entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Urko Ansa 2016-06-12

Hilotz Bortxara ohituta

Hilotz taldearen logoa. Hilotz taldearen logoa.
Giza ankerkeria bandcamp
Zain ginen. Nahi genuen. Lasarteko taldearen enbata berria, beraien lehen lan luzea, behar zuen euskal thrash metalak eta muturreko metalaren eszenak. Maketa bortitz hartan erakutsitako soinua definitzea lortu dute, urteko disko gogor eta onenen artean sailkatzeraino. Zuekin Hilotz!


Zorionak egin duzuen disko indartsu honengatik. Talderik gogorrenen artean zaudete, zalantzarik gabe, baina lortu duzuen intentsitatea bereizgarria da benetan. Hil ala bizi EPan erakutsi zenuten nortasuna mantendu duzue, baina era berean soinua gehiago definitu duzue.
Eskerrik asko zure hitzengatik, benetan pozten gara diskoa gustuko duzula jakiteaz. Diozun bezala, lan berrian sorkuntza aldetik aurrerapauso bat eman dugu.

Hilabete mordo bat aurrerago argitaratu zenuten aurrerapena (Ankerkeriaren hiru zatiekin, Izakia, Eraldaketa eta Arbasoak) bere horretan dago, ezta? Hau da, diskoan geratuko zen bezala atera zenuten. Nire galdera da, beste kantak jada ba al zenituzten, ala geroago etorri ziren? Jada hauek denak konposatuta al zeuden?
Ba, ez, jajaja, guztiz kontrakoa gertatu zen hain justu. Diskoko gainontzeko abestiak aspaldi konposatu genituen, batzuk maketa atera eta berehala. Ankerkeria I, II eta III kantuak berrienak edota moldaketa gehien jasan dituztenak dira.

Lan berrian sorkuntza aldetik aurrerapauso bat eman dugu

Diskoaren hasiera ezin hobea da: Barne eromena uneoro intentsitatea mantentzeko gai da. Konposizio borobila, hasieratik bukaerara 'hit' metaliko aparta. Jarraitzen duten hirurak ere, bakoitza bere erara, misil baten parekoak dira (Minak barnean dirau, Hilketa eta Iluntasunaren esklabu).
Gure intentzioa da abesti oro misil baten parekoa izatea, indartsua eta zuzena. Hala ere, egia da Ankerkeria I, II eta III kantuak lanketa konplexuagoa dutela.

Ahotsaren estiloa benetan boteretsua da, muturrekoa. Koru guturalak oso gutxitan daude, aldiz. Mikel, esan iezaguzu zer gosaltzen duzun ahots zarrastatu hori lortzeko. Benetan ondo gelditzen da musika estilo hain gogor honekin.
Bada, beganoa naizenetik seitana, deabruaren arima neureganatzeko, jajaja. Ez, orain benetan, naturaltasunez ateratzen zaidan garrasi estiloa da. Guk ere uste dugu abestiak gogortu ditugun honetan ahots gordinek ondo funtzionatzen dutela.

Ankerkeriaren trilogia teknikoki oso interesgarria da. Garapen instrumentalak, abardura elaboratuak han eta hemen, erritmo aldaketak, atabalen pedal bikoitza Thrash metalaren garai klasikoenen atmosferak nabari ditzaket, era berean muturreko metalaren terrenotik inoiz alde egin gabe. Ankerkeria III: Arbasoak orgia hutsa da, 80etako San Frantziskoko 'Bay Area'ko soinua bortxatu eta death eta black lurraldeetara eramaten duzue. Estimulatzailea da guztiz.
Mila esker berriz ere! Aipatzen dituzun estilo horiek guztiak konbinatzen ditugu Ankerkeria I, II eta III kantuetan bai. Hala ere, ez da aurrez pentsatuta bilatzen dugun zerbait, naturaltasunez, entzuten dugun musika anitzetik eratorritako ideien batura baizik.

Amildegian kanta instrumentala aukeratu duzue diskoa amaitzeko. Zati ezberdinak dauzka: hasiera gogorra, oso teknikoa, pasarte lasaiagoak, erritmo astuna gero, gitarra punteo bikoiztuak Ia 6 minutuko mozkorraldi instrumentala. Aparta!
Esan liteke Amildegian diskoko kanta ausartena dela. Gainontzeko kantek elkarren artean lotura zuzena duten bitartean, hemen haratago joaten saiatu eta diskoan zehar entzuten ez diren soinuei tartea egitea erabaki dugu. Giza Ankerkeriako zati pausatuenak eta azkarrenak, biak batera daude kanta berean.

Liburuxkako lehen zazpi orrialdeetan dagoen testu luzea Ankerkeriaren trilogiarekin erlazionaturik dago, dudarik gabe. Haatik, beste abestiekin nolabaiteko konexioa ere antzeman daiteke, nahiz eta beti ez duen zertan hola izan beharrik. Beraz, disko kontzeptual baten aurrean gaude, ala Ankerkeria trilogia Giza Ankerkeria diskoaren barruko zati kontzeptual bat da?
Diskoa kontzeptuala da, bai. Ankerkeria I, II eta III prestatu baino lehenago buruan genuen diskoa Giza Ankerkeria izendatu eta gizartearen dekadentziaren kontzeptua lantzea. Hiru kanta horiek osatzean, ohartu ginen aurrez eginda zeuden abestietan landutako gaiek ere bazutela lotura kontzeptu orokorrarekin.

Grabazioaz gehiago jakin nahi dut. Konplikazio txikiren bat egon al da, argitaratzearen atzerapena ekarri duena? Bateria eta ahotsak Tolosan grabatu dituzue, eta baxua eta gitarra, aldiz, Lezon, pertsona ezberdinekin (Ander Zubillaga eta Borja Mintegiagarekin, hurrenez hurren). Zein izan da leku ezberdinak aukeratzeko arrazoia?
Borja eta Ander gertuko lagunak dira eta bakoitzarekin grabaketaren alor bat lantzea erabaki genuen, denbora eta baliabide mugen ondorioz. Grabaketa prozesuan zehar pertsona ezberdinekin lan egin izana zerbait positibo bezala ikusten dugu, bakoitzaren ezagutza eta aholkuez aberasteko balio izan digulako. Atzerapenari dagokionez, grabaketa prozesuan murgilduta geundela, Paulok taldea utzi behar izan zuen arrazoi pertsonalen ondorioz. Honek grabazioa eta argitalpena zaildu eta atzeratu zituen, baina, kostatu bada ere, azkenean atera dugu eta oso harro gaude.

Diskoa osorik jotzen dugu hasieratik amaieraraino. Lan berrian indar handiz sinesten dugu eta konposaketa berriak zaleei zuzenekoetan erakutsi nahi dizkiegu

Zuzenekoetan, suposatzen dut diskoa oso osorik joko duzuela, baina EPtik zenbat jotzen dituzue? Haiek ere behar-beharrezkoak dira zuen errepertorioan!
Diskoa osorik jotzen dugu hasieratik amaieraraino. Lan berrian indar handiz sinesten dugu eta konposaketa berriak zaleei zuzenekoetan erakutsi nahi dizkiegu. Maketa plazaratu genuenetik ia lau urte igaro dira eta hainbeste denboran zehar bertako kantak behin eta berriz jo ditugu, aspertu arte. Hala ere, maketako muturrekoenak mantentzen ditugu errepertorioan, badakigu hasieratik jarraitzen gaituztenek asko estimatzen dituztela.

Laukote izatetik hirukote izatera pasa zarete. Jada ez dago taldean Hil ala bizi grabatu zuen taldekiderik, zu izan ezik, Mikel. Nola izan da urte hauetan partaideen aldaketa? Zenbat partaide pasatu dira taldetik?
Halaxe da, bai. Lau urteko tartean gauzak asko aldatu dira. Taldea metala entzuten hasiberriak ginen ikastolako lau lagunek sortu genuen, gure banda kuttunenen bertsioak jotzeko asmoz. Denborak aurrera egin ahala, ordea, bakoitzak bere bidea egin du. Nire erabakia Hilotzekin jarraitzea izan da eta horregatik inguruan ditudan musikari eta lagunez inguratzen saiatu naiz. Aldaketak eta zailtasunak egon arren, garrantzitsuena positibo izaten jarraitzea da.
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • JALGI euskal kulturaren plaza ibiltaria egitasmoa: www.jalgika.eus
  • Red Hot Chili Peppers-ek Madril eta Bartzelonan joko du, irailaren 27 eta urriaren 1ean, hurrenez hurren.
  • DOCTOR DESEOk Madrilgo Caracol aretoan joko du maiatzaren 27an. www.baga-biga.eus
  • Suede, aurtengo BIMEko lehen kartelburua. The Divine Comedy, Horrors, Lambchop, Nacho Vegas... ariko dira ere.
  • Irueko Exnovios taldeak bere estreinako diskoa argitaratu berri du.

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!