entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Jon Maya 2003-10-05

BERRI TXARRAK askatasun osoz

Laugarren lanaren azala Laugarren lanaren azala

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Urriak Euskal Herriko gazte askoren irrika aseko du. Aurtengo gorakadak Berri Txarrak laster lan berri batekin itzuliko zela ohartarazi zigun eta hala izan da. Hilabeteko lehen egunek Libre diskoa ekarri dute besapean. Berri Txarrak-en laugarrena.


Gorkak, Mikelek eta bi Aitorrek musika irentsi egiten dute. Disko dendak hustu eta etxeko apalak gainezka uzten dituzte. Eta gero guztia musikaren bidez azalerazten dute. Lekunberriko laukoteak laster hamarkada bat egingo du elkarrekin, 1994. urtean jada gitarrak astintzen eta laborategiko lehen nahasketak egiten hasi baitziren. Ordurako atzean geratu ziren Gorkak eta Aitor Goikoetxeak Nahi ta Nahiez taldean igarotako garaiak. Berri Txarrakek 5.000 kopia saldu zuen, Ikastenek 9.000 ale, eta Eskuak /Ukabilak ere ez zen atzerago geratu. Orain Libre lanarekin heldu dira. Hazkunde progresibo horretako beste urrats bat da, sendoa aurrekoak bezalaxe. Lan berriaren xehetasunak Gorkak azaldu dizkigu, taldeko ahotsak eta kantuen egileak.

Lehenengo diskoarekin zuen burua aurkeztu zenuten, bigarrenean estiloa definitu eta hirugarrenean proiektua erabat sendotu. Laugarrenak zein leku du ibilbide honetan?

Argi dago orain arte aurrera pausuak ematen joan garela, eta disko berri honek ere beste jauzi bat suposatuko duela garapenean eta kalitatean ere. Egia da sendotu garela, baina niri ez zait gehiegi hori esatea gustatzen, badirudi sendotzean lasaitu egiten zarela, jada ez duzula ikertzen edo bide berriak aztertzen. Gure kasuan ez da horrela. Ikasi dugu nola egiten diren kantak-eta, baina ez gara gelditu. Lan honetan aurreko diskoa ez errepikatzen saiatu gara.

Aipatzen duzun kalitate jauzi hori zertan igar daiteke?

Estilo aldetik ez garela asentatu esan nahi nuen. Aurreko lanekin alderatuta, honek ere Berri Txarrak-en soinua dauka, baina hardcore kutsu handiagoarekin. Disko osoan, 38 minututan, kantu guztiak segidan jarri ditugu, inongo tarterik gabe; abiadura gehiago dago... Agian, ez da aurrekoa bezain matxakoia, abiadura gehiago dauka. Gitarretan ere nabari da aldaketa; nahiz eta musika nahiko berritzailea den, heavy tradizionaleko zenbait ukitu sartu baititugu. Eta ahotsekin ere ausartu gara. Beti izan dugu beldurra duo-ak eta koroak egiteko kantuak pastel samarrak geratuko zirela pentsatuz, baina oraingoan aurreraino joan gara. Ahotsa pista pila sartu ditugu eta armonia politak daude.

Zuen kantu berri bat Aurtengo Gorakadan sartu zen, eta aurrerapenak ikusmira areagotu egin du. Zuek ere ja diskoa kaleratzeko gogoz izango zarete?

Bai, irrikitan gaude. Normalean, bi urtean behin ateratzen dugu disko bat. Hamabi edo hamalau hilabete ematen ditugu kontzertuak eskaintzen, eta desagertzen garen sei hilabete horietan abestiak prestatzen igarotzen dugu, eragin berriak jasotzen, freskatzen Orain, lan guztia zuzenekora eramateko gogo biziz gaude.

Beraz, taldeak jada badu lan metodologia eta dinamika bat?

Ez da planifikatutako ezer, baina normalean gorputzak eskatzen digu hori egitea. Disko bat atera ondoren urte bete egoten gara jotzen. Txanda hau, ordea, pixka bat ezberdina izan da. Etxetik kanpo jotzen ibili gara, batez ere Katalunian, eta udan ere hainbat musika jaialditan parte hartu dugu. Beraz, urte hori luzatu egin dugu. Hala ere, Euskal Herritik kanpora aritzeak ere apur bat oxigenatzen du.

Eragin berriak aipatu dituzu lehen. Ohikoak dituzuenez gain, zein joerak nabaritzen dira disko honetan?

Oso musikazaleak gara, dendatan etengabe txapa ematen dugu, eta musika asko entzuten dugu. Beraz, eraginak ere ugari jasotzen ditugu. Metal berriak dezente markatu izan gaituen arren, orain dezente jo dugu hardcorera. Kontsumitutako guztiaren sintesi bat dela esan daiteke. Hala ere, aldaketak aldaketa, jendeak jada Berri Txarrak-en estiloa ezagutzen du, eta hortaz oso harro gaude.

Nonbaiten entzun dizugu hau zuen diskorik emozionalena dela esanez.

Beti eman izan diogu lehentasuna kantuari, soinua eta horrelako gauzak bigarren plano batean utzita. Guretzat garrantzitsuena musikaren aldetik energia eta tentsioa ipintzea da, eta ahotsarekin, berriz, sentimendua adieraztea. Alde horretatik, ahotsak inoiz baino landuago daude, eta horregatik emozio gehiago dario. Horrez gain, letrei dagokienez, gauzak esateko modua aldatzen joan da, eta orain hizkuntza poetikoagoa erabili dugu. Metafora nahiko polit batzuk atera direla uste dut eta kantu batzuk oso sentikorrak dira.

Kantuak eta hitzak zure ardura izaten dira. Zer gaiek izan dute pisu gehien diskoa osatzerakoan?

Beti bezala maitasunari eta maitasun ezari kantatu diogu abesti askotan, eta kutsu kritikoa mantendu dugu ere. Lehenengo singlea izango den Izena, izana eta ezina kantuari buruz, adibidez, beti esaten dut musikan potentzia dagoela eta inpotentzia letretan, eta horrek nahiko ondo islatzen du diskoan dagoena. Nik kontraesan sentimendua dut lan honekin. Kutsu positibo bat eman nahi nien hitzei eta, orohar, disko osoari, baina ez zait atera. Beraz, haserre nago (kar-kar-kar). Melankolia eta ezina atzematen da. Sarritan, musikak berak eramaten gaitu horretara, zaila baita musika estilo honekin bestelako sentipenak azaltzea.

Aurreko diskoarekin atzerrirako lehenengo irtenaldiak egin zenituzten. Zuen musikarentzako bide berriak irekitzen ari al zarete?

Orain arte egin dugun irteeren balantzea oso positiboa da. Aurreko diskora arte ez ginen inoiz atera, baina konturatu gara beharrezkoa dela eta taldearentzat erronka bat dela. Hazia jada ereinda dago, eta orain artekoa uste baino hobeto joan da. Esate baterako, Katalunian jarraitzaile base bat egin dugu... Eskuak/Ukabilakekin hogei bat kontzertu eman ditugu. Bertako manager batek ere fitxatu gaitu eta badirudi kontua nahiko ondo doala. Epe luzerako gauza bat da, baina hasiera oso itxaropentsua izan da. Halaber, Madrilen, Aragoin... harrera ona izan dugu. Furgoneta berria dugunez prest gaude bidaiatzeko. Adibidez, abenduan Alemaniara joango gara.

Hala ere, Fermin, SA, Su Ta Gar... Kanpoan gauzak gero eta zailago daude.

Bai, guk ere izan genuen afera bat Galizan. Jazoera horien aurka ez dakit zer egin beharko dugun, baina kontua da hor dagoela. Penagarria eta beldurgarria da. Burua altxatzen duzunean eta Espainiara ateratzea lortzen duzunean orduantxe azaltzen da; ez dakit zentsura modan dagoen edo zer, baina penagarria da. Guk ahal duguna egingo dugu, eta ez gara kikilduko. Moztu behar bagaituzte moztuko gaituzte.

Diskoan Rise Against taldeko kantari Tim Mcllrath-en kolaborazioa izan duzue. Nolatan gertatu da hori?

Jarraitzaile gisa hasi zen guztia. Rise Against oso gustukoa izan dugu beti, eta, batez ere, bere abeslaria. Hala, e-mailak bidaltzen hasi ginen fan gisa. Apurka-apurka hasi gintzaion esaten euskarazko musika talde bat genuela eta abar. Halako batean, Iruera etorri ziren jotzera. Oso jende gutxi joan zen kontzertura, eta guk berarekin egoteko aprobetxatu genuen. Hasieran hotz samar jardun zuen, ez zen gehiegi ireki. Beranduago, ordea, gure diskoa etxean entzun zuen eta berehala deitu gintuen. Asko gustatu zitzaiola eta nahi genuenerako prest zegoela esan zigun. Ordutik aurrera, oso ondo portatu da. Guk kantatu behar zuena bidali genion, eta berak bere zatia Chicagon grabatu zuen. Ingelesez egin zuen, baina azken zatia euskaraz kantatzera ere animatu zen. Oso harro eta kontent gaude horretaz.

Bestalde, GOR diskoetxean egiten duzu lan. Bertatik, zer joera ikusten dituzu, azken boladan, euskal taldeengan?

Denetik dago. Badirudi estiloen espektro hori zabaldu egin dela, baina ez dakit irekitze horrek zer zerikusi duen publikoaren erantzunarekin. Hemen musika gogorrak badu entzule fidel bat, baina popa alboratuta geratzen da. Uste dut poparen joera horrekin hautsiko duen talde indartsu bat behar dela. Metal berriko taldeak orain asko iristen dira, punk estilokoak ere


DISKOGRAFIARI BEGIRADATXOA

Berri Txarrak:
Orain argazki zahar bat bezala ikusten dut. Gure maketaren eta bigarren diskoaren arteko zubia da, nahiz ja nabaritzen zen doinu berriak bilatzen ari ginela. Jendeak oso ondo hartu zuen, eta oroitzapen oso ona dut.
Ikasten:
Ezuste bat izan zen guretzat eta jendearentzat. Aldaketa bat izan zen soinuan, afinazioan Aurreko diskoan aurreikusten zena gauzatu zen. Oso harro gaude lan horrekin, zuzenean jotzeko aukera handia eman baitzigun eta euskal eszenan finkatzeko balio izan zigulako.
Eskuak/Ukabilak:
Hasiera zaila izan zen, aurreko birarekin nekatuta amaitu baikenuen. Pixka bat gainera etorri zitzaigun. Hala ere, gustura geratu ginen soinuarekin, diseinuarekin Kritikak ondoen jarri duen diskoa da, eta kanpoan jotzeko aukerak ireki zizkigun. Denborarekin ikusi genuen disko ona zela.

2003, URRIA-AZAROA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.