entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Sagardantza 2011-08-31

Fly Shit

Fly Shit joker Fly Shit taldea.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Hitz zorabiatuak. Lizentzia: CC-BY-NC-SA

Hitz zorabiatuak. Lizentzia: CC: BY-NC-SA
Lotura erlazionatuak
Bergarako hardcore taldeak disko berria, hirugarrena, plazaratu zuen 2010. urte ondarrean: Arnas bakoitzeko ernetzen, hamar kantuko lan mamitsua bai hitzei bai doinuei dagokienean. Ia 15 urte daramatza Fly Shitek ideiak eta doinuak zabaltzen hardcorearen eremuetan. "Zuk zeuk egin" filosofiari fidel, Euskal Herriko eszenaren talde beteranoenetako bat dugu.

2001ean argitaratu zenuten lehen lana. 2006an hurrengoa. 2011n azkena. Bost urtetik bost urtera ateratzen dituzue diskoak. Patxadaz hartzen duzue gero diskoak grabatzearen kontua...
Bai, patxadaz hartzen dugula dirudi. Taldea 1996an sortu genuen eta nahiz eta tartean kaleratu ez genuen beste grabaketa bat egin, 5 urte behar izan genituen lehenengo lana kaleratzeko. Hala ere, 5 urtean behin egitearena ez da aurreikusitako zerbait, horrela irten da. Kontzertu aldetik ere erritmo nahiko lasaia daramagu, hilean 2 egitea izan da gure helburua. Horretaz gain, kontratu diskografikorik eta horrelako konpromisorik ez dugunez eduki, gure burua ez dugu estutu eta gauzak etorri diren bezala egin ditugu. Badirudi gure sortze prozesua nahiko motela dela, je, je.


"Hitzak komunikazio tresna bezala erabiltzen ditugu. Badakigu mundua ez dugula aldatuko, baina inguruan eragiteko balio badute gu pozik, eta azken finean guk egiten dugun gogoeta ere garrantzitsua da guretzat"
Mamitsuak zarete bai doinuei bai hitzei dagokienean. Perfekzionistak zaretelako? Hau da, gauzak hala nola uztea atsegin ez duzuelako?
Ez dugu uste perfekzionistak garenik, askotan txapuzero xamarrak garela esan daiteke, je, je. Baina hainbeste denbora hartuta, abestiei pare bat buelta emateko astia daukagu. Erritmoak lantzen saiatzen gara, etxeko marka baita erritmo aldaketena, eta beste arlotan ahal dugun eta txukunen egitea izaten dugu buruan, talde gehienek egiten duten bezala. Hala ere influentzia kontua dela esan daiteke, gustuko ditugun talde askok horrelako gauzei erreparatzen dietelako.


Zuen letrek gogoetarako tresna izan nahi dute?
Hori da, gure hitzetan batez ere gure inguruan ikusten dugunaz eta arduratzen gaituzten gaiez hitz egiten saiatzen gara, beti ere gogoetarako bideak zabaltzeko asmoarekin. Guk beste talde askoren hitzekin ere gogoeta egin dugu eta gure izaeran eragina izan dutelakoan gaude. Hitzak komunikazio tresna bezala erabiltzen ditugu. Badakigu mundua ez dugula aldatuko, baina inguruan eragiteko balio badute gu pozik, eta azken finean guk egiten dugun gogoeta ere garrantzitsua da guretzat.


Hardcorearen barruan bazaudete ere, zuen ezaugarri nagusia ez da abiadura. Hardcore/punkaren zein ildoarekin identifikatzen zarete gehien? Eskolaren baten parte sentitzen zarete? Talde kuttunik duzue?

Hasierako garaietan ahalik eta azkarren jotzen saiatzen ginen. Denborarekin hori aldatzen joan da, erritmo ertainak edota intentsitate aldaketak lekua hartzen joan dira. Guk musika sortzean ez dugu mugaturik egon nahi, eta sustraiak argi badaude ere, beste eremu batzuetara bidaiatzea gustuko dugu. Gure diskoetan ildo bakar bat ez jarraitzen saiatzen gara; abesti guztiek lotura bat izan arren, gure gustuen araberako abesti desberdinak egiten saiatzen gara. Hasierako hardcore taldeak maite ditugu: Minor Threat, Black flag, Circle jerks... Baita beranduago sortutako taldeak ere: Verbal Assault, RKL, Fugazi, Spermbirds, Gorilla Biscuits eta, nola ez, gertuko erreferente nagusiena den Bap!! Horretaz gain, ez gara atzera begira gelditu eta gaur egungo talde asko gustuko ditugu nahiz eta hauetako batzuk ez egon hardcore eremuaren barruan. Askotan brometan esan izan dugu, gurea Ikastolako Hardcorea dela, je, je... Baina azken finean, eskolak alde batera utzita hardcore talde asko batzen gaituena jarrera da eta horri ere garrantzi handia ematen diogu, DIY-a gauzak egiteko modua e.a...


Nola eta zein da zuen abestiak egiteko prozesua? Demokrazia badago taldearen barruan?

Normalean, gitarrarekin sortutako erritmo, riff edo ideia bateri lokalean denon artean forma ematen diogu. Hor bakoitzak berea aportatzen du, eta bai eztabaidarako ere ematen du, denok parte hartzen dugu. Hau izan daiteke lehenengo galderaren zergatietako bat. Hitzak musika eginda dagoenean egiten ditugu, eta egia esan bastante kostatzen zaigu hitzak egitea.


Talde guztiek, txikia edo handia, helburu bat daukate. Zein da zuena?
Musikazaleak garen aldetik musika egiten disfrutatzen eta entzuleei disfrutarazten jarraitzea da helburuetako bat, ilusioa dagoen bitartean aurrera jarraitzea. Noizean behin Euskal Herritik kanpo kontzerturen batzuk eskeintzea, eta etxean ia zapaldu ez ditugun lekuak ezagutzea (Nafarroa, Iparraldea...). Eta lehenago esan dugun bezala taldea gure komunikatzeko, protestarako, elkartasuna adierazteko tresna bezala erabiltzea, azken finean ahal den heinean inguruan eragitea.


Zerbait gaineratu nahi duzue?
Osto baxujoleak 15 urte eta gero taldea utzi behar izan du, bere ordez Iker (Daxka, Supercools) hasi da eta dagoeneko oso ongi egokitu da taldean. Uda ostean DVD bat kaleratzeko asmoa daukagu, dagoeneko ia prest daukaguna. Bergarako gaztetxean emandako kontzertu bat abiapuntu hartuta, dokumentala ere uztartzen duen ikus-entzunezko bat. Gure 15 urteko ibilbideari errepasoa ematen dio, taldekideok eta inguruko jendeak parte hartzen du bertan. Lan hau ere DIY jarrerari jarraiki egina dago, eskura genituen baliabideekin.
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.