Argazkia: Juxe
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Gorputza eta mamia dute Captain Nemoren abesti berriek. Ez bilatu lehen diskoko abiadura, ezta zuzentasuna ere. Bai ordea, punk errabiaduna eta gitarzalea. 1280 Euskal Hiria izenburupean bildu dituzte kantuok. Nautilus berriz itsasoratu da eta gidari berriak ditu gainera. Aurrerantzean, Xabi Señor No sartuko da bigarren gitarra jole bezala. Hau guztiaz eta kontu gehiagoetaz Albertorekin hitz egin dugu.
Disko berria lehen entzunaldi batean zailagoa da lehendabizikoa baino… Alderik badago bien artean, alde nabari xamarra… Nola dakusazue zuek?
Bai, hala da. Seguru asko
Korrontearen kontra, urpekari bat lehen entzunaldian edo bigarrenean sartzen zen disko horietako bat zen, eta
1280 euskal hiria honek hiruzpalau entzunaldi edo lauzpabost entzunaldi behar ditu abestiak buruan itsatsita geratzeko. Disko honetan abestiak zailagoak dira, ilunagoak, eta abesti horiek barruan dauden ñabardurak eta konponketak antzemateko, belarriak lan pittin bat egin behar du. Batek baino gehiagok esan digu hori, baina era berean, batek baino gehiagok esan digu diskoa behin eta berriz entzun eta gero hasi dela abestien barruan sartzen eta flipatzen. Ez da disko erraza. Gozatzen hasteko, lana eskatzen dizu.
Abiaduraren aldetik ere mantsoagoa da, galga zanpatu duzue, tempo erdietara joz…
Hori ez da kalkulatutako zerbait izan. Taldekide gehienak 80ko hamarkadako hardcore mundutik gatoz, eta oso natural ateratzen zaigu azkar jotzea. Baina disko honetan abesti mantso eta ilun gehiago sortu ditugu, eta baita tempo erdiak ere. Dena den, bada abesti azkarrik ere,
Koagulatuz, esaterako. Baina abiadurak abiadura, Captain Nemo gara, eta zuzenekoetan abesti azkarrak jotzen jarraitzen dugu.
Bestalde, kantuak bata bestearekin lotu dituzue. Zergatik?
Asko gustatzen zaizkigulako abestiak elkarlotzen dituzten diskoak, eta zuzenean abestiak etenik gabe eskaintzen dituzten taldeak. Lehendabiziko diskoan ere horixe egin genuen, eta hurrengo disko batean ere, seguru asko gauza berdina egingo genuke. Abestiak elkarrekin lotzea sistema ona da indarra pilatzeko, tentsioa areagotzeko, eta elkarrekin ondo ezkontzen diren notak elkarrekin lotzeko.
1280 Euskal Hiria. Zer esan nahi duzue izenburuarekin?
Jende guztiak galdera bera egiten digu. Alde batetik, izenburu horretan Euskal Hiriaren aipamena dago, eta hor, dakizun bezala, burutazio bat baino gehiago ibili da azken boladan zenbait euskal idazleren artean: Atxaga, Xabier Montoia… Bestalde, Euskal Hiriaren lelo hori askotan topatuko duzu erakunde publikoen iragarkietan, publizitate iragarkietan… “Euskal Hiria eraikitzen ari gara” eta abar. Azken batean, desarrollismo basatia ezkutatzen ikusten dugu hor atzean, eta agintean dauden eliteen interes ekonomiko itzelak. Jim Thompson idazlearen
1280 Arima nobela beltzarekin eta Xabier Montoia idazlearen
Euskal Hiria sutan liburuarekin lotu dugu ideia hori. Hortik aurrera, gehiago jakin nahi duenak, irakur ditzala liburu horiek, edo bestela, egin diezaiola kontsulta Nick Corey sheriffari.
Radio 3ko La ciudad invisible programan egiten duten galderarekin jolas eginez, zein izango litzateke zuen euskal hiri ideala?
Hiri ideial hori ez da existitzen, eta ez da existituko. Zertarako asmakizunetan hasi?
Aurreko diskoarekin gertatu bezala, zine eta literatura munduetako erreferentzia piloa dago letretan. Esaterako?
Bai, horrelako asko dago, eta normalean jendeak ez ditu harrapatzen, nahiko ezkutuan daudelako edo erreferentzia horiek ezagutzen ez dituelako. Horrelakoetan, ez dakit zenbateraino den polita arrasto horiek argitzen eta nabarmentzen aritzea, baina tira. Hor dira John Carpenter, Abel Ferrara, Thompson, Huxley, Terence Fisher… denak inspirazio iturri izan dira hitzak eta munduak sortzerakoan.
Jotakieren Ni neu abestiaren bertsioa sartu duzue. Nolatan?
Jotakie oso talde ona izan zen, eta bere garaian, bide propioa egin zuen Euskal Herrian berea ez bezalako beste estilo batzuk nagusi zirenean. Hori, zure bide propioa egitea, garesti ordaindu izan da Euskal Herrian, jendeak artaldean ibiltzeko joera izan duelako eta izaten jarraitzen duelako. Horregatik, oso estimatzekoa da Jotakieren lana. Bestalde,
Ni neu abestia oso ondo txertatzen zen disko honen kontzeptuan, abesti horretako protagonista lehendakaria delako, eta gurea Euskal Hirian gertatzen den disko eta istorio bat denez… gustura geratu gara bertsioarekin.
Nolabait esateko, “ezkortasun deskriptiboa” nagusi da zuen letretan. Esan nahi dut, zirrikiturik ez argirako… Hala dakusazue zuek ere?
Ez dakit zer esan nahi duen “ezkortasun deskriptibo” horrek: definizio hori gure eginez gero, bateren batek guri adarra sano –eta arrazoiz!– joko digu. Hitzak nahiko ilunak dira, zirrikitu askorik ez dute uzten, baina bestela, Captain Nemon barre dexente egiten dugu normalean.
Autoekoizpenaren bidea hartu duzue oraingoan… Zirkunstantziek eraginda edo garbi zeneukaten hala argitaratuko zenutela bigarren diskoa? Nola suertatu zaizue esperientzia?
Lehen diskoa Metak diskoetxearekin atera genuen, eta eskertu egin behar diegu gure alde egin zuten lana. Hala ere, Metak-ekin edo Metak gabe, Captain Nemo Captain Nemo da: jendearen aldetik, managerren aldetik, kontzertu handiak prestatzen dituzten jaialdi antolatzaile handien aldetik inoiz laguntza izpirik izan ez duen talde bat gara. Beraz, guretzat naturalena horixe zen: diskoa guk ateratzea, gure buruaz aparte inoren kezkarik ez izateko, eta beti bezala, gure kasa aurrera egiteko. Autoekoizpenarena esperientzia ona izaten ari da, nahiz eta gogotik egiten ari garen lana.
Ongi saltzen ari zarete diskoa. Batez ere zuzenekoetan. Disko fisikoak mugitzeko leku naturala bihurtu dira zuzenekoak, ezta?
Orain arte, bi zuzeneko besterik ez ditugu eman. Orain hasiko gara zuzeneko aurkezpenekin. Izan ere, taldean aldaketak batzuk izan dira, eta aurrerantzean, Xabi Señor No sartuko da bigarren gitarra jole bezala, kapitainen ontzian. Diskoa atera genuenetik hona, hilabete hauek Xabi Señor No-rekin batera eman ditugu lanean, zuzenekoak prestatzen. Gure lehen kontzertua Xabirekin otsailaren 16an izango da, Bergarako gaztetxean, eta ondoren gogor hasiko gara. Diskoak saltzearena kontzertuetan? Lazkaon egin genuen aurkezpen kontzertuan, salmenta-mahaian jarri genituen disko guztiak agortu egin ziren, bai. Gauzak dauden bezala, gaur egun zuzenekoetan saltzen da disko gehien.
Zeintzuk dira zuen planak etorkizun hurbilera begira? Zerbait gehiago ateratzeko asmorik? Binilo disko txikiren bat edo? Kontzertuak?
Orain, kontzertuak ematea Xabirekin eta gozatzea. Hori da gure helburua. Gerokoak gero!
--------------------------------------------------------------------------
“ZURE BIDE PROPIOA EGITEA, GARESTI ORDAINDU IZAN DA EUSKAL HERRIAN, JENDEAK ARTALDEAN IBILTZEKO JOERA IZAN DUELAKO ETA IZATEN JARRAITZEN DUELAKO. HORREGATIK, OSO ESTIMATZEKOA DA JOTAKIEREN LANA”
2008KO URTARRILA