entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

Myriam Garzia 2011-12-28

Antton Bost lagun eta patu bat: gorantz erori

Antton taldea. Antton taldea.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Lotura erlazionatuak
“Gora, gora erori”, diosku Antton taldeak, ba al dago proposamen hoberik? Elorriotik datoz eta gogoz ekiten diote proposamenari.  Taldeak Antton abeslariaren izena hartu badu ere, talde proiektua dugu disko hau, “ez gara Ruper Ordorika bat”, azaldu dute taldekideek. Argi dago. Antton taldeko abeslariak argitzen dizkigu disko honen nondik norakoak.

Zer da Gorantz erori?
Gorantz erori talde proiektu bat da. Kantu gehienak Lander Irazola (Lor) eta biok egin genituen, eta apurka beste taldekideak gehitu zaizkigu. Ez musikari garelako soilik, gehien bat lagun talde bat garelako eta saioa egitea nahi genuelako, zer egiteko gai ginen ikusteko. Gauza naturala izan da kantuon sortze prozesua. Gorantz erori proiektuak guzti hau biltzen du, izan ere, gorantz erori kontraesan bat da baina kontraesan horrek hainbat kontzeptu hartzen ditu bere barruan: batetik, tente jauste horrek badu zoritik zerbait eta gu zoriontsu sentitzen ginen bostok proiektu honetan jarduteagatik. Bestetik, gorantz erori horrek guk gauzak ikusteko dugun era ere definitzen du, azken finean altxatzeko lehenago jausi beharra dagoelako. Kantu batean aipatzen dugun moduan, nola itsutzen garen beti goian mantentze nahiagatik, konturatu gabe, goian egoteak baita ere jaustea delako. Denok dugu asko kontraesanetatik.

Antton bakarlari gisa baina baita ere, Lor eta Malo taldeetako errautsetatik jaio den proiektua dugu hau ezta?
Denok ari ginen entsegu lokal berean eta horregatik nahiko modu naturalean sortu da dena. Antton izena jartzearen erabakia ez zen batere erreza izan. Guk nahiago dugu Gorantz erori proiektu bezala definitzea, baina diskoa entzutearekin konturatzen zara talde proiektu bat dela, eta ez bakarlari baten lana, hau ez da Ruper Ordorika bat. Aurreko Gabonetan bi abesti baino ez genituen, Lander eta biok egituratuta, eta egia esan hori izan zen abiapuntua. Apurka apurka entsegu lokalean zeuden lagunekin, Rami eta Txaberrrekin komentatu eta aurrera egitea erabaki genuen. Egia esan ez da egon denbora tarte handirik, talde berri berria gara, baina dena oso natural eta errez atera da.

Aiora Renteria (Zea Mays) Ohe hutsegia abestiaren ahotsetan, eta Sustrai Kolinaren hitzak Hartu arnasa abestian. Luxuzko kolaborazioak.
Bestetik, Maitasuna ixil ixilik abestia Amets Arzallus, Sustrai Kolina eta Endika Zarrabeitiaren bertsotan oinarrituta dago. Bestela, horiek izan ezik, gainerako letrak nik egin ditut. Abestiok denak desberdin izan arren, denak doaz gorantz erori horren inguruan. Ikuspuntu diferenteak dituzte, batzuk dira intimoagoak, beste batzuk hortik abiatzen dira... Adibidez, lehen kantua, “Naizena izan” printzipio deklarazio bat da, jarrera bat islatzen du. Kritikoak, gogoetak... apur bat denetatik dago hitzetan, beti ere gorantz erori kontzeptu horren inguruan.

Powerpoparen eremuan sartzen zarete, Ritxik aipatzen duen moduan?
Egia da, Lor edota Malo zaratatik datozela, ni aldiz bakarlari gisa aritzerakoan, musika lasaiagoa egiten nuela... Baina horren nahasketarekin pozik gaude. Kantu gehienak daukate garapen bat, lasai edota melodia xumeetatik hasita, zarata eztanda batera. Dena ematen saiatzen gara, hustu arte. Epikoak edota himno kutsua dute gehienak, konturatu gabe egin dugun gauza da. Zuzenekoetan nabariagoa da dugun indar hori.
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!