entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Antton Iturbe 2018-03-13

Ainara Legardon BIDE BERRIAK

Aspalditik jarraitzen dut Ainara, bere musika beti izan zait interesgarria, hunkigarri eta kitzikagarria, nire atentzioa deitu dute beti bere argitalpenek eta beti pena merezi izan dutela pentsatu dut. Baina zuzenean eta besterik gabe Ainara Legardon moduan izendatu duen disko berriak beste maila batera altxatu du. Benetako artisten mailara, gure barnean ia ahaztuta dauzkagun zirrikituak ukitu eta inarrosten gaituztenena hain zuzen ere. Ainarak berak, barnean orain arte ezkutatuta eta isilpean mantendu duen ahots berri eta indartsu bati bidea ireki diola dirudi. Une ezin hobea bada, elkarrizketa honetarako

Lehengo eta behin, zera esan nahi nizun: diskoa entzuten dudan heinean zeure obrarik osoena, ausartena, bikainena eta pertsonalena dela geroz eta garbiago iruditzen zait. Are gehiago, ildo berri, sakon eta aberats bat ireki duzulakoan nago eta diskoa beraz, etorriko diren beste askoren augurioa baino ez dela sumatzen dut..
Mila esker. Neuk ere, bide berri bat ireki dudala uste dut eta bide hori arakatzeko erabat prest nago.


Galderetara pasatuz, disko hau sortzeko eraman duzun prozesu bereziaz hitz egin nahi nuke. Webgunean esaten duzunez, Xabier Erkiziaren laguntza funtsezkoa izan da ekimena aurrera atera ahal izateko, bera izan baita espresio bide berri eta ia ezinezkoak iruditzen zitzaizkizun guzti horiek bilatu eta probatzera bultzatu zaituena neurri handi batean. Xabier aspalditik ezagutzen duzu, eta elkarrekin lan egiten duzuen lehen aldia ez da hau, beraz, zer aldatu da oraingo honetan? Zergatik izan da hain berezia eta ezberdina?
Hala da; aspalditik ezagutzen dut Xabier eta elkarlaneko proiekturen bat egin izan dugu iraganean. Nire diskoa ekoizteko ideia, 2016ko Ertzean Aho- tsaren tolesdurak sortu zen, Amorante, El Nio de Elche, Gargara eta beste hainbat artistekin batera parte hartzen ari nintzen bitartean eta erabat espontaneoki. Grabaketa estudioan ordu pilo bat pasa genituen elkarrekin eta hortxe egin zidan Xabierrek proposamena.
Diskoaren grabaketa prozesua aurrekoen ezberdina izan da. Zirriborroak baino ez ziren abesti, edo hobe esan, ideia eta asmoetatik abiatu naiz eta Xabierrek haiek bideratzen lagundu dit.

Disko honetan, gaztelania erabiltzen hasi zera hitzetan eta zeure izena eman diozu. Horrek, nolabait, zure disko pertsonalena dela eta inoiz baino gehiago zeu zarela iradokitzen du, ezta?

Horrela da, erabat. Kuriosoki, inoiz baino gehiago neu naizen arren, inoiz baino maila txikiagoan da nire diskoa.

Zure ingurune erosotik atera eta eremu berriak ikertze horretan, agian ezezagunak zitzaizkizun alderdi eta gaitasun pertsonalak aurkitzera eraman zaituela esaterik ba al dago? Eta edozein erara, nola sentitu zara grabaketa prozesuan zehar eta nola sentitzen zara behin lana plazaratuta?
Azken urteetan soinu eremu berri horiek lantzen hasia nintzen dagoeneko, baina esperimentazioa rock tankerako egituretara moldatzea falta zitzaidan oraindik. Ez nintzen bi alderdiak era naturalez uztartzeko formula aurkitzeko gai, eta Xabierren laguntza ezinbestekoa izan da korapiloa askatu ahal izateko.

Hainbat ekimen ezberdinetan etengabeko jarduna mantentzen duzun a rren, Ainara Legardon izenpean plazaratzen dituzun disko arrunten artean epe luze samarrak uzten dituzu. Alde batetik, denboraren muga eta lehentasunen kontua dela suposatzen dut; baina aldi berean, disko bakoitza, barnean gordetzen joan zaren guztia adierazi eta askatu nahi duzun bizitzako une zehatz bati dagokiola sumatzen dut. Hala da?
Auto-kudeaketaren alderdi onuragarrietako bat, lanerako presio eza da. Disko berri bat ateratzeko garaian, musika industriak ezartzen dituen mekanismo eta epeak bost axola zaizkit; behar pertsonal baten ondorio dira beti. Zeure barnean gordetakoak erre egiten zaituela sentitzen duzun unean, kanpora ateratzeko garaia iritsi da, eta hala ez den bitartean ez dago behartzeko arrazoirik.


inoiz baino gehiago neu naizen arren, inoiz baino maila txikiagoan da nire diskoa


Disko guzti horiek badute halako aitormen kutsua, eta oraingo honetan inoiz baino biziago eta gordinago azaltzen dela esango nuke. Hala ikusten duzu zeuk ere? Eta non eta nola kokatuko zenuke disko berri hau zure obraren osotasunean? Ohiko ibilbidearen kontrakoa, hots; gero eta disko zailagoak egiten ari zarela diote batzuk -neu barne-, mirespen osoz gainera

Azken iruzkina oso eskertzekoa da. Azken lan hau, agian entzuleentzat egin dudan zailena izan daiteke, gaztelaniaz abestearen gertutasuna izan arren. Aurreko batetan, kritikari batek deserosoki atsegin dela esan zuen eta beste batzuk ariketa intelektuala bat dela diote Nik, entzule bezala, gustukoak ditut erronkak, eta beraz, artista bezala, nire lanaren aurrean entzuleek ere nolabaiteko
erronka sentitzen dutela jakitea oso pozgarria zait.

Gaztelaniaren erabilerak, hitzen edukiaz gain, oinuen ehundura eta sonoritatean ere badu bere eragina. Amorantek, elkarrizketa baten, doinuaren izaera eta hizkuntzaren arteko erlazio estu bat dagoela adierazten zuen eta erabat ados nago berarekin. Beraz, doinuak anglosaxoi ingurune baten sortzera ohituta, zer nolako aldaketak edota ekarpenak baliatu dizkizu gaztelaniak? Eta zei  da zure asmoa etorkizunerako? Inoiz planteatu diozu zeure buruari euskararen erabilera?
Prozesua oso aberasgarria izan zait baina ez da batere erraza suertatu: instrumentu berri batekin abesten ikasi behar izan dut, nire kanturako ahotsa gaztelaniaz entzuteari ohitzea lortu dudan arte. Etorkizunera begira nire ideia ez da aldatu: naturalki sentitzen dudana egitea, besterik gabe. Gaztelaniaz izan daiteke edo agian ez, eta baliteke euskararen erabilera ikertzea, zergatik ez? Egun, Giltzadun etxea obraren barnean zait batzu euskaraz abesten ditut eta oso gustura sentitzen naiz.

Zeure barnean gordetakoak erre egiten zaituela sentitzen duzun unean, kanpora ateratzeko garaia iritsi da, eta hala ez den bitartean ez dago behartzeko arrazoirik.


Alvaro Barriusorekin batera -aldarrikatu beharreko artista hau ere- garatzen ari zaren performance eta inprobisazio lanari oso interesgarria deritzot, eta zure musika geroz eta zailagoa eta egiazkoagoa izate horretan eragin handia izan duela esango nuke. Nola balioztatzen duzu zuk lan hori? Zer ekarri dizu? eta ba al dira zure alderdi inprobisatzaile hori eta disko arruntenak Ainararen arteko komunikazio kanalak?
Izugarri eman izan dit eta ematen dit gaur ere, Archipel bikotearen barnean poesia fonetikoa eta keinuen bidezko espresioa lantzen baititut. Aipatzen dituzun komunikazio kanal horiek dira hain zuzen ere, gaur arte, modu espontaneo eta naturalez ireki ezin izan ditudanak. Orain, berari esker eta traumarik gabe, lortu dudala esango nuke.

Zure ibilbide bitxi horrek, sustatzaile, diskoetxe, prentsa eta abarren artean harridura eta sailkatu ezin handi xamarra sortarazten duela esango nuke. Ezina baino, betiereko PJ Harvey-ren tankerako emakumezko kantugile gordin etiketari heltzeko joera sinplista eta paternalista xamarra esan beharko nuke. Hasera batetan alderaketa atsegina izan arren, luzera begira, zama astuna bilakatzen da zu eta zeure antzeko beste artista batzurentzat (hor da euskal Pj Harvey Anari, urrunago joan gabe)
Sailkatzeko etiketa edo tiradera moduko heldulekurik ez aurkitzeak beldurra eta ukatze nahia eragiten du batzuetan. Denoi gertatzen zaigun gauza da, neurri handiagoan edo txikiagoan eta bizitzako alor ezberdinetan. Entzule bezala halakorik ez izaten saiatzen naiz eta bide batez, etiketatu ezin ditudan gauzak dira gehien interesatzen nautenak.

Carla Bozulich, beti erronkari eta anbiguo, oso gustukoa dut eta zure lanarekin paralelismo askoz handiagoa duela esango nuke, adibide ezberdin bat ematearren.

Neuk ere oso gustukoa dut. Oholtza berarekin elkarbanatzeko ohorea izan nuen orain dela urte batzu. Artista handia.

Gauzak pixkanaka aldatzen ari dira , baina oraindik ere euskal musikaren munduan anomalia bat izaten jarraitzen duzula argi dago. Hala ikusten duzu zeure burua?
Bai, zalantzarik gabe. Onerako eta txarrerako.

Etorkizunera begira nire ideia ez da aldatu: naturalki sentitzen dudana egitea, besterik gabe. Gaztelaniaz izan daiteke edo agian ez, eta baliteke euskararen erabilera ikertzea, zergatik ez?




Aldi berean, anomalia izate hori, harrotasunerako eta emakume eta artista bezala paper zabalago eta boteretsuago baten aldarrikapenerako arrazoi bihur daiteke.

Zeuk esatea oso pozgarria zait!

Tailer eta hitzaldien bitartez, sortzaile eskubideen aldeko aktibista eta zabaltzaile moduan egiten duzun lan handia ez nuke ahaztu nahi eta batik bat David Garcia Aristeguirekin batera SGAEren monopolioari buruz idatzi duzun liburua. Edukiaren xehetasunetan sartu gabe, horien ezagutzarako egiten duzun lana eta formakuntza etengabea bereziki aipagarria dela uste dut. SGAE eta antzeko erakundeen funtsezko arazoa ustelkeria izanda ere, gai hauen inguruan musika ondasun kultural bezala -eta bide batez, musikariak gizarteari aberastasuna ematen dioten pertsonak bezala- gutxiestera eramaten gaituen hezkuntza eta ezagutza gabezi handi bat dagoela ez al zaizu iruditzen?
Noski baietz. Eta horren ondorio zuzena da, alor ezberdinetan -entzule, artista, kultura kudeatzaile..-, formakuntza eta hezkuntzarekiko dudan konpromezua.

Amaitzeko, zure proiektu berriez hitzegin nahi nuke eta disko hau zuzenean aurkezteko dituzun planen inguruan. Zer daukazu kontatzeko horren inguruan?

Disko aurkezpenerako ekitaldiei azaroaren 17an eman genion hasiera. Bilbo, Irun, Zaragoza, Vic eta Bartzelonan izango naiz. Saio horien datak, Ttanttaka Teatroren La casa de la llave / Giltzadun etxea emanaldiekin uztartuko ditut, azken hauetan zuzeneko musikaren arduraduna bainaiz. Jabego intelektualaren inguruko formakuntza eta kontseilaritza saioei jarraipena emango diet eta abenduan Xabier Erkiziarekin estudiora bueltatuko naiz, datorren urtean plazaratuko den obra berri batetan lan egitera. 2018an disko aurkezpeneko ekitaldi gehiago izango dira, Ttanttakaren obrarenak eta Archipel-enak ere, eta Eva Guerreroren dantza konpainiaren El fin de las cosas piezaren emanaldietan zuzeneko musikaz arduratuko naiz, eta oraindik kontatzerik ez dudan beste hainbat gauza interesgarri gehiago.

Postdata moduan, sarritan zure lanerako gaitasun ikaragarriaz eta zure ekimenen aniztasunari buruz, mirespenez beteriko komentarioak entzuten ditut. Zure ahalmen izugarriaz gain, barne determinazio oso sendo eta garbi baten ondorio dela esango nuke, hots, zure barnean nor zaren
eta norantz zoazen oso garbi duzula azken batetan. Norantz, Ainara?

Beti aurrerantz, nire bide txikia jarraituz.
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.