entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
OMERO 2003-11-21

ANARI TA PETTI Besarkada gordina

Elkarrekin kolaboratu ondoren, "Pil-Pil Sessions" batera egindako lana da Elkarrekin kolaboratu ondoren, "Pil-Pil Sessions" batera egindako lana da
Barneraino heltzen zaizkigun doinuak eskaini dizkigute Anarik eta Pettik euren ibilbidean zehar. Orain arte bakarka ezagutu ditugu, nahiz eta aurretik ere kolaboratu izan duten inoiz: Anariren bigarren diskoan, (Habiak) edota zuzenean. Orain ordea, batera datoz Pil-Pil Sessions egitasmo interesgarriaren eskutik. Entzun!ek elkarrizketa egin die. Halarik ere, tranpa txiki bat egin dugu: artista biak mahai berean baleude ekarri dugu orriotara elkarrizketa, ordea, bakoitzak bere kabuz erantzun zituen galderak.


Nondik dator elkarrekin diskoa kaleratzeko ideia?

Anari: Metak-ek Pil Pil Sessions sortu zuenean apustu polita iruditu zitzaidan. Egitasmo honen baitan diskoetxeko musikari eta taldeei beste jende batzuekin kolaborazioak lantzeko aukera ematen zaie. Bueltak ematen aritu nintzen eta argi nuen zerbait egin nahi nuela. Nire bidetik pixka bat ateratzeko gogoa ere banuen. Horregatik Habiaken Pettik kolaboratu zuenekoari heldu nion.
Petti: Anarik proposatu zidan ideia, asko gustatu zitzaidan eta onartu ostean aurrera egin genuen.

Zer aurkituko du entzuleak lan berri honetan?

Anari: Bakoitzak bi kanta sartu ditu. Nik neukan obsesioetariko bat nire bidetik ateratzea zen, nahiz eta norbera bere melodiatik ateratzea erreza ez izan. Beste instrumentu batzuk frogatzeko gogoa ere banuen. Nire kantuetan adibidez Joseba Irazokik gitarrak sartu ditu eta erabat markatu ditu kantuok, nahiz eta Strubell, Jomes, Drake eta Maite ere hor izan diren. Gure doinuak ezagutzen dituenak Pettiren kantuetan nire parte bat aurkituko du, eta baita alderantziz ere. Nahiz eta lau abesti besterik ez izan, uste dut lortu dugula giro eta kantu ezberdinak sortzea.

Kantak sortzerakoan izan al du eraginik besteak ere kantetan parte hartu beharrak?

Petti: Ez dut ezer berezirik egin. Aurrez sortuak nituen kantuak dira hona ekarri ditudanak. Aproposenak iruditzen zitzaizkidanak aukeratu nituen. Estudiokoa izan da gauzak moldatu ditugun momentua, bata bestearen kantuetan sartuaz eta beste musikari batzuk ere gonbidatuaz.

Anariren Habiak lanean abesti pare batetan kolaboratu zenuen eta ondoren zuzeneko batzuetan ere batera parte hartu zenuten. Bada kimika bat bion artean, ez?

Petti: Musika egiten hasi aurretik asko gustatzen zitzaidan jada Anarik egiten zuena. Habiaken parte hartzearena berak komentatu zidan koroak sartzeko. Ahotsak oso ezberdinak dira, baina elkartzen direnean ongi gelditzen da, agian horregatik sortzen da kimika hori.
Anari: Asko gustatzen zait bi ahotsak nola elkartzen diren horren ezberdinak izanda. Pettiren ahotsa ez sinesteko modukoa iruditzen zait, subgrabe horretara iristea ezinezkoa iruditzen zait. Horretaz gain, bere kantuen konposizioa ere oso gustukoa dut.

Zuzenekoetan zer aurkituko dugu, bakoitzak bere kantak eskainiko ditu?

Anari: Diskoko lau abestiak joko ditugu, eta horretaz gain bakoitzaren abesti batzuk ere aukeratuko ditugu, bion artean moldatuta eskainiko ditugunak, bakoitzak bakarrik atera behar izan gabe.
Petti: Ez da bira oso luzea izango, nahiz eta oraindik ez dugun oso zehaztua noiz arte arituko garen. Zuzenean akustikoaz gain teklatu eta giro elektrikoak ere tartekatuko ditugu.

Biek beste musikari batzuekin kolaboratu izan duzue. Esaterako, Manta Ray Anariren kasuan, eta Xabier Montoia Pettiren kasuan.

Petti: Ni oso gustura sentitu naiz beste batzuekin lan egin dudanean. Ez da jende ezezaguna izan eta horregatik agian esperientziak politak izan dira. Etxean bezala sentitu izan naiz.
Anari: Nire ustez, zure burua beste testu batzuetan ikustean ireki egiten zara. Esperientzia hau asko gustatu zait eta berriz ere errepikatuko nuke. Askotan musikari esker jende berriarekin konektatzen duzu, eta hori polita da. Horrelako gauzei gainera ez diet beldurrik eta arriskatu egin behar dela uste dut, beti ere musikarian eta kantuetan sinesten baduzu.

Euskal musikaren baitan zer esan handia eman duten bi herritatik zatozte biok: Azkoitia eta Bera. Bi herrien artean badirudi badela nolabaiteko konexiorik.

Petti: Mataderoko eta Berako jendearen artean konexioa badagoela iruditzen zait. Gutariko Bat eta Akauzazte, Ertz jaialdia eta Mataderoa, beti egin izan dituzte gauzak elkarrekin. Hala ere, nik Anari aspalditik ezagutzen dut eta gureak beste norabide bat izan duela uste dut.
Anari: Nahiz eta lagun asko ditudan, ni ez naiz oso Matadero ingurukoa. Kanpoan egin dut nire bidea, kanpoan izan naizelako. Akauzazte eta Corsal Desastre ordea badira giro horren partaide, nahiz eta ni ere askotan kontzertuetara hurbiltzen naizen. Berako jendearekin konexio handia dute eta oso aberasgarria iruditzen zait Azkoitia eta Bera bezalako herrietan horrelako giroak eta sorkuntzak izatea, askotan hirietara begiratzen delako honelako gauzen bila.

Anari, 1997an zure lehen diskoa kaleratu zenuen eta ordutik musikariez inguratua egon zara. Orain berriz, Habiaken zikloa itxita, bakarkako giroetara itzuli zara.

Anari: Agian disko honetan hori ez da asko nabari. Nahiz eta zazpi musikari ez izan, gitarra ugari bikoiztu dugu eta kanal asko erabili ditugu grabatzerako orduan, kantuak oso jantziak gelditu direlarik. Taldearekin asko jo dugu eta kantu berriak sortzen joateko gelditu beharra nuela uste nuen. Gainera, taldeko hainbat kide ere bestelako proiektuetan sartu dira eta momentu egokia zela uste dut. Ez nuen kantu berriak Habiak-en jarraipena izaterik nahi, zerbait berria egiten saiatu nahi dut, kantu ezberdinak.

Petti, zuk hiru disko kaleratu dituzu eta orain maxi bat grabatu duzu, zer moduzko aldaketa izan da?

Petti: Gauza ezberdina da baina gustura gelditu naiz. Azkeneko lana grabatu genuenean hilabete osoa eman genuen estudioan. Gainera aurretik ere oso ondo prestatuak eraman genituen kantuak eta guzti horrek bere denbora darama. Orain ordea, ia kontrakoa gertatu dela esan dezakegu guztia oso modu naturalean estudioan gauzatuaz.

Lehen aldiz izan zinen Estatu Espainiarrean bira bat egiten Terry Lee Hale-rekin (The Walkabouts) batera, zer moduzko esperientzia izan zen?

Petti: Egia esateko, bira amaitu eta berehala oso nekatuta sentitu nintzen, aste guztian ibili baikinen kontzertu ugari eskaintzen. Denbora pasatuta ordea, gauzak beste era batera ikusten ditut eta oroitzapen ona daukat. Leku batzuetan nahiko arraro sentitu nintzen, baina Katalunian adibidez oso gustura izan ginen, oso arrera eta giro beroa aurkitu genuelako.

Lan hau elkarrekin aurkezten duzuen bitartean, aurrera begira ba al duzue proiekturik buruan?

Anari: Horretan nabil, disko berriaren konposaketa lanetan. Hala ere, oraindik bilaketa lanetan nabil. Askotan kantuak izan izaten dituzu, baina kantuok nola abestu, musikatu, esplikatu, etab... lortu behar duzu, eta horren bila nabil. Aurrera pausu bat ematea gustatuko litzaidake kantu berriekin eta horren bila nabil.
Petti: Nik ez dut asko aurreratzerik, lan berria aurkezten dugun bitartean taldearekin entseatzen jarraituko dut. Disko berriaren ideia hor dago, denborarekin ikusiko dugu zer gertatzen den.

2003-04, ABENDUA-URTARRILA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.