua ohikoago bihurtu zela onartzen dut, baina nire ustez ederki asmatu genuen poparen oinarrietara gerturatzeko ausardia izatean. Sendotasuna eman zion taldearen musikari. Eta tira, Don The Tiger-era bueltatuz, abesti horiekin narraziorako erraztasuna garatu nuen eta horrek Varadero egiteko asko lagundu dit.


"Varadero-ko hainbat soinu ehundura, 15 urterekin grabatutako zintetatik datoz. Beste artisten sanplerrak edo plugin eta sintetizadoreak erabili ordez, zinta horietara jo dut"

Berlinera bizitzera joan izanak zugan eragin handia izan duela dirudi, baita Valerio Tricolirekin egindako elkarlana. Zure lana zein eratan esango zenuke baldintzatu duela? Aipatu nahi zenituzkeen artista gehiagorekin kontaktuan jarri zaitu?
Hasiera batean hala iruditu arren, Berlinek oso eragin txikia izan du diskoaren edukian. Bai ordea diskoaren garapenean, han Espainian baino denbora gehiago baitaukat musika lantzeko. Baina hor bukatzen da eragina. Beste alde batetik, ez naiz kontzertu askotara joaten eta ez dut beste musikariekin apenas harremanik izaten, baina niregan arrasto bat utzi duten lau izendatzea nahi baduzu: Valerio Tricoli, Krapoola, Lucrecia Dalt eta Navnlaust Mnster Opptog (Ruben Patio eta Moha!-ko Morten Olsen) aipatuko nituzke.

Canada diskoetxeko webgunean "lehen garaiko Bad Seeds, This Heat, Matt Elliott, Eden Ahbez, Eyeless in Gaza, Tricky, Cocteau Twins, Swans, Akauzazte, Gallon Drunk, Tom Waits, Suicide... aipatzen dira zure lanaren eragin moduan. Denak aproposak iruditzen zaizkit, baina nik Corcobado moduko artistekin lotura bat sumatzen dut. Kantu herrikoiak (zure kasuan boleroak, habanerak) hartu eta hizkuntza propio bat sortu arte moldatu eta bihurritzen dituzten artistak, alegia. Burura datorkidan beste artista bat Ghedalia Tazartes da. Oso gogokoa dut, eta bere musika zure antzekoa den planteamendu bat jatorritzat hartuta, beste mundu batekoak diruditen ertzetara eramateko gai dela iruditzen zait. Izan ere, Ghedaliak PAN diskoetxerako grabatu izan du, Valerio Tricolik bezala. Berlineko  diskoetxe itzel horretan zure musikak lekua izango zuela iruditzen zait. Bere arduradunekin kontakturik izan duzu?
Corcobado oso gustokoa nuen nire gaztetxo garaian. Gero hunkigarri baino komikoago iruditzen hasi zitzaidan. Ahots tinbre oso antzekoa dugu eta antzeko iturri musikaletik edaten dugu, beraz ulertzekoa da nire burua berarekin erlazionatzea. Ghedalia oso gustokoa dut nik ere. Orroez osatzen dituen drone horiek zoragarriak iruditzen zaizkit. Orain dela bi urte zuzenean Berlinen ikusi nuen, eta nik espero nuenaren erabat kontrakoa egin bazuen ere, aho bete hortz utzi ninduen. PAN diskoetxeari buruz ez daukat asko esaterik. Bill Kouligas ezagutzen dut, baina bere lan egiteko moduari kutsu oportunista, eroso eta susmagarri bat sumatzen diot. Plazaratzen dituen gauza batzuk interesgarriak iruditzen zaizkit, Aaron Dilloway eta Jason Lescallett-en diskoa adibidez, baina momentuz Matilde Diaz edo Wille Colon entzutea nahiago dut.

Webgunera bueltatuz, atentzioa deitu dit zure gaztetxo garaian grabatutako gauzetan oinarritu zarela irakurtzeak. Hala da benetan? Nondik datoz zure abestien hitzak? Kontu handiz egiten dituzula garbi dago eta  autobiografiko izatearen misterioa dute. Zentzu horretan, bereziki garrantzitsua izan den beste eraginen bat aipatu nahi zenuke?
Varadero-ko hainbat soinu ehundura, 15 urterekin grabatutako zintetatik datoz. Beste artisten sanplerrak edo plugin eta sintetizadoreak erabili ordez, zinta horietara jo dut. Garai hartan grabatu eta zortzirehun mila aldiz entzun nuenak nire gaur egungo kolore paleta izaten jarraitzen du. Nire memoriak zehaztasun osoz gorde ditu soinu guzti horiek. Hitzak, nire esperientzia pertsonaletik datoz noski, baina gertakizunak hitzez hitz kontatzea ez da nire asmoa, protagonisten keinuetan oinarritzen naiz istorioetan baino gehiago. Nire kantu idazle gogokoena Leonard Cohen litzateke, negar egin arazten didaten beste asko dago: Patsy Cline, Jacques Brel, Esclarecidos-eko Alfonso Perez, Townes Van Zandt

Bukatzeko... Zein proiektu dituzu buruan une honetan? Berlinen bizitzen jarraitu behar duzu?
Nire proiektua une honetan zuzeneko emanaldietan Don The Tiger izaten ikastea da. Eszenatokian arnas hartzeko gai izatea. Narratiba malgu bat sortu nahi dut, ireki ditudan aukera guzti hauek biduz. Beste alde batetik, Carla Bozulich-en Bloody Claws-ekin entsaiatzen ari naiz, Espainia eta Portugalen emango dituzten kontzertuetearako. Bukatzean arratoi bat baino behartsuago geratuko naizela suposatzen dut, beraz Berlinera bueltatu baino beste erremediorik ez dut izango. Han, disko berri batean lanean hasiko naiz. Hiri horretan egin daitekeen gauzarik hoberena baita.


bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Adrian de Alfonso

Don The Tiger Adrian de Alfonsoren proiektua da. Baina nor da Adrian? Jatorriz galiziarra den arren, Bartzelonako lur azpiko artista ipurterrenetakoa da. Esaterako, Bstia Ferida, Veracruz, Capitn eta Homenatges taldeetan aritu da eta Lydia Lunch, Mark Cunningham edota Weasel Walter gisako artistak lagundu ditu.
Hala ere, Don The Tiger izenpean lehen lan luzea Berlinen grabatu zuen. Valerio Tricoli italiarraren laguntza izan zuen horretarako. Esperimentazioa eta abestia aiherkundez besarkatzen dira lehen lan honetan.

www.vara-dero.com

Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.