Cockney Rejects oi! musikaren talderik esanguratsuenetako bat da eta, askoren ustez, mugimendu haren benetako sortzaileak, Garry Bushell kazetariarekin batera. Baina, etiketak etiketa, argi dagoena da punk kaletarraren sugarra bizirik mantentzen jakin zutela, 80etako hamarkadaren hasieran argitaratu zituzten disko miragarriekin, eta azken urteotan egiten dituzten zuzeneko indartsuekin.
Lehenik eta behin. Gozatu zenuten Barakaldon 2007ko irailean egin zenuten oporraldia?
Wilma Producciones gure kontratazio bulegoak bere hiria, Barakaldo, ezagutzera gonbidatu gintuen eta bide batez, jo behar genuen lokala erakutsi (Durangoko Plateruena). Esperientzia handia izan zen. Dena dela, ez da azken aldia hemendik ikusiko gaituzuena.
Kontaiguzue zerbait zuen azken diskoaz: Unforgiven.
Guretzako disko handia da. Aurre-ekoizpen itzela izan du. Gure jarraitzaileei asko gustatuko zaiela uste dut. Zigilu askok argitaratzea eskaini ziguten, baina azkenean gure zigiluarekin ateratzea erabaki genuen.
Zergatik erabaki zenuten Bubbles berriro grabatzea?
2006ko maiatzan West Ham FA Cup-eko finalera heldu zen Liverpool-en kontra. Eta ereserkia duela hainbat urte egin ostean… gure taldeari omenaldia egiteko modu bat zela otu zitzaigun. Egia esateko, harrera oso ona izan zuen eta descarga asko egon ziren. Halere, esperientzia ez zen erabatekoa izan, Steve Gerrard-ek gure esperantzak zapuztu zituelako 92. minutuan. Azkenean finala galdu genuen, baina ongi egon zen.
Egia al da DVD ofizial bat argitaratu behar duzuela? Nolako materiala bilduko duzue hor?
Beno, ideia ez da DVD bat ateratzea, film bat egitea baizik, Jeffek idatzi zuen liburuan oinarrituta. Hori lortzetik hurbil gaude. Diru nahikoa bildu dugu, eta uste dut urte erdiren buruan egitasmoa gauzatzen hasiko garela. Baina oraingoaz, egitasmoa baino ez dela besterik ezin dizut esan.
Mickey, zuk GR London zigilua daramazau. Zenbat disko atera duzue orain arte, eta zeintzuk dira etorkizuneko asmoak?
Oraingoz, lau baino ez dugu atera, baina web gunearen helbide elektronikoa emango dizut, begirada bat bota diezaiozun: http://www.gandrlondon.com/discography.htm
Asmoa da ahalik eta talde gehien ateratzea, eta bildumak ere bai, jendeak punk eta oi!-ren mamia gal ez dezan. Maiatzean beste bilduma bat aterako dugu, eta aurreratu ahal dizut badagoela Gasteizko talde bat, seguru asko horretan agertuko dena. Aukera handiak ditu.
Disko horietako batzuk saretik baino ezin dira eskuratu, ez duzue CD-rik edo binilozko ediziorik egin. Zergatik?
Bai, oraingoz edizio digitalak dira soilki, baina lanean segitzen dugu.
Street punk talde berriak entzuten dituzue? Zeintzuk dira gehien gustatzen zaizkizuenak?
Lehen esan dudan moduan, badago talde bat guztioi asko gustatu zaiguna, Segismundo Toxicomano. Pentsatzen dugu (ez neuk bakarrik, zigiluan ere bai) ingelesez kantatuko balute erreferentzia talde bat izango liratekeela mundu osoan.
Zer sentitzen duzu jendeak esaten dizunean zein garrantzitsua izan ziren Cockney Rejects beren bizitzetan?
Anaia eta biontzat oso inportantea da, bizigarria. Horregatik batu ginen berriz jotzeko… Gure bizitzetan falta zen zerbait zela ikusi genuen. Cockney Rejects gertatu zaigun onena da eta ezin genuen hiltzen utzi. Aretoetara zoazenean eta jendea zure abestiak kantatzen ikusten duzunean, sentsazioa deskribaezina da. Eta gainera, Euskal Herriko publikoa berezia da, beti egon da gurekin. 2000. urtean itzultzea erabaki genuenean, ez genuen zalantzarik eduki lehen kontzertua han emango genuela. Bergarako Jam aretoan izan zen, ez dut sekula ahaztuko.
Iraganaz hitz egin dezagun. Zein izan zen entzun zenuen lehen diskoa eta zein izan zinen lehen kontzertua?
Ni (Mick) The Clash, Led Zeppelin eta The Ramonesekin hasi nintzen. Nire anai Jeff-ek aldiz, Sex Pistols entzuten zituen. Ez ditugu maite, baina asko eragin zigun taldea izan zen.
Denboran atzera egin ahalko bazenute, zuen ibilbide musikaleko zerbait aldatuko zenukete? Orain egingo ez zenuketen akatsik badago?
Ez gara egin genuen ezertaz damutzen, baina behar bada laugarren diskoan eman genuen aldaketa… Orain, denboraren ikuspegitik ez genukeen egin behar… Jendeak ez zuen ulertu, ezta guk ere, uste dut… Gu punk gara, oi! gara, inoiz ez dugu glam rock edo rock komertzialeko banda bat izan nahi, ezta heavyarekin antzekotasunik duen ezer. Genero hori mespretxatu gabe, izan ere banda on asko eta talde on asko baitaude…
Rancideko Lars Frederiksenek Loud fast rules fantzinerako egin zizuen elkarrizketan esan zenuten berriro jotzen hasi zinetela pozgarria zela ikustea kontzertuak amaitzeko arazorik ez zeneukatela. Izan ere, hain larria al zen kontzertuetako indarkeriaren arazoa 80etan? Zein izan zen zuen esperientziarik txarrena kontzertu batean?
Asko izan ditugu, eta oso desberdinak. Horietako txarrenetako bat Liverpoolen gertatu zen. 1981etik ez dugu han berriro jo. Orain ere horrelako gauzak gertatzen dira. Adibidez, joan den urrian istilu tamalgarria izan genuen Hanburgon hango hooligan talde batekin. Badirudi gure itxura ez zutela gogoko, eta gu arazotan sartzera etorri ziren. Zer egingo diogu, hobe da horrelako gauzak ez gogoratzea. Lehen gazteagoak eta ergelagoak ginen. Uste dut zertxobait aldatu garela, je, je!
-------------------------
EH-N (Durangoko Plateruena, 2007ko urtarrilak 11) EMANDAKO AZKEN KONTZERTUKO SET LIST-A (ZERRENDA HONEN OSO ANTZEKOA IZAN ZEN):
. READY TO RUCK
. OUT OF The GUTTER
. FLARES N SLIPPERS
. FISTS OF FURY
. I’M NOT A FOOL
. BABYLON
. POWER + THE GLORY
. THE ROCKER
. EAST END
. COCKNEY REJECTS
. WAR ON TERRACES
. FIGHTING IN THE STREET
. WE CAN DO ANYTHING
. HEADBANGER
. BAD MAN
. POLICE CAR
. ON THE STREETS
. COCKNEY RIP OFF
. HATE OF THE CITY
. JOIN REJECTS
. OI OI OI