entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

Joxi Ubeda 2006-07-02

FLY SHIT ”kultura denon eskura egon behar da”

Bergara hardcore. Bergara hardcore.
14-16 urte besterik ez zuten Bergarako hainbat gazte gustuko zuten musika jendaurrean jotzen hasi zirenetik. Fly Shit taldeak ibilbide luzea egin du; lan handia eginez, punk eta hardcore doinuetan eta filosofian oinarriturik.



Fly Shit taldeak 2001ean kaleratu zuen bere lehen lana. Bigarrena, berriz, bost urte beranduago. Azken lan horri buruz mintzatuz, hasi dugu solasaldia taldekideekin.

Zer egin duzue ‘Bizitza… baina nola bizi?’ CDa kaleratu duzuenetik hona?
Urte hasieran kaleratu genuenetik zuzenean defendatzen gabiltza, hilabeteotan hamar kontzertu inguru eskaini ditugu. Horretaz gain, banaketa eta promozio lanean ibili gara, hauek ere gure kontura ari gara egiten. Gure diskoa gaztetxe, taberna eta banatzaile antikomertzialetan lor daiteke. Horrez gain, web orria prestatzen aritu gara. Lokalean ere lanean gabiltza eta hiru bat abesti berri ditugu, eta zuzenekoetarako bertsioren bat prestatzen ari gara.

Gustura lan horrek izan duen harrera eta oihartzunarekin?

Oso gustura gaude momentuz izan dugun harrerarekin, orain arte hitz politak izan ditugu, aurreko diskoan baino soinu hobea, kanta borobilagoak... Zuzenean ere jendeak ondo erantzun du. Banaketa ere oso ondo doa. 1.000 kopia egin genituen, eta ia guztiak ditugu zabalduta, eta oraindik leku askotan daukagu CDa uzteko. Beste 500 kopia argitaratzekotan gaude.

Zer dela eta zuen kabuz egin duzue lan hori?

Aurreko lana Hotsak-ekin kaleratu genuen. Lehenengo lana zen, estudioan diru asko gastatu genuen, eta orduan ez genekien diskoa kaleratzeko zein bide desberdin zeuden. Hotsakekoek gertukoak zirenez, lagundu ziguten. Banaketa bide komertzialetik egin zen ere, eta hainbat tokitan 2.200 pezetaren truke (13,20 euro) saltzen zen, guk denon eskura egon zedin 1.000 pezetan (6 euro) saltzen genuenean. Urteekin jendea ezagutu dugu, haiek beste bide batzuen berri eman, guk honen aukerak aztertu, eta taldearen ideiarekin bat zetorrelako aukeratu genuen prozesu guztia gure kabuz egitea, lagunen laguntzarekin noski. Punk eta hardcore filosofiaren oinarri den DIY (egin ezazu zuk zeuk) geureganatuz eta zabalduz. Grabaketatik banaketaraino gure eskuetatik eta kontroletik pasatu da dena. Salneurria ere herrikoia izatea nahi genuen, 6 eurokoa.

Creative Commons lizentziari buruz zer azpimarratuko zenukete?

Guk argi geneukan gure abestiak SGAEn ez genituela nahi erregistratu, ez gaudelako bere izatearekin ados. Hasiera batean ez genuen ezer egin behar, baina Creative Commons kontua ezagutu genuenean haren aldeko apustua egin genuen. Edonork emititu, kopiatu eta zabal dezake diskoaren edukia, beti ere, egilea nor den garbi utziz eta erabilera komertzialik eta etekin ekonomikorik ez baldin badago. Kultura denon eskura egon behar dela uste dugu.

Kantuak, hitzak eta CDaren diseinua bera oso landuak dira. Lan handia egiten duzue taldean doinuak eta hitzak osatzeko, kantuen moldaketak egiteko eta soinua fintzeko?

CDaren diseinua egitean emaitza txukuna nahi genuen lortu. CDak saltzea gaur egun nahiko zaila da, guk jendearentzat erakargarria izango zen zerbaiten bila genbiltzan, eta Txori marrazkilaria eta Tófol diseinugilearen laguntzarekin lortu dugula uste dugu. Kantuak azken lau urteetan egindakoak dira. Gure erritmoa nahiko lasaia da. Hitzak egitea, gainera, asko kostatzen zaigu. Musikaren arloari dagokionez, ikasten goazen heinean kantuetan ere igartzen da, hasieran kantuak zetozen bezala irteten ziren, orain gehiago lantzen saiatzen gara. Gainera, askoz musika gehiago entzun dugu eta horrek ere badu bere eragina kantuak aberastean.

Ikus-entzuleekin zein harreman edo komunikazio izaten duzue jendaurreko emanaldietan? Gustura jendearen harrera edo erantzunarekin, emanaldietan?

Jendearen erantzuna ona da, jende dezente inguratu da kontzertuetara, eta denetarik egon da. Zarautzen adibidez sekulako pogoa egon zen, beste batzuetan hotzagoak izan dira, baina hori normala da, ezta? Gu, gainera, taula gainean ez gara oso hiztunak, eta agian horrek ere zerikusia izan dezake, batzuetan gehiago zirikatu beharko genituzke ikusleak.

Duela hamar urte egin zenuten lehen kontzertua. Zer moduz ibili zarete urteotan?

Gorabehera batzuk izan ditugu. Hasieran gogor hasi ginen, denbora gehiago geneukalako. Gero ikasketak eta lana zirela eta, gauzak lasaitu egin ziren. Hala ere, hamar urteotan hor egon gara, nahiko erritmo lasaian, baina beti zeozer egiten. Duela bi urte Heloyek taldea utzi zuen, eta bere ordez Dubi hasi zen bateria jotzen. Beranduxeago, diskoa aurkeztu baino lehen, Unai gitarra jotzaileak taldea utzi zuen beste proiektu batzuetan murgiltzeko. Orain laukote moduan gabiltza, eta oraindik ilusio handiarekin jarraitzen dugu, gauza berriak egiteko gogoarekin.



2006, EKAINA – UZTAILA
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!