entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Myriam Garzia 2017-06-13

Siroka BESTE KULTUR EREDU BATERANTZ TAUPAKA

Lotura erlazionatuak
Errautsetatik birsortu dira Bilboko Siroka taldeko lagunak, eta laugarren diskoa plazaratu dute: Ura (Taupaka, 2016). Laugarren lan fisikoa bada ere, bosgarren proiektua dute; izan ere, Malutak izeneko proiektuari ekin zioten aurreko urtean, Sarera zenbait abesti berri eta bideoak igota, euskarri fisikorik gabe. Abesti horiek eta berri batzuk biltzen ditu, hain zuzen, Ura diskoak. Bestalde, lagun berriak ekarri dituzte taldera. Maria Riverok (ahotsa) eman dizkigu xehetasunak.


Sortzaileok elkarrekin ezarri behar ditugu gure nahi eta beharrak, beti ere bidezko kultura libre baten alde


Abestiak ez dira Ura diskoak dakartzan berritasun bakarra
Formatu fisikoa alde batera utzi eta jendeak egun musika entzuteko dituen ohitura berriei erantzuteko saioa izan zen Malutak. Lauzpabost single eta bideoklip Sareratu genituen, lan handia hartu genuen, eta orain disko batean jaso nahi izan ditugu, kanta berri gehiagorekin batera. Udak malutak urtu zituen, eta Ura bilakatu dira. Bestalde, bai, talde askotan gertatzen den bezala, gurean ere kide batzuk joan eta beste batzuk etortzen dira. Pepo baxu jotzaileak eta Pagasar gitarra jotzaileak taldea utzi zutenean, inflexio puntu bat bizi izan genuen, baina indartsu aurrera egitea erabaki genuen. Ura diskoa izan da ibilbide horren emaitza eta, beraz, positiboki hartu ditugu aldaketa hauek guztiak. Dena dela, autogestioan oinarritzen garen taldeontzat batzuetan zaila da segitzea eta disko bat kaleratzeak esfortzu ekonomiko handia dakar.

Disko kopuru mugatua argitaratuko duzue. Baina Taupaka plataformatik doan deskargatzeko aukera dago.
Formatu fisikodun 100 ale egin ditugu guk geuk, zenbakiturik. Marta Lopezen diseinu bereziari esker, azala tolesgarria da, guk tolestu ditugu banan-banan gure eskuekin! Saiatu gara formatu fisikoa bereziki zaintzen eta buelta pare bat ematen. Baina dirurik ez duenarentzat ala horrela nahiago duenarentz, doako deskarga dago eskuragarri.

Kanta berriez gain, moldaketak eta kolaborazioak ere biltzen ditu diskoak.
Su Txikien Itsasoa Askapearen epaiketaren harira sortu genuen Su Txikien Itsasoa abestia moldatu dugu, baita guretzat hain berezia den Bihotzetik Zintzilik kanta ere; bi abestiek jasotzen dituzten gaiek eta aldarrikapenek, zoritxarrez, gaurkotasun osoa dute, eta horregatik berreskuratu ditugu. Elkarlana oso gustuko dugu orokorren, bereziki beste musikarie batzuekin bada, kantek xarma bereziagoa dutelako partekatzen ditugunean eta aberasgarriagoak direlako. Bihotzetik Zintzilik abestirako Gorka Suaia (Esne Beltza), Antton, Petti eta Zaloa Urainen (Kokein) laguntza izan dugu, eta Kaki Arkarazok egin du ekoizpena. Lasterbidean kantari, bestalde, David Naclaresek egin zion basea, eta Oihana eta Juantxo Glaukomaren kolaborazioa izan dugu.

Aldarrikapenik ez da falta zuen hitzetan, baina poetikari tiraka buelta ematea gustuko duzue.  Aldarrikapenerako eta haserrerako tartea badago, baina gauzak aldatzeko lanera bideratu behar ditugu ahaleginak. Gu lanean ari den jendearen alde gaude, alternatibak sortzearen alde. Uste dugulako txanponaren bi aldeak erakutsi beharra dagoela: haserre gaude bai, gauzak ez daude ondo, baina lanean jarraitu behar dugu elkarrekin aurrera egiteko. Hori horrela da bizitzaren edozein esparrutan.

Emakume sortzaile askok kolaboratu dute diskoan. Beste borroka bat?
Bide hori ez da bere kabuz osatuko, borrokatu beharreko bidea da. Gure kultur eremuetan emakumeei aitortzen diegun paperaz hausnartu beharko genuke.  Aspektu hau oso kontuan hartzen saiatzen gara, baikor begiratzen diegu aurrerapauso guztiei, baina oraindik ere erronka handiak ditugu begi aurrean.

Gure kultur eremuetan emakumeei aitortzen diegun paperaz hausnartu beharko genuke


Zergatik autogestioa?
Egiten duguna hasieratik bukaerara arte kontrolatu nahi dugulako eta, batez ere, ez gatozelako bat egun nagusi den kultur ereduarekin. Sortzaileok elkarrekin ezarri behar ditugu gure nahi eta beharrak, beti ere bidezko kultura libre baten alde eginez. Kultura eskubidea bermatu beharra dago, eta norbaitek Sirokaren diskoa entzun nahi badu, entzun dezala, 10 euro ez daitezela horretarako oztopo izan. Euskal irrati publikoetan euskal musikak duen presentzia minimoa da, eta hori enpresa jakin baten erabakiari zor zaio. Guk eskura ditugun tresnak erabiliko ditugu eta horiek, batez ere, sare sozialak dira. Gure lana duintasunez egiten saiatuko gara.
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.