Folkcore taldea hardcorea bultzatzen
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
1995 urteaz geroztik dago Zarauzko talde hau jardunean euskal HC mugimenduan. Iaz aurkeztu ziguten euren lehenengo lan luzea, Petazetak , Cooperaccion Rcds. diskoetxearen eskutik. Disko hau argia ikusi aurretik hainbat maketa plazaratu dute: Moituai! (autoekoizpena, 1995), Zoriontasuna salgai (Aza Rekords, 1997) eta Farrez (Cooperaccion Rcds., 1999). Taldearen historia eta jarduera pixka bat gehiago ezagutzeko xedearekin elkarrizketatxo bat eduki genuen Joxerra gitarra jolearekin eta Kale baxu jolearekin.
1995ean hasi zen entseatzen Folkcore taldea Zarauzko Vista Alegreko auzoan, Anestesia taldearekin lokal berdina konpartituz… Hasieratik mantendu duzue formazioa edo aldatzen joan da urteetan zehar?
Kale: Beno hasieran Joxerra gitarran, Joxema beste gitarran, Albixu baterian eta Larra baxuan eta ahotsean jarduten ziren. Baina 1996an Larra nire lehengusuak proposatu zidan baxua jotzea, bera ahotsean komodoago arituko zelako, eta horrela jarraitu dugu gaur egun arte…
Joxerra: Printzipioz boskotea izan gara taldeko partaide finkoak, baina 2002an Usurbilgo Txofo (Larrua Truk ohia) ahotsean ere ibili zen Larrarekin batera eta
Petazetak diskoaren kanta askotan biak abesten dute. Gero Txofok taldea utzi eta haren partez Mintxo oriotarra sartu zen iaz.
Zuen estilo musikala tinkoa izan da betidanik, hardcorearen esparrua aukeratu zenuten lehendabiziko egunetik, baina zeintzuk dira zuen erreferentzia taldeak? Zer baloratzen duzue gehiago estilo honetan, musika, hitzak, jarrera?
Joxerra: Guretzako 80 eta 90ko hamarkadetan AEBn sortutako talde asko izan dira inspirazioko iturri, esate baterako RKL, Gorilla Biscuits, Sick of it All… eta baita Refused suediarrak ere.
Kale: Guk gehien bat baloratzen duguna musika da, indartsua eta bortitza delako, noski, hitzak ere garrantzitsuak iruditzen zaizkigu. Jarrera pixka bat alde batera lagatzen dugu, ez baikara oso HC militanteak…
Gaur egun talde berriek ez dute ia maketarik ateratzen eta berehala CDa argitaratzen dute. Zuek berriz hiru maketa atera behar izan duzue Petazetak disko luzea atera aurretik. Zer irizten duzue?
Kale: Harrigarria dirudi, baina hala da… Guk hiru maketa ofizial ditugu kalean CDa baino lehenagokoak, baina berez bost dira. Izan ere,
Zoriontasuna Salgai egin ondoren grabatu baikenituen kanta batzuk inoiz atera ez direnak eta
Farrez ondoren beste lau abesti grabatu genituen handik hiru diskotan sartu ditugunak.
Azken lan hau hainbat estudiotan grabatu, nahastu eta ekoiztu duzue, eta era berean hainbat kolaboratzaile parte hartu dute diskoan…
Joxerra: Petazetak disko osoa Andoaingo Garate estudioan grabatua dago Haritz Harreguyren eskutik, gero Unai Morazak Zarauzko Noizbehinka estudioan eta Mikel Anestesiak hiru kanta Arrasateko Shot!-en nahastu zizkiguten.
Kale: Hainbat kolaboratzaile ere eduki ditugu, esate baterako Txofo ahotsean ia kanta guzietan, Haritz (Sen) eta Aitor (Nil) punteo batzuetan eta Danakinondogehatunahi boskotea bertsoan ere…
Amaitzeko, zuzenean ere arituak zarete Euskal Herriko gaztetxe, areto eta taberna askotan… Kanpoan ere ibiliak zarete, zer nolako esperientzia da zuentzako jotzea zuzenean? Noizko diskoaren aurkezpen bira?
Kale: Guretzako jotzea une aproposena da geure espresibitatea erakusteko. Euskal Herriko leku askotan jo dugu urte guzi hauetan, Gipuzkoan gehien bat, Nafarroan ere asko eta Bizkaian eta Araban zertxobait. Kasualitatez Iparraldean inoiz, baina badugu aukera Ziburun jotzeko laster. Gero ibiliak gara Zaragoza eta Katalunia aldetik ere, etxe okupatuetan eta horrelako jaietan jotzen… Han jendeak kanten leloak abesten zituen eta dena (ja, ja!)
Joxerra: Aukera eman digute Europan zehar zirkuitu alternatiboetan jotzeko eta beharbada aurtengo udaberrian abiatuko gara tour bat egitera.
2004, OTSAILA-MARTXOA