entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

Ion Etxebarria 2009-10-20

FROM LOST TO THE RIVER “Taldea heldutasunean hazi da, nahiz eta diskoak hemendik aurrera haziko gare

From Lost To The River hirukoa. From Lost To The River hirukoa.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Lehenengo lan luzea kaleratu du Amurrioko From Lost to the River taldeak: Hazi. Orain, desiratzen daude kontzertuak eskaini eta beraien heldutasun musikala jendaurrean azaltzeko. Modu horretan hazten baita musika talde gazte bat. Entzun!, taldeko baxu jolea den Alexekin mintzatu da.

Hazi da zuen lehen diskoaren izena. From Lost To The River (FLTTR) sortu zenutenean (2005ean) bost lagunek osatzen zenuten taldea. Gaur egun aldiz, hiruk. Zertan hazi da bada FLTTR?
(Barreak) Taldekide kopuruan izan ezik beste guztian hazi gara. Batez ere taldearen heldutasunean. Egia esan, diskoaren izenak ez dio erreferentzia egiten gaur arte bizi izan dugunari, hemendik aurrera “haziko” garenari baizik.


Diskoa The Funky Factory estudioetan grabatu duzue. Zer moduz moldatu zarete?
Oso ondo. Kike Mora Bilboko musikari ezagunaren estudioa da The Funky Factory eta berarekin oso azkar egiten dira gauzak, taldearen asmoak zeintzuk diren berehala ulertzen dituelako. The Funky Factory estudio handia izan ez arren, Kikeren esperientzia nabaria da diskoan.


Eta nola lortu zenuten Music Hole diskoetxearen babesa?
Diskoetxean lan egiten duen tipo bat (Jon) ezagutu genuen eta diskoaren masterra entzun bezain laster bere laguntza eskaini zigun, diskoa asko gustatu baitzitzaion. Hau ez da normalean gertatzen dena.


2007. urte bukaeran, lokalean Hitzen bila maketa grabatu zenuten. Kopia bat, Euskadi Gaztea-ra bidali eta Entzuleen Sarian 2. postua lortu zenuten.
Egia esan, bidali genuen maketak soinu kalitatea ezin txarragoa zeukan, grabaketen munduari buruz ideia askorik ez genuen eta. Azkenean maketa lehiaketara bidali eta bigarren postua lortu genuen. Baina ez pentsa, entzuleen saria ez da oso fidagarria…


Zein da FLTTR-ek kantuak sortzen erabili ohi duen prozesua?
Lehengo musika, melodiak sortzen ditugu eta ondoren hitzak. Musikaren bitartez asko transmititu daitekeela uste dugulako egiten dugu horrela.


Zuen kantuetan rocka, funka, popa, jazza, grungea eta metalaren eraginak nabari dira. Baina zeintzuk dira taldearen eragin zuzenak?
Batik bat 90. hamarkadan Estatu Batuetan sortutako edo hazi egin ziren funk-rock taldeak. Red Hot Chili Peppers, Incubus, Rage Against the Machine eta abarren soinua. Huraxe da guri gustatzen zaiguna.


Eta azkenaldian, etxean zein atzerrian deskubritu duzuen talde berriren bat?
Azkenaldian sortutako taldea izan ez arren, bada Iruñean asko gustatzen zaigun talde bat, Sök. Urte batzuk diraute musika eszenan, baina guk beti pentsatu izan ohi dugu oraindik ez dutela lortu merezi duten errekonozimendua. Agian, hemen ohikoa ez dena egiten dutelako. Soinu eder eta indartsua daukate.


Orain, kaleratu berri duzuen Hazi saldu ala kontzertuak eskaini, zer nahiago?
Kontzertuak eskaintzea duda gabe. Diskoak saltzea ez da gure helburua. Jendeak gure musika entzun dezala eta gero, nahi badute gure kontzerturen bat ikustera etortzearekin, gu pozik. Garrantzitsuena guretzat zuzenekoa da.


Amaitu da elkarrizketa, baina ezin naiz etxera joan galdera hau bota gabe: zergatik “From Lost to the River”?
(Barreak). Bota beharreko galdera zen hau! Aspaldi erabiltzen genuen esaldi lelo bat da eta hasiera batean, bertsioak jotzen hasi ginenean izen hori aukeratu genuen taldearentzat. Ondoren, gure kantuak jotzean, ospetsu bilakatu ginen eta beranduegi zen jada izena aldatzeko, kar, kar, kar.


----------------------------------------------------------------------


“BADA IRUÑEAN ASKO GUSTATZEN ZAIGUN TALDE BAT, SÖK. URTE BATZUK DIRAUTE MUSIKA ESZENAN, BAINA GUK BETI PENTSATU IZAN OHI DUGU ORAINDIK EZ DUTELA LORTU MEREZI DUTEN ERREKONOZIMENDUA”


----------------------------------------------------------------------
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Munster Records-ek 30 urte bete ditu. Zorionak!
  • Derrame Rock jaialdia Ourensen eginen da ekainaren 28 y 29an. www.festivalderramerock.com
  • EHZ festibala motorrak berotzen!!! Ekainaren 28, 29 eta 30ean Lekornen. www.ehz-festibala.eu
  • Leñoren biografia idatzi dute Kike Babasek eta Kike Turronek. Ekainaren 25ean aterako da. WWW.PAGINA-1.ES

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!