"Como una droga", porno-punka lantzen
Discípulos De Dionisos porno-punkaren jainkoek disko berria daukate kalean, Como una droga izenekoa, H Recordsen eskutik. Horretaz gehiago jakiteko Juan Jolmes gitarra jole eta abeslariarekin mintzatu gara. Gauza jakingarri (eta barregarri) asko kontatu dizkigu, baina, kasu! Ez hartu seriotan esaten duen guztia.
Nolakoa da disko berria?
Como una droga azken diskoak berriro ere DDD-ren izaera jasotzen du. Disko azkar, basati eta probokatzailea da, baina aldi berean, melodiko eta itsaskorra. Argi dago diskoa entzuteak indarkeriara eta maitasuna taldeka egitera bultzatzen zaituela… Aurreko bi diskoekiko desberdintasunik handiena ekoizpena da, askoz hobea da. Jorge Reboredok grabatu du eta hori igarri egiten da, soinua izugarria da, azken bolada honetan entzun dudan ekoizpen-lanik onenetako bat, jode, ze harro gauden! Bertsio pare bat ere sartu dugu, Elvisen
Suspicius minds eta Ozzy-ren
Crazy Train.
Diskoaren edizioa dezente atzeratu da, ezta?
Bai, binilozko edizioaren tintan gure hazia bota nahi genuen, taldearen betiko tradizio bat da. KISS taldeak diskoen azaletako tintan beren odola sartzeko duen ohiturak eragina du horretan. Diskoa egin behar den egunean tinta-ontzietan botatzen duzu eta, horrela, azala guztiek odol apur bat daramate, edo hazia, geure kasuan. Bitxi samarra dela pentsatuko duzue, baina guri xarmagarria iruditzen zaigu.
Diskoa zuzenean aurkezten hasi zarete, baina arazo batzuk izan zenituzten, bateria jolearen bizkarreko minak zirela-eta. Arazook konpondu dituzue?
Bai, kontzertu batzuk egin ditugu dagoeneko. Izan ere, gure bateria jole Malo Malonek mina hartu zuen bizkarrean bere buruari felazio bat egiten saiatzen ari zenean, baina orain hobeto dago. Minetan egon zen garaian Aerobitch eta Nuggets taldeetako kide ohi Txetxar Bitch-en laguntza paregabea izan genuen.
Antza denez, H Records-ek single bat kaleratzeko asmoa ere badu.
Bai, arrazoia duzu. Grabazio estudioan sartu ginenean kanta pila genuen, izan ere, denbora luzea igaro da bigarren diskoa grabatu genuenetik. Singleak hiru abesti izango ditu, orain arte argitaratu gabeak:
A la caza!,
9 musas eta
Sabes moverte bien. Hiru abesti zoragarri, Bisbali ile-gogortzailea lehorrarazi eta Bustamante euskaldun bilakatuko dutenak.
Nor da azalean agertzen den neska?
Ez da benetakoa, ordenagailuz eginda dago, Berttok amodioa egiten dien emakumeen argazkietan oinarrituta. Jesusaren ezpainak, Mirentxuren bularrak, Karmeleren begiak, Onintzaren oinak, Garbiñeren eskuak… Jode, lan bikaina da.
Uste al duzu H Records-ek garai batean No Tomorrow edo Punch diskoetxeek egiten zuten lana egin lezakeela aurrerantzean?
Egia esateko, H Records-ek aurpegia eman du eta talde pila bati lagundu dio, lan ausarta eta arriskutsua da eta espero dezagun zortea izatea. Bestela, suposatzen dut organu-trafikoari ekingo diotela berriro, negozio horrek etekin dezente ematen baitu.
Bonberenearen aldeko bilduman hartu zenuten parte. Sartuko duzue kantarik beste bildumaren batean?
Grabaketan, ABBAren kanta baten bertsio punk bat egin genuen, ABBAren omenezko disko baterako, baina geroztik ez dut horren inguruan ezertxo ere entzun. Batzuetan, iluntasunean, bakarrik nagoenean, hori guztia broma bat ote zen pentsatzen dut.
Etorkizunerako planik?
Ez dago etorkizunik. Planak egitea ez zaigu gustatzen egunekoa bizitzea gustatzen zaigu. Gure droga bizitza da, unean uneko magia...
Sasi jakintsu nazkagarria, zeure burua ikusten duzu ispiluan eta pentsatzen duzu agian bihar ez zarela hor egongo, eta, orduan, egun hori hondarretaraino bizi nahi duzu, bakarrik bazaude kanpaia jotzen duzu, drogak hartzen dituzu, zure bikotekidearekin bazaude kanpaia jotzen duzu ere, pentsatzen duzulako ase zaudela baina aseago egon zintezkeela, agure horri kalea zeharkatzen laguntzen diozu, patata batzuk jaten dituzu hurbilen duzun tabernan, horma koipetsuak dituen horretan, drogak hartzen dituzu berriro eta gauean sexu zikin bila ateratzen zara, eta konturatzen zara dena nihilismo hutsa dela, ezerk ere ez duela zentzurik, edo agian horixe dela bizitzaren zentzua, nik zer dakit, baina ez duzu horretaz pentsatu nahi, baina ezin diozu zeure buruan bueltak emateari utzi, baina bitartean patata horiekin eta zure gorputzean dauden drogekin plazerra hartzen duzu, ezezagun baten sexuaren usain gozoarekin batera alde egiten duzun bitartean. Etorkizunaren beldur naiz, baina litekeena da etorkizuna nire beldur izatea.
2003, URRIA-AZAROA