entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Antton Iturbe 2017-04-11

Alex Lopez DABADABA, EDO NOLA ABIARAZI KONTZERTU GELA BAT DONOSTIAN

Lotura erlazionatuak
Bi urte eta erdian 600 zuzeneko emanaldi baino gehiago antolatu ditu Donostiako Dabadaba aretoak. Programazio anitz eta ausarta giro etxetiar goxoarekin inork baino hobeto uztartzen dituen kontzertu gela honetan sekretu handirik ez da, ordea: lana eta musikarekiko maitasun mugagabea.

Has gaitezen hasieratik. Noiz jaio zen Dabadaba eta nortzuk jarri zenuten martxan? Zein zen helburua? Bete duzue?
Dabadaba 2014ko martxoan jaio zen, eta sei lagunon artean jarri genuen martxan. Post-krisialdiko gazte eredua gorpuzten genuen seirok: epe luzeko langabetuak edota kontratu baldintza negargarritan aritutakoak. Dagoeneko ahaztu dut garai hartan helburu garbirik ba ote genuen ala itsu-itsuan aurrera egiteko irtenbide bat izan ote zen, beraz, zaila zait ebaluaketa bat egitea. Aretoak bere burua pixkanaka-pixkanaka eratu du, inguruneak eta zaleek nahi izan duten hori bilakatu gara. Baina amaitu gabeko ekimen tipikoa gara, hortaz, ez dugu ezer asko lortu, egia esan.

Dagoeneko artista pila pasatu da Dabadabako oholtzatik. Ba al dago onerako edota txarrerako bereziki gogoratzen duzun kontzerturik?
Bi urte eta erdi baino ez dira izan! Inoiz pentsatu izan dugu bosgarren edo hamargarren urteurreneko ospakizuna iragartzea txantxa moduan, ziur gaude askok sinetsiko luketela. Azkar batean erantzutekotan, arrazoi ezberdinengatik eta aurrera ateratzeko izan zuen modu bitxiarengatik, Allah Las tadearen emanaldi berezia gogoratzen dut; baita Paraleloan ekimeneko saio gehineak ere, Leena Wilkens-ek emandakoa gailenduz; Quintron&Miss Pussycat-en lehen saioa ere bai, aretoa erdi hutsik egon arren jendea zeharo zoratu zuelako; Black Lips-ek udako ostegun batean muntatu ziguten festatzarra; eta noski, Nuevo Catecismo Catolicokoek aretoak hasieran zuen akustika eskasari aurre egiteko erakutsi zuten gaitasun txundigarria ere ez zait ahaztuko. Deseingainuen artean, ohiko kontuak: apostu handia egin arren, entzulegoaren aldetik nahi bezalako erantzuna jasotzen ez duten Dj eta artistak. Programatzeko irizpide bakarra oraindik ere intuizioa izateak amorruz betetzen nau.

Artista eta entzuleen arteko konplizitatea sortzeko gaitasunean datza kontzertu eta areto baten arrakasta


Aretoaren programazioak, hasiera batetan, Ayo Silver! sustatzaileari oso lotua zirudien, eta amerikar garage-punk-rock kutsu handia zuen ondorioz. Baina pixkanaka beste estilo batzuri ateak irekitzen hasi zaretela dirudi: flamenkoa edo technoa, adibidez.
Bai, Ayo Silver!-eko partaide bezala Donostian kontzertuak programatzen ibilitakoa nintzen, bereziki Bukowski tabernan. Hortaz,  Dabadaba irekita, zentzuzkoa zen programazio horri bertan jarraipena ematea. Baina Dabadaba hiri osoko sustatzaileei leku bat emateko asmoz ireki genuen, beraz, lokalaren izaera denon artean eratu dugu. Denborak aurrera egin ahala, gauza handiagoak (Omar Souleyman, Hot Chip DJs) edota esperimentalagoak eta ezberdinak (flamenkoa adibidez) egitera ausartu gara. Horretaz aparte, Club moduko ekimenak jarri ditugu martxan Dabadabaz kanpoko beste sustatzaile batzurekin. Hastapenetik gurekin izan diren Paraleloan eta NiMuz gain, azken urte eta erdian musika elektronikoko lau Club saio abiarazi ditugu: Espiral, Pawn, I.D., Oyeloco, Discos Bambinos...

Buenavista/Mogambo/NCC eskolatik zatoz, 90ko hamarkadaren lehen urteetan hasi zinen jotzen eta kontzertuak antolatzen; garai benetan zirraragarria. Zer aldatu da ordutik hona bertako taldeei eta zuzenekoei dagokionez?
Tira, Buenavistako giroaren zale handia izan naiz beti, baina garai hartan, ekintza txikiren bat salbu, begiratzera eta flipatzera mugatzen zen nire ekarpena. Funtsean, iruditzen zait zaleen artean erreleborik ez dela egon, eta garai hartakoak jada ez dira horrenbeste ateratzen. Trantsizio aroa bizitzen ari garela uste dut, eszenaren motore bilakatuko den talde zirragarririk ez dago, ezta lan zikina egin eta gauzak antolatzeko prest dagoen jende gazterik ere. Edonola, gitarra elektrikodun musika munduaz ari naiz soilik. Egungo espektroa oso zabala da, eta batzuetan barregarri samarra iruditzen zait honetaz guztiaz arduratzea eta gero Bejo edo C. Tanganaren kontzertuetan Bukowski eta Dabadaba jendez gainezka ikustea.



Batzuk iraganeko urrezko garai hartan kateatuta geratu dira akaso? RocknRoll puruaren alorrean halako beste eztandarik ez dut uste emango denik, beraz, suspergarri berriak bilatzea tokatzen da, proposamen zirraragarriz beteta baitago euskal musika eszena.
Erabat ados. Salbuespenak salbuespen, dagoneko 40 urte dituen batek talde berrienganako interesa erakustea zaila da. Gazteak, ordea, beste gauza batzuetan dute interesa, nahiz eta Donostian gazte gutxi geratzen diren eta denak sosik gabe dabiltzan. Inon aurkitzekotan, hip-hop edo trap ekimenetan izango da edo, asko jota, harcore modukoetan. Hori bai estilo hilezkorra!



Donostia Europako Kultur Hiriburu gisa euforiaz eta turistaz gainezka ibili den urte berean Dabadaba amerikar aldizkari coolenetan ikusi dugu. Askok pentsatuko dute arrakastaz arrakasta bizi zaretela eta aretoa beti jendez gainezka dagoela. Baina sumatzen dut errealitatea beste bat dela...
Aretoa oso gutxitan betetzen da. Normalean 30-40 lagun gerturatzen dira kontzertuetara, estilo eta sustatzailearen arabera. Rapa da salbusespen bakarra, eta oso noizen behin gainera. Donostia horrelakoa da, pedantea eta herritarra aldi berean. Erreala eta gastronomia protagonista dira nonahi, eta horren ondoan lehen mailako festibalak eta Berlin-ek adinako eskaintza kulturala ditugun arren, partehartzea eskasa da. 200.000 biztanle baino gutxiago gara, ez dago kasik gazterik ezta gauez Gipuzkoako herriak hiriburuarekin lotuko dituen garraio publikorik ere. Donostiak eta donostiarrek ispiluan beren aurpegien isladari begiratzen jarraitu bitartean, hiltzera kondenatuta daude. 

Kontzertuek garai bateko izaera berezi eta magiko hura galdu dutela iruditzen zait; eskema berberak errepikatzearen poderioz aspergarri bilakatu direla, salbuespenak salbuespen.
Agian neu ere kontserbadorea izan naiteke neurri batean. Kontzertu bat berezia den ala ez entzulegoak erabakitzen du. Edo, hobe esanda, artista eta entzuleen arteko komunitate sentsazioa edo konplizitatea sortzeko gaitasunean datza kontzertu baten eta areto baten arrakasta, izan rocka, ala elektronika. Dabadadako saioetan zera berezi hori pizteko gai ez garen neurrian porrot egiten ari garela esango nuke. 



Kulturaldiako elkarrizketa batean, Josu Bukowskik auzoaren eta auzoarentzako eguneroko kultura txikiarekiko konpromiso inspiragarria erakutsi zuen epe motzeko etekinari muzin eginez. Azken batean, Donostia 2016 pasatuko da, baina Dabadabak, Bukowskik eta Egia auzoak nahiz bere biztanleek bertan jarraituko dute. 
Seguru aski, eguneroko kulturaren alde Bukowskik baino lan handiagoa egin duen inor ez da hiri honetan; ezta aurrekontu handiagoarekin kultur ekimenak antolatzen bete-betean aritzen den enpresa publikoa ere. Guk oraindik ez dugu lortu auzoarekiko horrenbesteko lotura eraikitzea; bi urte baino ez daramatzagu, Bukowsek 25! Ondo diozun bezala, 2016 eta bere argazki politiko guztiak desagertu egingo dira, baina Club gauak eta kontzertuak antolatzen jarraituko dugu!



Mundu osoko kontzertu aretoen artean ba al duzue eredurik? Nik honelakoak antolatu nahi ditut pentsarazi zizuen kontzerturik?
Agian, Club munduan sartu garenetik, kanpora gehixeago begiratzen hasi gara, eta Glasgowko Sub Club, Frankfurteko Robert Johnson edota Bordeleko iBoat-en moduko aretoen jarduna jarraitzen dugu. Club modura berezko izaera garatzea samurragoa dirudi kontzertu areto gisa hori bera lortzea baino; hala ere, badira Groningeneko Vera aretoa bezalako salbuespenak. Gustuko ditugun beste hainbat bezala, Vera autokudeaketan eta DIY filosofian oinarritzen da; tamalez, txalogarria iruditzen zaigun arren, negozio bat aurrera atera nahi baduzu ez dago jarrera hori aplikatzerik. Bestalde, britainiar aretoei begira, gure tamaina bereko egoitzek gu baino artista askoz handiagoak ekartzeko gai direla ikusi dut. Katxeak han merkeagoak izango direla suposatzen dut eta, batez ere, bertaratzeko prest dagoen masa soziala askoz handiagoa dela.

Amaitzeko, galdera tipiko bat: Aurrekontu mugagabea izango bazenu, aukeran, zein artista ekarriko zenuke Dabadabara?
Tipikoa eta zaila! Une honetan grime kontzertu bat antolatuko nuke gustura, Novelist esaterako, eta aretoa jendez gainezka eta saltoka ikusi nahiko nuke. Teenage Fanclub aspaldiko ametsa da. Eta oraintxe bertan, Soft Hair entzuten ari naizela, Connan Mockasin bere edozein formatan ekartzea, adibidez,  handia litzateke.






bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Kokoshca Algo Real

Kokoshca taldeko bateria-jotzailea ere bada Alex Lopez. Hirukoteak disko berria plazaratu du: Algo Real, hiru eguneko epe ultralaburrean grabatutako bilduma zirraragarria. Iaki eta Amaia konposatzaileen bi alderdiak (bortitza eta ziztagarria bata, erreflexiboa eta barea ilunagoa ere bai bestea) ederki orekatzen ditu diskoak, eta ohikoa duten legez, tentu eta irudimen handiz landutako hitzez josita dator. Serengueti kanta da, agian, lan osoaren mezua eta espiritua hobekien gorpuzten duena. Alegia, errealak eta benetakoak diren gauza, pertsona, bizipen eta sentsazioen bilaketa etengabean gabiltzala eta, aldi berean, gure arteko benetako harremanak eraikitzeko zailtasunak gero eta handiagoak direla. Gai handiak, sakonak eta mingarriak dira sarritan Kokoshcak jorratzen dituenak, baina berezko duten zintzotasun, freskotasun eta umore on horrekin jantzita eskaintzen dizkigutenean, gozagarri bihur daitezke gero! Aldaketa estilistiko nabarmenik gabe (beharrik ere ez), aurrerapauso sendoa borobobildu dute iruearrek, eta gainera, diskoa ixten duen Cunta hermosura abesti ederrean bezala, etorkizuneko bide berriak urratu dituzte. 

Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.