entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

Sagardantza 2006-10-08

ERANTZUN baten bila?

Erantzun Erantzun
Abiaduraren esentzia, amorruaren askatzea, zarataren hustea. Ero bihurtu al dira? Ez bilatu gehiago, edo bai, bai, bilatu, beti bilatu beharra dagoelako, baina arnasa hartu eta dastatu Saltxi (ahotsa), Murray (baxua), Arri (bateria) eta Hodei (gitarra) zarauztarren oldarraldia. Argia ikusiko duzu akaso. Gehiegizkoa deritzozu? Bueno, behar bada. Baina zer sentituko zuten Erantzun taldea ikustera joandakoek Europan barrena egindako azken bi biretan? (26 kontzertu denetara!)
Zer moduz irten zen Iberik Kroket Tourra?

Apirilean Penintsula osotik zehar egin genuen bira. 11 egun eta 10 kontzertu. Ikaragarria izan zen. Gainera, asteburuetan tarteka joaten garen txoko askotan jarraian jotzeko aukera eman zigun eta toki askotan lehen aldia ez zenez berotasun handia nabaritu genuen. Jende asko mugitu zen eta kontzertuetan egon zen giroa ikaragarria izan zen. Lisboa ondoko herri batean astelehen batean eman genuen kontzertua izan zen makalena, baina horretaz gain, benetan zoragarria izan zen. Aurten uztailean Europara egin dugu bira. 18 egun 16 kontzertu 8.000 km, 10 herrialde (Frantzia, Belgika, Holanda, Alemania, Polonia, Txekia, Eslovenia, Italia, Suitza eta Bartzelona). Hemen ere jendea mugitu da eta oso-oso gustura gelditu gara. Esperientzia bikaina izan da bigarren aldiz Europara joatea.

Hainbat argitarapen iragarri zenituzten uda aurretik (splita Afganistán Ye Yes taldearekin…) Zer atera duzue eta zer dago bidean?

Maiatzean Bartzelonako Afganistan Ye Yes taldearekin 7 hazbeteko koloredun EP-a atera genuen. Honetaz gain, birarako CD bat atera dugu guk geuk abesti berrienekin eta jada fabrikan dago Asturiasko Insultos al Gobierno taldearekin atera behar dugun 12 hazbeteko LPa. Oso gustura geratu gara oraingoz atera den Ep-arekin. Oso harrera ona izan du eta asko zabaldu dugu Estatuan eta Europan zehar.

Non lortu daiteke zuen materiala?

Gure materiala kontzertuetan mugitu ohi izaten dugu. Bestalde, estatu mailan nahiz Euskal Herrian zenbait banatzaile alternatiboren standetan aurkitzen ahal da. Eta inork postaz eskatu nahi badu, hodeiesteban@gmail.com helbidean jarri daiteke gurekin kontaktuan eta guk helaraziko diogu.

Hardcorearen ildo jakin batekin identifikatzen zarete?

Egia esan, hardcorearen barruan milaka ildo daude gaur egun. Milaka ildo edo milaka izen eta etiketa bai behintzat. Musikalki ez gara gehiegi larritzen gure ildoa bilatzen. Gustatzen zaiguna egiten dugu eta azkenaldian amorruz betetako fastcore antzeko bat dela esan daiteke. Halere, nahiago dugu ildoa definitzen denbora galtzea baino gure jarreraz kezkatzea. Jarrerak musika estiloak baino garrantzia gehiago duela iruditzen zaigu eta aspaldian musikarien jarrera nahiko ahazturik dago merkatu komertzial nahiz alternatiboan.

Nolakoak dira zuen kontzertuak?

Berrogei minutuko deskargak dira. Ahalik eta ondoen pasatzen saiatzen gara eta gauden lekuko jendearengana iristen saiatzen gara. Amorrua eta abiadura izan daitezke gure zuzenekoak definitzen dituzten bi adjektibo. Deskargatzeaz gain, jendeari ere mezu bat transmititzen saiatzen gara.

Hardcore-punk kontzertuak osasuntsu daude? Jendea hurbiltzen da?

Kopuru aldetik kontzertu asko daudela esan daiteke eta horrek zail egiten du denetan jende asko ibiltzea. Penintsulako nahiz Europako beste leku batzuekin konparatuz, hemen kontzertu asko ikusteko aukera dago eta kanpoko talde gehientsuenak beti pasatzen dira bertatik. Alde horretatik ez dut uste askorik kexatzerik dugunik. Dena den, kontzertuetan beti jende bertsua ibili ohi gara. Baina hori estilo guztietan gertatu dela uste dut. Bakoitzak bere estiloa lehen baino fidelago jarraitzen du besteetara muturra hainbeste sartu gabe. Baina, nire ustez, beste hainbat musika estilo baino osasuntsuago dago, batez ere kontzertuak leku autogestionatuetan izaten direlako eta muxutruk lan asko egiten duen jendeak antolatzen dituelako eta ez management eta antzerako enpresariek.

Eta zein da zuek eszenatokia konpartitu duzuen talde basatiena?

Buff, zorionez guri lehendik asko gustatzen zitzaizkigun talde askorekin jotzeko aukera izan dugu eta ezagutu gabe zeharo txundituta utzi gaituzten askorekin aritu gara. Bat esatea zaila da, baina horrela etortzen zaizkidan zuzeneko basatiak Page99, The sons of Saturn, Pretty Little Flower, E150, Ira et Decessus… jejeje, pentsatzen jarriz, zorionez talde basati asko ezagutu ditugu.

Zer da Zaratazarautz?

Zaratazarautz Zarauzko lau taldek osatzen dugu. Metralleta, Txixaparrazta, Zulo eta geuk. Lagunak gara eta taldeen artean partaide batzuk errepikatzen dira. Webgune bat dugu talde bakoitzaren informazioarekin eta kontzertuak antolatzen ditugu urtean zehar.

Dagoeneko gaztetxea duzue Zarautzen. Zer ekarri dio gaztetxeak Zarautzi?

Bai, gaztetxea dugu Zarautzen eta hori baino garrantzitsuagoa dena, mugimendua dugu Zarautzen. Gaztetxeak jendeari berriz iniziatiba pertsonal nahiz talde iniziatibak aurrera eramateko gogoa piztu dio eta horiek aurrera eramaten asko laguntzen du. Oraingoz, urte bukaera arte bertan gara, beraz ahalik eta gehien aprobetxatuko dugu garai hau ondoren etorriko dena ahaztu gabe. Hori ere prestatu beharra dago jada. Kolore berri asko eman dizkio Zarautzi gaztetxeak eta orain arte txukuntze, antolatze eta prestatze lanak denbora eraman digun arren laster bere fruituak emango ditu.



2006, urria – azaroa
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Fermin Muguruza & Kontrakatxa Hego Amerikan daude maiatzaren 16tik: Chile, Montevideo, Bogota, Mexiko...
  • Foehn zigiluaren udaberriko nobedadeak: BALAGOren Darder eta OSO LEONEren Mokragora.
  • Zaramak hiru abesti dituen disko labur batekin datorkigu: Sinestezina. Hemen entzun.
  • Jazzaldian euskotarrak: 18 talde, 9 dj, B. Achiary, I. Salvador, M. Azpiroz, Igelaren Banda... www.heinekenjazzaldia.com
  • SONISPHERE 2013: Madril (Mai 31) & BCN (eka 1). Kartela: IRON MAIDEN, ANTHRAX, MEGADETH, AVANTASIA...
  • Balerdi Balerdi taldeak Petti beratarra fitxatu du. http://balerdibalerditaldea.wordpress.com/

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!