entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

Ion Etxebarria 2012-03-23

Anai-arrebak Disko musika maite duen familia basatia

Anai-arrebak. Do you twist? Anai-arrebak. Do you twist?
Besteak beste, Jousilouli, Naizroxa, Trigger Travis eta Xikinkei taldeetan ibilitako musikariek osatzen dute Anai-Arrebak. Musika eszenan lagun zaharrak ditugu pasaiatar hauek, hots, musikari eskarmentatuak, nahiz eta dakarten proposamena nahiko berritzailea den: disco doinuak, punk eta rockarekin uztartuz. Familiako gora beherak eta festarako guztiz gomendagarria den kaleratu berri duten bost abestitako estreinako lanari buruz jakin-minez Iñigo Etxarrirekin (Pasai Donibane, 1989) egon gara.


Nola sortu da Anai-Arrebak taldea?

Berez Matxetek aspalditik zuen proiektua buruan, baina duela bi urte, biok Naizroxan genbiltzala abestiak egiten hasi ginen. Taldekideak senideak izan behar zirela argi genuen, eta horrela Marga eta Manurekin hasi ginen. Berehala, Ander bateria batu zitzaigun. Abestiak dibertigarri eta dantzagarriak izango zirela ere argi geneukan, eta hala, gaur egun lanean jarraitzen dugu hasierako ideia horrekin.


Zuen aurreneko lana formatu berezi batean kaleratu duzue: sorpresa eta guzti dakarren kolore ezberdinetako gutun-azal barruan dagoen 5 abestitako diskoa.

Betiko formatua ez zaigu erakargarri suertatzen. Gainera, egun mp3 formatuan internetetik dena jaitsi daiteke. Horregatik, fisikoki interesgarria zen zeozer izatea nahi genuen, diskoaz gain sorpresa gehiagorekin: purpurina, puzgarriak... Dudarik gabe, ez da ohiko disko formatua eta gainera 4 koloretako sobreak egin ditugu, norberaren aukera gustuen arabera.

"Kontzertuetan hasieran aurpegi arraroak ikusi ohi ditugu, esango balute bezala 'Eta hau zer da? Gustuko dut? Ez dakit ba...'. Kontzertua aurrera doan heinean, publikoak dantzan amaitzen du, irribarrez, arazo guztiak ahantzi balitu bezala"




Diskoa zer nolako harrera izaten ari da?

Ona! Durangoko azokan jende ugarik ezagutu gintuen, Ahotseneako ikuskizunaren ondoren jende gehiago interesatu da gugan. Askok ikusmiraz irekitzen zuten gutun-azala eta esan daiteke jendeak gustuko izan duela.


Eta zuzenekoetan, publikoak egiten al du twist-ik? Badago gurean dantzarako ohiturarik, edo, esan eta uste dugun bezain hotzak gara euskaldunok?

Esan daiteke, orokorrean, jendearen erantzuna nahiko hantzekoa izaten dela kontzertuetan: hasieran eszenatokitik aurpegi arraroak ikusi ohi ditugu, esango balute bezala “Eta hau zer da? Gustuko dut? Ez dakit ba ...”. Baina kontzertua aurrera doan heinean, publikoak dantzan amaitzen du, irribarrez, arazo guztiak ahantzi balitu bezala.


Zuzenekoak Dragoi Bolak marrazki bizidun ospetsuen abestiarekin amaitzen dituzue. 80. hamarkadatik ezin ihesi zabiltzate, edo?

Dudarik gabe!!!


Beharbada azkarregi da galdetzeko, baina disko bakarra argitaratuko duen egitasmoa zarete, edota Anai-Arrebak taldeak izango du jarraipenik? Hau da, etorkizunerako zer asmo?

Bada otsailaren 14an maitasunaren eguna izanik Maite zaitut, ez!! abestiaren bideoklipa estreinatu genuen, eta aurrera begira kontzertuak emateko asmoa dugu. Urrian disko berria aterako dugu, eta gaur egun buru-belarri proiektu horretan lanean gabiltza. Beraz zalantzarik gabe oraindik leku asko ditugu dantzan jartzeko.


Amaitzeko, aukeratu edozein garaitako disko bat eta adierazi hitz gutxitan zergatik gomendatzen diozun Entzun!-eko irakurleei.

1989an argitaratutako M-ak taldearen Barkatu Ama diskoa. Bere garaian behar zuen oihartzuna lortu ez arren, gure garairaino iristea lortu du. Esan dezakegu disko aurrerakoia izan zela, 2012. urtean egonda, gu harritzea lortu baitu.




Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!